Mandatu batzuk egin behar nituen Bilbon eta aprobetxatu dut Fnac, Megadenda (beti izango da Urretxindora niretzat, baina beno…) eta El Corte Inglesera joateko.
Nire herrian zegoen liburudenda euskaldun bakarra aspaldi itxi zuten eta ez dago beste ganorazkorik. Normalean Megadendara joaten naiz, badakidalako non aurkitu gauzak eta Karlosekin ditudan hizketaldiak ederrak direlako. Pena, erretiroa hartu duela… Gozatu Karlos!
Ez dakit zergatik Fnac-en sartu naiz. Zer da hori??? Ikaratuta! Ordenagailuak, musika, liburuak, komikiak, … Nire gustorako handiegia. Arratoi bat erosi dut portatilerako Corte Inglesean baino merkeago zeudelako (euroa, euroa da!). Baina zer egin behar da ordaintzeko? Ia-ia master bat robotikan! Hori al da bezeroekin duten harremana? Une batean pentsatu dut metroko makinarekin hizketan nengoela, baina txartela eman beharrean liburu bat ordaintzen nengoela.
Ez zait batere gustatu. Corte Inglesean badakit ez dutela “puta idearik” liburuen gainean, baina behintzat pertsona batek “kasu” egiten dizu. Megadenda desberdina da, agian ohituta nagoelako.
Aspaldiko liburudendak botatzen ditut faltan. Saltzaileekin solasaldiak, liburuak erostea esparru txiki batean, dirua uztea herrian eta komertzio txiki batean, …
Norbait animatuko ote da horrelako bat irekitzen?