Hegazti gripearekin ere pinguinook lasai-lasai


Hegazti gripea heldu ei da Hego Polora. Hori diote, behintzat, komunikabideek. Baina pinguinook lehen bezain lasai eta pozik bizi gara. Murgil koitadu hori Bill Gates produktuek elikatua bide zen. Agian Microsoft alpistea, MSN garia, Outlook arrain-hirina…. Jan aurretik zer sabeleratzen den begiratu behar da!


Begiratu pinguinooi: hotzaren kontra lumaje eta koipe maila egokia izateaz gain, birus horien aurka txertatuta jaio gara! Eta jakina, ekologikoki hazitako OpenSource bokartak baino ez ditugu mokotik barrura onartzen. Hegazti ergela derizkute batzuek, bai; ea, beraz, noiz bihurtzen diren txori errukarri horiek gu bezain ergel!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

San Ferminak kortatik

Zezen punk baten ezusteko goiza

Goizeko seiak. Oilarrak orain dela gutxi jo du. Begiak ireki eta lehen eguzki printzak sentitu ditut kortako oholen artean sartzen. Inguruan familia eta kortakideak ere nagi hasi dira mugtizen. Nagi eta triste. Askatik txerri lagunak neuri begiratu dit lehena. Bai, badakit zer darabilan buruan, motel. Eskerrik asko hire elkartasunagatik. Izan ere, gutariko nork du gaur altxatzeko gogorik? Hala ere, buztana patxadaz astindu, goizeko lehenengo euliak uxatu, eta zutitu egin naiz. Loaren lanbroak desegin ahala amorru etsi bat nagusitu da nitaz, eta adarkadaka kortako atea birrintzeko gogoa piztu zait. Horren ordez, ondoezik hurbildu naiz ate horretara eta zelaitik ihintzaren agur goibela heldu zait. Alaia izan beharko, izan ohi da, gatibu bizi arren kexa handirik gabe bizi baikara hemen, ia esne mamitan, esan liteke. Tira, ez da aske bizitzea lakoa, baina hori zer den ere ezin begitan dakiguke.

Muturraz atea bultzatu eta irten egin dut. Haize freskoa dakar gaur. Haize honek baina, krudelkeriaren ahotsak ekarriko ditu laster. Holakoetan beren burua gure jabetzat duten gizaki horien aurkako gorrotoak betetzen nau. Aintzat hartuko bagintuzte leihoa itxiko lukete, edo telebista goiko solairuan ikusi, behintzat. Baina ez. Urtero, egun hauek iritsita, egongelara bildu eta irrikaz pizten dute telebista ikuskizun negargarri harekin gozatzeko. Eta urtero zerbaitek, bultzada morboso batek, leiho horretarantz narama. Bertan ikusten ditut nire kideak, ezezagunak izanagatik ez baitute kidetasuna galtzen, gizaki eroen aldarri eta barre mozkorren artean arrapaladan, torturatuak izateko presa balute legez. Mila aldiz galdetu diot neure buruari zer pentsamendu ote darabilten kale estu eta irristakor horietatik oldartzen diren bitartean. Zer pentsatuko nuke nik haien artean banengo. Markatutako bidearekin ahaztu eta euli zuri-gorri horietako batzuk adar artean ikusi arte atsedenik ez hartu? Ez dut uste gehiegi pentsa daitekeenik han zaudela.

Mugimendua sumatu dut baserriaren barruan. Zalantza barik, prestatzen hasi dira, odol festa gosariarekin batera irensteko. Ez dut ostabere ikusi gura, ez horixe. Nire gogoz kontra, ordea, hankek harantz bideratzen naute. Norbait ikusi dut egongelan. Goizegi da baina. Eneko da, etxeko seme gaztea. Bera da inoiz telebista aurrean ikusi ez dudan bakarra. Ez nuen harengandik holakorik espero. Gandorra inoiz baino tenteago daroa gero!

Telebista ez, ordenagailua piztu du. Lasaitua hartu dut, momentuz behintzat. Desagertu eta katilu bat eskuan duela itzuli da. Zertan ote dabil? Hemen nago, urtero legez, leihoari itsatsita. Baina hasiera hau desberdina da. Zerbait hasi naiz entzuten, gero eta ozenago. Enekok leihora begiratu eta keinu bat egin dit. Zer ote darabil mutiko honek buruan? Ordenagailutik datorren soinua beste guztiaren gainetik gailendu da. Musika da, Enekok hain gogoko duen eta baserrian nahi ta nahiez denok hain ondo ezagutzen dugun estilokoa. Ordenagailuaren pantaila niri begira ipini du. Berriro keinu konplizea egin dit begi batez. Altxatu eta egongela utzi du, musika baserria dardarka ipintzeko moduan utzita. Ulertzen hasi naiz, bai. Gero eta gusturago ikusten ditut nik pantailak eskaintzen dizkidan irudiak. Hau bai San Ferminak ospatzeko modua! Eskerrik asko, Eneko, ez didate inoiz hau lako oparirik egin. Hona dator mutila, nire ondoan leihoan bermatzera. Garagardo bana baino ez dugu falta! Odola irakiten sentitzen dut aspaldian ez bezala.

(Bideo hau Attaque77 argentinar taldearen “San Fermin” kantari dagokio. Horrela bai, gora San Fermin(ak)!)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Laos II (Mundu utopikoaren bila III)

Janaria

Gaur gose jaiki bide naiz. Edo agian dagoeneko, eta oharkabean, bazkalordua iritsi zaidalako da. Oporretan egoteak daukan lehenengo ondorioa ordutegiekin ahaztea izaten da… Kontua da, Laosi buruz hitz egiten jarraitzeko, sukaldaritzari heltzea erabaki dudala.

2005-7-8 77 Vientiane Asiako sukaldaritza maite dugunontzat, edonora jatera joatea plazer hutsa da kontinente hartan, eta Laos horretan ere ez da salbuespena. Horretarako, aukera piloa dugu, bai taberna edo jatetxe batean lasai jesarrita, bai kalean topa daitezkeen postuetan. Azken honetarako aukerarik zabalenak Luang Prabang-en topatu genituen, agian hiri nahikoa turistikoa delako, agian hiria bera azoka handi bat bihurtzen delako egunaren ordu gehienetan. Niri neuri ikaragarri gustatzen zait aukera hau eta edonori gomendatzen diot. Gutxiago fidatzen naiz ni gure Europako produktu industraletan zein kalean saltzen diren saltxitxa edo hanburgesetan sartzen dizkiguten txerrikeriekin. Laosen denak du itxura naturala! Esaterako, Vietnamen legez, udaberri opilak gozo-gozo jan daitezke, bai frijituta zein frijitu barik. Prezioei dagokienez, taberna batean ez da zaila 5-7 euroren truke pertsona bik bapo jatea, garagardo eta guzti. Zenbat atera zitzaigun guri Bermiotik egin genuen azken pintxo erronda?!

2005-7x10 66 Luang Prabang

Luang Prabang-en bertan markatuta utzi gintuen beste plater bat oilasko eta koko zopa izan zen. Kurri gorriak ez zuen minegia egiten eta ez ahazteko modukoa gertatu zitzaigun, beste inon topatu ez dugun arren… Orain etxean errezetarekin asmatzea geratzen zaigu! Egia esan, zopa guztiak dira eder-ederrak, eta niri apur bat arraroa egin zitzaidan bakarra Nong Khiaw-n, Muang Ngoi-ra eroango gintuen txalupari itxaron bitartean, jan nuen arrain zopa izan zen, katilua betetzen zuten landare ezezagunengatik, seguruenik. Muang Ngoi-n, ordea, ostatuko jabeekin etxean legez sentitzeaz gain (leku guztietan gertatzen zaizuna han, bestalde), platano lorez egindako zopa harrigarria ezagutzeko parada izan genuen. Ez dakit benetan platano loreak ziren, baina izen hori zuten, behintzat, orburu txikitxoen itxurako haiek. Eta gainera, holako irribarrearekin dakarkizunean, mutilari ez diozu ezetzik esango!

2005-7x13 61 Muang Ngoi Neua

Laoseko plateren zaporea oso erraz asimilatzen da, nekez topatzen da gure ahoaren ohiturei talka egiten dionik. Seguruenik inguruko herrien usadio batzuk bereganatu dituzte, eta thailandiar, txinatar edo vietnamdar sukaldaritza gogorarazten diguten ñabardurak topatuko ditugu. Hala ere, beti izango du berezko nortasuna. Eta hartzen duguna hartzen dugula, plater guztiek edukiko dituzte lagun ezinhobe bi: behin eta berriro aipatu dudan Beerlao garagardo ederra (kontuz, hango botilen neurria 600ml pasatxokoa da!) eta arroz itsaskor zuria. Azken hau saskitxoetan atera ohi dute, eta eskuz hartuko dugu, gure ogiaren funtzioa betetzeko: orain bultzatu, orain apurtxo bat jan, orain saltsatan busti… Niri botilatan, hemen ketchupa legez, izan ohi duten tomate saltsa minarekin ikaragarri gustatzen zitzaidan!

2005-7x16 61 Muang Vieng Thong

Beste atal baterako utziko dut Vang Vieng-eko menu berezia, hango jatetxeetan “Happy menu” izenpean etorri ohi dena…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Oparitxo bat asteari ondo ekiteko

Tira, atzo bideo hau igo guran ibili nintzen, arrakasta gutxirekin (ez dakit gorputzaren orduko egoerari egotzi behar diodan), eta gaur ikusi dut bazegoela YouTube-n ! Poloniako talderik esanguratsuenetarikoa da Kazik mundialaren Kult hau. Baina haiei buruz hurrengo batean idatziko dut. Gaurkoz bideo hau (“Brooklińska Rada Żydów”) oparitzearekin nahikoa dut. Niri behintzat eguna alaitu zidan atzo. On egin!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Flema

Lainotuta bai, baina arnasa hartzeak berak izerdia irristarazten dit bekokian behera. Hortaz, burua nekatzeko gogo gutxi gaur. Oporretan egoteak denbora uzten dit, ordea, eta nagiak aterako ditut tartetxo batez beste talde bat gomendatzeko: Flema (1987, Buenos Aires), hain zuzen ere. Azken boladan gehien entzuten ari naizen taldea eta nire blog hau irakurtzeko ere ipini behar zenuketena.

Haietaz apur bat hitz egin aurretik, gehiegi asper ez zaitezten, bideo bi utziko dizkizuet mutil txintxo hauek ezagut ditzazuen.

Ideia bat egiteko ez dago txarto, ezta? Neu ere ez naiz sekula polizia izango…

Ikusi duzuen mutil gozo ile ondo orraztukoa Ricky Espinosa da, bere burua leihotik behera bota zuena mundu honi agur esanez, 34 urte zituela, PlayStation-eko futbol partida bat galdu ondoren. Horrela bukatu zen Argentinako talderik onenaren ibilbidea, Ricky baitzen haien arima. Ordurako 9 diska itzel utzi zizkiguten, eta kanta gogoangarri piloa, “Si yo soy asi”, “Cáncer”, “Metamorfosis adolescente” edo “Anarquia en la escuela” bezalakoak, edo bideoetan entzun dituzuen “Nunca seré policía” eta “Y aún yo te recuerdo”. Guztietan ahots axolagabe eta probokatzailea gailentzen da, mezuak ttuka eta oldarkor zein goibeltasun zirraragarriaz boteaz.

1994an argitaratu zuten “El exceso de drogas y alcohol es perjudicial para la salud” diskoak argi utzi zuen euren izaera, azkenean aipatutako Rickyren jauzian laburbilduta geratuko zena. Izan ere, drogekin, alkoholarekin eta sexuarekin batera, suizidioa izan zen hitzetan ageritako gai bat.

Haien kantarik ezagunenetarikoak “ni holakoa banaiz ez da drogen erruagatik, ni holakoa banaiz ez da alkoholaren erruagatik” aldarrikatu arren, zalantza geratzen zaigu: bestelakoa izango zen Flema abeslariak bere gorputza eta burmuinak etengabe zigortu ez balitu? Hor ditugu Eskorbuto, Nirvana eta beste asko ere hausnarketa bera egiteko. Nik, behintzat, ez dut inoiz neure izaera eraldatu beharrik eta argi dago egin dutenek prezio oso altua ordaindu behar izan dutela.

Norberarentzat gera daitezela gogoeta horiek eta erabakiak, utzi diguten musikaz goza dezagun guk bizi gareino!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Rebel Mayo Colorao


Ez dakit ajeaz datozkizun ideiei jaramon egitea oso zuhurra den, baina azken orduotan jaitsi ditudan punk taldeen bideoek neuronak birrintzen dizkidaten bitartean, nire elikadura literarioari lekutxo bat egitea erabaki dut. Ez dakit Mundakako jaiek utzitako errautsetatik ezer ganorazkorik ateratzerik dagoen, baina uste dut egoera honetan Paddy Rekalderen Rebel Mayo Colorao dela gomenda dezakedan libururik onena
Zergatik? Asmo akademikoetatik oso urrun dagoen sail honi hasiera emateko, burua danborra legez darabilten burutazioek ez didate beste aukerarik ematen. Alkohola darion eleberri hau da orain lerrootara ekar dezakedan bakarra.

Foniatragana joateko tren bidaietan lagun izan nuen Rebel Mayo Colorao hau, eta aitortu behar dut oso laburtu zituela nire joan-etorriak. Lagun izan nuen musikari ere eskertu behar nioke, baina ez naiz ondo gogoratzen zein izan zen. UK Subs, agian, baina baieztatzerik ez…

Eleberri honetan barru-barruraino sartzeko gonbitea lehen lerrotik iritsi zitzaidan. Nirekin, behintzat, asmatu egin zuen Paddyk abiatzeko The Clash-en kanta bikain baten hitzak ipiniz. Amua ote zen ez dakit, baina konturatu nintzenerako eztarrian behera neukan, eta eztenkadarik sentitu banuen, gozoa izan zen. Ado gorri nafarra bezain gozoa, hura izan baitzen hurrengo bidaia laguna. Izan ere, Rebel Mayo Colorao hau ardao gorri eta garagardo pinten artean mugitzen baita. Agian horiek eskuan ditugula irakurri behar genuke. Paddyri galdetuko diot zer gomendatzen didan…

Kontua da gozo bezain gordin harrapatzen zaituela eleberri honek, idazlearen alter egoa izan daitekeen pertsonaia exhibizionestaren eskutik. Haren urratsek Nafarroako herri txiki bateko giro jatorrean murgilduko gaituzte, ardaotxo bat hemen, beste bat han, puta baten soineko iradokitzaileari itsatsi eta beste bidaia batean sarrarazteko, irlandar garagardoko zaporekoa bigarren hau, fikziozko Paddy hileta baterako abiatu zela mahats zukuan ahaztuta.

Horrela, errealismo magikoaren ukitu batzuekin, Rebel Mayo ezagutuko dugu, hasieran Jon deritzon iheslari euskalduna. Irlandara doan ferryan sartu, eta hango giro bustian lehorreratuko gara. Lainoek bustitako kaleak, garagardoek bustitako pubak, harremanak, kontzertuak… Ez naiz sekula Irlandan egon, baina oso erraza izan zen iheslari bakartu eta zuhur jokatzeko behartuaren begietatik hango kaleetan sentitzea. Bertan Rebel Mayok izango dituen harremanek hartzen dute garrantzia, eta beste pertsonaia maitagarri batzuen gora-behera gazi-gozoetan nahastuta ibiliko gara, norabideak garrantzia galduta.

Ez dut balorazio literariorik egingo, ez dut horretan batere interesik, ni liburuetatik sentipenak gordetzen saiatzen bainaiz, eta eleberri honek sentipen ugari utzi zidan. Hainbeste non, Charles Bukowsky-ren eragina ezagututa, Pulp irakurtzeko gogo bizia piztu baizitzaidan. Baina beste istorio bat da hori, eta gaurko buruko minak jasan dezakeen guztia idatzi dut goiko lerrootan. Bakoitzak asma dezala uzten dituen sentipenak, usainak, zaporeak… zeintzuk diren.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Pidżama Porno

Honekin hasiera emango diot noizean behin egingo dudan gomendio sail bati. Nire asmoa gurean hai ezagunak ez diren taldeak ezagutaraztea izango da, bereziki punk egiten dutenak. Hasteko, Poloniako nire talde kutuna aurkeztuko dut: Pidzama Porno.
Krzysztofa Grabowski-k eta Andrzej Kozakiewicz-ek 1.987an sortu zuten talde hau, Poznan-en, eta harrezkero 10 disko utzi dizkigute, azkena 2.004an kaleratua.

Goiko lehen bideoan (Wirtualni chłopcy) taldearen alde kañeroa eta umoretsua uztartuta ikus daitezke. Punk garbiaz gain, ordea, ska eta reggae doinuekin ere maiz jokatzen dute, eta ez diote muzin egiten akordeoia eta beste tresna tradizionalagoak erabiltzeari, doinu oso pertsonala lortuz. Benetan, kriston taldea, ordutan eta ordutan entzun daitekeena.
Nire eskuetara iritsi zen lehen diskoa Futurista izan zen, eta lehen momentutik euren erritmoetan itsatsita geratu nintzen. Ezinbestekoen artean nik Złodzieje zapalniczek eta Ulice jak stygmaty ere kokatuko nituzke.

Egia esan, harritzekoa da zenbat talde punk on dagoen Polonian eta, oro har, Europa komunista ohian. Gehiago ekarriko dut, apurka-apurka, lerro hauetara.

Norbaitek zalantzarik badu talde honek Polonian duen garrantziaz, fija zaitezte ondo zuzenekoan, euren ereserkietako bat den Outsider kantarekin. On egin!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Laos I (Mundu utopikoaren bila II)

Vientiane

Egin nuen sarreraren ondoren, eta piztutako jakinmina elikatzen jarraitzeko, honetan Laoseko hiriburuari helduko diot; Vientianeri, alegia.

Vientiane 200.000 biztanleko hiri lasaia da. Herri baten hiriburua izateko, oso txikia, eta behin han gaudela, hirian baino, herri txiki batean sentitzen gara, nekez ikusiko baitugu bost solairu baino gehiago duen etxerik. Turista askorik ere ez, gurekin taxia partitu zuten israeldar neskek esan zigutena jende askok pentsatzen bide du: Vientianek ikusteko gauza gutxi duela! Non informatzen da jendea, baina?

Uste horrek sor ditzakeen zalantzak oro uxatzeko, aurreratuko dut hauxe dela bizitzeko aukeratuko genukeen lekua, agian egunen batean betiko bizileku bilakatuko zaiguna. Horretarako arrazoiak ez dira falta, baina hori beste kontu bat da.

Vientianeri lotuz, oraindik jende askok deskubritu ez duen hiria izatea bere alde izan dezake, non lo egin, non jan, leku batetik bestera zelan mugitu, erraz eta merke topatzen baita. Egia esan, kilometro batzuetara dagoen Xieng Khuan (Buddha parkea) ikusteko ez bada, oinez edo bizikletaz mugitzeko hiria da. Distantziak, oro-har, ez dira luzeak, eta trafikoa ez da inon oztopo.

2005-7-7 55 Vientiane

Iristeko modurik onena, edo interesgarrienetakoa behintzat, trena da. Guk gauez egin genuen bidaia, Bangkoketik, eta horrek berak jende zoragarria ezagutzeko parada eman zigun, batez ere thailandiar monjea, marrazki bizidunetatik irudi lezakeena, jatun aurpegian irribarre pikaroa gordetzen zuena, betaurreko borobil txikien azpian. Thailandia eta Laosen arteko muga oinez zeharka daiteke, eta dirua aldatzeak berak mundu berri baten atarian kokatzen zaitu. Minutu batetik bestera milionario bihurtzen zaituzte! Monopoly-tik ateratakoa ematen duen billete mordoa eskuan, handik gutxira konturatzeko diru-paper horiek gutxieneko kontua direla hango biztanleen bizitzan. Izaera honek iraungo ahal die!

Eta hori diot, Vietnamen, esaterako, egon den edonork egiazta dezakeelako turismoaren diru-iturriak noraino ustel dezakeen herri bateko jendea… Hortaz, aholku bat: ez da zekena izateko kontua, baina guretzat ezereza den diruarekin eskuzabal jokatu gura dugunean, oharkabean gure mundu komertzial honen diru-gosea piz dezakegu horren premiarik ez duen jendearen artean. Laostarrek ez badituzte atzerritarrak dolar-zorro ibiltari moduan ikusten, gorde dezagun luzarorako euren materialkeria eza!

Baina parentesi honen ondoren, itzul gaitezen geratu garen lekura. Muga zeharkatuta, lehenengo ardura tuk-tuk edo taxiren bat bilatzea izango da. Bangkoketik etorrita, komeni da, tuk-tuk-ek itxura bera izan arren, hango gidarien maltzurkeriarekin ahaztea. Laosen gaude, ez Thailandian, has gaitezen, beraz, kontzeptu batzuk geure buruan aldatzen. Laostar batek prezio bat esaten dizunean, hobe gehiegi jaitsi guran denbora ez galtzea, prezio oso bidezkoa izaten baita. Horretaz, ordea, herria, haren bizimodua, distantziak, errepideen egoera, gasolinaren prezioa… jakiterakoan baino ez gara jabetzen. Komeni da, hortaz, hasieratik horren jakitun izatea.

Arestian aipatu legez, jende askok uste du Vientianek gutxi duela eskaintzeko. Aitzitik, geure buruari patxadaz ibiltzeko beta ematen badiogu, presak motxilan ondo gordeta uzten baditugu, ezkutatzen duen guztia oparituko digu eskuzabal.

2005-7-8 53 Vientiane

Gidetan begiratuz gero, aipatutako Xieng Khuan eta hiriaren erdialdean (erdialde geografikoan, ez historikoan) dauden Patuxai (garaipen arkuaren antzeko monumentua) eta Pha That Luang, haien identitatearen ikurra den stupa handia ezinbestekoak izan arren (hauetarako guztietarako gomendagarria da tuk-tuk bat hartzea), niretzat atseginik handiena Mekong ibaiarekin batera doan kaletik pasiatzea izan zen. Orduak eman daitezke alderrai Vientianeko bizitzaren erdigunea den alde honetatik, edonondik agertzen diren tenplu budistetan sartu, haien itzal baketsuetan jesarri, irakurri, monje gazte batekin solasaldian murgildu, itsasontzi batean garagardo pizgarri bat hartu, eta iluntzean, eltxoen kontrako babesa ipinita, edozein plater gozo sabeleratu.

Iluntzera arte bai, baina nekez gauera arte, hori baita gure kulturan hain errotuta dagoena eta Vientianen nekez topatuko duguna: gaueko giroa. Tabernak egon badaude, baina guk, behintzat, itxita topatu genituen musika eta gaueko giro apur bat ei dituztenak. Dena dela, hutsune handia ere ez da, han etxetik eroandako ohitura guztiak laster ahazten baitituzu. Horretarako, hurrengo batean ekarriko dudan Vang Vieng hippya dugu.

Ez dut uste Vientianeri buruz kontatzeko dudana hemen bukatuko denik, baina Laosen leku eta aurpegi asko dut presa barik zabaltzen joateko. Momentuz, Mekong ibai gainean hartuko dut Beerlao eder bat, irudimenean baino ez bada ere…

2005-7-7 44 Vientiane

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Paperezko bizitza

(2.004an AUX.magazine-n argitaratutako ipuintxoa)

Astelehen hartan, egunero bezala, 8:05ean hartu zenuen metroa. Zure ohiturari jarraituz, pasabidera begira geratzen diren jesarleku bikoitz horietarikoa hartu zenuen. Ez bide zaizu gertuegi inor izatea gustatzen, ondoan, hesi moduan, larruzko maleta dotorea jarri baitzenuen. Ohi bezala. Begirada hotzaz inguruan zihoazenei begiratu eta goitik behera aztertu zenituen. Zergatik tokatu behar zait goizero arlote zikin hori bagoi berean? Seguruenik destaina isurtzen zuten begi urdin horiek janzkerak markatzen zuen aldea neurtzen zuten. Jipoi gris horrek kolperik eman barik ibilitako urte guztien hautsa biltzen du, sastraka trinkoak bezala luzatzen den bizar koipetsu horren moduan. Zerikusirik ez zure ile distiratsu tinkoarekin ez gorbata eta traje garestiarekin. Eskua masailetik pasatu zenuen, zure azal leun usaintsua sentitzeko, keinu horretan zetorkizun egunerako kemena bilduz legez. Beste bidaiariek ezer nabarmenik ez, arruntak. Arruntegiak, agian, garraio bera erabiltzeko eskubidea izateko. Urduri jartzen ei zintuzten, eten barik rolex zoragarriari begiratzen zenion eta. Dena betiko moduan, baina halako batean, zure geltokira iritsi baino minutu bat lehenago, izter azpian zerbait igarri zenuen. Orri txikitxo bat. Hartu eta interes handirik barik irakurri zenuen. Eskuan zimurtu eta botatzeko keinua egin bai, baina zerbaitek galarazi zizun. Berriro zabaldu eta astiro irakurri zenuen. Zerbaitek, antza, jakin-mina piztu zizun, papertxoan ar gaiztoren bat ezkutatuko balitz legez. Azkenean, ia oharkabean, poltsikoan gorde eta alde egin zenuen.

Biharamunean betiko metroa, betiko orduan, betiko atetik. Zorionez, betiko jesarlekua zure zain. Oraingoan, ordea, jesarri aurretik aurreko egunekoaren antzeko papertxoa ikusi eta eskuratu zenuen. Zabaldu eta astiro irakurri zenuen. Zerbaitek aztoratzen zintuela ematen zuen. Ingurura begiratu eta gorde egin zenuen. Egun hartan, aldiz, ez zen dena han amaitu. Arratsaldean, 17,30etan, metroa beteta topatu eta jesartzerik ez zenuen izan, baina bat-batean ohartu zinen zure zapata azpitik paper zuri zatitxo bat agertzen zela. Jende artean makurtzea ez zenuen gogoko izan, baina hartu eta bertan irakurri zenuen, hau ere poltsikoan gorde zenuela.

Aste horretako hurrengo goiz eta arratsalde guztietan papertxoak topatzen jarraitu zenuen. Gero eta argiago zeneukan papertxo horietan agertzen zenak istorioa osatzen zuela, eta ar gaizto horrek norbaitek zuretzat idazten zuela ziotsun. Esanahia, ordea, ezin antzeman, eta metroan sartzea gero eta zirraragarriagoa bilakatzen ari zen, sartuaz batera zure begiak paper zuriaren bila mugitzen zirela urduri.

Hurrengo batean ordutegia aldatzea erabaki zenuen, bazkalorduan atera eta metroa hartu pare bat geltoki aurrerago jaitsi eta hango txinatarrean otordua egiteko. Izerdia goitik behera ibili zen zure lepotik orduan ere papertxoak topatu zenituenean. Beraz, bulegoan aitzaki bila hasi zinen irten eta metroan sartu ahal izateko. Sartzen zinen bakoitzean, han agertzen zen, batzuetan ez lehen momentuan, istorioaren jarraipena. Bakoitzean hain hitz gutxi agertzea madarikatzen zenuen.
Azkenean lanera huts egiten eta metroz metro ibiltzen hasi zinen. Gaur Barakaldorantz, bihar Leioaraino, etzi Plentzia. Inoiz geltoki batean jaitsi eta hurrengo metroan norabide berean jarraitu, guztietan ere papertxo zuri bana topatzen zenuela. Hori zen zure obsesio bakarra, eta ordurako ez zinen jabetu ere egiten inguruan inor ote zegoen. Mundua papertxo horietara mugatzen zen.

Ordutegiak guztiz aldatuta, lana guztiz ahaztuta, goizeko lehenengo metroa hartu eta gaueko azkenean etxera itzuli. Honek zerbait ekarri ei zizun etxean, agian etxeko sarraila aldatuta topatu zenuen. Ez zuen ardura. Gauean han-hemenka jatekoa bildu, kartoi artean geltokitik ahalik eta gertuen lo egin, eta goizean bilaketari ekiten zenion. Zentzua zeukan gauza bakarra, ordurako.

Azkenean istorioa amai aldera iristen hasi zela jakin zenuen. Istorioa ia osaturik zegoen. Orduan, geltokia utzi eta tunelean sartzerakoan, papera eskuan, atzeko leihora begiratu eta zeure burua ikusi zenuen. Zeurea ala arlote zikin harena? Berdin-berdina zen. Zure trajeak ez zeukan hautsa baino eta betzuloen azpitik bizar nahasiak ahoa ezkutatzen zizun. Ilean distirarik ez. Jabetu zinen, maletarik izan ez arren, inork ez zuela zure ondoan jesarri nahi. Eta bagoi berean, zuri irribarretsu begira, irudi hura, ispilua ez zena, hala iruditu arren. Eta horrela beste lau egunez, hartutako tren guztietan.
Egun batean, burua nahastuta, trena aldatu eta han ikusi duzu berriro, paper batean zerbait idazten, oraingoan, topatu berria irakurtzen duzun bitartean.

Altxatu eta hurbildu egin zaizu, idatzitakoa eskainiz. Hartu papera eta boligrafoa eta aukeratu hurrengoa, zure istorioa amaitu baita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Mundu utopikoaren bila

Umetan munduak imajinatzeko gaitasuna garatzen dugunetik, denok hasten gara geure mundu utopikoa definitzen, bilatzen, asmatzen… Adinarekin utopiak oro amore eman beharreko erokeriak bilakatu ohi zaizkigu. Edo horretara bultzatzen gaitu jasotzen dugun heziketak. Hori sinetsarazi gura digute munduaz eskarmentu handia ei duten nagusiek. Beraz, utopian gehiegi ez sinesteko adinean nagoela esan behar nuke. Gure Lur honetan, behintzat, Arkadiarik ez delakoan nago. Baina aurkezten zaizkigun gizarteen artean, badaude gure amets horietara gerturagotzen direnak. Hori bide da, azken boladan behintzat, Laos niretzat. Herri ez-utopiko baina gizatiarriagoa.

2005-7-8 04 Vientiane Han denboralditxo laburra eman genuen arren, badaude gorputzean eta gogoan barneraino zizelkatuta geratzen diren irudiak, zaporeak, soinuak, bizipenak, irribarreak, berotasunak… Batez ere berotasuna, hango jendeari dariona, eta irribarreak ekarri genituen etxera, motxilako eta bihotzeko pisua arindu zigutenak.

Zertan da Laos desberdina, bada? Paisaiak, tenpluak, azokak, zapore eta usain exotikoak eta masajeak gora behera, horiei guztiei ezer kendu barik, gizarte eredua da gehien hunkitu ninduena. Europa diruzale honetan gero eta deseroso sentitzen naizen honi kontsumismo izpirik gabeko oasi liluragarria agertu zitzaidan begien aurrean.

Vientiane hiriburutik Muang Ngoi herri koxkorrera ez duzu topatuko erostera deitzen dizun kartel argitsu erraldoirik, erasoka datorkizun kapitalismo basatiaren ikurrik, zugan dibisak besterik ikusten ez duen irribarre zuririk. Mundu material “ezinbesteko” horri ezaxolati bizi diren aurpegi zoriontsuak, keinu abegikorrak, edonondik jolasa ateratzen duten ume alaiak dira lilura komertzial horren lekua hartzen dutenak.

Baten batek derrigorrezkoak deritzen erosotasun batzuen falta sentituko du. Beer Lao eta bentiladorea dauden bitartean, guk ez genuen hutsunerik txikiena ere sentitu. Bizitza abentura da, baina abenturak ez du korapilo handirik behar asebetetzeko.

Perfekziorik ez dagoen (ezta beharrik ere) munduan, ni Laosekin geratzen naiz. Ez da horretaz mintzatuko naizen azken aldia. Esan dezagun hau sarreratxo bat baino ez dela, norabide askotan zabal daitezkeen zertzelada xume batzuk. Noiz ihes egingo Europa ustel eta orojale honi!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin