Aurten 30 urte beteko dira lagun batzuek elkartu eta Arrasateko gaiteroen taldea osatu zutela. Bost lagun ibiltzen dira, gehienbat: Esteban eta Enrique Dolara anaiak, Edu Abarrategi, Lander Lorenzo eta Iñaki Barrena.
Gaita jotzen dute, Nafarroako gaita, eta, jakina, atabala. Iruñean ikasi zuten gaita jotzen, hango gaiteroekin.
Herriko jai guztietan ibili dira urteotan. Herritik kanpo ere bai. Duela urte batzuk Italian izan ziren, bi aldiz, Ortonovo herrian.
Aurten 30. urteurrena ospatzekoak dira. Ondo merezita, gainera! Hemen duzu Arrasateko gaiteroak taldearen argazki bilduma txiki bat. Gehienak sanjuanetan ateratakoak dira. Baten batzuk, berriz, Santa Ageda eskean.
Joxefe naiz. Aspaldian horrela esaten didate etxean eta lagunartean. Jaiotzean, ordea, Jose Felix jarri zidaten izena eta Diaz de Tuesta eta Martinez abizenak.
Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Aspaldiko hamar bat urteotan, argazkilaritza berrian hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez.
Hiru argazki liburutan parte hartu dut. Batzuetan editore moduan. Beste batzuetan editore eta argazkilari moduan. Baina nire argazkiak, batez ere, sarean erakusten ditut, gaur egun, nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena. Jendearengana iristeko aretorik onena bai, behintzat. Sarean nire goitizena Atauri da.
Nire curriculum profesionala sarean dago. Beraz, norbaitek nire ibilbide profesionalaren berri jakin nahi badu sareko bilatzaileetara jo eta erraz samar aurkituko du daturen bat edo beste bere jakin mina asetzeko.
Etiketak:
arrasate,
dultzaina,
euskadi,
euskal,
fiesta,
fock,
gaita,
gaiteroak,
gaiteros,
gipuzkoa,
herria,
jaiak,
music,
musika