Irailaren 6an Getxo Folk-eko karpan bizi izan genuena azaltzea, gatza da. Oskorrik bere agur bira hasi zuen non eta gure herrian. Oskorrik Getxorekin lotura estua dauka. Antton Latxa Erromokoa da eta Folk Jaialdian askotan jo izan dute.
Alde batetik asko gozatu genuen, baina bestetik, bagenekien gure azken agurra izango zela.
Niri bizitzako banda sonoroan, Oskorrik leku handia hartzen du. Gure etxean bere biniloak izan dira (eta daude), CD-ak, liburuak… Gure historiaren parte dira.
Nire lehen oroitzapena, ikastolatik dator. Kontatzen dudanean, jendea harritzen da. Jolasordua bukatzean, txirrina entzuten da. Ba gurean ez, gurean musika jartzen zuten. Jolasordua bukatzen zen, baina gelara irribarre batekin sartzen ginen. “Violetaren martxa”, “Euskal Herrian euskaraz”, “Furra furra”,… Zenbat kantu ikasi ditugun ikastolako bozgorailuei esker.
Orain urte nahikotxu, Fadurako frontoietan kontzertuak eskeintzen zirenean, hortxe ikusi nituen Kukubiltxorekin batera. Oraindik gogoratzen dut, nola gurasoek siesta botatzera behartu ninduten kontzertu joan ahal izateko. 25 urte edo igaroko ziren…
Bertsoengatik ere, lotura estua izan dut. Amuriza, Sarasua,… kantu pila bat egin dizkiete eta horiek gelara eraman ditut.
Hunkigarria eta sekulan ahaztuko ez dudan kontzertua. Talde beteranoa badoa, baina badakigu haien kantuek behin eta berriz entzungo ditugula. Biba zuek!