Ganorazko zuzentzaile askea, bazen garaia

Itxaron behar izan dugu, seguruenik gehienok gura genukeena baino askoz gehiago, baina azkenean badugu euskarazko zuzentzaile ortografikoa formato askeetan. (Xuxen askea, beste era batean esanda). Dirudienez, Eusko Jaurlaritzarekin adostatutakoa bete eta Ixak eta Elhuyarrek ( Elekak) denon eskura utzi dute ezinbesteko tresna hau. Formato bitan utzi ere: hunspell, OpenOfficekin lan egiteko egokia, eta myspell, Mozillaren aplikazioekin ondo konpontzen dena (Thunderbird eta NVU web editorea, esaterako). Dena esateko, batzuek, nik behintzat, eskertuko geniekeen lana osorik bukatu balute eta aspell edo ispell formatoak ere eskeini, horiek direlako, besteak beste, Kmail-ek (Kontact aplikazioan integratutako posta kudeatzailea) onartzen dituen formatoak. Mementoz, hortaz, jarraituko dugu gure e-postako mezuetan holako tresna erabili ezinik. Agian horretaz dakien batek Xuxen horren kodea eskuratu eta formato bi horietara moldatuko du batzuon pozerako.

Albisteak albiste, euskaldunok eguneroko lanerako behar dugun ezinbesteko tresna zentzuzko formatoetan izateko itxaron behar izan dugunak balio behar liguke etorkizunari begira bi aldiz pentsatzeko nori eta zer baldintza pean esleitzen zaizkion holako enkarguak. Interes publikoko lanabesek esku pribatuetatik pasa behar dute lehenago eta urteetan haien esanetara geratu? Hori, jakina Ixa bezalako taldea pribatutzat hartuta, berez Unibertsitate Publiko baten zati izanda. Noiz hasiko gara zalantzan jartzen gure herrian lan egiteko dugun modua eta diru publikoari ematen zaion erabilera?

Batzuek jarraituko dugu pentsatzen jakintzak publikoa behar lukeela beti…

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude