Aurrera beti!

Beste zati bi eraikitzeko adjudikazioa egin ei dute. Hau poza! Ze polita den Aramaio, eta ze polita izango den trenetik bost segundutan ikusita. Gure “Suitza txikia” erromantikoagoa izango da laster.

Bultzia, badoa, pipipi! Sasikumez beteta, pipipipi!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Ezer gertatu ez balitz legez

Botere banaketa oso nabarmena da tokatu zaigun sistema honetan. Zelan
eta nortzuen artean banatu duten beste kontu bat da. Fiskaltza,
esaterako, batzuen esku, eta epaile nagusiak, ordea, besteen esanetara.
Zirku honetan, zoritxarrez, batzuei suz inguratutako uztaitik behin eta
berriz pasatzea dagokie, zigor kolpeak nondik etorrik diren ondo jakin
barik. Txalotzea tokatzen zaigu ikusle txundituoi? Noiz erosi nuen Big
Democracy Circus honetan sartzeko sarrera? Ez naiz oroitzen…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Amerikar marineen misio arriskutsuak

Argi dago amerikarrak aspertu egiten direla Iraken, horregatik, nor bortxatu edo jipoitu ez dutenean, gizakiak direla frogatzeko, hango umeekin jolasteko moduak asmatzen dituzte. Eta zein ondo pasatzen duten… Marineek, jakina!

Sasikume horiek hola jaiotzen dira, ala holakoak bihurtzen ditu armadak? Soldadutza egin duen baten batek erantzun beharko dit.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Konstituzio egunaz eta koherentziaz

Hemen nago buruari eragiten (ez gehiegi ere, ez pentsa): konstituzio eguna ospatu, inondik ere ez, baina hala ere eskaini dizkidan oporrak disfrutatzea kontraesana ete? Urtero datorkigu gai hau, errealitatea bezain temati, eta ezin neure buruari galderak egiteari utzi.

Ondo dakit gure inguruan batek baino gehiagok erabakitzen duela egun honetan normaltasun osoz lan egitea (ez dakidana da guztiek, koherentziari zintzo-zintzo jarraituta, jaiegun honek eskain dezakeen biharko zubiari ere uko egingo dioten), eta bitartean, nik urtero ondoetorria egiten diodala oporraldi txiki honi.

Zergatik egin behar nuke lan? Espainia ez delako nire aberria, eta beraz, haren konstituzioak niretzat duen esangura bakarra ukazioarena delako, ez ospatzekoa, inondik inora. Eta hori jakinda, etxeko berotasun gozoan geratzearen aldeko hautua egiten dut modu guztiz kontzientean, euren buruarekin ados lan egiten dutenak bihotzez miretsita.

Nire zalantza, ordea, harago doa. Nire buruarekin guztiz zintzo jokatu gura badut, zenbat jaieguni egin behar diot uko urtean? Demagun ez dudala neure burua katolikotzat hartzen: erlijio honek ipini dizkigun igandeak zelan zurituko ditut? Eta egutegia betetzen duten beste santu eta patroi guztien egunak? Are gehiago: Gabonetan, hain gertu egonda, oporrak nire kontziezntziari traizio egin barik hartu ahal izateko (maisua izanda egun nahikotxo baitaukat zain), zer egin behar nuke? Gogoratu Olentzaro bera gure herrian kristautasuna baino zaharragoa dela? Baina Olentzaro horrek Gabonen zentzu komertzial eta kontsumista berbera badakar berekin, eta neure buruari euskal paganoa ere aitortzen ez badiot, zer gehiago asma dezaket?

Eta inoiz Europako konstituzioa onartzen bada eta hari eguna eskaintzen badiote, zer zabor mota izan daitekeen jakinda, zer egin?

Harago joanda: anarkista izanik, gero eta arrazoi gutxiago geratzen zait jaiegunak egutegian gorriz markatuta datozen horietan hartzeko. Ez dut Estaturik gura, eta beraz, konstituziorik ere ez. Espainola ez, jakina, baina euskalduna gehiago maiteko nuke? Erosoago sentitu bai, baina maite… Beraz, langilearen eguna geratzen zait ospatzeko, apika. Edo Bakuninen urtemuga…

Onena, beharbada, urtean zenbat egun dagozkigun jakitea, eta egun horiek geuk nahi dugun lekuan kokatzea litzateke, nork bere esangura emanda; baina ez dirudi, gaur gaurkoz, oso errealista. Beraz, zeren arabere erabaki jaia hartu ala ez?

Mementoz, nire koherentzia falta horretan geratuko naiz eta oparitu dizkidaten bost egun hauei ahalik eta probetxu handiena ateratzen saiatuko naiz, besteen balizko aukera guztiei nire errespeturik zintzoena agertuz, eta onartuz hemen idatzi ditudan guztiak neure burua zuritzeko aitzakia demagogikoak izan daitezkela.

Bihoa hemen nire keinu xumea apur bat lasaiago geratzeko…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Laos XII (Mundu utopikoaren bila XIII)

Muang Vieng Thong

Gure bideari aurrera jarraituz, gure azken geralekua, Mung Ngoi Neua, utzita, eta Nong Khiaw -n garraoia lortuta (negoziazioaren artea), ekialderantz joko dugu. Guk, egin genituen poloniar lagunekin batera, nahi genuen herrira iritsi aurretik, Muang Vieng Kham-en geratu behar izan genuen aurrerago eroango gintuen bigarren pertsonaren bila, baina azkenean, presa barik, dena lortzen da.

2005-7x15 11 Muang Vieng Kham

Hango asfaltotik orduak eginda, herri zoragarrira iritsi ginen: Muang Vieng Thong. Ez da ez, gidetan topa daitekeen lekurik turistikoena eta aipatuena, eta kasu honetan, argi eta garbi esan behar genuke: zorionez! Izan ere, han egon bitartean kanpotar, falang, bakarrak izan ginen. Hori ez ezik, bukatzeke zegoen ostatua guretzat ireki zuten, eta lanak bertan behera utzi zarata izan ez genezan. Hangoa bai familia jatorra, aurreko batean aipatu dudana…

2005-7x15 23 Muang Vieng Thong

Zer topa daiteke herri honetan? Laostar zapore peto-petoa duen leku lasaia. Askotan esan dudan legez, hemengoak ere presak ez ditu ezagutzen. Herri ederra, goitik behera zurez egina, nekazaria, erreka inguruan eraikia. Zubira inguratu eta arroz-zelai zabal zabalak topatuko ditugu begien gozamenerako. Ez da aukera txarra zubian bertan geratu, eta hango erritmo patxadatsuari begira ematea hurrengo orduak.

2005-7x16 07 Muang Vieng Thong

2005-7x16 11 Muang Vieng Thong

2005-7x16 46 Muang Vieng Thong

Herriaren erdigunea dendagunea ere bada. Kalera irekita, denetarik topa daiteke, eta bertatik mugitzen da jende gehien, auto bakanen batek oso noizbehinka gurutzatzen duen kale nagusiaren alde banatan.

2005-7x16 26 Muang Vieng Thong

2005-7x16 38 Muang Vieng Thong

2005-7x16 60 Muang Vieng Thong

Bestalde, jendeak badaki denbora zertan eman, denbora pasa bakoitzaren osasungarritasuna neurtzea, norberaren esku…

2005-7x16 23 Muang Vieng Thong

2005-7x16 40 Muang Vieng Thong

Inguru horretan bertan topatu genuen taberna bakarra, eta hura bilakatu zen gure eguneroko otordu eta garagardoen lekua. Arropa-denda eta tabernaren arteko zerbait zen hartan, etxean legez: gu solasean eta jan-edanean ibili bitartean, hango familiak ere gure atzean jaten zuen telebistaren aurrean.

2005-7x16 64 Muang Vieng Thong

2005-7x15 24 Muang Vieng Thong

Hankak luzatu gura izanez gero, aukera onak ere badaude: zubia zeharkatu, eta arroz-zelaiei jarraituz, ur-beroetara irits daiteke, eta animatuz gero, inork gutxik bisitatzen dituen beste herrixka batzuk ere aurkitu, bere saltsan bizi diren bufaloak…

2005-7x16 21 Muang Vieng Thong

2005-7x16 19 Muang Vieng Thong

Hango arazo bakarra, beste lekuetan dagoena: garraio publikoa egunean behin igarotzen da, eta adi-adi ibili ezean, guri legez gertatu eta herriko norbait konbentzitu beharko dugu bere autoan atera gaitzan. Baina horrek ere badu bere xarma, batez ere mundu guztiak hain ondo tratatzen zaituen leku batean. Haiek nekez aztoratzen dira eta umorez hartzen dituzte holako “ezbeharrak”. Ez da zaila denbora laburrean lagunak egitea…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Itsasoko woka

Gaurko errezetak itsasoko zaporea dakar, eta japoniar estilokoa izan arren, neure kolkotik atera dut, eskura nuena erabiliz (gauzak egiteko modurik onena, zalantza barik!). Baina probatuz gero, batek baino gehiagok errepikatuko du, erraza bezain gozoa baita. Lortzeko zaila izan daitezkeen osagai bakarrak tenpura eta beste hainbat gauzatarako erabiltzen den tentsuyu saltsa (hiru parte dashi salda, hemen gainetik azalduta, parte bat soja saltsa eta parte bat mirin, arroz ardo leuna), etxean presta daitekeena, edo holako produktu exotikoak dituen supermerkaturen batean eginda erosi (gomendagarria, behin probatuta saltsa hau edozertarako erabil baitaiteke zapore handiagoa emateko), eta katsuobushi (hegaluze lehorrezko malutak, dashi bera egiteko erabiltzeaz gain, japoniar plater askori gehi dakiokeena, behin bukatuta eta berotan gainetik botata). Prestatzeko ez da 20 minutu baino gehiago behar, eta osagai asko ere ez du eskatzen; betiere, eskura dugun beste barazkiren bat gehi diezaiokegu.

  • Tipula bat (gorria zaporetsuagoa izan ohi da)
  • Piper gorri bar
  • Tomate handi bat
  • Porru bat
  • Olagarro garro bi
  • 400g. pota
  • 300g. arrain hezurrik gabe (nik panga erabili dut, prezio onean dagoelako, baina xerretan saltzen den beste edozein erabil daiteke, hobe haragi trinkoa duena, ez desegiteko)
  • Goilarakada bi soja saltsa
  • Goilarakada bat tentsuyu saltsa
  • Pastilla erdia japoniar curry (hemen ohartxo bat horretaz)
  • Pixkat bat katsuobushi
  • Olioa
  • Gatza (nahi izanez gero)

Hasteko, tipula, piperra, porrua eta tomatea zatituko ditugu. Garroak, pota eta arraina ere 2cm-ko zatitan ebakiko ditugu. Wok batean olioa ipini, eta bero-bero dagoenean barazkiak erantsiko ditugu. Minutu batez nahastu, eta arraina eta enparauak bota. Sua inoiz jaitsi barik, nahastu bi minutuz edo, larregi ere eragin barik; nahi izanez gero, gatza gehitu (kontuan hartu soja saltsak eta bestelakoek berez ematen dutela zapore handia, beraz, ez da oso beharrezkoa), eta berehala tentsuyu eta soja saltsak erantsi, currya, eta dena ondo nahastu. Utzi su bizian, noizean behin dena mugituz, arraina eta pota barruraino eginda egon arte. Sutatik kendu, eta gainetik katsuobushi-a bota. Oso ondo geratzen da gainetik nori alga zerrendak ere botata. Eta ahoa gozatzeko prest!

Nahi izanez gero, soba edo udon fideoak egin daitezke batera jateko, holako plateren lagun ezinhobeak baitira. Arroz zuria ere ederto ezkontzen da.

Itsasoko woka

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Pinguinook segapotoak ere kontrolatzeko prest

Hegan egin barik, gure abiadura motel baina seguruan, pinguinook aurrera egiten jarraitzen dugu. Hurrengo urratsa segapotoen jabe egiten hasteko izan da. MarraPuntun irakur dezakezue gehiago Trolltech-ek kaleratu duen modelo berriaz, Qtopia Greenphone deritzonaz. Atera bokarta ardoa ospatzeko! (Dena dela, gehiago ospatuko dugu haren prezioa jaisten denean…).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Mano Negra gogoratuz

Gaur talde gogoangarri hau entzuteko kriston gogoa piztu zait eta horrela nabil goiz guztian, diskografia goitik behera birpasatuz. Ez dut gehiago esango erritmo latinoak, reggae, hip-hop eta punk doinuak, besteak beste, kokteleran sartzen eta mezu iraultzailea lau hizkuntzatan (gehiagotan ere bai) zabaltzen maisuki jakin zuen talde honetaz. Asko zor dio, zalantza barik, The Clash-i. Eta kanta bat aukeratzea oso zaila denez, inor ez kexatzeko, hona hemen lau prezio berean…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Berba bi AHTz eta gure herri sakratu honen garapen jasangarriaz

Popatik hartzera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ganorazko zuzentzaile askea, bazen garaia

Itxaron behar izan dugu, seguruenik gehienok gura genukeena baino askoz gehiago, baina azkenean badugu euskarazko zuzentzaile ortografikoa formato askeetan. (Xuxen askea, beste era batean esanda). Dirudienez, Eusko Jaurlaritzarekin adostatutakoa bete eta Ixak eta Elhuyarrek ( Elekak) denon eskura utzi dute ezinbesteko tresna hau. Formato bitan utzi ere: hunspell, OpenOfficekin lan egiteko egokia, eta myspell, Mozillaren aplikazioekin ondo konpontzen dena (Thunderbird eta NVU web editorea, esaterako). Dena esateko, batzuek, nik behintzat, eskertuko geniekeen lana osorik bukatu balute eta aspell edo ispell formatoak ere eskeini, horiek direlako, besteak beste, Kmail-ek (Kontact aplikazioan integratutako posta kudeatzailea) onartzen dituen formatoak. Mementoz, hortaz, jarraituko dugu gure e-postako mezuetan holako tresna erabili ezinik. Agian horretaz dakien batek Xuxen horren kodea eskuratu eta formato bi horietara moldatuko du batzuon pozerako.

Albisteak albiste, euskaldunok eguneroko lanerako behar dugun ezinbesteko tresna zentzuzko formatoetan izateko itxaron behar izan dugunak balio behar liguke etorkizunari begira bi aldiz pentsatzeko nori eta zer baldintza pean esleitzen zaizkion holako enkarguak. Interes publikoko lanabesek esku pribatuetatik pasa behar dute lehenago eta urteetan haien esanetara geratu? Hori, jakina Ixa bezalako taldea pribatutzat hartuta, berez Unibertsitate Publiko baten zati izanda. Noiz hasiko gara zalantzan jartzen gure herrian lan egiteko dugun modua eta diru publikoari ematen zaion erabilera?

Batzuek jarraituko dugu pentsatzen jakintzak publikoa behar lukeela beti…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina