Atzo arratsaldean Iker Aizkorbe eta biok Eskoriatzan izan gara, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Joxe Aranzabal irakasleak (laguna ere badela esan beharra daukat) gonbidatuta. Flickr-en gainean hitz egin dugu, flickr plataformaren erabiltzaile garen aldetik. Saioan ikasleek argazkiak atera dizkigute, bai eta nik ere beraiei. Argazki ateratze partekatua izan da. Saioa polita izan da.
Hemen dituzu HUHEZIko argazkiak.
Joxefe naiz. Aspaldian horrela esaten didate etxean eta lagunartean. Jaiotzean, ordea, Jose Felix jarri zidaten izena eta Diaz de Tuesta eta Martinez abizenak.
Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Aspaldiko hamar bat urteotan, argazkilaritza berrian hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez.
Hiru argazki liburutan parte hartu dut. Batzuetan editore moduan. Beste batzuetan editore eta argazkilari moduan. Baina nire argazkiak, batez ere, sarean erakusten ditut, gaur egun, nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena. Jendearengana iristeko aretorik onena bai, behintzat. Sarean nire goitizena Atauri da.
Nire curriculum profesionala sarean dago. Beraz, norbaitek nire ibilbide profesionalaren berri jakin nahi badu sareko bilatzaileetara jo eta erraz samar aurkituko du daturen bat edo beste bere jakin mina asetzeko.