Laos XI (Mundu utopikoaren bila XII)

Ostatuak

Laosi buruz berba egiterakoan, beste ataltxo bat merezi duen puntu bati helduko diot. Bidaiatzerakoan kezka izan ohi dugu gauak non eta zelan emango ditugun, eta hori izan ohi da jendea bidaia programatuak egitera daraman arazoetariko bat. Guk, behin geure kasa ibiltzeko proba eginda, ez dugu inoiz atzera egiteko arrazoirik topatu, are gutxiago, Laosen legez leku txukun eta merkeak aurkitzeko batere zailtasunik ez dagoela jakinda.

Laosen ere, nahi duenearentzat, ba ei daude hotel garezti eta estandar altukoak, baina ez dakit nork behar dituen halakoak. Batez beste 6-8$ ordain daiteke Laosen gela garbi, zabal eta eroso batengatik. Baten batek ostatu batzuetan topa dezakeen “deserosotasun” bakarra komuna eta dutxak konpartituak izatea da, baina ez dut uste, hori arazo duenarentzat, bere komuna duen logela lortzea zaila denik. Guk ia leku guztietan izan genuen geurea.

Vientiane-n, Vang Vien-en, Luang Prabang-en, Muang Ngoi-n, Maung Vieng Thong-en eta Sam Neu-an eman genituen gauak, eta inon ere ez genuen arazorik gela topatzeko ezta kexarik txikiena bertan jasotakoarekin. Viantiane-n, esaterako, Mekong ibaiaren aurreko kalearen inguruan topatzen dira gehienak (argazkian duzue guk hartu genuenaren espaloi lasaia).

2005-7-7 04 Vientiane

Baina zerbitzuen maila onari gehitu behar zaion balio gehigarri bat edonon jasotzen den tratua da. Etxean legez sentitu ginen, sentiarazi gintuzten, egon ginen leku guztietan. Zer esan genezake Luang Prabang-eko Lee eta haren lagun jatorrez (argazkian) edo Muang Ngoi eta Muang Vieng Thong-eko familia zoragarriez?

2005-7x12 93 Luang Prabang

Argi dago han harremanak negozioen gainetik daudela. Horra aipatutako azken herrian ostatu eman zigun familia. Horiek ahaleginak amarenak guk laoseraz zerbait ikas genezan, arroz ardoa lagun…

2005-7x15 25 Muang Vieng Thong

2005-7x16 33 Muang Vieng Thong

Muang Ngoi-ko dolar bateko bungalowek aparteko kapitulua merezi dute. Gaueko bidaiak komun txikira, linterna eskuan, oilarraren tema bungalow azpian gorde eta handik orduak kukurruka emateko…, bizipen pertsonalen bilduman gordetzen diren oroitzapenak dira.

2005-7x14 55 Muang Ngoi Neua

Zenbat ordainduko genuke holako zerbitzu mailagatik Europan? Berriro ere, jendeak markatzen du diferentzia Laosen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Paradisuko almanaka

Agindutakoa zorra da, eta bada garaia utzi nuen bat kitatzeko. Izan ere, badira aste batzuk Gianni Celatiren trilogia ixten duen liburua bukatu nuela, eta aurrekoekin lain gozatu dut honekin ere. Eleberri itzela da Paradisuko almanaka hau, aurrekoak bezain umoretsua eta beste konstante batzuetan ere bat datorrena. Aitortu behar dut trilogia honek mementoko nire idazle kutuna bihurtu duela Celati.

Kasu honetan, Giovanni dugu protagonista eta narratzailea, Alemaniara joandako italiar gaztea, bihotza lapurtu dion neskatza baten atzetik. Horrela, Anje nahasgarriaren familiaren etxean bizitzen hasi, eta hamaika egoera barregarri zein negargarritan ikusiko du sartuta bere burua.

Zein dira Celatiren konstante horiek? Besteak beste, subjektibitatea eta ukitu surrealista. Eleberri honetan, aurrekoetan legez, ez zaigu istorioa kontatuko gertatzen den bezala, protagonistak biziko duen ikuspuntutik baizik. Ikuspuntu xelebrea betiere. Eta aurreko bietan legez, batzuetan zaila gertatzen da benetan zer gertatzen ari den jakitea, bizitzan bezala gertaeren egia ez dugulako jakiten, hartatik geuk sortutako pelikula da lagun dugun errealitate bakarra. Eta batzuek, beste barik, ez dute azalpenik (Alemaniara iritsi orduko gurpilak puzteko ponpaz, azalpenik gabe, buruan kaskarreko ederra jotzen dion txirrindulariaren portaera, esaterako).

Protagonista berriro ere da inguratzen duen munduan guztiz ondo egokitzen ez den arima. Zelan egokituko da ondo eskarmentu bako italiar gazte bat alemaniar mundu batean, hizkuntzaz ere guztiz ezjakin?

Pertsonaien galeria aberatsa topatuko dugu, Giovanniren kalterako batzuetan, onerako besteetan, eta pertsonaia horien guztien jokabideen interpretaziorako gida bakarra protagonistaren beraren hausnarketak.

Ez dut hemen liburuaren balizko zentzuaren azterketa sakonik egingo, hori norberaren lana da. Uste dut Celatik irakurketa ugari eskaini digula, hari eta gai asko, eta protagonistaren bukaerako hausnarketek gertatutako guztia birplanteatzera garamatzate. Gure bideak nork edo zerk gidatzen edo erabakitzen duen kezkaz aztertzera. Baina esanahiak esanahi, liburuak ordu gozagarriak igarotzeko aukera ederra eskaintzen du, atzerritar batek hamaika komeria pasa baitezake ondo ezagutzen ez duen lurra zapaltzean. Beste kultura bateko norbaitekin amodiozko esperientziaren bat izan duenak, gainera, bere burua ikus dezake Giovanni dispersoaren gorabeheretan islatuta. Neskarentzat gorde gura dituen sentimenduek zentratzeko oztopoak topatuko dituzte maiz. Grina mota batzuek denok berdinagotzen gaituzte. Ez gutxiago komunikatzeko zailtasunek.

Aurrekoetan bezalaxe, bestalde, bitxia da bere joera ezkertiarrari ematen dion lekua, baita horretaz egin daitekeen irakurketa ere.

Holako lan gehiago euskaraz, mesedez!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Denbora

Gauzak zelakoak diren eta zer gutxi ulertzen ditugun gu baino urrats batzuk aurrerago daudenak. Gogoratzen naiz umea nintzenean heldua izan gura nuela. Pertsona nagusia, bere denbora eta bizitzaren jabe, ume haren ustez nagusiek ez zutelako araurik betetzeko eta bizitza askoz errazagoa zutelako. Egun urrun haietan orduak amaigabeak ziren, urteek bizitza osoa behar zuten pasatzeko. Ikasarazten zidaten ordua zelan jan asmatzen ibiltzen nintzen, mahai borobilaren inguruan aulkien gainetik bueltaka: ipintzen zidaten erloju krudelean zenbat minutu behar nuen neurtu, bost joan dira, beraz berbera errepikatzen badut beste bost joango dira oharkabean, horrela ordu osoa bete arte… Bost urterekin bi ikasturte egin nuen bakarraren prezioan, nire buruan haien joanaren neurgailua Mundakan egindako egonaldia zelako, eta beraz, Aste Santuan bukatu zen urte bat eta ekaineko oporrekin batera bigarrena; azken hilabete haiek ume harentzat urte osoaren pisua zuten, nonbait. Orduan amari entzuten nion ez edukitzeko presarik nagusia izateko, hegan zihoala denbora gero, eta ez zegoela berreskuratzerik. Zelako gezurra, denbora eternala da, ez da inoiz bukatzen! Begira bestela zenbat behar den termometroak behar dituen bost minutuak gainditzeko!

Nerabezarotik aurrera azkarrago hasi ziren ikasturteak igarotzen, hori baita ikaslearen zinezko neurri bakarra. Ekainean urtea hainbesterako izan ez zela sentitzen nuen. Hala ere, luzaroan bizi izan nintzen beste eskala bat laburtu guran: egunarena. Egun bakoitza luze-luzea zen. Amak gaitzetsi ohi zidan ohean etzanda sabaira begira galtzen nuen denbora guztia. Idaztea neukan, irakurtzea… Baina ez: nik ahalik eta siestarik luzeenak egiten nituen, telebista apur bat, afaria, eta lotara. Egunak erre, deuseztatu gura nituen. Dena egingo nuen patxadaz eta ondo neure bizimoduaren jabe osoa nintzen egunetik aurrera. Heldua izatera iritsitakoan. Horrek zer esan nahi duen, auskalo. Ez neukan amaren berbak ulertzerik. Berak 48 orduko egunak behar zituen! Ni poz-pozik biziko nintzen 12 ordukoekin.

Orain bai, maiz gogoratzen ditut amak umetan zein gaztetan esandakoak. Berandu denean. Egun, orduek abantaila handia ateratzen didate, beti nabil haiek atzeman guran, atzeratuta, heldu ezinik. Arratsaldean etxera iritsi eta, erlojuan seiak ikusten badut, egunak alde egin didala sentitzen dut, ez dudala egin gura nukeen guztirako astirik, ezta erdirako ere. 48 orduko egunak non saltzen dira? Lan-ordu eta lo egiteko ordu kopuru bera bai, baina norberarentzako beste 12 bat ordu, gutxienez? Nerabezaro arteko urte eternal haien kopuru bera joan zait begi kilskada batean! Berandutxo da amaren berbak ulertzeko; denborak berak erakutsi dit haien egia. Orain ez nire denboraren ez nire bizimoduaren jabe. Guztiz ez, behintzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Homosexualak bakerako zubia?

Nork esango zigun homosexualek lagunduko zutela Ekialde Hurbilera bakea ekartzen! Badakit ametsetan egon naitekeela, baina mementoz gay eta lesbianek lortu dute inork gutxik eskuratutakoa: etsai zaharren muturrak soka berean elkartzea. Dena jai koloretsu bati esker…

Ez da harritzekoa eta agian bake nobel batzuek lehenago pentsatu behar zuketen hortxe egon zitekeela giltza: hiru erlijioek jatorri bera badute, zergatik ez jo haien erro homofobo eta misoginoei, hasieran bat zirenak anaitasunera eroateko? Anaitasunera, bai, hauen artean ahizpatasunak jai daukalako. Itun Zaharra irakurtzen hasi eta hortxe gatazka odoltsuaren bukaerarako gakoa gure zain. Hiru erlijioak eskutik homosexualen aurka! Prestatu misilak desbideratu horiek txikitzeko! Animaliak baino okerragoak diren horiek lur gainetik ezaba! (zein gutxi ezagutzen dituzte batzuek abereen ohitura intimoak…).

Asko eskatzea ote da hauen moduan elkar musuka hasteko eskatzea?

Pulp Fiction-eko “Lobo” handiak zioen legez, “ez diezaiogun elkarri zakila oraindik jan…” (denetarako denbora egongo da, baina zuhur jokatzea hobe!).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Gene kaltegarriak

Banbi, oreinkumea, berriro dugu albiste. Oraingoan bertsio zurian. Irudi idilikoa izan litekeena, ordea, beste zerbait gogoraraztera etorri zaigu: gizakia naturaren gainetik dago, edozeren gainean erabaki dezake, nork merezi duen bizia eta nork hil behar duen.

Naziek gizakiekin egin nahi zutena ikaragarria bazen ere (aurrera jarraitu behar zuten geneak aukeratzea, alegia), dirudienez, adituak zientziak ematen dien botere eztabaidaezinaz jantzita, animalien patuaren jabe dira, eta horrela ebatzi dezakete: Alemanian agertu den oreinkume zuria hil behar dute, gene anomaloei segida eman ez diezaien. Mementoz, sineskeria ari da kume errukarria salbatzen, orein zuria hiltzen duena, edota haren senideren bat, urtebeteren buruan hilko ei delako.

Nork salbatzen gaitu, berriz, biziaren jabe direla uste duten gizakien geneetatik?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

The Stalin: japoniar amorrua

Musikari eskainitako artikuluen artean tarte handiagoa utzi ohi dut, baina gaur asteari ostikada bat emateko gogoa dut, eta horretarako zer hobe punk zartako bat baino. Aurreko batean Japoniatik The Blue Hearts talde umoretsua ekarri banuen, oraingoan herri urrun eta kontraesanez betetako hartako punkaren aurpegirik gogorrena oparituko dizuet.

Izan ere, The Stalin taldeak amorru deskarga bat eskaintzen digu bere kanta bakoitzean, erakutsiz Japonian, zen, te zeremoniak, lorategien bakea, meditazioa eta etengabeko lana baino zerbait gehiago dagoela. Estresatzen direnean, kontuz gero!

Taldearen izena esanguratsua da. Michiro Endo kantariaren berbetan, Japonian Stalin pertsonaia gorrotatua delako aukeratu zuten, 1.980an, eta horren bitartez Michiroren ideologia sozialista (Vietnamen borrokatua ei da bera) agerian utzi zuten. Japonia mega-kapitalistaren aurkako ukabilkada zuzena da, beraz, The Stalin taldea. Itxura ezin oldarkorragoaren atzean estetika kontua baino zerbait askoz sakonagoa ostentzen da, eta barruko amorrua kanporatzen dutenean kanta zuzen, bizi, bizkor eta ostia txarrez beteak dira emaitza.

Baina azaltzea baino hobea da ikusi eta entzutea. Nekez topa daiteke hau baino jarrera punkagorik, doinu hardcoretan bildua. Zeuek esango didazue!

Eta nire ohitura bina bideo ekartzea dela ondo jakin arren, talde honekin ezin diot plater bikoitza eskaintzeko tentazioari eutsi. Kontuan izanda hurrengo kanten luzera, barkatuko didazue… Izenburuak ere sano adierazkorrak dira: “Allergy” eta “Stop Jap”, lehen diskoaren izena jasotzen duen harrikada.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Finlandiatik: Appendix

Azken boladan Europako iparraldetik ditugun albiste musikal gehienak
Him lako taldeen eskutik datozkigu: metal doinuak, ukitu gotikoak, eta
ingelesa hizkuntza bakarra. Finlandian, ordea, badaude, edo egon dira,
hango hizkuntza baztertu ez duten punk taldeak. Ez dira errazak
topatzen, eta agian Europa osoko punk eztandarekin batera jaio zen Appendix da adibiderik onenetakoa.

Talde
hau 1.980an jaio zen, eta hasierako hiru sortzaileetatik, lehen
diskorako bakarra geratu zen, Vesku Koivusalo, oker ez banago
bateria-jotzailea. Harrezkero, Mikki Borgersen eta Jaska Karumo dira
Veskurekin batera modu finkoan geratu ziren kideak, baita Veskuk berak
taldea utzi ondoren ere.

Punk klasikoa, azkarra, amorruz betea egin dute beti, taldekideak gora behera, lehen punk belaunaldiaren izpirituari eutsiz.

Euren
ibilbidean ez dute diska asko utzi, estudioko hiru baino ez, azkena
aurten kaleratua. Beraz, dirudienez, Finlandia hotzean jendearen
belarriak berotzen jarraitzeko prest bide ditugu.

Ez da erraza
haien irudiak lortzea, baina hemen dituzue bideo bitan: bat
telebistarako grabatutako zuzenekoa, eta bestea, kalitate oso
badaezpadakoa baina punkaren izaera ezin hobeto jasotzen duena,
Puntala-rock delako jaialdian. Non ospatzen den? Lempäälä deritzon
Finlandiako herrian, irudiak 1983koak izan arren, jaialdiak bizirik
baitirau gaur egun ere. Ea noiz antolatzen dugun txango bat!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Software librea mugitzen hasi da Hego Poloan

Pinguino honek gaur pozik egoteko beste arrazoi bat topatu du: Hego Poloan software librean dihardutenak gero eta aktiboago daude! Gizarte osoak ospatu behar luke, suziriak bota, xanpaina atera izotz artetik, iglooetako leihoetara ikurriñak haizatu… Bai, software librea alternatiba izan daiteke, Gilen Ateak maltzurrak erakutsi edo irakatsi gura izan digunaren kontra, eta horretan dabiltzan enpresak egon badaude gure artean. Orain dela gutxi jaio den Esleri (Euskadiko Software Libreko enpresen Elkartea), beraz, nire ongi etorririk beroena egin nahi diot. Ea jendeak topatzen duen haiengan Hego Polora migratzeko bidea, laguntza, behintzat, eskaintzen baitute, eta gero eta aitzaki gutxiago geratuko dira zuen kutxa pentsalari horiek birus mutante ikaragarri horrek kutsatuta bizitzeko!

Bide batez, mundua apurtxo bat libreago izan dadin lan egiten duten beste batzuk ere agurtu eta agertu nahi ditut, i-rratsaioa eta guzti eskaintzen diguten Teketen-ekoak. Xanpaina eta bokarta pintxoak guztiontzako!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

MusikHerria, gauzak beste modu batean egin daitezkeelako

Urtebete joan da EHko musikaren paisaia aldatzeko MusikHerria jaio zenetik. Urtebete orain arteko eredua ozenki zalantzan hasi zenetik. Ez lehenago inork ez zuelako euskal industria zalantzan ipini, gurpila aspaldian asmatu zen eta merkatu basatiaren ereduari bizkarra emanda bizi diren kolektiboak ez dira jendeak pentsa dezakeen bezain murritzak. Baina iazko urrian MusikHerriak bere aurkezpen publikoa egin zuenetik gero eta argiago geratu da zerbait ari dela mugitzen gure gizartean, eta musika beti izan da aitzindaria holako aldaketetan. Euskal musikari askok ahaztu nahi izan badute ere, SGAE edo SACEMen itzalpean goxo-goxo bizitzeko.

Orduan ideia lanbrotsua izan zen, gogo handia gauzak egiteko baina handia ere antolatzen hasi beharrekoaren tamaina. Urtea joan da, eta esan behar dut ni neu harrituta nagoela ikusita zenbat gauza egin diren hain baliabide gutxirekin. Zenbat profesional dagoen musikaren munduan printzipio batzuei eusteko gertu. Utopiari abesteaz gain, utopia bizi gura duen jendea. Ideiak indargabetzen joan barik, hazi, gorpuztu, biderkatu egin dira, eta badirudi helburu argi bat dagoela: musikan ere beste mundu bat posible dela erakustea. Aldarrikatu bai, baina batez ere aldarrikapen hori egunero egia bihurtu.

Aurrerantzean argiago ikusiko da gure herrian zer defendatzen duen benetan bakoitzak, bandera gorri askoren atzean urrearen gorria baino ez baitago. Copyleft, Creative Commons, EzGAE, SACEMeZ, Copy is right…, gutxienekoa da utopiaren bidean erabiltzen den bitartekoa edo etiketa, kasu honetan guztiek esan gura dute guaza bera: kultura librea, guztiona eta guztiontzat. Duintasuna bai, diruzalekeria ez. Aurrera, neska-mutilak, hasi besterik ez dugu egin!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Oilasko jalfrezia

Azken boladan ez nabil bereziki emankor. Ez blogari dagokionez, behintzat. Ez dakit udazkena den, gorputza makalduta burua ere moteldu zaidan, edo norberaren zikloan kokatu beharreko nagikeria iragankorra. Tarte honetan, berriz, hemen egin ez dudana sukaldean burutu dut eta badaukat hainbat plater poltsikoan nahi duenari azaltzeko gertu.

Gaurkoa orain dela aste pare bat edo prestatu nuen, ea gidari izan nuen liburuaren laguntzaz zelan egin nuen gogoratzeko gai naizen…

Jalfrezia indiar estiloko platera da, hemen nik eskura nituen gauzetara moldatua. Gozo-gozoa eta prestatzen erraza. 20-30 min. behar dira gutxi gorabehera, eta gauza gutxi, espeziak kenduta. Hona osagaiak 4 lagunentzat:

  • 500 g. oilasko papar, zati txikitan
  • Piper gorri 1 zerrendetan moztua
  • 125 g. baba izoztu
  • Tipula 1 txikituta
  • 3 berakatz-atal zanpatuta
  • 2 tomate txikituta (nahi bada, lehenago zurituta)
  • Goilarakada 1 tomate saltsa
  • Goilarakadatxo 1 kurkuma hauts
  • Goilarakadatxo 1/2 kumino hauts
  • Goilarakadatxo 1/2 pipermin hauts
  • Goilarakadatxo 1/2 garam masala (hau lortzerik ez badago, zapore bera izan ez arren, currya erabil daiteke, eta gainera ez da hain mina izango)
  • Goilarakadatxo 1 ardo beltz ozpina
  • Goilarakadatxo 1 ziape olioa (nik hau ez dut erabili; lasai topatzerik ez baduzu)
  • Olioa
  • Gatza
  • Martorri ostoak (honen ordez, itxura bera duen perrexila erabildaiteke, zaporea desberdina den arren)

Berez, lehena ziape olioa berotu behar genuke, baina tira, ez badugu, nire moduan, ez da falta handia. Sartagin batean berotu daukazun olioa eta bertan tipula eta berakatza frijitu gorritu arte. Gehitu tomate saltsa, tomate txikitua, kurkuma, kuminoa, pipermina, garam masala (hau Indian eta beste herri batzuetan maiz erabiltzen den espezia nahasketa bat da) eta ozpina. Nahastu dena usaina darion arte. Erantsi piper gorria eta babak, eta eragin 2 minutuz, piperra beratu arte. Oilaskoa gehitu eta gatza bota. Su txikian sueztitu 6-8 minutuz, oilaskoa eta babak guztiz egin arte. Plateretara atera, eta gainetik martorria edo perrexila erabili apaintzeko. Eginda!

Beste gauza asko legez, arrozarekin primeran ezkontzen da, eta oso egokia da hegazti soberakinak erabiltzeko (indioilarra, eperra, ahatea…), berez oilaskoa aldez aurretik egosita egin ohi baita. Babak bezala, patata eta kalabazina ere erabil daitezke. Sukaldean oinarrizko ideia da beti hartu beharrekoa, gero norberaren gustura moldatuz. On egin!

Indioilar jalfrezia

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin