Iazko Urmugak Euskal Herria zeharkatu zuen mendebaldetik ekialdera 19 egunean. Guztira, 19 mendi ibilaldi izan ziren –egunero mendi ibilaldi bat izaten zen, 6-8 ordukoa– eta 12 musika emanaldi. Musika emanaldi horietako batzuk mendian izan ziren eta beste batzuk Urmagaren ibilbidetik gertu.
Emanaldi horietan guztietan Et Inkarnatus Orkestra eta Donostiako Orfeoiarekin batera beste hainbat musikari aritu ziren: hala nola, Ruper Ordorika eta Idoia Asurmendi, gure bailarakoak baino ez aipatzearren.
Nik ikusitako kontzertuak zein baino zein ederragoak izan ziren, egia esanda. Batzuk musikari gonbidatuengatik, eta beste batzuk “antzokiagatik”, nolabait esatearren, edo publikoagatik. Eta publikoagatik, publikoaren parte hartzeagatik Erremendiakoa izan zen polita, politenetarikoa.
Hemen duzu Erremendiako kontzertuaren amaierako erromeriako argazki sorta.
Joxefe naiz. Aspaldian horrela esaten didate etxean eta lagunartean. Jaiotzean, ordea, Jose Felix jarri zidaten izena eta Diaz de Tuesta eta Martinez abizenak.
Makina bat urte daramat argazkiak egiten, plazer hutsagatik, gustatzen zaidalako, alegia. Aspaldiko hamar bat urteotan, argazkilaritza berrian hasi nintzen eta geroztik Kodak eta Fujifilm pelikulak erabiltzeari utzi diot. Etxea argazki albumez beteta daukat, eta ordenagailua, irudi digitalez.
Hiru argazki liburutan parte hartu dut. Batzuetan editore moduan. Beste batzuetan editore eta argazkilari moduan. Baina nire argazkiak, batez ere, sarean erakusten ditut, gaur egun, nire ustez, Internet baita munduko erakusketa aretorik handiena eta, ziur aski, onena. Jendearengana iristeko aretorik onena bai, behintzat. Sarean nire goitizena Atauri da.
Nire curriculum profesionala sarean dago. Beraz, norbaitek nire ibilbide profesionalaren berri jakin nahi badu sareko bilatzaileetara jo eta erraz samar aurkituko du daturen bat edo beste bere jakin mina asetzeko.