Ez dakit jendeak zelan egiten dituen kalkuluak. Kultura ekitaldi askotara joaten ez den jendea izango da, seguruenik, hain sinple berba egiten duena, hain erasokor eta ezjakin, hain anti-kultura.
Peter Pan Bergarako Musika Eskolak egin duen euskara hutsezko musikala da. Amateurrek egindako musikal profesionala. Landua, borondate ordu asko daudela igartzen den horietakoa, aita-ama asko mugitzen dituena eszenategi osteko lanetan, zuzeneko musika egiten duten hogeita bost bat musikariekin, 70 umetik gora antzezten eta kantuan, denera 120 laguneko ekipo bat taulan, zuzendaria buru-belarri lanean orduari begiratu barik…
Guk talde hau ezagutzeko aukera izan dugu Espaloia Kafe Antzokian. Emanaldi egunaren aurretik ere makinatxo bat lan egin da, eta egunean bertan goizeko 08:30ean hasi zen jendea etortzen. Kafetxoa, eta… beroketa ariketak:
Ondoren, ahots ariketak:
Jendeak ikusi ez zuen orkestra 12:30an entsegu orokorra egiten
Eta hori egiten genbiltzan bitartean ez zuen ba kale egin argi-indarrak? Fase bat erre zen. Eskerrak herrian bertan aita-seme elektrizistak ditugun. Banekien konponduko zutela eta Peter Panek hegan egin ahal izango zuela.Eskerrik asko Iramakoei
Argi eta soinu profesionala. Emanaldi honetan kobratzen duten bakarrenetakoak. Jatorrak eta aretoko arduradunei kasu egiten dioten horietakoak espektakuluaren mesedetan:
Ez zen ba Wendyren ohea apurtu eszena-tarte batean? trankil! borondateak bai, borondatea egonez gero zailtasunak gainditzen dira. 🙂
Beltzezko gizon-emakumeak. Derrigorrezkoak eta gutxien eskertzen den taula osteko hori egiten dutenak goizean goiz hasi eta taula hustu arte (12 ordutik oso gora!)
Zuzendariak antolatu egiten du, gidatu, harremanak egin, entseguak bideratu eta hamaika gauza gehiago. Baita efektu bereziak muntatu eta eztandarazi:
Ikusten ez den gauza asko. Taula ostean kantuan musika zuzendaria pantaila bidez jarraituz
Ikusi zenuten Txilintxo maitagarria? Ba momentu batean lo ere hartu zuen, baina teknika konpondu bizkor batean eta Peter Panen lagun izan zen. Hemen gidarietako bi:
Banbalinak gora eta behera erabili bitartean horrela ikusten da Espaloia ilunetatik, argi-argi, bete-bete, poz-pozik:
Eta publikoak eskertu egiten du txalo zaparrada etenbarikoekin:
Galdetu umeei ia garestia den bi ordu eta erdi irauten duen ipuin musikatu hau bizi izatea.
Eta gero… eta jendearen txaloak jo ostean jarraitzen du lanak, dena jaso beharra dago kamioikada gauza, aulki, mikrofono, dekoratu…
Eta, noski, inori ezin zaio eskatu hau dena ikustea, baina espektakulu horretan sumatzen da lan asko dagoela atzean eta ordu asko. 700 lagunetik gora ikusle eta lanean 130 lagun inguru.
Azkenengo 8 urtetan kultura merkea dela inork ez digu esan, sekula. Baina ohikotasunez antzokira datorrenak badaki jakin zer kostatzen den, eta jakitunago da zenbat irabazten duen norberak horrelakoak ikustera joanda. 15 euro ordaindu eta norbera aberastu. Hori gertatzen da kulturarekin. Herriko 40-50 urte inguruko bi gizonek aitortu ziguten emanaldia negarrez amaitu zutela, emozionatuta, eskertuta. Garestia? kaka morralian!