Gure musikarien historia minorizazio historia da

“Klase ertaina desagertu da euskal musikaren zirkuitutik” gogoratzen zigun Jon Eskisabelek (segi idazten, Sam) Anariren hitzak hartuta. Jende asko edo gutxi joaten ei da kontzertuetara eta neurririk ezin hartu. Garairik onenak pasata dituzten musikariak aipatzen zituen: “Joseba Tapia, Jabier Muguruza, Mikel Urdangarin, Anje Duhalde, Txuma Murugarren edota Mikel Markez”. Eta dezente luzeagoa da zerrenda, oso gutxi libratzen dira. Esango nuke musikari-sortzaileak garai onean daudela; gutxiago, baina antolatzen direla kontzertuak eta kale egitekotan jendeak egiten duela kale. Baina zer egiten dugu jendeari errua botata?

Formatu txikira eta tabernetara bueltatu behar duela iradokitzen zen artikuluan eta ez dakit ba. Uste dut kalte egiten diogula sorkuntza lanari horrelako irtenbideetara makurtuz. Sortzaile handi horiek kultura errota moduko ekimenetan ikusi behar ditugu Euskal Herriaren luze-zabalean? Hori da “orain dagokiguna”? Kultura errotan parte hartu behar ez denik ez dut esango, baina harantzago begiratu behar dugu, tabernetatik eszenategietarantz.

Krisia kultura kontsumo aldaketetan badago, gazteenek eta ez hain gazteek nahiago dute zinema komertzialetan Super Combo handiarekin Coca Cola edan, lokaletan play batekin jolas egin edo telebistari mozolo-mozolo orduak eskaini. Entzun berri diot Literaturian Gotzon Barandiarani bizitzeko behar dugula kultura, “jatea edo edatearen parean” eta “jendartearen ongizatea bultzatzen badugu kultura bultzatu behar” dugula. Ados, baina nago ez dugula euskal kultura (literatura, kantagintza, antzerkigintza…) gozamen moduan saltzen. Bai, ez da nahikoa egitea, SALDU ere egin behar da. Zinean gozatu dut “Gazta zati bat” politikoa ikusten eta ondoren filmaz berba egiten, gozatua izan da Morau eta Balerdi Balerdiren kontzertuaren parte izatea, ederra Xabier Montoia norberari kantatzen entzutea. Baina zein da saltzen dugun irudia? beharbada deitu geniezaioke: irudi kultureta. Eta positiboa behar lukeen kultureta hitza hain urrun dago Combotik, Wii-etatik…

Saldu aipatu dut, baina nork saldu? Hedabideek asko lagundu dezakete honetan, baita kontzertuak mimatzeaz gain zabaltzeaz edo ageriko bihurtzeaz arduratzen diren antolatzaileek (kartelak, webak, sare-sozialak…)… Baina musikariek? saldu behar dute beraien burua musikariek? non ikusi dira elkarrizketa bat proposatzea “marroitzat” duten musikariak? Herri batera joan eta antolatzaileekin zein ikusleekin harremanak izatea putadatzat dutenak? Twitterren perfil bat zabaltzea eta kontzertua non duten tuiteatzea frikien kontua dela uste dutenak? Blog baten iritziak idatzi, argazkiak erakutsi, edo zaleei kasu egitea planteatu ere egiten ez dutenak? Harreman osoa managerraren esku uzten dutenak?
Sortzaileak saltzaileago izateak ekarriko luke hedabideetan ere leku zentralagoa eta sakonagoa izatea. Sortzailea bera hasi behar da lantzen euskal musika, eta kultura oro har, agerikoak izan daitezen eta jende gehiagorengana heldu. “Izan media”

Ez dakit zeinen eskutan utzi duten sortzaileek komunitateak sortzea, baina beraien egitekoa ez dela pentsatzen badute ez diote hausporik ematen euskal kulturari. Noski, orokortzea… Esaterako, Berri Txarrakek zelan mimatzen duen bere jendea ikustekoa da; edo talde-lan bat aipatzearren, herriz herri lagunak eta lagunak dituzten bertsolariak. Adibide hau aipatu nuen lehen ere. Hauek ez dute administrazioen esku utzi komunitateak sortzearen langintza, izan ere, ikusten dihardugu zer egiten ari diren herri-administrazioak, Aldundiak… Inork bereizi dezake EAJk egiten duen politika, PSErena edo Bildurena? Ez dut bereizketa handirik sumatzen. Nola liteke euskara eta kultura oinarri duten taldeei jaitsierak aplikatu eta udaltzainei ez aplikatzea, edota Aldunditik %10 jaistea zinemaldiari eta kultura departamentu osoari %40? Ez digute “euskal” marka indartzen laguntzen eta tamalgarria da. Irtenbidea ez da etorriko politikatik, baina gutxienez euskal kultura zentroan jarri eta laguntzak biderkatzea dagokie berba loratuetatik haratago eginez.
 
Gure kulturara publiko gehiago ekarri behar dugula pentsatzen dutenetakoa naiz ni. Jakina da hizkuntza dugun letxe gure musika ere minorizatua dagoela, baina jokatu beharko genuke egoera orekatuagoa bailitzan. Hau tranpa dela usteko duenik ere bada, baina musikak eskatzen du argi koloretsu eta distiratsutik, dezibelio egokitik, eszenategi zaindutik… Distira ere behar dugu euskal musika minorizaziotik ateratzeko, eszena mimatzea eta akaso sortzaileek egiten dituzten disko landu horiek bere osotasunean defendatzeko tabernak baino gehitxoago ere beharko da.
 
Noski, Urretxuko Fox (ez dut ezagutzen…) moduko antolatzaileendako biba! Fox, hainbat Gaztetxe, kulturgune txiki… behar dira eta duin egiten duen jendeak laguntza ere behar luke beren (askotan borondatezko) lanari txispak ateratzeko. Asko dira sortzaileak etxean bezala sentiarazten dituzten antolatzaileak, dituzten baldintzarik hoberenak luzatuz, musikarien larruan jarrita eta emanaldiarekin gozatzen dutenak. Eskerrak.

Orain (ere) politikarako ordua da

Ez da berria politikarako ordua dela esatea. Orain benetako ordua da, hala ere. Hauteskunde eztabaidetan mahai berean ikusiko ditugu Aralar, Bildu, EAJ, EB, Hamaika bat, PP eta PSOE. Goienan gaur bertan emango dugu den-denekin ordu eta erdiko eztabaida saio bat. Ze ondo. Politika, POLITIKA.

Atzo Twitterren jarraitu nuen bai-ezetza. Polita izan zen eta Twitterren balioa jakinekoa bazen ere atzokoa demasa izan zen. Garrantzia du jendea kalean egoteak, dudarik ez, baina baita sarean bizi-bizi jarduteak ere.

Joxe lagunari irakurri diot “Aspaldiko partez, inork ez du beharko bizkartzainik eta inor ez da baztertua izango bere iritzietatik.” Ia horrela den. Uste dut pauso bat dela atzokoa, baina beste pauso bat (garrantzitsua) baino ez. Oraindik baieztapen hori…

Atzokoa seinale ona izan zen, zalantza barik. Epaileek eman dute baietza, baina orain kontuan izan behar berriz ere poliziak jarraituko duela Bildu gertu-gertutik. Poliziaren txostenetatik abiatu zen ilegalizazio zentzubako hau eta orain berriz ere poliziaren eskuetan dago… Eta poliziari Gobernuak kasurik egiten dioen edo ez ikusi behar. Maiatzaren 12ra arte egin lezake ilegalizazio eskaera Gobernuak. PP-k  eskatu du bide hori erabiltzeko.

Amaitzeko, ia alderdi guzti-guztiek egin dezaketen politika inork
errespeturik galdu barik, ilegalizazioaren beldur izan barik, ezelako
mehatxu barik… Bakoitzak defendatu dezala berea eta zintzo lehiatu.
Erabaki? erabakiko dugu herritarrok, hori da dagokiguna.

Politikariak eredu? Ez! Izan daitezela politikari!

Eguazteneko Berria-n irakurri nuen labur bat: EAJko legebiltzarkideak ez du etxebizitza hartuko: EAJk argitu du Garbiñe Saez legebiltzarkide jeltzaleak ez duela Amurrion (Araba) egokitu zitzaion babestutako etxebizitza hartuko. Alderdi jeltzalearen esanetan, Saezek legebiltzarkide ez zenean eman zuen izena zozketan, eta orduan baldintzak betetzen zituen. Egun, ez.
Kafeko komentarioa izan da, notiziak eragina izan du kafe-kuadrillan. Martitzenean askok zuten irakurrita gaztelerako periodikoren batean orri beteko notizia titular handi-handiarekin. Egun bat lehenago era bazebiltzan gaiari bueltaka eta presioaren ostean: EAJ-k esan dio Saez-i etxeari uko egiteko.
Ez zait ondo iruditzen! Zenbat eta zenbat daude babes ofizialeko etxebizitzan herentzia handi bat jasota ere? Zenbat Haziendari tranpa eginda? Zenbatek dute babestutako etxe bat eta gero diru gehiago irabazten den lanean jardun gaur?
Adibide erreal bat: Fagorren lana egin, babestutako etxea lortzeko baino gehiago irabazi eta zer asmatuko eta…: eszedentzia hartu eta taberna batera pare bat hilabetean. Diru beltza kobratu eta baldintzak bete. Hauek ez dira politikariak eta ez dute azalpenik eman beharrik?

Politikariak politikari, mesedez

Politikariei ez diet eskatzen eredu izatea. Ez. Eskatzen diet legeak egitea horrelakorik gertatu ez dadin, lauzpabost urtean behin-edo babestutako etxea dutenen datuak begiratzea eta baldintzak asko hobetu badituzte pare bat urtean etxea uzteko tramiteak hastea, esaterako.
Legea ondu dezatela. Momentu jakin batean etxe beharra duen guztiari eman bost bat urterako bizitzeko eskubidea. Gero aztertu. Egoera berririk balego (soldata hobeak…) denbora bat eman eta neurriak hartu. Neurriak politikariei? ez, neurriak larregi irabazte dutenei.