Egun hauetan goiz altxatzen egon naizenez, gaur hamaikak arte egon naiz ohean. Beraz, goiza ez dut batere aprobetxatu.
Arratsaldean asmoa neukan etxean gelditzeko eta lana aurreratzeko. Ez zen plan tentagarria, beraz arratsaldean Algortara joan naiz. Normalean metroa hartzen dut, baina gaur oinez joan naiz. Ez dut aukeratu egun ederrena, baina gaur iruditu zait Arriluze eta Portu Zaharra inoiz baino politago zeudela. Bost egun zaudenean zure herritik kanpo, faltan botatzen da zure inguruko guztia.
Argazki dendara joan naiz, album batzuk erosi behar nituen, skouteko argazkiak ordenatzeko (beste gauzarik ez, baina argazkiak barra-barra ditugu). Edurekin egon naiz berriketan eta azkenean oparitu dizkit albumak. Beti eramaten dizkiogu argazkiak berari, jator askoa tipoa.
Skoutera heldu eta han zeuden nagusiak telebista ikusten. Nagusiak “skouteko piramide” partikularrean, 17 urte dituzte. Hasi naiz ordenatu gabeko argazkiak ateratzen eta buuff! Barrezka egon naiz. Orain bi urtekoak ziren argazkiak eta umeei asko nabaritzen zaie zenbat aldatu diren. Nirekin zeudenak harrituta zenbat aldatu diren beraiek ere. Erderaz esaten den bezala “ley de vida” da.
Argazkiak ikustean ere tristezia sartu zait une batetan. Argazki horietan Jagoba agertzen zen. Orain dela bi urte alde egin zuen gure artetik Udalaitz mendian istripu baten erruz. Pozik agertzen zen argazkietan, umeekin jolasean, azken batean bere saltsan. Argazki askotan agertzen zen, nirekin zeudenak triste jarri dira. Nahiz eta begirale moduan ibili beraien laguna zen eta gogorrak izaten dira gauza hauek. Onartzen dut kostatu zaidala bere argazkiak albumean jartzea, itzelezko lana. Baina bizitza horrelakoa da.
Arratsalde polita pasatu dut. Ez da beste munduko ezer izan, baina gauza asko gogoratu ditut. Gauza batez ere ohartu naiz: azken urteetan egin dudan gauzarik onena begirale izatea izan dela. Ume horiek asko eman didate eta emango didate.