Ikastola garaia aspaldi bukatu nuen, orain 10 urte irten nintzen Ander Deunatik, Batxilergoa bukatuta. Baina nola edo hala, beti ibili naiz ikastolari lotuta, beti egon da parte hartu dudan saltsaren bat.
Gaur bideo hau ikusi dut, eta hunkitu naiz. Guraso aintzindarien omenez egindakoa da. Gorriak ikusi behar izan zituzten gaur egun ditugun ikastolak izateko.
Nik ere “sufritu” nuen ikastola baten sorrera. Publifikazio garaia izan zen, gure ikastola gogor jo zuen, eta Betiko Ikastola sortu behar izan zuten. Ikasturte bakarra igaro nuen bertan, DBH ez ninduelako harrapatu.
Baina beti esango dut harro, bertako lehen promozioko ikaslea naizela. Beti esango dut nire gurasoak eta beste askok dena eman zutela ikastola aurrera ateratzeko: bazkariak dirua ateratzeko, ikastolako konponketak, txozna turnoak Leioako jaietan, Ibilaldiak, Santa Ageda, Olentzero, inauteriak,…
Amorrua (nolabait esateko) ematen dit, oraindik familia horiei ez dietela merezitako omenaldirik egin. Ez dutela jaso “eskerrik asko” bat. Ederra da ikastola hortxe dagoela ikustea. 100 ikaslerekin hasi zena, gaur egun ia 400 izatea.
Eskerrak emateko eguna iritsiko da. Haiek ereindakoa fruitu ederrak eman ditu, emankorra izan da. Eta urte askoan izan dadila!