Hori da Algortako Bertsolari Eskolak “ALBE”k ( www.albegetxo.net ) aukeratu duen leloa bere 25.urteurrena ospatzeko. Bide oparoa egin du bertso-eskolak gure herrian. 25 urte bertso-eskola batentzat asko da, batez ere eremu erdaldun batean kokatuta badago.
Euskaltegiko ikasleak, euskaltzaleak, inguruko ikastoletako ikasleak izan dira bertso-eskolako bezero bere ibilbidean. Euskaltegiko ikasleei esker mantendu zen bertso-eskola bere garai gogorrenean, orain berriz, “ikastola kumeak” gara nagusi. Jende ugari pasa da gure eskolatik, era eta pentsakera desberdinekoak, baina hala eta guztiz ere, familia handi bat gara.
Lan handia egin da bertso-eskola aurrera ateratzeko eta egindako lanak bere ordaina eduki du Algortako jaietan: aurten txupina jaurti dugu bertso-eskolako kideok. Herria bertsozaletu dugu: bertso-saioak, bertso-poteoak, bertso-tramak, bertsolaritza irakatsi herriko eskoletan, herri ekimenetan parte hartu, … Saltsa guztietan gaude.
Nork esango zien Andoni eta Trinori bertso-eskola honarte helduko zela? Hastapenetan duda barik sinatuko zuten gaur egun bertso-eskolak duen osasuna!
Urte askotarako ALBE!