Neo-matxismoei buruz

Azken
egunotan feminismoei eta matxismoei buruz ditudan ideien gainean
hausnarrarazi didaten zenbait testu irakurri ditut. Azkena, alasbarricadas-en
gustura irakurri ohi dudan Acratosaurioarena izan da, Esperanza
Aguirreren hitz batzuen harira. Oraingoan, ordea, ezarritako diskurtso
politikoki zuzenetik aldentzen ez dela begitandu zait, testuaren eta
ideien kalterako.

Irakurritako
testu horiek -besteak beste, Prado Estebanen “Pensar la mujer desde el
15-M” eta “Una nueva reflexión a 15 de octubre” eta aipatu
Acratosaurioaren “¿Existe la violencia estructural contra las mujeres?”
feminismo eta matxismo kontzeptuei zenbait buelta emanarazi didate.
Gaia oso sentikorra da eta interpretazio okerretarako bidea eman dezake;
horregatik, ahalegin handia egingo dut hemen zirriborratuko ditudan
ideiak matxismoa elikatzeko biderik eman ez dezaten. Bestalde, aurreratu
behar dut, gai guztietan bezala, hemengo hausnarketak ez direla
ziurtasunak, etengabe birpentsatzera zabalik daudela eta behin-behineko
ondorioak baino ez direla.

Hasi
baino lehen, gizonen eta emakumeen balioez hitz egiten dudanean, argitu
nahi dut, txarto uler ez dadin, kultura judeo-kristau-islamdar
patriarkaleko -eta seguruenik gutxiago ezagutzen ditudan munduko
bestelako kultura patriarkaletako- gutxiengoek, historikoki boterea izan
dutenek -gizonak haietako gehienak, baina ez denak- gizonentzat eta
emakumeentzat finkatu dituzten paradigmez ari naizela, ondo baitakit
historian egon diren eta orain diren emakume eta gizon gehienek eredu
horietatik norabide batean edo bestean aldentzen diren hamaika balio
eskala, gustu, joera eta nortasun izan dituztela eta dauzkatela.

Politikoki
zuzenak izan beharrak feminismoak dioen oro ontzat hartu eta zalantzan
ez jartzera bultzatu gaitu askotan, haren ideia nagusien atzean
ezkutatzen den errealitatearen irakurketa ofizialaz besteko
interpretazioak baztertuta. Askotan, emakumeak baino gehiago, gizonok
bultzatu ere, feminismo ofizialarekin aurkitu ditudan kritikoenak
emakumeak eurak baitira, maiz diskurtso horrek emetasuna bizitzeko duten
modua ukatzen diela sentitzen dutelako. Hori dela-eta, ematen du
momentu batean denak bihurtu garela, ezpainetatik kanpora, feminista,
zalantzan jartzerik ez dagoen ideologia nagusia balitz bezala. Baina
feminismo ofizial horrek bultzatzen duen gizarte eredua sakonago
aztertuta, hasi naiz pentsatzen erabateko matxismoaren garaipen
atzeraezina ez ote dagoen haren baitan. Askok feminismoa matxismoaren
ifrentzutzat hartzen dute, baina nago matxismo beraren jantzitik
modernoena ez ote den, sarri. Neo-matxismoa, azken finean. Adierazpen
arriskutsua da eta horregatik kontu handiz azaltzen ahaleginduko naiz.

Hasteko,
ikusi behar dugu feminismoa, ideologia moduan, zer testuinguru
historikotan eta nork bultzatuta sortu zen eta, horri lotuta, zein ziren
aldarrikapen nagusiak, harrezkero, gure egunotaraino aldarrikapen
nagusi horietan sakondu eta ildo beretik jarraitu baino ez baita egin,
oro har. Feminismo mota asko egon daitezkeela jakinik -eta haien artean
feminismo ofizialarekin guztiz kritikoak direnak, are erabat arbuiatzen
dutenak edo, “ismo” horri hartzen dioten usainagatik, feminismo
deitzeari ere uko egiten diotenak ere badaude-, batez ere adar
ofizialari, mendebaldeko Estatu kapitalistek bultzatzen dutenari helduko
diot.

Ez
naiz aditua, baina historiografiari kasu eginez gero, feminismoa,
mugimendu gisa, XIX. mendearen amai aldera sortu zen, aldarrikapen
nagusia emakumearentzako boto eskubidea zelarik. Haren bultzatzaileak,
oker ez banago, klase ertaineko emakume burgesak ziren. Harekin batera,
aldarrikapen historiko nagusiak ardatz ekonomikoei lotuta egon dira: lan
egiteko (soldatapeko izateko) aukera berdintasuna, soldata
berdintasuna, ikasteko -langile izateko prestatzeko- aukera
berdintasuna, enpresetan goi karguak betetzeko berdintasuna…
Politikari edo, zehazkiago, botereari lotutakoak ere etorri dira, eta
horren gailurra zenbait erakundetan ezarri diren “parekotasun” legeak
eta kupoak dira. Halaber, jakina, Estatuaren egitura guztietan
berdintasunez egoteko aldarria ere egon da; besteak beste, epaile,
polizia, soldadu… izateko aukera berdintasuna. Bestetik,
sexualtasunari, gorputzari eta genero rolei lotutako aldarriak ere
agertu dira. Horiei dagokienez, nagusienak abortu eskubidearen -edo ama
izan ala ez izan hautatzearen- aldeko aldarria -askotan zio ekonomikoen
arabera erabakitzen dena-, eta sexu indarkeriaren aurkako borroka
lirateke. Horiekin guztiekin batera, aldarrikapen txikiagoak ere egon
dira -hauek ere ekonomikoak, batik bat-, hala nola Estatuak emakumeen
etxeko lanak ordaintzekoa edo prostituzioa legeztatzekoa.

Lehen
begiratuan, zentzuzkoak ematen dute guztiek eta daukagun gizarte eredu
hau ontzat ematen badugu, bitan pentsatu barik haien alde egiteko
modukoak. Baina zentzuzkoak, zer begirada edo balio eskalaren arabera?
Ikus dezagun zein izan diren gizonezkoei eta emakumezkoei historikoki
goitik eman zaizkigun eginkizunak eta balioak eta argiago ulertuko dugu.

Horretarako,
gizarte eredu bat hartuko dut, kultura eredu nagusi eta menderatzaileak
izan duen ehiztarien sistema patriarkala. Izan ere, gizarte guztiek ez
dituzte balio eskala berberak, mundu ikuspegi berberak eta eginkizun
banaketa berberak izan, ezagutarazi dizkiguten nagusiak egiturazko
matxismoan edo patriarkatuan bat etorri badira ere.

Gizarte
patriarkalean, ontasunaren eredua gizona izan da. Hura da izaki
bukatua, buruzagia, legea, benetako gizakia. Haren balio nagusiak
ehizatzeko eta besteak menderatzeko indarra eta gaitasuna izan dira.
Gizonak ezin da umeez erditu eta, beraz, gaitasun hori gutxiesgarria da,
amatasuna gizonezkoen eginkizunak betetzeko oztopo baino ez, beste
izaki ahul horren, sasi-gizakia den emakumearen, zama gogaikarria -are
gogaikarriagoa “zikin” edo “kutsatu” bihurtzen dituen hilekoa, batez ere
sexu harremanetarako oztopo sentitzen denean-. Alabak izatea, gainera,
lotsagarria da, emakumeen dohain bakarra gizonezko oinordekoak ematea
baita -Biblia irakurtzea baino ez dago, ikusteko patriarken semeen
zerrendak baino ez direla aipatzen-. Beraz, emetasunari lotutako
ezaugarriak gutxietsiak izan dira historikoki, eta gizontasunari
legozkiokeenak goretsi. Maitasuna, besteekiko ardura, elkar-laguntza,
errukia, ahulekiko ardura, etxea, familia… traba dira gizonentzat.
Beraz, haiek denak emakumeei dagozkie -eta halako joerak dauzkaten
gizonak baztergarriak, maritxuak, ahulak haiek ere, azken finean,
emakumeak bezalakoak direlako-. Horiek denak, noski, paradigmatzat
hartuta; horregatik, gorriak eta bi ikusiko zituzten bestelako
ezaugarriak zeuzkaten gizonek eta emakumeek euren burua zen bezala
onartzeko eta besteen aurrean agertzeko. Hori horrela izan dadin
ziurtatzeko, erlijioak jantzi morala eman dio emakumeen “betebeharrari”.
Familia jainkoaren nahia da, eta emakume ororen derrigorrezko desira
-eta patua- ama izatea. Emakumea ahula izatea merezi duen zigorra da,
gizona bezain duina ez delako; azken finean, bekatuaren iturria
-desiraren objektu debekatua- da emakumea.

Gizonari
egotzitako balio eskala hori ideologia liberalak eta hark asmatutako
kapitalismoak eta Estatuak eraman dute gorenera, antiklerikalismo
erabilgarriz mozorrotuta maiz. Kasu honetan, gizarte patriarkalaren
balioak batez ere ekonomiaren eta boterearen -politikaren- ikuspegi bat
ezartzeko erabili dira. Balio gorena besteak menderatzea izanda,
ekonomian ere kapitalista baten (eta Estatuaren) balio gorena beste
enpresariak, merkatuak, kontsumitzaileak (eta Estatuak) menderatzea da;
politikariarena beste politikariak eta herritar guztiak menderatzea,
boterea, gobernua eskuratzea. Hobbesen filosofia: guztiok guztien
aurkako gerra maila guztietan. Arrakastatsua, miretsia, goraipatua,
edozein gerra motatan garaile irteten duena. Indarra ahultasunaren
aurka, ahultasuna -mota guztietakoa, hortik gaixotasunari, zahartzeari,
txirotasunari… eta emetasunari eta homosexualitateari izandako
higuina, horiek denak ahultasuntzat jotzen direlako, gizarte
patriarkalaren ereduan- deitoragarria baita. Horixe bera zen, besteak
beste, Nietzscheren balio gorena. Errukiak ez du lekurik, ez gerran, ez
negozioetan, ez politikan. Hortaz, maitasunari eta altruismoari lotutako
jarduera guztiak gutxietsi behar dira. Familiak eginkizun bakarra du:
gerlari eta morroi gehiago sortu eta heztea. Eginkizun hori beharrezkoa
den bitartean, familia onargarria da.

Horixe
da eredu kapitalistaren barruko tentsioa, familiari dagokionez: gustura
ezabatuko luke, gorrotoaren logikari ihes egiten dion azken aterpeetako
bat delako, baina hura behar du Estatuaren beharrak asetzen dituzten
besoak berritzeko -gogora dezagun Aldous Huxleyk bikain marraztu zigun
gizartea, klonazioari esker familiak herri atzeratu eta basatien
bitxikeria bihurtu zirenekoa, gizaki guztien betebehar nagusiak
sistemarentzat lan egin eta beti zoriontsu izatea zirelarik-. Beraz,
komeni zaionean, Estatuak erlijioaren diskurtso moralista erabiliko du,
alde baterantz bultzatzeko, eta komeni ez zaionean, diskurtso
antiklerikal faltsua eta “erradikala” erabiliko du besterantz
orekatzeko. Emakumeak -eta gizonak- presio horien bien artean kateatuta
beti.

Larriena
honakoa da: feminismo ofizial edo instituzionalak, emakumeen balioak
-zenbat emakume hainbat balio, zalantza barik- bilatu, balioetsi eta
haien arabera beste mundu bat asmatu beharrean, bere egin ditu eredu
patriarkalak bultzatutakoak eta berdintasuna bilatzeko bide bakarra
hautatu: emakumea gizon bihurtzeko bidea. Horrela, eredu patriarkalak
egindako emetasunari lotutako balio guztien negatibizazioa bere egin,
eta maitasunaren, sentiberatasunaren, elkartasunaren, elkar-laguntzaren
aurkako diskurtsoa eraiki du, gizonak eta emakumeak elkarren arerio
bihurtuta. Ez da harritzekoa batzuengan sentitzen den gizon guztiekiko
gorrotoa, androfobia: hura izan nahi eta ezin. Zoritxarrez, gainetik
kentzerik ez duten emetasunari gorroto diote. Gizarte patriarkaleko
gizonentzat haurrak, adinekoak, gaixoak… zaintzea zama, katea,
arrakasta ekonomikorako oztopoa bada, emakume feminista patriarkalentzat
-neo-matxistentzat- ere maitasunak gidatutako jarduerak oro zama,
katea, kartzela bihurtu dira. Gizarte patriarkaleko gizonentzat balio
nagusiak arrakasta ekonomikoa eta botere nahia badira, emakume feminista
patriarkalak ere arrakasta ekonomikoaren eta boterearen atzetik jarri
dira, hil ala biziko lehian.

Horrela
uler daiteke hainbat gizon eta emakume ezkertiarren artean emakume
gerrillariek sortzen duten miresmena. Haiengan ametsa gauzatzen da.
Gizarte patriarkaleko gizonen balio eskala erabat bere egin duen
emakumea ikusten dute, basakeria gizonen pare erabiltzeko kapaz den
emakumea, gerra egiteko eta goitik beherako sistema hierarkiko eta
diziplinatuan bere tokia betetzeko gai den eta, aldi berean, gizonentzat
desio objektu ezkutua den izakia. Uste dut ez dela kasualitatea azken
gobernu sozialistan gerraren ministroa -Defentsa Ministerioa diotsote
Gerra Ministerioa zenari, eta Afganistanen soldaduak izatea, seguruenik,
“defentsa” kontua baino ez da…- Carmen Chacon izendatu izana. Nork
bere borrokak borrokatu behar ditu, noski, eta seguru nago emakumeek ez
dutela inoren beharrik euren borrokak eurek borrokatzeko -dirudienez,
feminista batzuek uste dute emakume “ahulek” Estatuaren laguntza behar
dutela aurrera ateratzeko-, baina horretarako ez dut uste gizonezkoek
sortutako borroka paradigmei eta estetikari jarraitu behar dietenik.

Feministen
eginkizuna kontrakoa ere izan zatekeen: gizonoi maitasunaren,
elkartasunaren, errukiaren, elkar-laguntzaren… edertasuna erakutsi,
balio haiek goresten irakatsi eta gorrotoak, botere eta arrakasta nahiak
bultzatutako balioak gutxiesteko bidea gure begien aurrean jarri.
Horrela, agian, guk haiei lotzen dituzten kateak seme-alabak,
bikotekideak, gaixoak eta aitaita-amamak direla irakatsi beharrean,
haiek irakatsiko ziguten benetako katea soldatapeko lana dela, egunero
txanpon batzuk ateratzearren, telebistak nahiarazten dizkigun mila
tontakeria erosteko dirua izatearren, gogoko ez dugun zeregin batera
abiatu eta gure bizitzako ordurik onenak eginkizun hari ematea dela
daroagun katerik astunena. Arrakastak edo botere nahiak baino atsegin
handiagoa ematen duela gure beharra duenari laguntzea, saririk espero
barik. Irabazten aterako ginen denok eta ardurak eta premiak elkarrekin
eta berdintasunean hautatu eta banatzeko askoz askeagoak ginateke.

Gizarte
patriarkalaren ikuspegi zikiratu horren erruz, emakumeek guk baino
sarriago, hobeto edo maitasun handiagoz egin dituzten eginkizun horiek
guztiak gutxietsi ditugu eta, okerragoa dena, emakumeei ere
gutxietsiarazi dizkiegu, gure gizartean “prestigiorik” ematen ez
dutelako. Eta hori, emakumeen kalterako ez ezik, gizonon kalterako ere
izan da, hots, gizaki guztion txarrerako, geure buruari maitasunez
jarduteko aukerak murriztu dizkiogulako eta behar genuen eta dugun
benetako iraultza atzeratu baino egin ez dugulako -ez ahal da betiko
izango!-.

Bestetik,
emakumeak “gizonezkoenak” ei ziren esparruetan sartu direnetan,
gizonezkoek ezarritako ikuspegi berbera erabili dute haietan jarduteko.
Azken finean, haiei heltzeko bultzada ez da emakumeen erabaki aske eta
kontzientetik atera -ezta gizon gehienon erabaki aske eta kontzientetik
ere-, sistemak oso ondo pentsatutako operazio batetik baino. Horrela,
esan legez, feminismo ofiziala neo-matxismoa baino ez da izan. Emakumeak
gizonezkoek diseinatutako sistemaren borondatezko mendeko bihurtzeko
estrategia ezin hobea. Emakumeei “eman” zaien “eskubide” bakoitza ez da
haiek askatu eta berdintasuna eskuratzeko urrats bat, guztiontzako kate
estuago bat baizik.

Horregatik,
feminismoak, benetako berdintasuna bilatzen duen mugimendua izan nahi
badu, lehenbizi honako hausnarketa egin behar luke: berdintasuna zertan?
zer ereduren arabera? berdintasuna gu gizonezkoak bezalakoak izateko,
haien balioak indartu eta geureak lurperatzeko? berdintasuna gizarte
eredu patriarkalaren arabera goitik behera eraikitako Estatuan eta
kapitalismoan? Ala hutsetik hasi behar genuke geure mundua, geure
balioak, geure harremanak, geure nortasunak, geure gizartea, geure
gorputzak… eraikitzen, emakumeok eta gizonok, gizakiok, denok batera
eta benetako berdintasunean?

Pentsa
dezagun emakumeak gizonekin berdintzeak (zergatik ez da alderantziz
izan, gizonak emakumeekin berdindu? edo, egokiena, elkarrekin zertan eta
norantz berdindu eta zertan ez erabaki? aniztasuna askoz aberatsagoa,
emankorragoa eta askeagoa delako) zer “aurrerapen” ekarri duen:
emakumeek -herri batzuetan- boto eskubidea lortu zuten eta…, zelako
gobernuak atera dira hautestontzietatik, ezer aldatu da, gizarte ereduak
hobetu dira gobernu horiei esker, aintzat hartu dituzte emakumeen
balioak gobernu horiek?; emakumeak gizonezkoek egiten zituzten
soldatapeko lanetan hasi dira eta…, morrontza bikoitzean ez dira
sartu, bada, emakume -eta gizon- anarkistek eurek aspaldi salatu zuten
bezala, hain zuzen ere, lehen egiten zituzten zereginak gutxietsita,
zama gorrotagarritzat hartuta, gizonezkoak haiei heltzeko prest egon ez
direlako?; emakumeak gobernuburu bihurtu dira -gogoratu behar da aspaldi
ere erreginak egon zirela eta horrek ez zuela gehiegi aldatu erresuma
horien izaera totalitario eta inperialista, Ingalaterra edo antzinako
Egipto eta Kleopatra ospetsua gogoratzea baino ez dago- eta, zer aldatu
da onerako haien gobernuetan, emakume izateagatik? Margaret Thatcher eta
Angela Merkel, Esperanza Aguirre, Yolanda Barcina, Michelle
Bachelet…, ezagun egiten zaizkigu?; emakumeek enpresak zuzentzea eta
administratzea lortu dute eta…, galdu dute enpresa horiek euren izaera
esplotatzailea edo hobetu da haietan emakume langileen egoera?;
emakumeak polizian eta armadan sartu dira, epaile bihurtu eta…, aldatu
da haien izaera errepresibo, edo hiltzailea, haien ankerkeria?
gogoratzen naiz, honi dagokionez, Espainiako Polizia Nazionala istiluen
aurkako taldeetan emakumeak sartzen hasi zenean, lagun batzuek esaten
zidatela -horretan eskarmentua izan zutelako esan ere- nahiago zutela
emakume polizia batek ez atxilotzea, gizonezkoen pare egon nahi horretan
askoz basatiago jokatzen zutelako, indarkeria mailan ere “gizonak baino
gizonago” bihurtuta, “ahul” ez agertzeko…

Aipatutako
aldarrikapenen artean, oso bitxia da Estatuek etxekoandreei soldata
ordaintzeko garai batean egiten zen aldarrikapena -gaur egun argi dago
Estatuaren kutxa ez dagoela holako alaitasunetarako-. Lehen begiratuan
aldarrikapen onargarria eman dezake, baina, azken finean, lerro artean
irakurriz gero, ondorio bi atera daitezke: mundu honetan ez dago ezer
musu truk edo maitasunez egiterik balioa galdu barik -eta emakumeek ere
horrela ikasi behar zuten, ahalik eta lasterren-, eta dirua
bikotekidearen eskutik onartzea baino duinagoa da Estatuaren eskutik
jasotzea, horrek “independentzia ekonomikoa” ematen ei duelako. Egiten
den guzti-guztia monetarizatu behar da -zer eta kontsumitzeko ahalmen
handiagoa izan dezagun, noski-. Jakina, pentsaera hori ezin hobea da
Estatuaren beharra elikatzeko. Lehen, legez, senarraren mendeko zen
emaztea. Orain, Estatuaren mendeko da emakumea, gero eta gehiago. Kasu
batean zein bestean, inoiz ez bere buruaren jabe. Objektu beti, inoiz ez
subjektu, feminismoak berak objektu bihurtu baititu emakumeak, Estatu
gurasokeriaren kate hertsatzailearen mende.

Are
bitxiagoa da, aldarrikapen feminista delakoan, prostituzioa
legeztatzeko eskatzea, batzuek, oso aurrerakoiak direlakoan, egiten
duten bezala. Estatuak aldarrikapen hori behar du, egon daitezkeen
errezelo moralak ahultzeko. Azken finean, askoz egokia litzateke emakume
horiek -eta batez ere haien atzean dauden gizonek- egiten duten
jarduera ekonomikoa legearen barruan egotea eta zergak ordaintzea.
“Babestuago” leudeke, gainera. Zentzuzkoa dirudi, hola ulertuta, baina
prostituzioa, jarduera moduan, nekez defenda daiteke. Batzuek,
zurigarri, esango dute puta batzuek gustura eta euren gogoz dihardutela,
eta haiei legez lan egiteko aukera eman behar zaiela. Berriz ere,
gizonei -sexu esklabotzaren onuradun nagusiak eurak- komeni zaien
irakurketa sinplifikatzaile, atzerakoi eta patriarkala. Sexua era
osasuntsuan bizi bagenu, zama moralik, taburik eta konplexurik gabe,
benetan denok, emakumeek eta gizonok, gizakiok, geure gorputzaren eta,
batez ere, geure buruaren jabe bagina, prostituzioak ez leukake lekurik.
Gainera, “nahi duelako” prostituitzen den emakume bakoitzeko, seguru
nago milioi batek modu batean edo bestean derrigortuta eta gogoz kontra
egiten dutela. Baina gizarte patriarkalak buruan sartu digu munduko
lanbiderik zaharrena delako leloa -eta ikuspegi ezkertiar batzuek
erromantizismoz jantzi dute drama-, berezkotzat eta saihestezintzat
harrarazi digu milioika neska-mutil, gizon eta emakumeren eguneroko
tragedia den jarduera. Prostitutak benetan babestu nahi baditugu, haien
onerako zerbait egin nahi badugu, eman diezaiegun beste zerbaitetan
jarduteko aukera.

Bestalde,
pentsatu behar da noiz eta zer helbururekin “eman” zaizkien
“eskubideak” emakumeei. Pentsa daiteke feminismoa emakumeek askatasunez
eraikitako ideologia dela, baina “emakumeen” aldarrikapenei “men”
egiteko uneak eta haien onuradunak aztertuz gero, ikusiko dugu oso
bestelakoa dela kontua:

Emakumeei
boto emateko “eskubidea” eman zitzaienean, emakume burges eta kultuen
botoa -egun bezala, haietako asko manifestazioetan ateratzen ziren
bitartean, etxeko lan “desatseginak” bigarren mailako emakume txiroek
egiten zituzten- beharrezkoa zen Estatua eta kapitalismoa -botoa batez
ere emakume burges horiek emango baitzuten- indartzeko eta partitokrazia
parlamentarioari zilegitasun handiagoa emateko.

Lan
indar gehiago behar zenean, emakumeak soldatapeko lanetara bultzatu
zituzten -AEBn ere, lan indar gehiago behar zutenean beltzak “askatu”
zituzten, haiek proletarizatu eta iparraldeko industriak elikatzeko,
orain hegoaldeko etorkinekin egiten den bezala, euren herrietatik kanpo
estrategia askoren bidez eta egoera guztiz dramatikoetan bultzatuta
europarrek nahi ez dituzten lanpostuak har ditzaten eta Gizarte
Segurantzaren kutxak eta europarren jaiotza-tasa urria orekatzeko,
kasurik pribilegiatuenetan, txarrenetan paperik gabeko esklabotzan
murgiltzen baitituzte batzuk aberasteko behar den azpi-ekonomian; haiei
guztiei “eskubideak” pixkanaka onartzea Estatuarekiko fideltasuna
ziurtatzeko estrategia oso adimentsua izan daiteke, behar denean arazo
guztien errudun bihurtzeko erabiltzen dituzten bitartean, diskurtso
bikoitz oso interesatuan-, eta enpresen interesei jarraituz,
Unibertsitateak haientzat ere zabaldu; bide batez, lanean ere emakumeen
eta gizonen arteko lehia bultzatu zuten, eta langile guztien baldintzak
okertu, eskulan gehiagoren artean hautatzea zegoelako, emakumeen
soldatak baxuagoak beti. Baldintzak zelan okertu diren ulertzeko,
nahikoa da ikustea emakumeak lan merkatuan sartu aurretik klase
ertaineko pertsona baten soldata nahikoa zela familia aurrera
ateratzeko, eta egun klase bereko bikotekide bien soldatekin ere
ozta-ozta iristen dela hilaren amaierara, besteak beste, kontsumo
“premiak” muturrera eraman direlako. Beraz, ematen du merkatuak askoz
lehenago ulertu zuela kontsumo mailari eusteko eta enpresen irabaziak
handitzeko familia bakoitzeko pertsona bik egin beharko zutela lan,
gutxienez.

Armadak
krisian zeudenean, kalean haien aurkako mugimenduak guztiz
gizarteratuta eta onartuta zeudelako eta modernizatu behar zirelako,
profesionalizatu eta emakumeak -eta ondoren etorkinak; AEBn homosexualak
ere “onartzea” neurri izugarri demokratikotzat saldu zen, armadaren
aldeko propaganda operazio ikusgarri batean- onartu ziren.

Estatu
aparatuetan emakumeari leku handiagoa emanda, berdintasunean aurrera
egin baino askoz gehiago, Estatua sendotzea lortu da. Kapitala ere bai.
Normala da. Mendeetan emakumeei esan bazaie besteak menderatzea, boterea
izatea, materialki aberastea gauzarik desiragarrienak direla, azkenean
haietarako guztietarako “aukera” ematen zaienean zelan egingo diote uko!
Estatuaren eta kapitalismoaren defendatzailerik sutsuenak izango dira,
haiek ere gizonen arabera hain desiragarriak diren plazer horiek dastatu
nahi dituztelako. Ez da haien errua hala nahi izatea eta ezin bestela
izan mendeetako doktrinamenduaren ondoren. Bestalde, daukagun gizartea
hau bada, ez dago ukatzerik emakumeek gizonek egiten dituzten gauza
berberak baldintza berberetan egiteko “eskubidea” daukatela -edozein
gizartetan behar lukete, eskatu beharrik gabe, erabateko aukera
berdintasuna-. Baina, gizonok zein emakumeek, gizarte honekin
konformatzen gara? Eredu honetara etsi dugu? Aukera berdintasunik izan
dugu hura hautatzeko?

Sistema
hau gorrotoak elikatzen du, gorrotoa guztiz funtzionala da
Estatuarentzat eta kapitalismoarentzat. Gizartea zatituta egotea,
elkarren arerio sentitzea, elkarren lehian, aurrez aurre. Herritarren
arteko elkartasuna, batasuna, maitasuna, elkar-laguntza… arriskutsuak
dira oso sistemarentzat. Ildo horretan, feminismo instituzionalak lan
handia egin du sistemaren alde, sexuen arteko gorrotoa bultzatuz.
Daukaten bide bakarra gizonen balioak bere egin eta gizonek
diseinatutako borroka zelaian eta arauekin haiekin lehiatzea dela
barnerarazi zaie emakumeei. Benetako lehia agertzen ez den esparruetan,
artifizialki sortu behar da. Helburua, gainera, ez da gizona bezalakoa
izatea, bera baino “hobea” izatea baizik. Gizakiak arriskutsuak dira eta
ezinbestekoa da edozein harreman motatan argi izatea ez garela
gizakiak, gizonak eta emakumeak baizik, ondo bereizita eta elkarren
aurkari.

Bestalde,
Estatua, kapitalismoa, gizarte eredu hau, berez, egiturazko indarkerian
oinarritzen badira ere, indarkeria mota batzuk ezkutatu eta bakan
batzuei jarri behar zaie bozgorailua edo lupa. Indarkeria, gehienetan,
botere harreman baten adierazpena da, eta indartsuak darabil ahularen
aurka -edo ahulak indartsuaren aurka, indartsua bere indarraz kontura ez
dadin-. Botere harreman horren arabera, gurasoek erabil dezakete
seme-alaben aurka, edo seme-alabek gurasoen aurka; patroiek erabil
dezakete langileen aurka, edo langileek patroien aurka; gobernuek erabil
dezakete herritarren aurka, edo herritarrek gobernuaren aurka; herri
inperialistek erabil dezakete herri menderatuen aurka, edo herri
menderatuek herri inperialisten aurka; aberatsek erabil dezakete txiroen
aurka, edo txiroek aberatsen aurka; bikotekide batek erabil dezake
beste bikotekidearen aurka; gizakiek erabil dezakete beste izakien
aurka, edo beste izakiek gizakiaren aurka; gizonek erabil dezakete
emakumeen aurka, edo emakumeek gizonen aurka; gizonek erabil dezakete
gizonen aurka; emakumeek erabil dezakete emakumeen aurka… Baina, esan
bezala, indarkeria mota horien guztien artean, sistemaren bozgorailuek,
komunikabideek, batzuekin bonbardatu eta besteak isilaraziko dituzte.
Erabilera ez da neutroa, eta beti pentsatu behar genuke zer ezkutatzen
den ikusarazten digutenaren atzean. Sistemari guk zerbait oso argi
ikustea interesatzen bazaio, susmatu behar genuke atzean ikusten ez
dugun mekanismoren bat jarri dela martxan.

Emakumeen
aurkako indarkeria aspaldikoa da, eta sistema patriarkalak berak
bultzatu du. Gerra guztietan, menderatutako herriko emakumeak bortxatzea
aitortu gabeko lehen arauetako bat da -duela zenbait urte txanponaren
ifrentzua ikustea tokatu zitzaigun, Irakeko inbasioan, emakume soldadu
haren argazkia erakutsi zigutenean, biluztutako gizona txakur gisa
zerabilela, eta ez da harritzekoa, emakume hark sistema eta mundu
ikuspegi oso bat barneratu baitzuen soldadu egitea erabaki zuen unetik-.
Emakumea gizonaren desio iturria da -baita gizona emakumearena ere,
normala denez, batzuetan hori ahaztarazi nahi badigute ere; desio
homosexualak bezain berezkoak biak-, eta horrek sortzen duen tentsioa
modurik makurrenetan lasaitzen da maiz. Baina Estatuen oinarria armada
eta gerrak izanda, armadek gerretan egiten dituztenak ezin dira
zalantzan jarri eta hobe haiek isiltzea, politikoki gure alde
erabiltzerik ez badaukagu, behintzat. Lanean ere, emakumeen -eta
gizonen- aurkako indarkeria etengabea da, baina sistema kapitalistaren
oinarria ezin da kolokan jarri eta emakumeen eta gizonen arteko gerra
elikatu behar da soldatapekoen eta jabeen artekoa uxatzeko. Familian ere
indarkeria ez da falta eta modu askotan agertzen da. Luzaroan, hori
dena ere ezkutatu egin da, familia eredu sakratu bakarra egon den eta
hura erakustea funtzionala izan ez den bitartean. Orain, ordea, interes
berezia dago indarkeria horren alde bat -eta bakarra- egunero jartzeko
gure begien aurrean. Bikote homosexualetan dauden indarkeria kasuak tabu
dira oraindik. Genero indarkeria esaten diote, edo indarkeria matxista.
Alde batetik, kasu askotan hala dela ukatzerik ez badago ere, eta haiek
inolaz ere gutxietsi barik, pentsatu behar genuke gizonen eta emakumeen
artean dauden indarkeria kasu guztietan generoa edo matxismoa ote den
eragilea, salbuespenik gabe. Bestetik, geure buruari galdetu behar
genioke zein den indarkeria mota bat eta bakarra egunero gure aurrean
jartzeko helburua eta, era berean, zein diren horren emaitzak. Eta,
batez ere, indarkeria mota guztietan bezala, hartzen diren neurriak hura
desagerrarazteko diren ala beste xederen bat duten. Indarkeriaren
zioetan sakontzen ari gara, ala haiek ezkutatzen eta sintomak baino ez
erakusten. Dirudienez, Stieg Larssonek bizia galdu zuen Suedia bezalako
herri “eredugarrian” eskandaluzko zifren atzean ezkutatzen den
errealitatea agertzeagatik. Jakina, askoz errazagoa da azalpen sinpleak
eta norabide bakarrekoak ematea eta haiei heltzea, arazoek eduki
ditzaketen konplexutasun guztiak ulertzen saiatzea baino, batez ere
konplexutasun horiek sistemaren erroak ukitzen badituzte.

Izan
ere, gorrotoan, lehian, kontsumismoan eta indarkerian oinarritutako
gizartean bestelakorik espero genezake, gure gida espirituala zaborra
besterik ematen ez duen telebistaren doktrina dugunean? Gizakiok galduta
gaude eta ez daukagu helduleku etikorik ezta gatazkei, frustrazioei,
bakardadeari, ezintasunari, beldurrei, antsietateari… aurre egiteko
tresnarik. Maitasunak balioa galdu du, aspaldi, gizartea desegituratuta
dago eta komunitate sena galdu du, eta geratzen zaizkigun aterpeak
-familia eta lagunartea, batez ere- ahuldu eta suntsitzeko lanean ari
dira.

Aztertzen
ari naizen berdintasunaren ikuspegi horretan eredu baten barruko
ekonomia eta botere borrokari baino ez zaio begiratu, eta, gainera,
espiritualtasun eta etika oro desagerrarazi eta eredu haren atzean
gordetzen diren balioak ezkutatzea ezinbestekoa zenez gero, gure begien
aurrean emakumeak eta gizonak bereizten dituen generoa, sexua, alde
biologikoa baino ez da jarri. Emakumea gizonarekin berdindu nahi izan
da, ez alderantziz, ez ezarritako eredutik at. Eta bien arteko
harremanak aurrez aurreko lehia bilakatu dira. Horrela, ez da arraroa
egungo emakumeek eta gizonok geure nortasuna eraikitzeko, geure sexua
bizitzeko eta harremanak eraikitzeko hainbeste zailtasun izatea.
Emakumeek -eta gizonok- moralak ezarritako ereduaren edo interes
ekonomikoak ezarritako bidearen artean hautatu behar dute. Ez daukate
modurik euren bidea, euren eredua, euren baitatik eraikitzeko. Ezkerreko
ideologia “progresista” eta “iraultzailea”k erakutsi die naturak
ezarritako “kateak” hautsi eta moral klerikalari aurre egin behar
diotela, horretarako gizonak borrokatuz eta gizon bilakatuz. Moral
kristauak erakutsi die gizonaren atseginerako eta Jainkoaren borondatea
betez seme-alabak ekartzeko makina bat direla. Dirudienez, ez dago beste
eredurik. Eta eredu biak gizarte patriarkal matxista berberak eraiki
ditu, kasu bietan, emakumeen balio etiko eta pertsonalak eta haien
balizko gizarte ereduak gutxietsiz.

Euren
gorputza bizitzeko modua ere su biren artean dago. Alde batetik,
gizonen gutiziarako zaindu behar dute gorputza, haien desiren arabera
moldatu, edertasun kontzeptu jakin bati erantzun. Bestetik, eder
sentitzeari, seduzitzeko gogoari uko egin behar diotela agintzen zaie,
gizonekin mesfidatiak izan, bestela haien mendeko izango direlakoan.
Batzuek eta besteek erabaki dute emakumeak ez direla gai zer nahi eta
behar duten erabakitzeko; besteek interpretatu behar dute beti zer
sentitu behar duten eta zelan ulertu behar dituzten euren gorputza,
euren gogoa, euren libidoa, gizonek haiekiko dituzten portaerak…
Harremanak feministek ezarri duten bezala ulertzen ez badituzte,
kolonizatuta daudelako eta jakin gabe ere matxistak direlako da.
Publizitateak erakusten dituen emakumeak bezalakoak ez badira edo
gizarteak ezarritako interesak eta jarduerak bilatzen ez badituzte, ez
dira bizitzan ezer izango, ez dute arrakastarik lortuko.

Zoritxarrez,
Esperanza Aguirreren hitzak -ez berak ematen dien zentzuan, zalantza
barik- Acratosaurioarenak bezain egiazkoak dira. Moral kristauak ama eta
emazte fin eta saiatuak izateko eskatzen die, seme-alabak izatera
bultzatzen ditu -eta abortua, haren aurka agertu baina ordain dezaketen
familia aberatsen pribilegio hipokrita da-. Baina erlijio feministak,
Estatuaren egungo premiak, “askatasun” ekonomikoaren alde eta gizonen
pareko jarduteko edozer sakrifikatzeko gertu nahi ditu; langile, ama edo
bikote baino lehenago; dirua maitasunaren aurretik. Gozamena, atsegina,
zoriontasuna, gainera, derrigorrez bilatu beharrekoak dira, ulertzeko
modu bakarra dute eta ez daude erantzukizunari lotuta, oinarria
eskubideak direlako, eta ez betebeharrak. Horrela, zaila da pentsatzea
emakumeei erabakitzeko askatasun handirik geratzen zaiela. Gizonezkooi
ere geratzen ez zaigun bezalaxe, baina maila larriagoan. Hala sentitu
duelako ama izan eta soldatapeko izateari uko egin dionak -agian,
besterik gabe, enpresa baten morroi bilakatzeko asmorik izan ez duelako-
hamaika azalpen eman beharko dizkie besteei eta bere buruari bere
erabakia “zuritzeko”, batez ere bere burua aurrerakoi, ezkertiar eta
iraultzailetzat badu. Oso bitxia da, seme-alabak izan dituztenean, haiek
haztearren, euren sormen lanari uko egin eta idaztea beste une baterako
utzi duten zenbait gizon idazle ezagutu ditut azken urteotan -eta
ahalke barik adierazten dute seme-alabok euren zoriona direla-,
aurrerakoiak eta ezkertiarrak haiek denak, kontzientzia handikoak eta,
beharbada, euren erabakia hartu duten gizonak direlako, eta ez
emakumeak, ez dakit inork esan dien seme-alabak, bikotekidea eta etxea
kateatzen dituzten oztopoak direla eta ez lioketela euren pasioari uko
egin behar mendeko bizitza bat izateko. Jakin nahi nuke zer entzungo
zuten emakumeak izan balira…

Esandakoaren
eredu ezin hobea da publizitate kapitalista. Seguruenik, jende askok
izango du gogoan frankismoaren garaiko etxetresna elektriko marka ezagun
baten zuri-beltzeko iragarkia. Han, garai hartako estilo apaineko klase
ertaineko emakume eder batek larritasun eta itxaropenez begiratzen
zion, zutik eta atzetik, berak prestatutako oilaskoa jaten zuen
senarrari, garai hartako pelikuletako galai frankista horietako bat.
Senarrak plateraren gozoa laudatzen zuenean, emazteak arnasa hartu eta
berekiko ziotson sukalde modernoari, eskerroneko: <<Zenbat ordu
zoriontsu emango didazun>>. Garai hartako matxismoaren paradigma
da iragarkia. Baina duela pare bat urte, Txilen, feminismo
instituzionalaren paradigma den iragarki ezin matxistagoa ikustea tokatu
zitzaidan. Matxismo atzerakoiaren eta feminismo patriarkal
aurrerakoiaren uztarketa perfektua. Aurrekoaren bertsio modernoa baino
ez zen, azken finean. Kasu honetan ere, etxetresna elektriko marka
ospetsua zen iragarlea. Emakume gazte, eder -gure garaiko edertasun
ereduaren arabera, esan nahi baita-, lirain, bizi eta modernoa zen
protagonista, klase ertainekoa hura ere. Harro zioskun bera, aldi
berean, chef -etxeko sukaldari-, psikologo -ama-, hizkuntza aditua -ama
berriz, haurrei etxeko-lanetan laguntzen-, ez dakit zer arlotako langile
-bulego moderno batean ageri zen-… eta ez dakit zenbat gauza gehiago
zela. Guztietan irribarretsu, fresko, neke aztarna barik. Hori dela-eta,
honakoa haren buruari ziotsona: <<Harro nago super-emakumea
izateagatik>>. Eta elektrotresnei esker, “askeagoa” ei zen. Uste
dut super-emakume horrekin pozik bizi zen gizona ere ageri zen non edo
non. “Super-emakumeen” marka farandulako programa batean ere iragartzen
zuen haren aurkezleetako batek, bera ere emakume eder, moderno eta
“emantzipatua”. Azken finean, hamaika lan eta bosti lotuta egonda,
gizona baino gehiago dela erakusten ei du eta muturreko esplotazio
horrek harrotasun eta pozerako zioa behar du, antza.

Ondorioak
atera nahi badira, honakoa esango nuke: berdintasun mota guztien alde
nago, baina berdintasuna askatasunean baino ez da posible. Askatasunak
baldintza bat behar du, ordea: aukera guztiak maila berean egotea.
Hortaz, gizarte eredu patriarkal batean, Estatua eta kapitalismoa nagusi
diren bitartean, emakumeen eta gizonen -eta, oro har, gizakien- arteko
benetako berdintasuna ezinezkoa da, balio eskala gizonek (gizon batzuek,
gutxiengoak, eliteak) ezarri duten sistema batean, ez dagoelako aukera
berdintasunik nork bere balio eskalaren arabera hautatzeko. Arrakasta
ekonomikoa eta boterea balio gorenak diren gizartean, ezin dut
askatasunez hautatu nire lehentasuna soldata lortzea eta lanean gora
egitea den, ala sari bakarra maitasuna izango duen jarduera batean
jardutea. Izan ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna baino
askoz gehiago behar dugu: gizaki guztien arteko aukera berdintasuna.
Lehen batez ere emakumeek egiten zituzten lanak eta eginkizunak, hala
nola haurrak, gurasoak, gaixoak zaintzea, etxea txukun edukitzea eta
otorduak prestatzea -ahaztu barik horiek baino askoz gehiago ere egin
dituztela beti, batez ere beti egon diren emakume nekazari eta
langileek-, eta maitasunez eta ordainik eskatu gabe egiten diren
jarduera guztiak, maitatzen eta balioesten ikasi bagenu, emakumeei
zerbait irakasteko aukera eman bagenie, soldatapeko lana baino hobetsiko
genituzke haiek denak, beharbada, eta zamatzat hartu beharrean, gustura
egin geure haiek guztiak. Orduan bai, aukera legoke, berdintasunez,
askatasunez eta doktrinamendurik gabe hautatzeko, emakumeek eta gizonok,
ama edo aita izan nahi dugun -edo ez dugun izan nahi-, zer lan egin
nahi dugun, zein diren gure lehentasunak, zelan eta norekin bizi nahi
dugun gure sexualtasuna, zer eta zertarako ikasi nahi dugun… Bestela
esanda, gure denbora zertan, norekin eta zertarako erabili nahi dugun
eta gure emetasuna edo gizontasuna -edo biak- zelan bizi nahi ditugun
hautatzeko askatasuna. Baina sistemarentzat arriskutsua litzateke,
seguruenik bai emakumeek bai gizonok ohartuko ginatekeelako egiten
ditugun -sistemak behar dituen- gauza gehienak ez ditugula egin nahi eta
ez dutela merezi, kontsumitzen ditugun produktu gehienak ez ditugula
behar eta kalte egiten digutela guri eta gu parte garen inguruneari, eta
posible dela beste balio eskaletan oinarritutako gizarteak eraikitzea,
hasieratik berdintasunean eta adostasunez eraikitakoak. Indarkeriak ere
askoz leku txikiagoa izango luke, eta sistemarena ere ez genuke
onartuko.

Bukatzeko,
beste zerbait argitu nahi dut. Beharbada, testua irakurrita, uler
daiteke nire ustez patriarkatuak ezarritako prozesu guztietan,
iraganekoetan zein azken mendeotako bultzada berrian, emakumeak biktima
eta objektu pasibo hutsak izan direla. Hori egitea berriz ere diskurtso
neo-matxistarekin bat egitea litzateke, eta errealitatetik kanpo
kokatuko ninduke. Ez. Gauzak aldatzeko onartu behar dugu patriarkatuaren
ezarpenean emakumeek gizonek beste egin dutela. Alde batetik, era
aktiboan, patriarkatuaren oinarri izan den esplotazioari eta rol
banaketari emakume askok etekin handia atera diotelako, piramidearen
goiko erpinean egonda, itzalean zein agerian. Neo-matxismoaren
bultzatzaile eta onuradunen artean, noski, ez dira emakumeak falta.
Bestetik, era pasiboan, sistema patriarkala zuzenean bultzatu ez arren,
emakume asko, gizon asko bezala, oso eroso sentitu direlako. Honetan ere
La Boétieren Borondatezko morrontzaren diskurtsoak esanahi
osoa hartzen du. Gutxiengo batek gehiengoa menderatzeko derrigorrezkoa
da gehiengoa menderatuta bizitzeko prest agertzea. Pasibotasuna,
askatasunari uko egitea, gizatasuna galarazten badigu ere, oso
tentagarria da, bizitza errazten zaigulako. Azkenik, garai guztietan, ez
dira gutxi izan sistema patriarkalari aurre egin dioten emakumeak -eta
gizonak-, estrategia batzuk edo besteak erabilita, hura saboteatzeko
modu asko erabili direlako -armak hartzea modu bat baino ez da, eta
gehienetan ez da eraginkorrena izan aldaketa sakonak lortzeko-, eta
haietan emakumeak ere protagonista izan dira. Beraz, patriarkatua -eta
hark sortutako Eliza, Estatua eta Kapitala- menderatzeko eta gizartea
errotik aldatzeko bidean, ez dut uste gizonen eta emakumeen borrokak
daudenik, eta banaketa horrek emakumeak eta gizonak ahuldu baino ez
gaitu egiten. Gizaki guztiak emantzipatzeko borroka bakarra da, gizaki
guztiok batera, aukera berdintasunez eta estrategiak eta helburuak
adostuta, egin beharrekoa. Hori horrela ulertzen badugu, urrats handia
emango dugu emakumeen emantzipaziorako eta benetako berdintasunerako
bidean, emakume emantzipaturik gabe ez baitago gizon emantzipaturik,
beltz emantzipaturik gabe zuri emantzipaturik ez dagoen bezala, edo
homosexual emantzipaturik gabe heterosexual emantzipaturik ez dagoen
bezala. Nire benetako askatasuna beste guztiak ere aske direnean baino
ezin da gauzatu. Besteen kateek neu ere lotzen naute. La Boétiek ere
argi ikusi zuenez, herria lotzeko darabilen tiraniaren kateak tiranoa
bera lotzen du herria beste. Inoiz txakurrik paseatu baduzue, erraz
ulertuko duzue. Txakurrari heltzen dion eta mugimenduak mugatzen dizkion
uhalak geuri ere heltzen digu eta mugimenduak murrizten dizkigu.
Uhaletik askatu nahi badugu, hari jaregin eta txakurra askatzea dugu
irtenbide bakarra. Tiranoaren egoera tragikoagoa da, txakurraren kasuan
ez bezala, hark jakin baitaki kateari jareginez gero herri askea ez dela
haren eskua miazkatzera itzuliko, haren lepoaren bila baizik.

Paradigmak elkarrekin birdefinitzen hasi behar genuke, ezta?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , , , , , , | Utzi iruzkina

Twist, dantza lotua literaturarekin

Azken urteotan inoiz baino gehiago -eta oso gustura- irakurri arren, seguruenik, ez dut txoko honetara aipamen literariorik ekarri aspaldi. Gaur ere ez dut luze jardungo, nagi jarraitzen dut holako gaiei heltzeko, idatziz behintzat. Hala ere, twista berez dantza soltea dena jakin arren, zenbait egunez literaturarekin dantza lotuan -eta estuan- izan nauen liburua ekarriko dut lerrootara.

Liburua amaitu orduko izan nuen hemen hari buruz idazteko bultzada, baina berriz ere nagitasuna hasi zen nagusitzen, gaur Harkaitz Canoren elkarrizketa irakurri dudan arte. Egia esan, bere literatura lanetan beste gustatzen zait Harkaitz egiten dizkioten galderei emandako erantzunetan.

Halakoak idazten ditudan guztietan legez, aurretik esan behar dut hau ez dela kritika bat. Nik ez dakit halakorik egiten eta ez nintzateke ausartu ere egingo. Barruan geratu zaizkidan zertzelada batzuk baino ez ditut utziko, barruak haiek ateratzea eskatzen didalako, beste barik.
Hasteko, aurten Saramagoren liburuen artean liluratuta eta oraintxe Orhan Pamukekin harrapatuta nabilela aitortuta, esan behar dut urtean irakurri dudan eleberririk sendo eta osoenetakoa gertatu zaidala Harkaitzen Twist. Ahotseneako elkarrizketan, Edorta Jimenezek, konplizitatez jantzitako solasaldian, galdetu zion ea zilegi zen hain eleberri luzea, 400 orrialdetik gorakoa, idaztea. Harkaitzek, hark ere umoretsu, erantzun zion 200 bat orrialde kendu zizkiola prozesuan. Bere arrazoiak izango zituen haiek denak kentzeko, baina liburua irentsi eta gero esan behar dut haiek denak ere irakurtzeko gogoz eta jakin-minez gelditu naizela. Seguru nago haietan ere merezi duten pasarte gogoangarriak eta hausnarketa baliotsuak gelditu direla.

Ez dut batere asmorik eleberriaren gakoei edo xehetasunei buruz idazteko, horiek nahi duenak bilatu beharko ditu paper eta tintazko unibertso horretan murgilduz. Esan bezala, zertzelada batzuk, besterik ez. Lehena, liburuak lehen lerrotik harrapatu ninduela, lehen esaldi horrek literatura zapore gozo eta erabatekoa daukalako. Lehen kapitulua amets lisergiko batean bezala irakurri nuen, eta prest nengoen tonu bereko 400 orrialde gehiago dastatzeko.
Harkaitzen asmoa, ordea, beste bat izan da, baina hurrengo ataletako estilo aldaketak ez ninduen zapuztu, lan konplexu eta berezi baten aurrean nengoela konbentzitzen amaitu baizik; esan legez, azken boladan irakurritako eleberririk sendoenetako baten aurrean. Egiten gaituenari, gure nortasuna moldatzen duten kanpoko eragileei buruzko kezkak, bestalde, Harkaitzen hitz orain serio, orain jostarietan, nire kaskoan oso errotuta dauden kezken -edo obsesioen- ispilu bihurtuta ikusten nituen. Literaturak batzuetan sortzen dituen une magiko horietakoak dira, idazlea zeure garuna arakatzen sentitzen duzunekoa, forma ematen asmatzen ez duzun pentsamenduak esaldi borobiletan jasota aurkitzen dituzunekoa.
Gozatu ditut bizi genituenon nortasunean arrasto sakona utzi duten garaietarako joan-etorriak, baita, zertarako ukatu, larrua sentitu eta gorputzen izerdia usaindu dudanean ere. Kutsu umoretsuan, Harkaitzen beraren irribarre jostaria begitandu zait maiz. Baina batez ere pertsonaia guztien dimentsioek, sakontasunak, konplexutasunak eta egiazkotasunak gidatu naute bidaia gordin bezain gozagarrian. Osagai gehiegi dauka eta sentipen gehiegi utzi dit barruan hona denak ekartzeko. Literatura letra maiuskulaz; txikiak garenoi ia beti tokatzen zaigu neska garaiagoekin dantza egitea, baina plazera da halako gorputzei helduta eramaten uztea.

Liburua amaitu eta buruan izandako lehenengo kezka: noiz arte itxaron beharko dut Harkaitzen beste eleberri bat irakurtzeko? Itxaronaldia azkena baino laburragoa izango ahal da, Belarraren ahoak bezain gose utzi nau-eta!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Urtebetez amets libertarioak saretzen

Laster, otsailaren 19an, urtebete izango da askok nahi baina gutxik
espero genuenaren hazia erein genuenetik. Zarautzen gertatu zen,
Putzuzulo Gaztetxean. Zerbait sumatzen zen giroan, urrats bat aurrera
egiteko, indarrak batzeko, elkar ezagutzeko gogoa. Segurutik, han bildu
ginenon artean nork bere bidea egingo zuen lehenago han agertzeko. Nire
aldetik, gogoan ditut aurreko udazkenean Gernikako Gaztetxean antolatu
ziren jardunaldiak, anarkismoa eta nazio askapena gai hartuta. Harrituta
geratu nintzen Gernikaraino Euskal Herrietako hainbat lekutatik
etorritako jende aniztasun hura ikusita. Poz berezia eragin zidan
Nafarroatik gurekin bat egiteko ahalegina egin zuten lagun berrien
agerpenak. Segurutik, gutako batzuentzat elkarren berri izateko lehen
aukera izan zen. Halaber, Zarautzen, Putzuzulo Gaztetxean bertan, handik
aste batzuetara bertako CNTk, bere mendeurrenaren karietara, oker ez
banago, gai berberaren gainean antolatu zuen solasaldia dut gogoan. Hura
izan nuen hango jende jatorra ezagutzeko lehen aukera, iluntze bizi eta
aberasgarria emanda. Horregatik, han ezagututako lagun batek Euskal
Herrietako libertarioen arteko batzarra egiteko deia zabaldu zigunean,
ez nuen zalantzarik egin deialdia zabaltzeko eta hara bertaratzeko.
Busturialdeko lagun on batekin joan nintzen eta handik zerk irtengo zuen
ez bagenekien ere, sentipen berezia generoan, zirrara moduko bat. Egun
hartan bizitakoak, ordea, gure itxaropenik baikorrenak gainditu
zituelakoan nago. Bai nireak, behintzat.

2011ko otsailaren 19 hartan laster EHKL (Euskal Herrietako Koordinakunde Libertarioa edo Euskal HerrietaKo Libertarioak)
izango zena jaiotzen hasi zen. Batzar luzea izan zen, ideia, kezka,
zalantza eta itxaropen asko jarri ziren mahai gainean. Zoruaren gainean
esan beharko, Gaztetxeko areto nagusian zelanbaiteko borobil handia
osatuta jardun baikegunen, jesarrita batzuk, zutunik besteak. Gehienok
elkarren ezezagunak ginen, baina aurpegi ezagunak ere bazeuden, batzuk
berriki ezagutuak, besteren bat aspaldikoa baina inondik inora han
aurkitzea espero ez nuena. Batzarrak ohiko Estatu muga administratiboak
urratu zituen, zorionez. Iparraldetik hegoaldera, Euskal Herrietako
inguru gehienetako jendea agertu zen. Euskal Herrietan bizi diren beste
zenbait tokitakoak ere bai. Beraz, lehen zeregina elkarren berri izatea
zen, gure arteko hastapeneko konfiantza zubiak eraikitzen hasi. Ez
geneukan argi zertarako batu ginen, seguruenik, nork bere itxaropenak,
usteak, aurreiritziak, beldurrak, asmoak… izango zituen. Baina hala ere,
behin-behineko elkartze hartatik asmo komun batzuk zirriborratu ziren:
elkar ezagutzeko gogoa zegoen, bakoitzak egiten zuena partekatzeko,
sakabanatuta ikusten ziren ekimenak batu, koordinatu edo, gutxienez,
elkarren berri izateko, ideia libertarioei Euskal Herrietan leku duina
emateko, gizartean parte hartze handiagoa izateko… Handik, hurrengo
batzar baterako deialdia atera zen. Ez zen gutxi. Hasitakoa ukiezina
zen, lanbrotsua, baina aurrera jarraitzeko, bidea elkarrekin egiten
hasteko gogoa ez zen falta. Hori zen gure ondarerik preziatuena.

Esan
dudanez, laster joango da lehen urtea hasierako batzar hura egin
genuenetik. Eman ditugun urratsak ez dira gutxi, onerako zein
txarrerako. Denbora honetan aukera izan dugu gure arteko loturak
estutzeko, konfiantza sendotzeko, adiskidetasuna lantzeko. Asmoa ez da
inoiz izan inork egiten duen ezeri amore ematea, nork egiten duenari
hedapen handiagoa eman eta, ahal den kontuetan, indarrak batu eta ekimen
bateratuak bultzatzea baino. Gogoan dauzkat hasiera batean utopikoak
ziruditen Euskal Herrietako I. kanpaldi eta jardunaldi libertarioak,
udako azken txanpan, Otxandio eta Olaeta artean. Niretzat bereziki
hunkigarria izan zen, kanpaldia burutu ziren lurrak atontzeko lanetan,
anarkisten artean eta euskaraz jardutea. Ederra jardunaldiek iraun zuten
lau egunetan, egunero, ehun lagunetik gora ikustea han, egitarau
interesgarriaren inguruan. Gure gabezia batzuk ere agerian geratu ziren,
baina hura dena zein azkar eta zein baliabide urrirekin prestatu genuen
ikusita, arrakasta itzela. Gogoan dut abstentzio aktiboaren aldeko
kanpaina, hura amaitzeko Bilbon egin genuen manifa…  Gogoan ditut bidean
aurkitu ditugun zailtasunak ere, astiro doazen ekimenak, ez atzera ez
aurrera ibili garen asmoak… Gure ahultasun nagusia: zereginak inorengan
eskuordetzeko joera, antolakuntzan ardurak hartzeko zailtasunak. Ez da
arraroa. Sakabanatuta geunden eta sakabanaketa horri gutxieneko batasuna
ematea ez da egun batetik bestera lortzen den paseotxoa. Hor dago, gure
lotsen artean, Nizako 3en aldeko elkartasuna koordinatu eta
ikusarazteko ahalegin huts egina, esaterako.

Baina okerrek alde ona daukate: zuzentzeko eta hobetzeko parada.
Badakigu, jakin, Euskal Herrietan dauden libertario guztiek ez dutela
gure ahalegin honetan parte hartu. Horrek ere pozerako behar luke,
oraindik norbanako eta talde asko daudelako hor kanpoan, lanean, zein
bere logikatik eta interesen alde, eta hori ere potentziala delako,
etorkizunari begira.

Joan den urteak ideia libertarioen gaurkotasuna ere erakutsi digu.
Sortu eta sortzen dituen mesfidantza ulergarriak gorabehera, ezin uka
M-15 mugimenduak asko zor diela bide eta praktika libertarioei. Egiazko
denborako laborategia izan da, neurri handi batean, bere alde on eta
txarrekin. EHKLn ere tokia egin diogu gure hausnarketa eta eztabaidetan,
eta gutako batzuk bertan egon gara. Munduan sistemarekin gatazkan
dauden giza taldeak gero eta ugariagoak dira, eta haietan ekintzaile eta
pentsalari anarkistak ez dira falta. Batzuetan, eta agian modu
zuhurrena izan daiteke, gehiegi agertu barik, lelo eta ikur
identifikagarri barik, herritarrak herritarren artean. Euskal Herrietan
bertan une historikoa bizitzeko sentipena oso zabalduta dago, sistema
aldatzeko gogoa ere bai. Halako prozesuetan, aukerak beste dira
arriskuak, eta libertariook kateei eusten dien esku aldaketa hutsak ez
gertatzeko lan egin behar dugu. Estatua eta kapitalismoa maila berean
salatzea dagokigu, batzuek, ondo dakigunez, oker guztien sorburua
bigarrenean jarriko dutelako, lehenengoan salbazio taula irudikatzen
duten bitartean. Euskal Herriek Estaturik gabeko proiektua(k) behar
d(it)u(z)te, gure herriak oinarritik, bitartekari barik saretzeko
proposamena(k), ekonomia eta politika herriaren eskuetan jartzeko,
ordezkeriatik erantzukizunera itzultzeko. Zorionez, halakoak ere ez dira
falta, interesgarrienetako bat, zalantza barik, Auzolan
ekimena. Asmatu beharko dugu haietan adimenez parte hartzen. Aurten
batzuek Nafarroako erresumaren konkistari eman nahi dioten irakurketaren
aurrean zeresan handia daukagu. Poztekoa da Iparraldean balizko euskal
Estatuaz egiten ari diren lana. Poztekoa EHKL osoak horren inguruan
ekimenak antolatzeari eman dion garrantzia.

Zailena, elkarrekin koordinatzeko erabakia hartzea, egin ostean,
erronkak ez dira falta. Estatuaren eta kapitalaren erasoak egunetik
egunera indartzen doaz. Iraultza agian ez da, batzuek aldarrikatzen
dutenez, su festa erraldoi bat, baina borrokari alaitasun dosia ere
jarri behar diogu. Balizko garaipenak baino gehiago, bidezko mundu aske
baten alde borrokatzen garela jakiteak hauspotu behar gaitu. Urte
honetan egin dugunaz jabetzeko hausnarketa egin beharko dugu, are
gehiago aurrerantzean dauzkagun erronkei aurre egiteko bideak
pentsatzeko. Oraindik gure artera hurreratu ez diren libertarioengana
iristen ere asmatu beharko dugu, tokiko ekimenei duten garrantzi osoa
aitortuta, horiek denak saretzearen garrantzia eta edertasuna helaraziz,
agian. Zer ospatu era badaukagu. Ospa dezagun merezi duen moduan,
aurrera jarraitzeko indarrak biltzeko!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Ezker monarkia zalea eta Estatuaren apologia (kateak berritzen)

2012. urtean sartu gara, batzuentzat,
munduaren bukaeraren urtea. Iragarpen apokaliptikoak alde batera
utzita, ordea, euskaldun eta espainiar batzuentzat atzera begiratzeko
urtea ere bada. Batzuek, mundu ikuskera oso bat betiko lurperatzeko
jarritako lehen harriaren bigarren mendeurrena ospatuko dute, eta
herrian zeuden demokraziaren azken apurrak betiko deuseztatuz Estatu
liberal kapitalista modernoaren lehen garaipen ideologikoa laudatu,
1812ko Cadizko konstituzioa, alegia. Besteek, negar egingo diote
1512an galdutako erresuma zaharrari, Nafarroako erresumari. Batzuk
zein besteak bat etorriko dira puntu batean: nazio-estatuaren
gurtzan.

Lehenengoen logika guztiz ulergarria
da, askatasunean sinesten dugunok gogotik borrokatu beharrekoa izan
arren. Espainia bakar, handi eta askearen defendatzaile sutsuak dira,
eta konstituzio hura haien ideologiaren garaipenaren ikur
nagusietakoa da. Bigarrenen logika, ordea, ulergaitzagoa da, benetan
bitxia. Izan ere, azken boladan gero eta gehiago entzun dira, eta are
gehiago entzungo dira, Nafarroako erresumaren diskurtso apologistak,
norengandik eta euren burua ezkertiartzat duten zenbait
euskaldunengandik. Neurri batean ulertzen dut, bolada labur batez,
aspaldi, neuri ere eragin zidan historiaren irakurketa partzial
horren lilurak. Bigarren efemeride horri helduko diot testu honetan,
beraz, Nafarroako erresuma nostalgiaz goraipatzen dugunean, zer
aldarrikatzen dugun argitzeko. Testu honen neurriak eta asmo xumeak
laburbildu eta sinpletzea eskatzen didate, eta eztabaidarako eta
ideiak gehiago garatzeko heldulekua baino ez du izan nahi.

Nafarroako erresumaren minez bizi
direnen arabera, hura izan zen euskal Estatua, gure askatasunen
oinarri eta egungo Euskal Herriaren independentziaren aldeko argudio
nagusi. Horrela, gogora beste lelo badaezpadako batzuk
dakarzkigutenak irakurriko ditugu han edo hemen, hala nola “Euskal
Herria bat eta bakarra”. Halakoek ezin dute herrien independentzia
Estatu barik aditu, ez zaie buruan sartzen. Euren burua guztiz
euskalduntzat izanda, ez dira ohartzen pentsaera kolonizatuta
daukatela, mundu ikuskera arrotzek ekarritako moldeak errepikatzea
amesten dutela, hain maite dituzten jatorrizko euskal herriak
mespretxatuz.

Berez, bitxia da XXI. mendean bere
burua ezkertiartzat, are marxistatzat daukan inork monarkia baten
alde egitea. Ulertu behar dugu hegoaldean 1512an galdu ei zen
monarkia gure edo orduko euskaldunen askatasunen euskarria zela?
Monarkiari “euskal” izenondoa jarrita koroa baleko bihurtzen
dugula? Okerra, ikusiko dugunez, bikoitza da. Alde batetik, koroa,
monarkia agertze bera, herri askatasunak lurperatzeko lehen harria
izan zen, euskaldunek independentzia edo hautazko interdependentzia
galtzeko lehen kolpea. Bestetik, ordurako monarkia hark ezer gutxi
zeukan euskaldunetik. Monarkia frantsesa zen eta, neurri handi
batean, frankoen onerako agintzen zuen, euskaldunen kaltetan.

Zein da Nafarroako erresumaren
jatorria? Historiografiari apur bat begiratuta, ikusiko dugu haren
sorlekua Iruña dela, garai hartako Pompaelus, eta hala,
hastapenetan, Pompaelo, Pamplona edo Iruñeko erresuma esango diote.
Orduko Iruñeak zerikusi gutxi zeukan euskaldunen askatasunekin,
ohiturekin eta kulturarekin. Erromatarrek sortu edo birsortutako
hiria izanda, haien legeen eta ikusmoldeen arabera antolatutako hiria
zen. Frankoek ere euren nortasuna emango zioten, baita bisigodoek
ere. Eta kultura horien gizarte antolamendu hierarkiko eta klasistari
eta izaera militarrari zor zion haien klase banaketak bultzatutako
oligarkia militar bat bertan errotzea. Lehen erregetzat dugunak,
Eneko Aritzak, Banu Qasitarren bultzadari esker eratu zuen bere
erresuma, karolingiarrei aurre egiteko. Banu Qasitarrak musulman
bihurtutakoak ziren, jatorriz beharbada erromatar-hispanoak,
beharbada bisigodoak. Euskaldunak, ez dirudi.

Edozelan ere, zer ekarri zien erresumak
mendi eta haranetan aske bizi ziren euskaldunei? Errege baten mendeko
bihurtzea, horrek dauzkan ondorio guztiekin. Aurrerantzean, herri
demokrazia, udaletako herri-batzarretan gauzatzen zena, etengabeko
tentsioan egongo zen beti Erregearen botere nahiarekin, herriaren
independentzia atzera eginez, urtetik urtera. Inposaketa horrek
argudio nagusia izango zuen: indar militarra.

Ordura arte euskaldunen artean
horizontalak ziren harremanak bertikaltzen joan ziren, eta monarkia
izan zen bidea kristautasuna ere erlijio ofizial bihurtzeko,
lehenagoko mundu ikuskera paganoa, jatorrizkoa, legez kanpo jarrita.
Baita latina eta hizkuntza erromantzeak nobleen artean ofizial
bihurtu zituen erakundea ere.

Euskal Herriak Estatu bihurtzea
kalterako baino ez zen izan euskaldunentzat. Herri demokrazia
(errepikakorra da, baina gaur egun, demokrazia hitza hain ustelduta
dagoenean, behar ez liratekeen adjektiboak jarri behar dizkiogu,
egungo diktadura partitokratikoetatik bereizteko) etengabeko
mehatxupean geldituko zen, gero eta gehiago, herriak berak bere
buruari emandako gobernu sistema barik, Erregeak (edo Jaunak),
“eskuzabaltasunez”, emandako pribilegio edo oparitzat hartuta.
Batzar Nagusiak eurak, maiz erabiliko ziren oligarkien interesen alde
eta herrien aurka. Adibide argia da, garai batean, Bizkaiko Batzar
Nagusien legeak haietan ordezkaritza izateko herriek gazteleraz
zekien norbait bidaltzera derrigortzea. Horrela, erdaldunik ez
zeukaten herri asko ahotsik gabe gelditu ziren luzaroan, lege hori
atzera botatzea lortu zen arte. Ez da kasualitatea foru zaharrak eta
berriak hain berandu eta erromantzez idatziak izatea. Ordurako,
bazegoen tokian tokiko elite bate herriaren nahia bere interesen
arabera berrinterpretatu eta interpretazio hori idatziz jasotzeko.
Euskaldunek idatzizkoari (kontratuak, legeak zein literatura izan)
zioten mesfidantza oso osasungarria eta zuhurra zen, bai horixe.
Bestalde, gaur egungo lurralde erakundeei Batzar Nagusiak esateak
txantxa iluna dirudi. Garai batekoek gorde zuten sen demokratiko
apurretik izena baino ez dute gorde, haiek ere alderdi interesen
aldeko borrokarako esparru bihurtuz, haiek ere frantses iraultzak
ezarritako diktadura parlamentarioaren kopia hutsa.

Edozein ikuspegitatik begiratuta,
Estatu egiturak sortzea izan zen herrien independentzia murrizteko
lehen kolpea, eta erresumak eta jaurerriak, egitura hierarkiko eta
zentralizatzaileak sortzea hartu behar genuke euskaldunen
independentzia galeraren abiapuntu, 1512a baino askoz lehenago.

Bestetik, bertsio ofizialak diosku
Nafarroako erresumak galtzea euskal Estatua galtzea ekarri zuela
baina, benetan zen euskal Estatua 1512an “galdu” zena?

Ordurako, Bizkaiko oligarkiak aspaldi
zuen erabakia euren Jauna Gaztelako errege bihurtzea, ezkontza
bitartez. Gipuzkoa eta Arabako gehiena ere Gaztelaren eskuetan
zegoen, lurralde bakoitzeko Estatu buruzagiek erabakita edo okupazio
militarraren bidez. Ordurako, foruak errespetatzearen truke,
Lapurdiko erakundeek ere Frantzia osatzea erabakia zuten, eta Baiona
militarki konkistatua zen. Zuberoa ere militarki okupatua zen. Eta
geratzen zen Nafarroako erresuma horretan nork agintzen zuen?
Aspaldi, Ximena dinastiaren azkena hil ondoren, Frantziatik ekarria
izan zen monarkia berria, Xanpaina familiakoa. Hori XIII. mendean
gertatu zen. Alegia, XIII. mendetik, Nafarroako erresuma frantses
dinastia biren eskuetan egon zen, Xanpaina familiarenean hasieran,
Foix familiarenean gero, tarte labur batez, Frantziako eta Gaztelako
erregeen artean partekatuta egonda. Hori zen euskal Estatua? Izan
ere, 1512ko konkistaren ostean euskal Estatu “askearekin” zer
gertatu zen ikustea baino ez daukagu, monarkiak zer ekarri zuen argi
ikusteko: 1589an, konkista ospetsuaren 77 urte ondoren, Nafarroako
erregeak Frantziako errege bihurtzea onartu zuen, ezkontza bitartez,
horretarako katoliko bihurtuz, eta hurrengo mendean haren ondorengoak
koroa biak bat egitea erabaki. Beharbada, Gaztelak Nafarroa
konkistatu ez balu, egun frantsesak lirateke nafar guztiak, “euren”
erregeari esker. Eta ez da harritzekoa, “nafar” errege horien
jatorriari erreparatuta. Azken finean, frantses jatorrikoak ziren,
ezta?

Bestetik, gogoratu behar da erresumaren
“galera” Nafarroako monarkiaren abarotan loditutako handikien
arteko norgehiagokak bultzatu edo erraztu zuela, neurri handi batean.
Herrien interesekin zerikusirik ez zeukaten agramondarren eta
beamondarren arteko liskarrek zabaldu zizkioten ateak konkistari.
Euskal Estatuan, Euskal monarkian, boterea eskuratzeko lehiak,
azpijokoak eta ustelkeriak beste edozein monarkia zein Estatutan
zeuden eta dauden berberak ziren. Eusko labelak ez zituen ez
herrikoiago, ez duinago, ez zintzoago, ez demokratikoago, ez
eskuzabalago bihurtu.

Eta hainbat ezkertiar historia horri
begira jartzen dira euskal Estatua aldarrikatzeko, monarkia bat
goraipatzeko. Haiek ere, handikien, oligarkien, tiranoen erabakiei
begira jartzen dira, haien arabera irakurtzen dute herrien historia.
Horrek azaltzen du kanpotik ekarritako beste diktadura mota bat ere,
alderdi politikoen eta legebiltzarren bidezkoa, ontzat ematea.

Euskal Herriek, ordea, beste historia
bati begiratu behar liokete, jauntxoek, eliteek, apaizek, nobleek eta
burgesek idatzi nahi izan ez duten historiari, ahal izan duten
neurrian ezabatu eta ahaztarazi nahi izan duten behekoen historiari.
Herrien historiari, alegia, herri horietan, sarean, borondatez eta
horizontalki antolatutako herri burujabeetan baino ez dagoelako
benetako independentzia baterako edo, zehatzagoak izateko, hautazko
interdependentzia baterako giltza. Estatu guztiek, frantses,
gaztelar, espainol zein euskal estatu izan, herrien askatasuna,
autoantolakuntza, auzolana eta jabetza komunala suntsitzeko baino ez
dute lan egin, euren sorreratik beretik. Monarkia zale berriek,
Estatu apologista berriek, ezkertiar izatea zer den aztertu behar
lukete. Pentsatu behar lukete, euskal Estatua aldarrikatzen dutenean, Estatuak dakarren guztia, hots, euskal armada, euskal atzerritartasun legeak, euskal polizia, euskal kartzelak, euskal errepresioa, euskal kapitalismoa… ere eskatzen dituzten. Tirania monarkiko bat zuritzeko prest daudela ikusita, beldur naiz benetan hori dena zuritzeko prest ez ote dauden, aurretik “euskal” ipinita autoritarismoa ere eder eta desiragarri bihurtuta.

Aurtengo mendeurrenetan zerbait
aldarrikatu behar badugu, Estatu ororen desagerpena eta herrien
burujabetasuna aldarrika ditzagun, eta bidea egin Euskal Herriek
banakako zein taldeko askatasuna eskura dezaten. Izenda ditzagun
Estatuak, monarkiak eta konstituzioak oro herrien etsai, herrien
azpiratzaile. Udalbiltza, esaterako, eredu interesgarria izan
zitekeen, alderdi interesetatik kanpo antolatutako benetako
herri-batzarren koordinazio erakundea izan balitz, demokrazia
zuzenaren isla, burujabetza de facto baten bidean, baina tamalez,
horretatik oso urrun geratu zen, botere borrokaren baitako beste
eszenatoki bat bihurtuz. Behetik gorako ereduen lurperatzaile izan
diren goitik beherako sistemak aldarrikatzeak ez dio askatasunari
mesede handirik egingo.

Libertariook erantzukizun historikoa
dugu, Estatu ororen aurrean, benetako herrigintza bultzatzeko, eta
urte egokian gaude horretan buru-belarri jarduteko. Jose Mari
Esparzak bere liburuan erakutsi digunez, historian Euskal Herriak
jaso dituzten hainbat mapa egon dira, hainbat politika eta
administrazio ikuspegi eta interes jaso dituztenak. Bada garaia
goikoen eta garaileen erabakietatik harago, euskal herriek, euskal
herritarrek, egun gure herrietan bizi diren biztanle guztiek
borondatez, burujabetasunez, askatasunez, behetik eratutako mapa
marraztu dezaten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Aurkezpena: Gezurra odoletan

LIBURU AURKEZPENA
GEZURRA ODOLETAN
Abenduaren 2an, ostiralean, 11:30ean
Bilboko Gatazka gunean
(Ronda k. 12. Tel. 94 479 01 20)
ASEL LUZARRAGA
(idazlea)

 

Internet
bidez ezagutu duen Vero gaztearekin elkartzera joan da Jon Euskal
Herritik Temukora. Oharkabean ia, neskaren lagun anarkisten bidez,
maputxeek beren lurraren alde daramaten borrokan nahasten joango da eta,
xalotasunez, blog batean idatziko ditu bere zalantza, irudipen eta
kezka guztiak. Ez da konturatzen Txileko botereak bere inguruan
anbizioaren eta errepresioaren amarauna josten daudela eta, erortzean,
haren gezurrak ere jausiko direla.

Asel
Luzarragak 2009an Txilen pairatu zuen polizia-muntaiaren arrasto
nabaria dauka nobela honek, mamian eta azalean. Orduan pairatu zituen
gezurrek bultzatu dute idazlea pertsonaia hauen egia idaztera.

Agur bero bat

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

A20 kanpainaren desinformazioa argitzen

Hauteskunde ziklo baten aurrean gaude eta, berriz ere, asko dira
aukera bakoitzak -alderdi jakinentzako botoa, boto zuria, boto
baliogabea edo abstentzioa- esan nahi duenari buruz irakurri eta
entzuten diren zalantzak, informazioak eta desinformazioak
Zenbait ildotatik, proposatzen ari den aldaketa desiragarriaren
ikuspuntutik, eta egungo egoerara ekarri gaituena berriz nagusitzea
inola ere bultzatu nahi ez dela ulertuta, zenbait ahots entzun dira
honako aukerak sustatu, argitu edo zehaztu dituztenak, eta haiei helduko
diegu:

1. Alderdi txikiei boto ematea.
2. Boto zuria ematea.
3. Boto baliogabea ematea.
4. Abstenitzea.

Objektibotasun ahalik eta handienaz eta , doktrinetatik at,
praktikotasunaren eta esanahiaren ikuspegitik azaltzen ahaleginduko
gara. Horretarako, lehenago, jesarlekuak banatzerakoan botoak zelan
zenbatzen diren ezagutu behar da.

Kongresuko jesarleku kopuru osoa (gauza berak balio du Senaturako,
Batzar Nagusietarako, Udaletarako…), %100, alderdi guztien artean
banatzen da, zein ere den parte hartze indizea, hots, ez da jesarleku
hutsik uzten. Botoa, sistema parlamentarioan, norberak daukan banakako
botere zatia da, eta ordezkapen sisteman eskuordetu edo, ez erabiliz,
beretzat gordetzea erabaki dezake. Boto baliogabeak ez dira zenbatzen
eta, beraz, jesarlekuen banaketa legez emandako boto guztien artean
(legezko hautagaitza duten alderdientzako botoak + boto zuriak) egiten
da. Legez emandako botoen kopurua hartuta, jesarleku bat lortzeko behar
den gutxieneko kopurua ezartzen da. Boto zuriak eta jesarlekua lortzeko
gutxieneko boto kopurua lortu ez duten alderdi politikoei emandakoak,
D’Hont sistemaren bidez banatzen dira, eta boto gehien jaso duten
alderdiei eransten zaizkie, gehien bat irabazleari. Aritmetikoki, horrek
ahalbidetu ohi du alderdi batek gehiengo osoa lortzea legez emandako
botoen %50 eskuratu beharrik gabe. Parte hartze handia dagoenean,
jesarleku bat lortzeko, boto kopuru handiagoa behar da. Aitzitik, parte
hartze txikiak jesarleku bat lortzeko behar den boto kopurua murrizten
du.

Ikus ditzagun orain arestiko aukerak argibide horien argitara

1. Alderdi txikiei botoa ematea: Aukera honen bidez, egungo egoera
aldatu nahi dela oinarri hartuta, ordezkapen sistema onartzen da, bere
maila guztietan, hots, norbaitek ordezkatua izan gura da, baina
alderdi-bitasuna edo ordezkatuak izan ohi diren alderdiek politika
kontrolatzea saihestu nahi da. Zentzu horretan, erabilgarria izan
daiteke, bozkatutako alderdiak boto kopuru nahikoa lortzen badu.
Bestela, arestian ikusi denez, D’Hont sistemak alderdi irabazleari
emango dizkio horietako gehienak, haren abantaila handituta.

2. Boto zuria ematea: Aukera honek esan nahi du ez digula axola nork
gobernatuko gaituen, edo inork ez gaituela konbentzitu, baina norbaitek
egitea nahi dugula. Praktikan, hitzez hitz, irabazleari txeke zuria
ematea da. Parte hartze indizea handitzen du eta, beraz, garestiago
jartzen du jesarlekua (alderdi txikiek zailago izango dute tartaren
banaketan leku bat lortzea), eta D’Hont sistemaren bidez gehien bat
alderdi irabazleari gehitzen zaizkio.

3. Boto baliogabea: Aukera honek esan nahi du aurkeztutako alderdi
politiko guztien aurka gaudela, baina hauteskunde sisteman parte hartu
nahi dela. Sistemaren funtzionamenduaren aurkako protesta edo zigor modu
bat da, osorik zalantzan ipini barik. Abstentzioak bezala, legez
emandako botoen artean zenbatzen ez denez gero, merkeago uzten du
jesarlekua, eta aukera handiagoa ematen die alderdi txikiei ordezkapena
lortzeko.

4. Abstenitzea: Aukera honek esan nahi du ez garela hauteskunde eta
parlamentu sistemaren partaide egiten, orokorrean. Prozesuari berari
zilegitasuna kentzeko modua da, zein ere den emaitza. Boto baliogabearen
kasuan bezala, emaitzan duen ondorioa da, legez emandako botoen
proportzioa murrizten duenez, merkeago jartzen dela jesarlekua, eta
errazagoa dela alderdi txikiek ordezkapena lortzea. Aukera bien arteko
aldea ordezkapen sistemari aitortu nahi zaion zilegitasun maila da.

Bizkaia adibide hartuta, guztira 8 jesarleku banatuko dira bertan
(9tik murriztu ziren, lurraldearen demografia murrizketaren ondorioz).
Parte hartzea zenbat eta handiagoa, 8 jesarleku horietako bakoitzak boto
kopuru handiagoa beharko du, eta parte hartzea zenbat eta txikiagoa,
boto kopuru txikiagoa. 2011n, 11 hautagaitza aurkeztu dira. Horrek esan
gura du, pentsa litekeen kasurik lehiatuenean, haietako 8k lortuko
luketela ordezkapena, bana, alegia. Azken hauteskunde orokorretan,
2008an, Bizkaian 21 alderdi aurkeztu ziren , eta jesarleku horiek
hiruren artean banatu ziren: PSE-EE (4), EAJ (3) eta PP (1). Boto zuriak
eta gutxienekoa (esan denez, parte hartze handiago edo txikiagoaren
arabera aldatuko da) lortu ez duten alderdi politikoek jasotakoak,
lurraldean garaipenagatik lehiatzen diren alderdi politikoei gehituko
zaizkie, jesarleku gehiago edo gutxiago emanez. Boto zuriak eta
abstentzioak dira ezein hautagaitzari gehituko ez zaizkion bakarrak,
baina osotasunari eragingo diote.

Orain aukera zurea da, gura dituzun ondorioen, mugitzen zaituenaren
eta zure kontzientziak diotsunaren arabera. Zuk baino ezin duzu
interpretatu zugan bizi dena. A-20an, eta zure bizitzako egun guztietan,
askatasunez, erantzukizunez eta elkartasunez pentsatu, erabaki eta
jardun. Informa eta presta zaitez, parte hartu, lagundu eta izan.

Sarean dabilen Anonymousen #OP20N kanpainari buruzko bideoari dagokionez, honakoa argitu behar da:

Oso polit dago eta zenbait egia dio, baina zer pentsatu asko ematen
duten zenbait akats eta ahazte bitxiak dauzka. Hasteko, Konstituzioa eta
gizarte bakea, ez ziren hainbeste onartu eskuinaren azpijokoagatik,
bideoan berariaz diotenez, ezkerren -PSOE, PCE eta UGT eta CCOO
sindikatuak- ekarpen eskuzabalagatik baizik. Multzo politiko-sindikal
horrek zelaitu zuen bidea, gogoz hartu zuen parte idazketan, eta sari
oparoak jaso zituen neska-mutil zintzoak izateagatik. Filmeko gaiztoak
aurkeztarakoan, behin eta berriz aipatzen ditu lau: PSOE, PP, CiU eta
EAJ, eta “beste batzuk” ezkutu batean uzten du Estatu mailako botoetan
hirugarren indarra dena: IU, besteak bezain partaide egungo politiketan
eta askotan “ardura” politikoaren izenean jokatu duena,
“egonkortasunaren” alde (haien egonkortasuna, ez gurea). Proposamena
egiteko garaian, azterketa alderdikoia eta iruzurgilea da, honakoengatik
(eta edonor gonbidatzen dut kontrakoari buruzko datuak ematera): boto
zuria eta abstentzioa emaitza beraren baitan aurkezten dira. GEZURRA!
Boto zuriak, hala da, alderdi handien alde egiten du, boto zenbakarria
delako eta, beraz, legez emandako botoen %an sartzen denez, jesarleku
bakoitzak boto kopuru handiagoa behar izatea dakar, garailea indartuz
(proportzioz esleitzen dira ordezkapena lortu duten alderdien artean,
eta ia osorik doazkio indar garaileari, ordezkapenik lortzen ez duten
ALDERDI TXIKIEI emandako botoek bezalaxe, bideoan isiltzen den beste
kontu bat). ABSTENTZIOAK, aldiz, boto BALIOGABEAREN ondorio berberak
dauzka, zenbaketari begira. Boto BALIOGABEA ez da legez emandako
botoetan zenbatzen, eta abstentzioaren ondorio praktiko BERBERA dauka:
legez emandako boto portzentaje txikiagoa egonda (legez aurkeztutako
alderdientzako botoak gehi boto ZURIAK), jesarleku bat lortzeko boto
kopurua txikiagoa da eta, KASU BIETAN (abstentzioa eta baliogabea),
alderdi HANDIAK kaltetzen ditu eta aukera gehiago ematen die txikiei.
Boto BALIOGANEA, azken finean, botoa denez, botoa emateko, norberaren
boterea hauteskundeak irabaziko dituztenengan, zein ere diren,
eskuordetzeko ekintzarekin adostasuna adierazten du. Benetako mezua
honakoa litzateke: EZ DUT INOR GOGOKO, BAINA SISTEMA HAU NEURE EGITEN
DUT ETA, BERAZ, EMAITZA ERRESPETATZEN DUT. ABSTENTZIOAREN mezua,
BALIOGABEAren eragin “praktiko” berbera izanda, oso bestelakoa da: EZ
DUT SORTU DUZUEN SISTEMA HONETAN PARTE HARTZEN ETA NEURETZAT GORDETZEN
DUT NIRE EKINTZA ETA ERABAKI AHALMENA. EZ DUT HAUTESTONTZIEN EMAITZA
ONARTZEN, EZ BAITUT NEURE EGITEN.

Anonymousen bideoaren egileek nahi dutela diotena (sistema aldatzea,
eta ez hura salbatzea edo ukitu batzuk ematea) benetan nahi balute,
ABSTENTZIORAKO dei masiboa egingo zuketen. Onartu egiten dute abstentzio
masiboa litzatekeela eraginkorrena sistema baliogabetzeko, baina
berehala baztertzen dute ezinezkoa delakoan. Aukera hori gutxiesteko,
zurigarri, seguruenik alderdi politikoek eta desinformazio hedabide
masiboek erabiliko duten diskurtsoa darabilte; dirudienez, horien
iritzia da kontuan hartu behar duguna eta alderdi eta hedabide horiek ez
dira gai diskurtso gutxiesle eta manipulatzaile bera beste aukerei
buruz, komeniko balitzaie haiek ikusezin bihurtuz edo euren interesen
arabera interpretatuz. Ez zatekeen sistemaren baliogabetasuna erakustea
egingarriagoa izango, hautua alderdi txikien (lerro artean argi ikusten
da zer alderdi “txikiri” begira dauden) eta boto baliogabearen artean
sakabanatu beharrean, aukera bakarrean, botorik ez ematean, pilatu
balute? Aitortu gabeko arrazoiren batengatik batzuei beldurra ematen die
horrek eta M15eko partaide batzuk hastapenetatik garatzen ari diren
mugimenduari buruz ohartarazi behar digu: abstentzionistak erakarri eta
haien haserrea alderdi “txiki” baterantz bideratzeko maniobra, izena
aipatu barik, oso nabarmena izan ez dadin, ea Estatu mailako boto
kopuruan hirugarren indarra ez ote den. Drakula odolez elikatu eta hura
barik geratzen zaion bakarra bere hilkutxan atseden hartzea den legez,
alderdi politikoak, GUZTIAK, eta haien kideak, botoz elikatzen dira, eta
haiek barik… ez dugu esan behar zer geratuko litzaiekeen, ezta? Bideoa,
erdiko zatiko egiek interesa izanda ere, manipulazio trebea da,
hasieran historia kontatzeko eta amaieran aukerak azaltzeko moduari
dagokionez. Erne!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Euskal Herrietako I. jardunaldi eta akanpada libertarioa

image

· Irailak 1 Osteguna (Jueves 1 Septiembre):
17:00 – Denden muntaia. Otxandioko Plazan topatzen gara (Montaje de tiendas. Nos encontramos en la Plaza de Otxandio).
19:00 – Kalejira Otxandion: bertsopoteoa, txalaparta eta alboka. (Pasacalles en Otxandio).
20:00 – Koblakari Zirku Konpainia. Publiko guztientzat. (Espectáculo circense para todos los públicos de la mano de Koblakari).
22:00 – Afaria akanpadan. Afalostean “Vivir la utopía” filmaren
proiekzioa. (Cena y proyección de la película “Vivir la utopía”).

· Irailak 2 Ostirala (Viernes 2 Septiembre):
09:00 – Gosaria. Ostean, eguna antolatzeko bilera. (Desayuno y reunión organizativa).
11:00 – Ibilaldia Albinako urtegira. 2 km inguru. (Paseo al pantano de Albina).
14:00 – Bazkaria. Distri libertarioen topaketa iraunkorra. (Comida y encuentro permanente de distris libertarias).
17:00 – 18:30 – Hitzaldi / Tailerra: “Hezkuntza askea”. (Charla / Taller: “Educación libre”).
19:00 – 20:30 – Hitzaldia: “Gaztelako komuneroak”. (Charla sobre lxs comunerxs de Castilla). (Vallekas).
21:00 – Afaria. (Cena).
23:00 – La Banda Katxarrista eta Sormen Gaua: zu zeu artista!
Eszenatokia libre, bakarrizketak, musika, antzerkia, … (Concierto de
la Banda Katxarrista y escenario libre).

·Irailak 3 Larunbata (Sábado 3 Septiembre):
09:00 – Gosaria. Ostean, eguna antolatzeko bilera. (Desayuno y reunión organizativa).
11:30 – 13:00 – Zaballa makroespetxeari buruzko hitzaldi eta
dokumentala. (Charla y documental sobre la macrocárcel de Zaballa).
14:00 – Bazkaria. (Comida).
17:00 – 19:00 – Euskal Herrietako Koordinakunde Libertarioaren
asanblada orokorra eta irekia. (Asamblea general y abierta de EHKL).
21:00 – Herri afaria Otxandioko Gaztetxean. (Cena popular en el Gaztetxe de Otxandio).
22:30 – Jaia / Kontzertua Gaztetxean (Fiesta / Concierto en el Gaztetxe):
– La Banda del Abuelo (Spaghetti Rock Arrasatetik)
– Alperrikako Bizien Jabe (Bikote akustikoa Errespalditzatik)
– Demokrazia Zero (Hardcore / Punk Zizuretik)
– 28 Eskupitajos de Semen (Punk klasikoen bertsioak Bilbotik)
– … Guateke Jaia

· Irailak 4 Igandea (Domingo 4 Sptiembre):
09:00 – Gosaria. Ostean, eguna antolatzeko bilera. (Desayuno y reunión
organizativa).12:00 – 13:30 – Solasaldia: “15-M”. Bizkaia. (Coloquio
sobre “15-M” Bizkaia).
14:00 – Bazkaria. (Comida).
16:00 – 18:00
– Solasaldia: “Anarkismoa eta askapen nazionala / Anarkismoa eta euskal
nortasuna”. (Coloquio sobre anarquismo y liberación nacional /
Anarquismo e identidad vasca).
– Akanpadaren bukaera, dena batu eta garbitu. (Fin de la acampada, recogida y limpieza).

(a)kanpada libertarioa

EHKL

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Busturialdeko herri-batzarrak aurrera jarraitzen du

Kostata eta astiro hasi da, baina Busturialdeko herri-batzarrak
aurrera jarraitzen du, eskualdera demokrazia deitzea merezi duen
bakarra, herriak asanbladetan, horizontalki, buruzagitza eta
ordezkaritzarik gabe bere kabuz antolatua, araikitzeko prest, harriz
harri. Zure parte hartzea baino ez da falta, zure ideiak eta
proposamenak, denon artean kapitalismotik eta Estatutik haragoko Busturialdea eraiki dezagun.

Hona batzarraren adierazpena eta jarduteko oinarriak, partaideen adostasunaren bidez aldaketerara beti zabalik daudenak.

BUSTURIALDEA
AZUZOLANEAN

ADIERAZPENA


Batzar
honetan bildutakook honakoak adierazi nahi ditugu:

Testuinguru
historikoa

Gaur
Gernikan bildu gara herri honek Bizkaiko demokrazia eta askatasun
historikoan daukan garrantzia eta sinbolismoa aintzat hartuta. Hemen,
arbola honen inguruan batzen ziren Bizkaiko udalerrietako
bozeramaileak euren elizpeetako herritarren ahotsa helarazteko. Azken
mende biotan Errepublika zein monarkia parlamentarioaren itxurapean,
liberalismoak Europako herri gehienetan inoiz egon ziren batzar
irekiak desagerrarazi zituen eta gutxiengoaren interes ekonomiko eta
politikoen mesedetan diharduten alderdiak demokraziarako
ezinbestekoak direla sinetsarazi nahi izan digu; horrekin batera,
desamortizazioen mozorropean, lur komunalak desagertu eta jabetza
pribatua nagusiarazi ditu. Era berean, herriak Estatu jakin batzuen
pean uniformatzeko eta identitate kultural oro oligarkia ekonomikoen
interesen arabera moldatzeko prozesuari ere ekin zitzaion, odolez eta
printzipio demokratiko guztien aurka. Hau guztia dela eta,
herritarrok politika publikoetan parte hartzeko ditugun bitartekoak
oso-oso urriak eta eskasak dira.

Hala
ere, ez dugu sena galdu eta oroimen historikoa erabat ezabatzea ez
dute lortu. Horregatik erabaki dugu Gernikan batzea, Iparragirreren
berbak hartuta: “eman ta zabal zazu munduan fruitua”, geure
buruarentzat nahi dugun fruitua, askatasuna, munduko herri
guztientzat eta neurri berean nahi dugulako, herri guztien arteko
parekotasunean eta elkartasunean sinesten dugun heinean. Benetako
demokrazia bakarraren sena iratzartzen hasi den honetan, herri
batzarren prozesuak atzera ez egiteko eta hari gure ekarpena egiteko
konpromisoa hartu dugu. Busturialdeko herritar guztiei, zein ere den
haien sexua, adina, arraza, jatorria, ideologia, lanbidea…, herri
batzarra osatu eta bertan aktiboki parte hartzera dei egiten diegu.
Politika, ekonomia eta justizia bezala, herritar guztion eguneroko
eginkizuna da eta zenbait mendez bahitu izan digute. Aldarrikatu nahi
dugu ez dugula politiko profesionalen beharrik.

Adierazpena

Gaur
Gernikan osatu dugun Batzarra burujabea da, ez dago alderdi politiko,
sindikatu, mugimendu, elkarte edo bestelako erakundeen mende, eta
norbanako askeek osatzen dute, inoren buruzagitzarik eta
ordezkaritzarik onartu gabe. Haren helburua demokrazia berreskuratzea
eta bertan eskualdean herritar guztioi sortzen zaizkigun arazo mota
guztietarako irtenbideak bilatu eta adostea da. Herritarrok adin
nagusikoak gara eta ez dugu inoren tutoretzarik behar. Herri jakintza
herritar guztion banakako jakintzaren batuketa baino gehiago, haren
biderketa da. Herritar bakoitza teknikaria eta aditua da ezagutzen
duen alorrean. Jakintza hori eta elkarlana baino ez ditugu behar
dauzkagun eta sortuko zaizkigun arazoei aurre egiteko.

Horretarako
batzarretan antolatu gara, funtzionamendu horizontalari jarraituz,
eta batzar honek hala erabakita edonoiz alda daitezkeen honako
irizpideak adostu ditugu:

1.
Osatu dugun batzarra horizontala eta burujabea da, batzarrean bertan
eztabaidatu eta onartutako erabakiak baino ez dituela bere egiten.

2.
Lehenengoa Gernikan egin bada ere, Busturialdeko edozein herritan
egin daiteke, batzarrak berak hala erabakiz gero, eta etorkizunari
begira asmoa herri edo auzo bakoitzak bere herri batzar burujabea
izatea da. Hala balitz, orain osatu dugun honek eskualdeko guztiak
koordinatzeko eta arazo komunak erabakitzeko baino ez luke balio.

3.
Batzarrak berak beharrezkotzat jotzen dituen eginkizunak zozketaz
banatu eta txandakakoak izango dira, inor kargu batean ez betikotzeko
eta bertikaltasun oro saihesteko, denok edozer ikasi eta egiteko gai
garela oinarri hartuta. Eginkizun baten ardura hartzen duten
pertsonek ez dute euren burua ordezkatuko, batzarraren agindua bete
baino, beraz, norberaren iritziak alde batera utzi eta batzarrak
erabakitakoa betetzera mugatuko dira, batzarraren izenean diharduten
bitartean.

4.
Batzarrean edozein herritarrek ekarritako gaiak eztabaidatuko dira,
aurreiritzirik , mugarik eta bereizkeriarik gabe, adostutako denbora
tartearen barruan.

5.
Batzar bakoitzean hurrengoan eztabaidatuko diren gaiak finkatu eta
aurrekoan eztabaidatutakoak erabakiko dira. Horrela, arrazoizko
tartea utziko da hurrengoan eztabaidatu beharreko gaiei buruzko
informazio ahalik eta zabal eta objektiboena lortzeko eta,
eztabaidatu ondoren, tarte nahikoa egongo da eta partaide bakoitzak
esandakoei buruz bere hausnarketa egiteko. Gai ordenak Busturialdeko
herri guztietako leku publikoetan eta interneten jarriko dira
herritar guztiek prestatzeko aukera izan dezaten, betiere eskualdeko
herritar guztien arteko horizontaltasuna bermatze aldera.

6.
Batzarraren helburua Busturialdeko herritarroi eragiten diguten gai
guztiak antolatzea eta merkatu eta kapitalismotik kanpoko
berdintasuna eta askatasuna bultzatzea da. Horretarako, posible den
neurrian, eskualdeko baliabideen kudeaketari, ekoizpenari eta
banaketari buruzko erabakiak bere gain hartzen ditu batzarrak,
elkar-laguntzan eta auzolanean oinarrituta.

7
Batzarrak askatasun osoa dauka nahi duen batzar guztiekin federatzeko
edota koordinatzeko, edozein unetan loturak sortu diren legez
askatzeko eskubide osoa beretzat gordez.

8.
Batzarraren lan hizkuntza euskera da. Hala ere, mendeotan
Busturialdera beste hizkuntza batzuk ere iritsi direla eta iritsiko
direla jakitun, batzarretan edozein hizkuntza erabili ahal izateko
eskubidea bermatzeko ahalegina egingo da, hizkuntzak komunikaziorako
bide eta ez oztopo izan daitezen.

9.
Batzarretan Busturialdean bizi den herritar orok parte har dezake,
berdintasunez eta inongo mugarik gabe. Hori hala izanda, dei egiten
diegu euren burua etorkintzat dutenei bazterrean ez geratu eta denok
osatzen dugun jendarte honentzako erabakietan aktiboki parte har
dezaten. Horrek denok aberastuko gaitu eta, inor “integratu”
barik, jendarte integratua sortzeko aukera emango digu.

10.
Batzarrak gatazkak konpontzeko bide baketsuen alde egiten du eta
sistemaren egiturazko indarkeriaren aurrean herritarrek bere burua
antolatzeko eskubidearen zilegitasuna ere aitortzen du.

11.
Batzarrak erabakiak aho batez hartzeko ahalegina egingo du beti
baina, gutxiengo batek beto eskubidea ezar ez dezan, batzarrak berak
aldez aurretik finkatutako denboraren barruan halakorik lortzen ez
denean, gaiaren garrantziaren arabera batzarrak finkatutako gehiengo
sinpleak edo gehiengo zabalak erabiliko dira.

12.
Hurrengo batzarra egiteko tokia eta data batzar bakoitzean erabakiko
da, gaien garrantziaren edo premiaren arabera informazioa biltzeko
eta hausnarketarako epeak luzatu edo laburtu daitezkeelarik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , , , , | Utzi iruzkina

EHKLren lehenengo kanpladi libertarioa

Behin-behineko programa

ehlibertarioak-k publikatua

AKANPADA LIBERTARIOA=KULTURA ANARKISTA

Irailaren
1,2,3,eta 4a Otxandio-olaeta

IRAILAK 1 EGUENA

17:00tan akanpadaren hasiera,denden jarketa.

19:00tik 21:00ra kalejira+bertso poteoa Otxandiotik,txalaparta,alboka etabar.

22:00eatn afarixa akanpadan

23:30etan alternatiba comuneroen hitzaldia

00:00etan afalostean sute ondoan,izarpean film libertarioen emanaldia´vivir la utopia´,´caballo salvaje´etabar.

IRAILAK 2 ORTZIRALA

9:00etan gosarixa ordu erdiko bilera eguneko lanak antolatzeko.

11:30etan txango/ibilaldia Albinako urtegira 2km inguru.

14:00tik eurrera bazkarixa.

16:00tik 17:30ak arte Alternatiba-sartzeko-comunero libertarioen hitzaldia

18:00tik 19:30ra pedagogia/hezkuntza askea hitzaldi/tailerra larrabetzu,berango
eskola libreen partetik. Distri alternatiboen topaketa iraunkorra
etxolan, garapenkeriaren aurkako erakusketa iraunkorra, ezkerraldeko
asanblada
antidesarroilista.

21:00etan afarixa.

23:00etan sormen gaba,hi heuk artista!eskenatokia libre,bakarrizketak,musika,antzerkia,pailasoak etabar.
IRAILAK 3 LARUNBATA

9:00etan gosarixa ordu erdiko bilera antolatzailea.

11:30tik 13:00a arte kartzelen inguruko solasaldia Atodefentsa kolektiboaren eskutik.

14:00etan bazkarixa.

17:00tik 19:00ak arte E.H.K.Lren asanblada ireki eta orokorra.

21:00etan afari herrikoia Otxandioko gaztetxean.

22:30tik aurrera jaia gaztetxean kontzertuak.

  • Mandril
  • bakarlaria(aiaraldea)
  • 28 eskupitajos de semen (blibo, irola irrati librea)punk bertsio klasikoak.
  • Ovarios 33 (bilbo) hausleak.
  • Louis Michel (zarautz)
  • jaia/guatekea dj bategaz.

IRAILAK 4 IGANDEA

9:00tik eurrera gosarixa.  Ordu erdiko bileratxoardurak banatzeko.

12:00tik 13:30ra hitzaldi/solasaldia 15-m kale auzotarrok-en eskutik (bilbo)

14:00etan bazkarixa.

16:00tik 18:ooak arte solasaldi/eztabaida anarkismoa eta askapen nazionala/anarkismoa eta euskal nortasuna.

Akanpadaren amaiera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Busturialdeko herri batzarra

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , , , , | Utzi iruzkina