ZORIONAK XABI!

Aspalditik neukan gaurko arratsalderako plana eginda. Zornotzara joan naiz aitarekin. Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketa ikustera. Bizkaian saio gutxi daude, baina lehenengo aldiz edukiko dugu finala BECen, Barakaldon. Luzatu gabe, artikulu honen harira joango naiz. Sei bertsolari lehiatu dira Zornotzako Zelaieta Aretoan: Jon Martin, Xabi Paia, Iratxe Ibarra, Miren Artetxe, Oihane Enbeita eta Oihane Perea. Saio polita bete dute bertsolari guztiek. Gorabeherak egon dira, baina ale politak utzi dituzte.

Baina zer esango dizuet, injustoa izan da. Bakoitzak pentsa dezala nahi duena, baina oso injustoa izan da epaia. Xabi ikusi dut aurretik saio osoan zehar eta ez nik bakarrik, beste askok ere. Nondik atera dituzte hogei puntuko diferentzia?

Bertsozale xumea naiz. Agian ez naiz neutrala, Xabi lagun handia daukadalako, ikastolan elkarrekin ibili garelako, bertso-eskolan batera egon garelako, … Agian beste era batera ikusi dut saioa, baina beste askok ere ni bezala ikusi dute.

Kartzelako gaian chapeau! Hiru bertso eder, hunkitu nau. Horretan Xabi espezialista da. Nork jaso ditu txalo gehien kartzelako gaian? Ez dakit.

Bere azken agurrarekin geratzen naiz. Badakigu zein zaila den erdera nagusi den herri batean euskaraz bizitzea, eta are gehiago, bertsotan aritzea.

Entzule pentsa momentu batez

jaio zinela Algortan,

euskera soilik pegatinetan

aurkitzen den herri hortan.

Ta egun batean anaiarekin

hasten zarela bertsotan,

Euskal Herriko kultur puska bat

hartzen duzula besotan.

Gero jendeak onartzen zaitu

hamaika bertso-saiotan,

eta Zornotzan bukatzen duzu

laudorio eta txalotan,

horren moduko amets ederrik

niri etzait bete askotan.

Zenbat ekimen egin ditugu Algortan bertsolaritza sustatzeko gazteen artean? Zenbat saio gaztetxuekin herrian zehar? Euskal Eguneko saio mundiala? Bertso-eskolaren urte bukaerako antzerki bikain haiek? Meritua daukagu egindako guztiagatik. Baina badakizu, ez da berdina Algortan jaio edo Euskal Herriko beste txoko batean jaio…

Niretzat (eta beste askorentzat) zu izan zara gaurko txapelduna. ZORIONAK XABI!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Erantzun bat ZORIONAK XABI! bidalketan

  1. Kaixo Nahikari. Pozten naz artikulu hau idatzi dozulako. Trapagaranen bizi naz, Barakaldotik hurbil. Hamen ez da oso erraza euskeraz bizitzea, gitxik daki euskeraz eta dakienak, orokorrean, ez dau egiten. Gauza da gurasoek ez dakiela euskeraz eta etxean ez dauzela ohituta euskeraz egitera. Neure kasuan hau ez da gertatzen. Neure ahizpagaz euskeraz egiten dot eta aitagaz ere. Esan nahi dodan gauza bakarra da nik euskera bultzatzen dodala bai neure herrian, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo eta euskeraz bizitzea lortu daikegula bakoitzak beran partetik zer edo zer jarriz gero. Mosu bat!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude