Quantcast

Txuleton’s

Horixe da Oñatiko musika-talde ospetsu baten izena, Txuleton’s. Orain urte mordoxka bat sortutako taldea da, 27 bat behintzat, eta urteotan hasierako kide guztiek jarraitzen dute taldean, gero eta jarraitzaile gehiago dituzte baina.

22 urte pasatu dira euren lehen diskoa (eta orain arte bakarra) grabatu zutenetik. Berriro estudiora sartzera animatu dira kanta eskukada bat grabatzera. Disko gutxi grabatu dituzten arren, errepertorio handia dute. Izan ere, kantak sortzea ez da sekula izan Txuleton’s taldearen arazoetako bat.
Iazko abenduaren 28an aurkeztu zuten Oñatiko Antixena gaztetxean “Encuentros” izeneko diska berria, arrakasta handiz aurkeztu ere. Dagoeneko CDa salgai dago Oñatiko Aker, Arrano, Boga eta Heltzia tabernetan. Baita ere entzungai interneteko hainbat lekutan (Spotify, Youtube, Bandcamp…).

Hemen dituzu kontzertuko argazkiak.

atauri

Joxefe naiz. Aspaldian horrela esaten didate etxean eta lagunartean. Jaiotzean, ordea, Jose Felix jarri zidaten izena eta Diaz de Tuesta eta Martinez abizenak. Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Aspaldiko hamar bat urteotan, argazkilaritza berrian hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez. Hiru argazki liburutan parte hartu dut. Batzuetan editore moduan. Beste batzuetan editore eta argazkilari moduan. Baina nire argazkiak, batez ere, sarean erakusten ditut, gaur egun, nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena. Jendearengana iristeko aretorik onena bai, behintzat. Sarean nire goitizena Atauri da. Nire curriculum profesionala sarean dago. Beraz, norbaitek nire ibilbide profesionalaren berri jakin nahi badu sareko bilatzaileetara jo eta erraz samar aurkituko du daturen bat edo beste bere jakin mina asetzeko.

Comments Are Closed