EUSKARABENTURA 2019

Aspalditxo ezer idatzi gabe, urtebete pasatxo. Baina uste dut uztailan bizitako esperientzia post bat merezi duela.

Udaleku ugari egin izan ditut, egonaldiak,… eta udarako ez neukan planik. Pasa den urtean nire ikasle batzuk Euskarabenturan egon ziren, ikasturtean zehar inbiria puntu bat eman zidaten eta baita ere animatu. Zergatik ez? Furgoko gidari izateko eskaera bidali eta hartu ninduten. Hilabete osoa Euskal Herria zehartzen 121 gazterekin eta 30 xerpa, komunikazio langile, gidari, bolondresekin…

Erronka handiak nituen aurretik… Nire hanka malapartatuak ondo erantzungo zuen? Espedizioko “amama” izango nintzen, ondo moldatuko nintzen? Ez dakit zenbat metroko furgoa ganoraz eramango nuen? Galdera pila, baina ezagutzen nautenek, badakite nahiz eta duda pila izan, beti aurrera egiten saiatzen naizela. Oztopoak gainditzeko eta norbera hazteko izaten dira.

Euskal Herriko txoko desberdinak ezagutu ditut, ohiturak, hitzaldiak gai desberdinen inguruan… eta batez ere euskaraz bizi izan gara hilabete osoan zehar. Zazpi lurraldetako gazteak nahastuta eta haien komunikatzeko hizkuntza bakarra euskara. Eremu erdaldunekoa naiz, aitaren bidez bizkaiera jaso dut, baina gure herrian erdara nagusi da. Euskarak Tutera, Urruña, Tolosa, Getxo, Bilbo, Altsasu, Gasteiz, Durango, Donostia… batu ditu!

Kulturaz gain, giza harremanek garrantzia handia dute. Hilabetean zehar sortzen diren harremanak bizitza osorako izango dira. 24 ordu elkarrekin, dena elkarbanatzen, elkarri animatuz, elkarrekin negar egin… emozioak pil-pilean!

Horrelako energia txutea behar nuen. Ikasturte gogorra izan da, ez da bukatu nik nahi nuen bezala. Bukatu eta jarraian espedizioan murgildu nintzen eta oso ondo etorri zait. Deskonektatu dut, bizitzan nire lehentasunak zeintzuk izan behar diren argi ikusi dut, beldur asko lurperatzeko ordua da. Bizitzaz gozatu behar dut eta benetan nire bihotzak eta buruak esaten diotenari kasu egin eta bide hortatik jo.

Azken batean, hilabete ahaztezina. Gaztetzeko balio izan didana, nire buruarengan konfidantza gehiago izan behar dudala ikusiarazi didana. Uste dudan baino jende gehiagok maite nauela ikusi dut, nire lana eskertu dute eta nolakoa naizen.

Eskerrik asko!!!

Bermeon, azken etapa bukatuta

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude