IKASTOLAK SORTU ZIREN

Ikastola garaia aspaldi bukatu nuen, orain 10 urte irten nintzen Ander Deunatik, Batxilergoa bukatuta. Baina nola edo hala, beti ibili naiz ikastolari lotuta, beti egon da parte hartu dudan saltsaren bat.

Gaur bideo hau ikusi dut, eta hunkitu naiz. Guraso aintzindarien omenez egindakoa da. Gorriak ikusi behar izan zituzten gaur egun ditugun ikastolak izateko.

Nik ere “sufritu” nuen ikastola baten sorrera. Publifikazio garaia izan zen, gure ikastola gogor jo zuen, eta Betiko Ikastola sortu behar izan zuten. Ikasturte bakarra igaro nuen bertan, DBH ez ninduelako harrapatu.

Baina beti esango dut harro, bertako lehen promozioko ikaslea naizela. Beti esango dut nire gurasoak eta beste askok dena eman zutela ikastola aurrera ateratzeko: bazkariak dirua ateratzeko, ikastolako konponketak, txozna turnoak Leioako jaietan, Ibilaldiak, Santa Ageda, Olentzero, inauteriak,…

Amorrua (nolabait esateko) ematen dit, oraindik familia horiei ez dietela merezitako omenaldirik egin. Ez dutela jaso “eskerrik asko” bat. Ederra da ikastola hortxe dagoela ikustea. 100 ikaslerekin hasi zena, gaur egun ia 400 izatea.

Eskerrak emateko eguna iritsiko da. Haiek ereindakoa fruitu ederrak eman ditu, emankorra izan da. Eta urte askoan izan dadila!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

URTE BERRI ON!

Urte berri on irakurle!

Hau ez dago burutik sano, pentsatuko duzue. Sano, sano… ez, baina niretzat urtea ikasturtearekin batera hasten da.

Milaka proiektu, milaka ideia! Gero proiektu eta ideia horien erdiak ez dira betetzen, arrazoi desberdinengatik: denbora falta, ez direlako aurrera atera, jende falta,…

Aurtengoa, lasaia dela ematen du. Gogoz nabil, berriro errutinaren gurpilan sartzeko, eta apurka-apurka ohitzen joateko. 27an lanean hasten naiz, ia aurtengo ikasleak nolakoak diren, Egañaren ezkuturen bat hortik zehar ateratzen zaidan kar, kar, kar!

Eta urte berriarekin, gehiago idatziko dut blogean, garaia bada!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

GORA ZELULAK!

Orain pare bat hilabete, hitz egin nuen nola egin behar zidaten tratamendu ama zelulekin. Odola atera besotik, zentrifugatu eta berriro sartu hanka, Akileseko tendoia erregeneratzeko. Ez nengoen oso konbentzituta, baina gurasoek bultzatu ninduten egitera. Dena frogatu beharra dago, ebakuntza bat egin baino lehen.

Hiru pintxazo izan ziren, baina nahiko txarto pasatu dut. Min handia, hanka handituta, ezin ibili,… Baina, emaitzak heldu dira. Hobekntza igerri dut hilabete honetan, baina kontuan izanda egin ditudala egin behar ez nituen gauza pila: Portugal pateatu, ibilaldi luzetxuak, udalekuak,…

Astelehenean traumatologoan nuen zita, ia zelan zihoan kontua. Nik hobekuntza nabaritu nuela esan nion. Froga batzuk egin zizkidan, eta hankak indarra berreskuratu du. 0tik 10era, minaren eskalan, 5era jeitsi naiz. Mina daukat, baina nabaritu dut hobekuntza ikaragarria.

Oso ondo noala esan dit, Rafa Nadal tenistari egin dioten tratamendu berdina jasotzen ari naizela esan dit, zelako nibela… Orain apurka-apurka bizitza normala egiten hasi naiteke. Ibili, pasiatu, bizikleta frogatu, mendia, igeriketa,… Bere tamainan, pasatu gabe. Azaroan resonantzia magnetiko bat egin behar dut eta ikusiko dugu nola dagoen tendoia.

Negar batean atera nintzen. Orain urte batzuk, uste nuen horrelako zeozer ezinezkoa izango zela. Bakarrik joan nintzen medikuarengana, ez nuen nahi inor nirekin etortzea. Ona bazen berria ederto, txarra bazan, nik bakarrik entzutea.

Ematen du garai berri bat datorrela. Betiko Nahikari izango naizela. Orain urte batzuk kirola egiten zuen  hori, mendiarekin gozatzen zuena, bizikletaz kilometro pila egiten zituena, baloiari ostikoak ematen zizkionak, frontoian pilota frontisera hurbiltzen zuen hori,…

Hamar urte atzera egitea izango da. Eta garrantzitsuena, bizitza normala egiteko gai izango naiz. Hau idazten nagoen bitartean, malko batzuk isuri ditut. Amets bat dela iruditzen zait. Orain, pozik nago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

ERROMON GEUREARI EUTSI

Auzoko jaiak heldu dira. Erromoko jaiak. Batzuentzat Itzubaltzeta, besteentzat Romo,… Gogoko dudan izena Romo da, baina batzuk euskaratu zuten Erromora eta azkenaldian Itzubaltzeta nagusitzen hasi da.

Auzo desberdina, betidanik kasta izan duena. Auzokide batzuen ekimenez, Romo F.T sortu zen, eta ia auzotar gehienak bazkideak dira. Beste auzokide batzuen ekimenez jaiak egiten hasi ziren eta gaur egun, bide onetik doa kontua.

Eta batzuk esango duzue: Nahikari Erromokoa da, baina ez du denbora gehiago pasatzen Algortan? Egia. Gauza batengatik edo bestearengatik, Algortan ematen dut ia egun osoa. Agian inoiz ez dudalako herrian bertan ikasi (Leioa eta Sopelako ikastoletan ibili nintzelako) eta lagun gehienak Algortan daudelako. Agian, bertso-eskolan hasi nintzelako eta horrek ere Algortara lotu nauelako. Agian, Algortako Scout Taldean begirale hasi nintzelako,… Arrazoi pila.

Baina halare, nahiz eta Algortan bizi zazpi urte izan nituen arte, eta amari esan pena handia ematen zidala Erromora jeistea, betidanik izango naiz erromoztarra. Familia hemengoa dut, nahiz eta aitite Hezetasuna auzoko baserri batekoa izan eta aitaren aldetik Leioa eta Erandiokoak izan. Aitaren lagun batek esaten zidan bezala: “tu no eres de Romo, eres de Algorta!” Zelako amorrua ematen zidan, beti negarrez bukatzen nuen.

Egun hauetan nabari da auzotik kanpo bizi direnak, bueltatu direla. Asteazkena eta osteguna auzokoentzako eguna izaten da. Auzora datoz, urtean behin baino ez bada. Gurasoen lagunak, agurtzen zaituztenak eta oraindik oroitarazten dizutenak, buruhandiei kriston beldurra zeniela, hankapaluei ere,…

Zerbait dauka auzo honek, ez dakidana azaltzen. Herri kutsu handia, betidanik eskatu izan duguna independentzia Getxotik. Algortakoekin daukagun pike sanoa, kuadrillen parte hartzea,…

Gauza ugari, tamainaz txikia den auzo baterako, baina nortasunez handia dena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

ETA GAZTEOK ZER?

2009ko otsailaren bigarren hamabostaldian eskatu zidaten artikulua UK aldizkaritik.

Koldo Iturbe Getxoko Euskara eta Kultura zinegotziak euskararen egoerari buruz berba egin zigun aurreko alean. Oraingoan, gai horri buruz Nahikari Ayo Algortako Bertso Eskolako kidean duen iritzia ekarri dizuegu.

Aurreko artikuluan Koldo Iturbek aipatu zigun zein zen euskararen egoera Getxon, hiztunen portzentaiak, EBPNaren egoera. Datuak hortxe daude, eta lagungarriak dira ikuspegi soziologikorako, herritarren ekarpenak isladatzeko, zein Getxok jakin dezan euskaldunak bagarela eta euskaraz bizi gura dugula gure herrian.

Baina beti bezala hortxe gaude gazteok, D ereduan hazitakoak gara gehienak, behintzat portzentaia handia, euskara mihian erabiltzeko aski kapazak garenak.

Orain hamar urte baino euskara gehiago entzuten da gure kaleetan, gehien bat guraso eta seme-alaben artean. Eta gazteen artean? Badago lagunarte euskaldunik Getxon, %100 euskaraz egiten duenik? Gaztelerara jotzeko joera daukagu, gero eta gehiago. Tristea da, urte batzuk pasa, ikastolako lagunakaz topatu eta gaztelera hutsean ibiltzea euskara ahaztuta daukagulako.

Beste alde batetik, Getxon gazteoi zuzenduta dauden ekintzak euskaraz eskasak dira. Ez dago euskarazko eskaintzarik. Ikastaro gehienak gazteleraz eskaintzen dira. Baten batek esango du: baina gazteleraz baldin badakizu, zer axola du horrek? Betiko joera: bederatzik euskaraz baldin badakite eta batek gazteleraz, gazteleraz egingo dugu.

Euskara Aholku Batzordean proposatu nuen, eta hemendik ere berriro proposatuko dut: zergatik ez dugu martxan jartzen lagunarte antzeko proiektu bat? Zergatik ez ditugu saritzen euskaraz egiten duten lagunarteak?

Mimoz zaintzen ditugu euskaraz ikasten dutenak, ahalegina egiten dutenak. Zergatik ez gara hasten euskaraz egiten dutenak mimatzen, saritzen eta zaintzen?

Nahikari Ayo – ALBEko kidea

http://www.aldizkaria.biz/wp-content/uploads/151.pdf

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

SAN INAZIO

Maiatzaren 31a, San Inazio eguna. Gaur bertso-udalekuetatik bueltatu naiz. Nekatuta, baina gustora. Umeak ederrak izan dira!

Halare, etxera sartzean, hutsune bat sumatu dut. San Inazio eguna gure etxean beti izan da jai eguna, ospatzeko eguna. Nahiz eta Erromokoa izan, aitite Algortakoa zen eta asko gustatzen zitzaion egun hau.

Algortan bizi nintzenean, baratzetik irtendakoan, nire bila etortzen zen, Getxoko Txirrindulari Lasterketa ikustera eramaten ninduen eta etxean bazkaltzen genuen denok elkarrekin. Mahaian inoiz ez ziren piper berdeak faltatzen, tradizio bat zen guretzat.

Baina gaur ez da horrelakorik egon. Gaur etxera sartzerakoan hutsune handi bat nabaritu dut. Familia ez zegoela batuta, eta min gehien eman didana aitite ez aurkitzea. Urtarrilean utzi gintuen ezustean, eta horrelako egunetan, askoz gehiago oroitzen naiz berarekin. Badakit amomarekin elkartu dela eta  hortik zehar dabiltzala gure ibilerak jarraitzen. Maite zaituztet.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

GURUTZETAKO LARRIALDIETAKO LANGILEEN PROFESIONALTASUNA

Atzo gure lagun batek hankako atzamar bat bihurritu zuen eta anbulatoriotik Gurutzetara bidali zuten. Deitu gintuen eta sutan zegoen. Ez dakit zenbat denbora itxaroten eta joango zela.

Erabaki genuen hara joatea, behintzat bakarrik ez egoteko. Larrialdietara sartu eta itsututa geratu nintzen. Gure herriko taberna bat ematen zuen. Telebista bat piztuta eta denak partidua ikusten. Danak zarataka, oihuka, txaloka,… Bakarrik falta zen kañak botatzeko aparatu bat!

Medikuak eta erizainak noizean behin sartzen ziren telebistari begiradatxu bat botatzera. Onena izan zen mediku bat telebista aurrean jarri zenean, gaixo guztiak itxaroten zeuden bitartean (tartean apendizitis kasu bat, gizon bat burutik odoletan,…).

Partidua bukatu eta minutu batera hogei gaixo deitu zituzten. Koño! La Rojak irabazi zuenez gogoak zeuden lan egiteko!

Hau al da Osakidetzaren profesionaltasuna? Orain ulertzen dut zergatik daukadan Igualatorioa…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

MARRAZKIAK

Garbiketa egiten dabiltza aitite eta amomaren etxean. Orain ulertzen dut zergatik gordetzen ditudan hainbeste gauza, genetikoa dela esango nuke.

Gauza pila aurkitu ditugu: argazkiak, liburuak,… Baina gaur, apurtxu bat hunkitu naiz. Mezan irakurtzeko liburu bat ekarri du amak eta horrekin batera, orain urte asko asko nik egindako marrazkiak. Inoiz ez naiz marrazkilari ona izan, egia esateko, ez zitzaidan gustatzen marraztea.

Baina hunkitu naiz, hainbeste urte pasatuta, gordeta eduki izana. Azken batean, bere iloba Nahikarik egiten zuen guztia, oso ondo zegoen. Badakizue, objektiboki pentsatuta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

ZELULAK

Denetarik esperimentatu eta frogatu dute nire hankan. Bi operazio txarto eginak eta nola ez, orain ondorioak sufritu behar ditut.

Azken hilabeteetan mina jasanezina da. Txarto izan dudanetik bizitza normala egiten saiatu naiz, gaztea naiz pentsatzeko zer egin behar dudan eta zer ez. Baina gehiegizkoa da.

Orain hiru urte, ondas de choques delakoak eman zizkidaten eta oso ondo geratuko nintzela. Dirutza ordaindu eta gero kaka, berdin edo txarrago.

Ebakuntza saihestu behar dut, gehien bat ez nagoelako prest berriro hortik igarotzeko. Bi ebakuntza hankan, nahikoa da.

Beste aukera bat eman didate: tratamendu bat zelula amekin. Besotik aterako didate odola, zelula amak atera eta zelula horiek Akileseko tendoian sartuko didate. Suposatzen da tendoia onera ekarriko du. 210 € sesio bakoitza.

Zer gertatuko den? Ez dakit…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin

URIBITAKORA

1) Banku honek baditu                      2) “Kontuz ibil zaitezte,
hamaika istori,                                  ez harririk bota!”
hemen batzen baitziren                      amak botatzen zigun
Ramon ta Bitori.                                gehienetan bronka.
Elkar maite zutela                              Nork urrunago bota
ez esan inori…                                   hori zen erronka!
Ondo gorde ezazu                             Korrika irtetzen ginen
sekretutxo hori,                                 baten bati jota,
bertan eman zituzten                          banku honek jasan ditu
muxu bat edo bi…                             hamaika borroka.

3) Orain bankua dute
ahaztua zeharo,
gizartea aldatu da
hori argi dago.
Txatetik ligatzea
ei da errazago,
Denborapasarako
zinema nahiago.
Bankuak iraungo du
denboran luzaro?

Nahikari Ayo (UK aldizkaria, 174.zenbakia)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina