Bisturi garaiak

Honakoa gura+haize blogzinerako (A) Belgorriagak idatzitako testua da. Copyleft arauak profitatuz hona ostea erabaki dut… Laster paperean ere egongo da koadrila zoro horren lanaren lehen emaitza!

Bisturi garaiak

XXI. gizaldia XX.a joan legez etorri da, eta antzera bukatuko da
haren lehen hamarkada ere: bisturiak gero eta zorrotzago, lana gero eta
garbiago egiten. Holako garaietan bizi baikara, bisturi garaietan.
Asepsia, higiene, garbitasun garaietan. Eta horrela ebakitzen gaituzte,
horrela ebakitzen dizkigute eskubideak, ahotsa, pentsamendua: anestesia
lehenago, bisturi desinfektatua gero. Dena garbi, ageriko min barik.

Erdi Aroa aizkora garaiak izan ziren Europan. Gillotina garaiak
iritsi ziren gero. Batean zein bestean, odola begi bistan zegoen.
Eskubideekin batera buruak ere mozten ziren, plazan, jendaurrean, lotsa
barik, botere absolutuaren harrokeriaz, lotsagabekeriaz. Baina XIX.
mendean odola isurtzea estetikaren aurkakoa, jabe berrien moralaren
kontrakoa izaten hasi zen.

Egun, gaixotzea bera, are gehiago hiltzea, itsuskeria da, ez dago
ondo ikusita. Beraz, gaixoak, eta are gehiago hildakoak, ezkutuan gorde
behar dira. Edo telebistan erakutsi, baina ahal dela urrunekoak,
itsusia izatea zilegi den herrietan, hala nola Etiopian edo Sudanen.
Gure gizartean denak behar du higieniko, osasuntsu, sasoiko, eder.

Beraz, botereak aizkorak eta gillotinak gorde eta anestesia eta
bisturia erabiltzen ikasi du. Anestesia telebistak jartzen du:
albistegietan non ebaki behar den erakusten digute, ebaketa onar
dezagun. Gizartearen minbiziak, zorneak, tumoreak seinalatzen dizkigu
telebistak, haietan bisturia erabiltzea onar dezagun, are gehiago,
bisturiaren lana eskertu eta txalotu dezagun.

Esaterako, azken egunotan Txileko telebistetan ikusi dudan azken
anestesia: azken boladan sasi-kume batek neskatila bat bortxatu eta hil
duela-eta, jendearen sentsibilitatea prest dagoela profitatuz, Txileko
haur guztien hatz markak eta lagin genetikoak hartu eta gordeko direla
iragarri digute komunikabideek, dena haurtxoen segurtasunerako, inoiz
baten batek bahitzen baditu eta hilda agertzen badira, erraz
identifikatzeko.

Hor dago anestesia, gurasoek eta haurrek eurek pozak txoraturik onar
ditzaten denak poliziaren fitxategietan ondo artxibatuta egotea.
Anestesia horren atzean, noski, bisturia dantzan: belaunaldi oso bat
ezer egin aurretik fitxatuta, etorkizunean sistemaren gogokoa ez den
zerbait egingo balute…

Anestesia nonahi daukagu, alarmak sortzen (“gripea datorrela, gripea
datorrela!), alarma horien aurrean herritarrak lasaitzeko “irtenbideak”
eskaintzen ondoren (“hartu tamiflu! txerta zaitez!”), eta bisturiari
bidea prestatzen (“denon onerako aireportuetan neurri zorrotzagoak
behar dira”, “ez elkartu gehiegi, ez joan gertaera jendetsuegietara”).

Sentsibilizazio berba darabilte maiz anestesiari deitzeko. Guk
anestesia irentsi eta prest dauzkagu gorputza eta burua bisturiari
egiten uzteko. Eta bisturiak ez du atsedenik hartzen. Edonondik
ebakitzen ditu gure eskubideak, edonondik murrizten gure askatasuna.
Garbi, agerian odolik utzi barik, minik barik.

Agian ebakuntzan giltzurrunik edo gibelik gabe laga gaituztela
konturatuko gara egunen baten, anestesiatik itzartzen garenean, baina
orduan lasai, komunikabideek sinetsaraziko digute hobeto bizi garela
giltzurrun edo gibelik barik.

Bisturia, ordea, kultura arrotzekoa da. Berbari erreparatzea baino ez dago. Aizkora, behintzat, ezagutzen

genuen, haren lana garbi ikusten genuen. Haitzetik, Harri Arotik datorren lanabesa izanda, haren aurrean

defendatu behar genuela ere bagenekien. Baina bisturiari ez diogu
usainik ere hartzen. Jakina, ez dauka usainik, hain da garbia tresna
zorrotz eta zoli hori.

Badaukagu oraindik geure-geurea den tresna, hura ere Harri Arotik ondo dazaguguna: guraizeak, artaziak,

harriz zein burdinaz eginda egon, ondo menderatzen dugun lanabes
xume eta herritik sortua. Guraizeak katamalo aseptiko horien sokak
ebakitzeko erabil ditzakegu. Plastikozko aurpegi higieniko zuri horien
atzean ezkutatzen dena agerian uzteko.

Has gaitezen, bisturi garaien aurrean, guraize garaiak
aldarrikatzen. Katamaloak, mozorroak, marrauak anestesia barik mozteko
ez dugu besterik behar.

(A) Belgorriaga

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude