Bueltatu naiz azkenean! Bostak inguruan heldu gara Algortara tropa guztiarekin.
Oso ondo pasatu dut nahiz eta hasieran gogo barik joan. Ez dakit zenbat denbora egon ginen Boluetan Bermeorako trena itxaroten, baina beno, han beltzaran jarri ginen (gauza positiboak ere atera behar dira). 12ak inguruan iritsi ginen Zugastietako Urgozo etxera eta han itzi genituen trasto guztiak. Lehenengo egin genuen gauza hamaiketakoa, badakizue, hau ez da barkatzen!
Gauza asko egin ditugu. Mendira joan gara, Bizkargira hain zuzen. Era guztietako jokoak egin ditugu, eskulanak, gaubelak, … Aspertzeko denborarik ez da izan. Agian politena izan da oraingoan adin guztietakoak joan garela batera. Adinaren arabera dauzkagu umeak banatuta eta bakoitza aterpe batera joaten da, baina oraingoan berandu zela eta denak joan gara berdinera.
Oso ondo pasatu dut eta oso ondo pasa dute umeek. Polita da ikustea 8 urteko ume bat 16ko batekin jolasten, edo bazkaria egiten, txisteak kontatzen, … Elkar ezagutzen dute eta ez daukate arazorik gauzak elkarrekin egiteko.
Baina egonaldi honek gauza triste bat utzi digu. Susok begirale izateari utziko dio. 27 urte ditu eta lan bat topatu du eta ez dio denbora askorik utziko skoutean ibiltzeko. Zer esango dizuet, azken hiru urteetan hiru begiralek utzi dute, bakoitzak bere bizitza egin behar du. Txikitatik dabil Suso skoutean: lehenengo ume bezala eta gero begirale bezala. Skouta berarentzat dena da eta dena eman die umeei eta baita begirale garenoi.
Malko asko juan dira une horretan. Niri behintzat baten bat ihes egin dit eta umeei zer esan. Bera ere… Oso gogorra izan da, beragatik hor egongo zen bizi osorako, baina ezin da. Hitz batzuk eskatu dizkiogu eta negarrez hasi zaigu.
Bidean gentozela, pentsatzen egon naiz nik uzten dudanean zer gertatuko den. Karrera bukatzen dudanean utzi nahi dut. Karrera gehiegi luzatzen ari zait tamalez (ez begirale izaten jarraitu nahi dudalako). Ziuraski malkoak isuriko ditut, denek dakite nolakoa naizen. Ume horiek asko ematen didate, egunero zerbait irakasten dizute eta eskertzen dute eurekin egotea eta zure denbora eurei eskeintzea.
Baina Suso bezalako gehiago etorriko dira (edo hori pentsatu nahi dut). Milesker Suso egin duzun guztiagatik!