SGAEri mugak ipintzen

Dirudienez, egile eskubidearen gaineko eztabaida zabaltzen eta barneratzen doa gizartean, eta albiste onena da azken boladan hainbat auzitegi izan direla SGAEren jardun mafiosoa kolokan jarri dituztenak. Horri buruzko azken albistea gaur jaso dute hainbat komunikabidek, eta Bartzelonako epaitegietatik dator. Han, Barrapunto-n lehenago, eta bestelako komunikabideetan ondoren irakurri dudanez, epaile batek zalantzan jarri du SGAEk informatika dendei kobratzen dien sari edo kanonaren bidezkotasuna, batez ere, saltzen diren CD edo DVDak babesik gabeko informazioa gordetzeko denetan. Denok dakigu egun leku gehienetan kobratzen zaizkigun kanon horiek itsuak direla, ez dutela bereizten emango zaien erabilera, eta denoi suposatzen zaigula delitua, erruduntasun presuntzioa dela araua, alegia.

Azken boladan SGAEren gehiegikeriei aurre egiteko iritsi den beste bat EXGAE izan da, eurek dioen legez, herritarrak SGAE eta bestelako kudeaketa erakundeen gehiegikerietatik askatzen espezializatutako lehenengo lege aholkularitza. Haren asmoa kultura zabaltzeko bestelako filosofien alde egitea da. Ez da gutxi, egungo monopolio pribatu horiei mugak jartzen hasteko.

Guda ez dago irabazita, baina mugimendua indartzen ari da…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Uda erotismoz beterik dator


 
Halaxe agindu digute jaialdi literario honen antolatzaileek. Gure artean, beharbada, ohikoagoa da jan-edana, musika, jai giroa, berdelei, bokartei, atunari eta arrantzontziek dakarzkiguten bestelako gutiziei lotuta etortzea, baina aurten, lehen aldiz, bestelako berdel eta txitxarroak izango dira Bermeoko tala hartuko dutenak.

Letrak ere jan, edan eta miazka daitezke, belarrietatik ere bero kilikagarria sar daiteke, hezetasuna eta hainbat forma bigun zein gogor. Literaturak ere bere lekua behar du kalean, liburuak eskuetan zein hanka artean izanda ondo pasa daitekeelako.

Horixe frogatuko da, besteak beste, maiatzaren 31n. Ea eguraldiak ere han bilduko garenok berotzen laguntzen duen, izan berdel, txitxarro, bokarta zein bestelako itsaski.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

24 urte

Bizitzaren heren bi eta hutsuneak gogoan dirau.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Paralisis, punkaren aurpegi iluna

Gaur omenalditxo bat egin nahi diot 80. hamarkadako talde ilun eta itzel bati. Ez nuke arrazoi berezirik beharko, baina gainera laster, 3 egun barru, Eduardo Benavente kantaria auto istripu batek eroan zuenetik 25 urte beteko dira. Zelakoa den bizitza, urtebete beranduago, egun berean, beste auto istripu batek Gorka eroango zuen, Eduardo baino hiru urte gazteagoa zela eroan ere, eta orain, lehen aldiz, konturatu naiz kointzidentzia horrekin. Efemerideek lotura misteriotsuak sortzeko gaitasuna daukate. Laster 24 urte Gorka barik, beraz, nire bizitzaren heren bi. Azkar esaten da.

Tira, Paralisis Permanenteren irudiak utziko ditut hemen zer gazteak ziren, zer ume ginen, gogoratzeko. Bizitzaren iluna zer gazi-gozoa izan daitekeen gogoan hartzeko.

Azkena benetako irudi barik, baina tira, kriston kanta da eta merezi du. Nork bere hildakoei egin diezaiela negar. Kanpoan eguzki berbera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Itsasoen artean

Hainbat itsasoren artean nabigatzera…, ez, igeri egitera, flotatzera gaude kondenatuta. Lehorrerako borrokari ekin ala olatuei amore eman, korronteei ur berrien bila jarraitu ala apar ezagunei heldu. Esklusak norantz irekiko diren jakin barik. Lema barik. Haize bolada aldaketa baten zain. Itsasoen izenak lanbrotzen diren puntu horretan. Itsasargiak ere bizkarra emanda.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

L’arc-en-ciel vs P’unk-en-ciel

Musikak ezusteko ederrak gorde ohi ditu. Orain dela 10 bat urte, Mutsumiri esker, beste askotan legez, L’arc-en-ciel japoniar rock taldea ezagutu nuen.  Soinu berezia zeukan, batzuetan poperoagoa, beste batzuetan oldarkorragoa, eta are dantzagarriagoa zenbaitetan. Ahotsa ez zen entzun ohi nituen erregistroetan mugitzen, baina gustatu egin zitzaidan.

Hainbeste urte pasa ondoren, talde hura berreskuratzea erabaki nuen lehengo egunean (mila esker berriro ere, aMule maitea), eta diskografia osoa jaisteari ekin. Orduan taldeaz zerbait irakurtzen hasi, eta 1991tik etenbarik jardun duela jakiteaz gain, taldekideen zereginak aldatuta talde paraleloa, alter egoa, hortik ageri den legez, daukatela jakin nuen: P’unk-en-ciel. Hori bai sorpresa! Euren kanten bertsioak estilo punkagoan jotzen dituzte, zuzenekoak egiten dituzte, baina bertsio horiek gehienetan B-side delakoak izaten dira.

Hortik apur bat miatu, eta irakurri nuen legez, hortxe topatu ditut, batek pirata partxea begian (zerbait oso ezaguna ekarri dit gogora horrek…), besteak gas-maskara, eta kriston energia denon artean. Hemen dauzkazue bideo batzuk, haien artean nire gogokoenetakoa zen “Round and round”, baina P’unk-en-cielen bertsioan.

Hasteko, L’arc-en-ciel (animerako egindako kanta bat barne)…

… eta jarraian P’unk-en-ciel!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Zuretzat

Ez zara inoiz sartzen eta beraz ez duzu ikusiko, baina zuretzat da. Kocham cię.

(Yutaka Ozaki – 核 “CORE”)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Louise Attaque

Aspaldian ez dut hemen musika aipamenik egin, eta egia esan, gaur Louise Attaquek bere lekua irabazi du hemengo lerro okertuetan. Kriston musikaria delako, gogoko dauzkadan hainbat estilo eta eragin biltzen dituelako (Violent Femmes sailkaezinenak, besteak beste) eta, besterik ez balego ere, goiza alaitu didalako eta lana arintzen laguntzen ari zaidalako.

Ez naiz luzatuko hari buruz berga egiten, interesa duzuenok hartu beraren zeozer bilatzeko lana, ez izan alferrak. Eta batez ere gozatu frantses honen doinuekin! Esango didazue gero aholku ona izan den…

Niri egin duen guztia gustatzen zait, baina bideoetan, zorionez, nire gogokoenetako batzuk topatu ditut zuei eskaintzeko (zuek delako hori zehazki zer den gutxitan dakidan arren; zein alferrak zareten agur laburtxo bat sikiera lagatzeko!).

(Ez dut uste hori bideo ofiziala danik baina tira, kanta itzela da)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Mandriva 2008.1 Spring kalean

Joan den astetik hona kalean dago Mandrivaren azken bertsioa, 2008.1 Spring. Iaz hasi zen Mandriva urtero bertsio bi ateratzen, udazkenekoa eta udaberrikoa, eta zintzo-zintzo etorri da udaberri aldakor honetara Spring delakoa, gutariko batzuen pozerako.

Barikuan, Powerpoint bertsioa deskargatu orduko, instalatzeari ekin nion. Hasteko eramangarri honetan, lehenengo frogatxoak egiteko, eta dena ondo eta txukun ikusi eta gero, mahaikoan. Astebete joan da eta orain topatu dudanaz apur bat berba egiteko moduan nago.

KDE sistema grafikoari lehentasuna eman ohi diodanez, oraingo honetan, GNOMEzaleei eskainiko diet lehen irudia…

Eta zer dakar berri? Ohi legez, Mandrivaren sistema grafiko kutuna KDE da, eta lehenetsita instalatzen duen bertsioa oraindik 3.5.9 da, baina nahi izanez gero KDE 4 ere instala daiteke. GNOME ere bertan dago, jakina, 2.22 bertsioa.

Zergatik ez den KDE 4 bertsio lehenetsia? Dirudienez, Mandrivan oraindik ez daude guztiz seguru haren funtzionamenduaz, haren egonkortasunaz, baina heldu den udazkenerako agindu dute. Dena dela, nik instalatu eta probatu egin dut. Ez dut esango maitemindu nauela. Windows Vista nire bizitza osoan behin baino ikusi ez badut ere (eramangarri honek derrigorrez ekarri zidan bizkarroi hori bere sabelean, eta piztu ere egin nuen jakin-min hutsagatik), KDE 4ri Vistaren usaina hartu diot. Gero, lagun batek esan zidan ez dutela zerikusirik (eskerrak!), baina badakizue, lehenengo inpresioa… Itcura ederra, oso modernoa dauka, baina betiko KDEtan hain begibistakoak diren konfigurazio aukerak ez ditut lehenengoan aurkitu. Niri ataza-barrak pertsonalizatzea gustatzen zait, beti izaten ditut bi, nire gustuetara egokituta, eta KDE 4n ez nuen argi topatu non egin holakoak. Menu estiloa goitik behera aldatu dute, ikono handi eta ikusgarriak, eta ohiko eskemen ordez hautatu ahala ordezkatzen doazen leiho dotoreak. Mahaigainean hainbat tramankulu erants daitezke, hala nola erloju handia (horretan gogorarazi dit Vista, hain zuzen ere), ikonoen tamainak aldatzeko tresnatxoak agertzen zaizkigu, baita mahaigaina bera aldatzeko (gehiado Compiz lako 3Dko sistema grafikoei begira, seguruenik, mahaigain anitz erabiltzeari begira…). Tira, hemen iruditxo batzuk txapa larregi ez luzateko.

Mahaigainak alde batera utzita, Mandrivak aurreko bertsioan dexente hobetu zuen kanpoko ispiluak (programak sarean jaisteko eta instalatzeko biltegiak, zeozelan esateko) konfiguratzeko sistema, eta Easy Urpmi gunean ere dena automatizatuta egin daiteke orain.

Aurreko bertsioan sareak, wifi konexioak-eta kudeatzeko egin ziren hobekuntzak ere aurrera doaz, eta irudiaren gizartean gaudenez, haien ikonoak ere dotoreagoak dira orain (txikikeria, badakit).

Txartel grafikoen driverrak ere hobetuta datoz. Hau, batez ere, ATI darabilten interesekoa izan daiteke. Nvidia txartelak primeran dabiltza, baina ATI driverrak beti izaten dira kaskarragoak. Zoritxarrez, eskuartean daukadan makinatxo honek ATI dauka, hori akatsa nirea, baina orain driver jabeduna “ia” ondo dabil. Oraindik arazo bat ematen dit, bigarren saio paraleloa abiatzen saiatuz gero, kaput. Nvidian, esan legez, batere arazorik ez. Beraz, badakizue, erosi behar duzuenean hobe ATI txarteletatik urrun!

Aldi bereko saioei dagokienez, badago aldaketa bat. Orain arte, bigarren saioa abiarazten zenean azken horrek ez zeukan soinurik, eta lehenengo saioa, saio nagusia izanda, zen soinua kontrolatzen zuen bakarra. Orain, ordea, saio guztiek erabil dezakete soinua aldi berean. Ez dago txarto, gure kasuan, behintzat, bioteko batek beti jo behar zuen lehenbiziko saiora handik musika edo pelikulak jotzeko. Orain edonoren saiotik jo eta aurrera. Erosotasun kontu txikia.

Dakartzan paketeen artean, Elisa deritzona azpimarratuko dut, Fluendo barruko proiektua. Elisa Media Center multimedia guztiak kudeatzeko programa txukuna da. Bertan, gure argazkiak, bideoak eta musika kudea ditzakegu modu erraz eta dotorean. Abiatzen denan pantaila osoa hartuko digu eta aise mugituko gara gure bilduma guztien artean. Horrez gain, aukera dago Interneteko baliabideak bertan zuzenean erabiltzeko: YouTube, Flickr eta Shoutcast, mementoz. Hemen iruditxo batzuk, ideia bat egiteko:

Beste paketa berria HomeBank delakoa da. Nik KMyMoney erabili dut beti banku kontuei jarraipena egiteko, eta mementoz horri eutsiko diot ez dudalako batere gogorik dena zerotik hasteko, baina HomeBank honek itxura oso ona dauka, eta KMyMoneyk ez dakartzan hainbat ezaugarri, esaterako, aurrekontuak egiteko aukera. Beharbada egunen batean saltoa egingo dut… Hemen irudi batzuk konparatu ahal izateko.

HomeBank


KMyMoney


Bukatzeko, aurkikuntza malapartatu bat ere egin dut. Aspaldian ez nintzen ezertan jolasten, baina eskuragarri dauden jokoen artean kuxkuxeatu eta goitik behera harrapatu nauen jokoa topatu dut, FreeCol, Colonization jokoaren bertsio askea. Eta hor nabil jo-ta-su kolonia egonkor eta jasangarria sortu guran eta inguruko frantses eta espainolei egurra emateko prest, nire kolonoek Bizkai Barria izendatu duten lur “berrietan”…

Jakina, Secondlife eta holako asko ere hor daude gustuko dituztenek instalatzeko zain…

Betiko moduan, Mandrivak hiru bertsio ipini ditu eskuragarri: Mandriva Free, oso-osorik software askea dakarrena; Mandriva One, CD-live estilokoa, disko gogorrean instalatu barik abiarazi daitezkeen horietarikoa, alegia, eta Mandriva Powerpack, hau ordaindu beharreko bakarra. Mandriva Flash delakoa ere eros daiteke. Azken hori 4Gb-eko pendrive horietako batean dator, prest handik zuzenean erabiltzeko eta libre dauzkan 3Gb dauzka nahi diren datuak gordetzeko. Poltsikoko Mandriva, alegia!

Luzetxo geratu zait, ezta? Tira, behin hasiz gero… Hemen utziko dizuet nire makinatxoetan sistema abiarazteko aukeratu dudan bootsplash irudi xarmagarria, Penguin Liberation Front zuen ordenadoreak konkistatzeko prest!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

ZP independentziaren alde

Atzo ZPri apurtxu baten entzunda nahikoa izan nuen ulertzeko Espainiako presidentea Euskal Herriaren independentziaren aldeko mugimenduaren lagun sutsua dela. Antza, demokrazian denetari buruz hitz egin daiteke, aingeruen sexuaz ere bai. Total, hitz egitea debaldekoa da! Batez ere, hitz egiten dena aurrera eroateko biderik ez dagoenean, eta beraz, hutsala. Independentziaz berba egin nahi duzula? Egizu… Azken finean, bere izpiritu guztiz demokrata horretan argi utzi zigunez, %51ek ezin dio %49ri proiektu bat inposatu (%51 hori, ordea, bizi daiteke %49k inposatutako proiektuan, hori integratzailea ei delako). Beste era batera esanda, oraindik eredu autonomikoan aurrera egin daitekeela uste duten inozo horiei argi eta garbi esan die: Espainian dagoena eta beti egongo dena gure Konstituzioa da, kito. Besterik gura duzuela? Independentzia da geratzen zaizuen bide bakarra.

Hori da, beraz, Espainiak uzten digun aukera: gauzak oraintxe bertan dauden bezala, erdiari ere gustatzen ez zaion hori onartu eta baselina apur batekin ipurdian eroso egokitu, edo bilatu behingoz Espainia “demokratiko” horretatik, bere herritar “guztien” iritzi eskubidea (tira, kartzela ekar dezake iritziak, baina azken finean, etxebizitzak daukan prezioa ikusita, seguruenik gazte eta ez hain gazteei arazo horretan laguntzeko estrategia da) babesten ei duen proiektu handi eta “solidario” horretatik ospa egiteko, askatzeko, ihes egiteko modua. Espainia, Espainia, Espainia, handi eta bakarra, ala independentzia. Horretara animatu gaitu azken finean. Gertatzen dena da dialektika oso berezia darabilela gure independentzia nahiari hauspoa emateko. Estatutu berririk, Estatu beraren barruko kokapen eta harreman berririk ez:

I N D E P E N D E N T Z I A

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina