Aste osoan zehar bertso-saioak egiten nabil bertsolaritza ematen dudan zentroetan. Azken klasea izanda, zerbait berezia egiteko. Leku batzuetan agurtzea oso gogorra da eta hori gertatu zitzaidan ostiralean.
San Nikolas Ikastolara joan ginen saioa egitera. Nire buruari agindu nion ez nuela negarrik egingo, baina sentimenduek pertsonak gailentzen dituzte eta hori gertatu zitzaidan.
Saioa egin eta gero guztiak hasi ziren oihukatzen “Nahikari bota bertsue!” (bai bai “bertsue”, ez bertsoa!). Beraz, bertsoa bota behar… ona izan zen eta umeak pozik. Xabi Paiak hartu zuen gero bertsoa botatzeko parada, saioa ikustera etorri zen eta Algortan famatua eta ikastolako ikasle ohia denez… abestu behar!
Orduan etorri zen une kritikoa. Eskerrak ematera joan nintzen bi urte hauengatik eta ezin izan nion negarrari eutsi. Ume guztiak txaloka, oihuka… Ordu asko pasa ditut eurekin, gainera ikastolako horretako askoren begiralea naiz skoutean. Ez dakit, bereziak dira niretzat. Konfiantza asko dago gure artean. Bertsotan gozatu dute, zerbait ikasi dute eta niretzat garrantzitsuena: lagun berriak irabazi ditut.
Bertsolariek barre egiten zuten negar egin nuelako, baina urte batzuk barru irakasle hasten direnean, berdina gertatuko zaie. Beraie eskerrak eman nizkien, malko artean, baina hemendik ere eskertu nahi dizkiet bi urte hauetan bizitakoa. Apostu handia izan zen niretzat eskola hauek hartzea, baina uste dut gainditu dudala erronka. Batzuetan horrelakoak behar izaten dira, aurrera jarraitzeko. Bolada txarra pasatzen nago azkenaldian, baina horrelako oxigeno baloiak ondo etortzen dira.
Milesker San Nikolas, Zubileta, Erromo, Zabala eta Gobela! Zuek egin nauzue irakasle, zuek sentituarazi nauzue lehen aldiz bertsolari. Pena merezi izan du zuekin egoteak, zuek ikasi duzue, baina nik askoz gehiago.
ESKERRIK ASKO!