Auzoko jaiak heldu dira. Erromoko jaiak. Batzuentzat Itzubaltzeta, besteentzat Romo,… Gogoko dudan izena Romo da, baina batzuk euskaratu zuten Erromora eta azkenaldian Itzubaltzeta nagusitzen hasi da.
Auzo desberdina, betidanik kasta izan duena. Auzokide batzuen ekimenez, Romo F.T sortu zen, eta ia auzotar gehienak bazkideak dira. Beste auzokide batzuen ekimenez jaiak egiten hasi ziren eta gaur egun, bide onetik doa kontua.
Eta batzuk esango duzue: Nahikari Erromokoa da, baina ez du denbora gehiago pasatzen Algortan? Egia. Gauza batengatik edo bestearengatik, Algortan ematen dut ia egun osoa. Agian inoiz ez dudalako herrian bertan ikasi (Leioa eta Sopelako ikastoletan ibili nintzelako) eta lagun gehienak Algortan daudelako. Agian, bertso-eskolan hasi nintzelako eta horrek ere Algortara lotu nauelako. Agian, Algortako Scout Taldean begirale hasi nintzelako,… Arrazoi pila.
Baina halare, nahiz eta Algortan bizi zazpi urte izan nituen arte, eta amari esan pena handia ematen zidala Erromora jeistea, betidanik izango naiz erromoztarra. Familia hemengoa dut, nahiz eta aitite Hezetasuna auzoko baserri batekoa izan eta aitaren aldetik Leioa eta Erandiokoak izan. Aitaren lagun batek esaten zidan bezala: “tu no eres de Romo, eres de Algorta!” Zelako amorrua ematen zidan, beti negarrez bukatzen nuen.
Egun hauetan nabari da auzotik kanpo bizi direnak, bueltatu direla. Asteazkena eta osteguna auzokoentzako eguna izaten da. Auzora datoz, urtean behin baino ez bada. Gurasoen lagunak, agurtzen zaituztenak eta oraindik oroitarazten dizutenak, buruhandiei kriston beldurra zeniela, hankapaluei ere,…
Zerbait dauka auzo honek, ez dakidana azaltzen. Herri kutsu handia, betidanik eskatu izan duguna independentzia Getxotik. Algortakoekin daukagun pike sanoa, kuadrillen parte hartzea,…
Gauza ugari, tamainaz txikia den auzo baterako, baina nortasunez handia dena.