Quantcast

Txindoki 2022

Txindoki gure bailaratik gertu samar dugu: Oñatitik Larraitzera, adibidez, ordubete eskas dago eta bidea ona da. Hala ere, ez da gure bailarako mendizaleek gehien bisitatzen duten mendietako bat. Ez da zaila igotzen, baina aldapa pikoa du, oso pikoa.

Aldian behin igo ohi dugun mendia izateaz aparte, Txindokik badu xarma berezi bat oso ikuspegi politak dituelako. Eta behin bertara hurbilduta, ibilaldia luzatuz gero, beste mendi mordoxka bat igotzeko aukera ematen du: hala nola, Ausa Gaztelu, Ganbo, Hirumugarrieta, Tuturre eta beste hainbat.

Hemen duzu Oñatiko Aloña Mendi taldeak ekainaren 12an antolatutako ibilaldian egindako argazki sorta, Txindoki aldean ateratakoak.

atauri

Joxefe naiz. Aspaldian horrela esaten didate etxean eta lagunartean. Jaiotzean, ordea, Jose Felix jarri zidaten izena eta Diaz de Tuesta eta Martinez abizenak. Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Aspaldiko hamar bat urteotan, argazkilaritza berrian hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez. Hiru argazki liburutan parte hartu dut. Batzuetan editore moduan. Beste batzuetan editore eta argazkilari moduan. Baina nire argazkiak, batez ere, sarean erakusten ditut, gaur egun, nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena. Jendearengana iristeko aretorik onena bai, behintzat. Sarean nire goitizena Atauri da. Nire curriculum profesionala sarean dago. Beraz, norbaitek nire ibilbide profesionalaren berri jakin nahi badu sareko bilatzaileetara jo eta erraz samar aurkituko du daturen bat edo beste bere jakin mina asetzeko.

Comments Are Closed