Asteburua Bakion pasatu dut skouteko umeekin. Ostiralean atera ginen Algortatik zazpietan eta zortzietarako bageunden aterpean guztiarekin antolatuta.
Garai honetan, urtero egiten dugu irteera hau. “Pase de ramas” deitzen diogu.Froga batzuk egiten dizkiegu eta horrela hurrengo adarrera pasatzen dira. Umeak banatuta daude adinari dagokionean:
– Koskorrak: 7-12 urte bitartekoak.
– Oinarinak: 12-14 urte bitartekoak.
– Azkarrak: 14-16 urte bitartekoak.
– Trebeak: 16-18 urte bitartekoak.
Ostiral gauean, afaldu, joku batzuk egin eta goiz joan ginen lotara, larunbata egun gogorra izango baitzen.
Goizean altxatu eta pista jokoa prestatzen hasi ginen. Istorioa egina zegoen eta geratzen zitzaigun bakarra zen begirale bakoitza zein tokitan jarriko zen froga desberdinak egiteko.
Errekan tokatu zitzaidan egotea. Kainabera batzuk egin genituen erratzen makilekin eta hor ibili ziren guk egindako makilekin arrainak arrantzatzen. Gauza da, arrain bakoitzak kolore bat zeukala. Urdina zeukanak arraultz bat eramango zuen buruan (ilearentzat oso ona da), horia zeukanak pista bat jasoko zuen eta moreak, berriz, txiste bat kontatu beharko zidan. Arraultzak bota nituen nahi beste!Jokua bukatu eta gero, denak bustita, ume zein begirale. Batzutan umeak baino txarragoak gara, zer egingo diogu!
Arratsaldean eta gauean jokuak egin genituen, baina onena etortzear zegoen. Begiraleak itxartuta geratu ginen eta hor hasi zen gure parranda partikularra. Errotulagailuak hartu eta umeei margoztu genien aurpegia. Zapatila denak hartu, bata besteari lotu eta balkoi batetik zintzilikatu genituen. Hurrengo goizerarte ez ziren konturatu.
Igandean guztia batu, froga batzuk egin adarrez pasatuko zirenei eta esan genien zeintzuk izango ziren urtean zehar beraien begiraleak. Aurten Oinarinetan egongo naiz Haizea eta Josurekin begirale moduan. Ia nola doan urtea!