Doktor Do Re Mi eta Benedizebra

Getxok zerbait ona badauka, bere eskaintza kulturala da. Kultur Etxeak oso ondo funtzionatzen du, gauza asko txarto egiten ditu (dena onartu behar da), baina beste gauza asko ederto.

Iraileko lehen egunetan Folk Festibala ospatzen da Areetako kaleetan eta karpan. Mundu guztiko eta punta-puntako artistak etortzen dira gure herria alaitzera. Beste urte batzutan, ia kontzertu denak “irensten” ditut, baina aurten bakarrera joan naiz: Oskorriren espektakulu berrira: Doktor Do Re Mi eta Benedizebra.

Kontzertua eguerdiko 12etan zen, baina 11.30etan kola egiten jarri behar izan nintzen, umez beteta zegoen ingurua. Toki ona hartzen saiatu nintzen, erdialdetik eta eserita lasai-lasai. Ikasle asko aurkitu nituen: “Bertsoren bat botako duzu, ez?” Falta zitzaidana! Ume hauek… badirudi joaten naizen leku bakoitzean bertso bat bota behar dudala!

Kontzertua hasi zen, eta gauza batek harritu ninduen: gurasoak umeak baino okerragoak dira. Bai, bai benetan nabil. Eszenatoki aurrean toki zabala jarri zuten umeak Kukubiltxoko partaideekin kanta eta abestu zezaten. Zer egin zuten gurasoek? Lasai-lasai eseri aulkietan, eta kontzertu osoan zehar altxatzen ibili ia zer egiten zebiltzan seme-alabak. Beste guraso asko behean egon ziren umeekin jolasten eta dantzatzen. Badakigu gizartea nolakoa den, beraz, hobe ez ematea garrantzia handirik.

Ez neukan entzunda disko berria, baina gustatu zitzaidan. Hori bai, abesti batzuk zail iruditu zitzaizkidan umeek ikasteko, baina umeak uste duguna baino azkarragoak dira. Kukubiltxo, beti bezala chapeau! Harrigarria egiten zituztenak sokatik zintzilik! Umeen artean ibili ziren zirikatzen, dantzatzen, jolasten, … Oso ondo lotu zituzten abestiak antzerkiarekin.

Beste urte batzuetan egiten zituzten ume txikientzako kontzertuak egunero, baina aurten bakarra egin dute. Hori bai, potentea, baina bakarra. Pena da ez egitea egunero, baina arrazoiren bat egongo da.

Umeek gozatu zuten euskaraz abesten eta dantzatzen. Nagusitxoagoak garenok, ume garaiak ekarri genituen gogora… Euskal Herrian euskaraz, Aita semeak, Furra-furra ikasi genituenekoak ikastolan. Nire garaikoak Xixupika, Txirula Mirula, Oskorri eta Txirri, Mirri eta Txiribitonekin hazi gara. Orain askoz aukera gehiago daude, baina lehen ez.

Izugarria izan zen kontzertua! Zorionak Oskorri eta Kukubiltxori!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude