Gure musikarien historia minorizazio historia da

“Klase ertaina desagertu da euskal musikaren zirkuitutik” gogoratzen zigun Jon Eskisabelek (segi idazten, Sam) Anariren hitzak hartuta. Jende asko edo gutxi joaten ei da kontzertuetara eta neurririk ezin hartu. Garairik onenak pasata dituzten musikariak aipatzen zituen: “Joseba Tapia, Jabier Muguruza, Mikel Urdangarin, Anje Duhalde, Txuma Murugarren edota Mikel Markez”. Eta dezente luzeagoa da zerrenda, oso gutxi libratzen dira. Esango nuke musikari-sortzaileak garai onean daudela; gutxiago, baina antolatzen direla kontzertuak eta kale egitekotan jendeak egiten duela kale. Baina zer egiten dugu jendeari errua botata?

Formatu txikira eta tabernetara bueltatu behar duela iradokitzen zen artikuluan eta ez dakit ba. Uste dut kalte egiten diogula sorkuntza lanari horrelako irtenbideetara makurtuz. Sortzaile handi horiek kultura errota moduko ekimenetan ikusi behar ditugu Euskal Herriaren luze-zabalean? Hori da “orain dagokiguna”? Kultura errotan parte hartu behar ez denik ez dut esango, baina harantzago begiratu behar dugu, tabernetatik eszenategietarantz.

Krisia kultura kontsumo aldaketetan badago, gazteenek eta ez hain gazteek nahiago dute zinema komertzialetan Super Combo handiarekin Coca Cola edan, lokaletan play batekin jolas egin edo telebistari mozolo-mozolo orduak eskaini. Entzun berri diot Literaturian Gotzon Barandiarani bizitzeko behar dugula kultura, “jatea edo edatearen parean” eta “jendartearen ongizatea bultzatzen badugu kultura bultzatu behar” dugula. Ados, baina nago ez dugula euskal kultura (literatura, kantagintza, antzerkigintza…) gozamen moduan saltzen. Bai, ez da nahikoa egitea, SALDU ere egin behar da. Zinean gozatu dut “Gazta zati bat” politikoa ikusten eta ondoren filmaz berba egiten, gozatua izan da Morau eta Balerdi Balerdiren kontzertuaren parte izatea, ederra Xabier Montoia norberari kantatzen entzutea. Baina zein da saltzen dugun irudia? beharbada deitu geniezaioke: irudi kultureta. Eta positiboa behar lukeen kultureta hitza hain urrun dago Combotik, Wii-etatik…

Saldu aipatu dut, baina nork saldu? Hedabideek asko lagundu dezakete honetan, baita kontzertuak mimatzeaz gain zabaltzeaz edo ageriko bihurtzeaz arduratzen diren antolatzaileek (kartelak, webak, sare-sozialak…)… Baina musikariek? saldu behar dute beraien burua musikariek? non ikusi dira elkarrizketa bat proposatzea “marroitzat” duten musikariak? Herri batera joan eta antolatzaileekin zein ikusleekin harremanak izatea putadatzat dutenak? Twitterren perfil bat zabaltzea eta kontzertua non duten tuiteatzea frikien kontua dela uste dutenak? Blog baten iritziak idatzi, argazkiak erakutsi, edo zaleei kasu egitea planteatu ere egiten ez dutenak? Harreman osoa managerraren esku uzten dutenak?
Sortzaileak saltzaileago izateak ekarriko luke hedabideetan ere leku zentralagoa eta sakonagoa izatea. Sortzailea bera hasi behar da lantzen euskal musika, eta kultura oro har, agerikoak izan daitezen eta jende gehiagorengana heldu. “Izan media”

Ez dakit zeinen eskutan utzi duten sortzaileek komunitateak sortzea, baina beraien egitekoa ez dela pentsatzen badute ez diote hausporik ematen euskal kulturari. Noski, orokortzea… Esaterako, Berri Txarrakek zelan mimatzen duen bere jendea ikustekoa da; edo talde-lan bat aipatzearren, herriz herri lagunak eta lagunak dituzten bertsolariak. Adibide hau aipatu nuen lehen ere. Hauek ez dute administrazioen esku utzi komunitateak sortzearen langintza, izan ere, ikusten dihardugu zer egiten ari diren herri-administrazioak, Aldundiak… Inork bereizi dezake EAJk egiten duen politika, PSErena edo Bildurena? Ez dut bereizketa handirik sumatzen. Nola liteke euskara eta kultura oinarri duten taldeei jaitsierak aplikatu eta udaltzainei ez aplikatzea, edota Aldunditik %10 jaistea zinemaldiari eta kultura departamentu osoari %40? Ez digute “euskal” marka indartzen laguntzen eta tamalgarria da. Irtenbidea ez da etorriko politikatik, baina gutxienez euskal kultura zentroan jarri eta laguntzak biderkatzea dagokie berba loratuetatik haratago eginez.
 
Gure kulturara publiko gehiago ekarri behar dugula pentsatzen dutenetakoa naiz ni. Jakina da hizkuntza dugun letxe gure musika ere minorizatua dagoela, baina jokatu beharko genuke egoera orekatuagoa bailitzan. Hau tranpa dela usteko duenik ere bada, baina musikak eskatzen du argi koloretsu eta distiratsutik, dezibelio egokitik, eszenategi zaindutik… Distira ere behar dugu euskal musika minorizaziotik ateratzeko, eszena mimatzea eta akaso sortzaileek egiten dituzten disko landu horiek bere osotasunean defendatzeko tabernak baino gehitxoago ere beharko da.
 
Noski, Urretxuko Fox (ez dut ezagutzen…) moduko antolatzaileendako biba! Fox, hainbat Gaztetxe, kulturgune txiki… behar dira eta duin egiten duen jendeak laguntza ere behar luke beren (askotan borondatezko) lanari txispak ateratzeko. Asko dira sortzaileak etxean bezala sentiarazten dituzten antolatzaileak, dituzten baldintzarik hoberenak luzatuz, musikarien larruan jarrita eta emanaldiarekin gozatzen dutenak. Eskerrak.

PETTI

Atzokua ez da erreza azaltzeko. Adibide batekin saiatuko naiz: azkenengo kantuan dozena bat minututik gora jardungo zeben, hala eta be ez neban gura bersiñua akabau zeixen. Horra! amaitzia gura ez dozun kontzertu bat.

Dale eta dale baterixa-jotzaille gazte profesionala lehenengo kantutik zeukan barretxuakin; bajistia erritmuan ondo eta taldekidiekin bat egindda; gitarriari soka bat apurtu eta beste gitarra bat ondoraiño eruan arren jarraittu egin zeban azkenengo kantuko hustutzia ez apurtzeko; ahotsa eta gitarrianak ez dauka izenik, edo bai, barkatu, badauka eta maiuskuletan: PETTI.

Pentsatzen neban Etxeko uzta ezingo zala hobetu… Baiña bai, azkenengo diskua egin daben ONena da. Kantuak dare entzun eta entzun egindda aspertzen ez zazenak. Lasai eta gordin jarduten badaki, erritmo bizixan eta neurtu be bai, goiko erregistruetako amorru-ahotsetan zein behekuetan eroso, arpegio sinploi goxuetan noiz edo noiz eta mastillian gora eta behera ausardiaz askotan. Gitarrero fiña eta gibeletik kantatzen daben monstruoa. Letrak be demasak dira. Hau danau diskuan, baiña zuzenian?

Zuzenian

Zuzenian animalixa bat da Petti. Hain disko ona txiki geratzen da zuzenekuan erakusten daben indarrakin. Kantu gaztienak be hobetuta eta dana entzun nittuan, bizixago batzuk eta ahots joku diferentiekin beste batzuk. Ahots laguntzak gustatzen jataz, baiña gutxitan moduan, ahots bakarrak bete egitten nindduan kantutik kantura, apenas botatzen da faltan beste mikrorik. Zein atrebiduko da ba basajaunaren onduan?

Urteko emanaldi onena ikusi dodala badakit. Durangoko azoka guztian ez da egongo iñor ingurura be arrimauko jakonik. Ez dago bat Euskal Herrixan gitarria eta ahots nagusixa izan eta bixak hain ondo lotzen dittuanik. Haundikerixa barik, ez dago eta kitto! Eta hau holan izan arren batzuk bueltia emon ei zeben dozena bat euro karua dala-eta. Ez dot ulertzen! Kontzertu ona, aretua fenomenua, soiñua argixa eta argixa entzuteko modukua. Antzokiko lagunek oso ondo antolatutako saiua. Atzo Gogortzak etara zotsan etekiña aretoko ekipuari.

Eskerrak, bestetik, badaren disko-etxiak musikan eta musiko onetan sinisten dabenak irabazixen gaiñetik. Ez dot gura pentsatzia holakuen faltia zer litzaken.

Hamabost urte pasau daukazen Ene begiek kantuarekin amaittu zeban kontzertua Pettik. Nik gura neuke kantuko erlojuaren orratzak herdoiltzen diran letxe Plateruenakuak be herdoilduko balira, astiruago juango balitza denboria sikiera, bizitza hau bakarra delako!

Zaharrak barri

Bilbon nintzan atzo, illuntze-gaba partian. Durangotik be 03:30ak
inguruan pasauko giñan, baiña jo deidan barrixak diran kontuak be
aittatzera.

Zirkua ikusi dot barri-barri. Karpa ederra,
trapezista onak, mago ona, breake-dance saiotxua… denbora galtzerik
bapez. Zahar egotekotan animalixak, tigriak batez be. Umetatik zirkorik
ikusteka eta ez nintzan damutu fan izanaz.

Musikia zahar. Gehixenetan zahar, zaharregi. Euskal
tabernetan Gozategiren lehenengo diskua eta Muguruzarena. Txosnetan be
zaharrak nagusi eta erderaz bada hobeto: Ripen bi kantu jarraixan, La
Polla
Algarakuak zahar baiña barri: Potato taldiak zahar soiñua
ekarriko dotsa zenbaitti belarrira, baiña oso kontzertu gaztia egin
zeben, landua, zaindua, dantzarakua… Bilboko Kafe Antzokixan be ondo, reggae
eta ska asko eta Bide Ertzean moduko pop taldearen kantu barrixak
sorpresa ona gaberako. Txomin Barullokuak moderno: Fangoriaren
azkenarekin, esaterako.

Txosnak barri: musikia zaharra, esandako moduan, baiña
txosnak… luxuzko txosnak dare Bilbon. Haundi, eder, garbi, soiñu ona,
zerbitzu bizkorra, eszenarixuak prestatuta… Algarakuena bereziki edarra
eta aterperik haundixenakin.

Atzoko egitaraua zahar-barri: Baron Rojo, bueno
komentarixorik be ez dau merezi 25 urte bete dittuan taldiak. Bestetik,
euripian be kantuan (eta ondiokan geratzen bada inor enterau ez danaç9
Sandra Love-ek jardun zeban. Egaztearen proposamena ei zan eta EITB guztia
saiatu da propagandan. Informatibuetan atzo,
informatibuetan gaur, promo berezi bat telebistan… Taberna batian ikusi
giñuan Love, espektakularra. Jendia siñadura eske, jende pilla bat
agurtzen… Telebista efektua? Gazte asko, barriz, txosnetan. Gazte-gaztiak taula gaiñian,
odol barrixa! Ikusteko goguarekin geratu naiz zaharra izan, baiña
neretako barri-barri litzaken antzezlana, Josep Maria Pouren “la
Cabra”.

Falta jaku bai musika barrixa, txosna barrixak, egitarau
barrixak, zirkua barriztia,.. formula zaharrek ez dabe balio ezer
eraldatzeko.