Oraindik ere euskaldun epel-ergel zenbaiti entzuten zaie ez dagoela ezer txarrik Espainiako selekzioak irabaztea nahi izatean. Oraindik ez dute ulertzen Espainia gure arerioa, gure etsaia dela maila guztietan. Eta “gorria” deritzoten selekzio horrek azken Eurokopa, euskaldunoi ukatzen zaigun horretan, irabazi eta berehala Zapaterok erasoa jo du “euskal” usaina izan dezakeen ororen kontra.
Ez da lehen aldia eta ez da azkena izango. Egia esan PSOE eta espainiar ustezko ezker mugimenduek maiz hartu dute nazio sakrosantu banaezinaren defentsa sutsuenaren bandera. Internazionalismoaren lekuan ultranazionalismo orozapaltzailea. Eta holakoetan txiki-txiki uzten dituzte PPren joera faxista guztiak, lekutan, ezdeus. Fatxismo espainolaren txapeldun zer dira eta izan dira ba, psoekoak beti.
Oraingoan, garaipen “historiko” horrek berotuta edo, beharbada telebista aurrean hamaika aldiz isuri ondoren, ZPk argi utzi du edozein euskal talderi laguntza ekonomikoa ematea delitua dela. Euskal Herrian antola daitekeen edozein nazioarteko lehiaketari diruz laguntzeak “nazioa” apurtzen du. Espainiar nazio bakar eta zatikaezina. Francok zalantza egingo luke zein den utzi duen oinordekorik zintzoena. Tau Baskonia, Mundakako surf txapelketa… benetan beldurgarria ei dira, arriskutsuak Espainia bakar horren irudiarentzat.
Holakoen ostean nork egiten du zalantza bide bakarra independentzia dela, ez digutela beste aukerarik uzten? Haien legalitateari men eginez geure burua ukatu besterik ez dugula egiten? Desagertuta nahi gaituztela, urtuta azukre koskor baten antzera? Umiliatuta eta otzan, haien ipurtzuloak miazkatzeko pronto? Eta hori ikusita noiz hasiko dira Xabi Alonso eta haren moduko guztiak ukatzen gaituen selekzioekin parte hartzeari uko egiten? Zer behar dute konturatzeko zeren partaide, zeren laguntzaile, zeren bultzatzaile diren uniforme hori janzten duten bakoitzean? Kirolari batzuek erantzukizunari egingo diote ihes, jakina, arazoa politikariek konpondu behar dutela esanez, haiek kirolariak baino ez direla. Hain zuzen, kirolariak baino ez direlako, asko da egin dezaketena. Eta egin egiten dute, bai horixe, zoritxarrez…
Holako argazkiak ez daitezela gure urteroko folklorearen parte…