Kazetaritzarik bada Interneten?

Ur handiegitan sartuko nintzateke galderari erantzuten hastearekin batera. Ez pentsa, tentazioa ere izan dut ze badago, esaterako, blogak kazetaritza ez direla dioenik, batetik; eta bestetik, baita Interneten egiten den euskal kazetaritzak gero eta leku handiagoa duela dioenik. Hor daude, esaterako, herriz herriko atariak orain sei-zazpi  urte egiten zen kazetaritza modutik (copy/paste paperetik) asko garatu direnak. Herri kazetaritzari ikusten diot etorkizuna eta hori Interneten izango da.

Izana eztabaidagai den honetan izenaz jarriko dut nik zalantza-mezu honetan. Zer demontre da egiten dugun hau?

  • Kazetaritza digitala: Nik deitu izan diot horrela, baina aspalditxoan gehiagotan darabilt telebista digitala han eta hemen. Hori horrela, gutxiagotan erabiltzen dut “digitala” Interneten egiten den kazetaritza aipatzeko. Irratiak ere digitalak dira…
  • Kazetaritza, beste barik: Eta zergatik ez deitu kazetaritza eta listo? ez dut erabiltzen paper-kazetaritza edo telekazetaritza edo… Bai, kazetaritza bada, baina askotan motz geratzen zait ze berba horretan ez ditut antzematen multimedia izakera, hipertestualitatearen garrantzia, interaktibotasuna (orain telebistan ere lantzen diharduguna) edo multimedia izatea
  • Sareko kazetaritza: Sarean egiten dena delako diot… Irratian egiten dena irrati-kazetaritza izango da, baina inork erabiltzen du papereko kazetaritza edo antzerakorik?
  • Kazetaritza online: Edo on-line, hau ere topatu daiteke sarean, eta nik askotan erabili dut. Badakizue, kanpoko berbek ematen duten erakarpen kutre horregatik-edo. Badakizue zelako erakargarri egiten zaizkigun berba berriak… “online journalism” berba pareak milio erditik gora bilaketa ematen ditu Googlen.
  • Multimedia kazetaritza: Bor-bor dago gure inguruan kazetari multimedia, eta zelan kazetari multimedia erabiltzen dudan irratian, telebistan, Interneten eta paperean erraztasunez moldatzen den kazetariari deitzeko… Interneten idazten duena baino haratago doa multimedia kazetaritza.
  • Internet kazetaritza: Ez dut bi berben arteko uztarketa desegoki ikusten. Ez dakit baina asko erabiliko den, Googlek ezetz esaten dit.
  • Ziberkazetaritza: Berba hauxe erabiltzen dut aspaldian. Neologismo bat akaso, edo ez hain berria ere. Uste dut definitzen duela Interneten egiten den kazetaritza modua. Nik irakurtzen ditudan euskal Internautek erabiltzen dute, behintzat. Joxe eta Huheziko ikasleak atzetik dituen glosategia komunikazioaren gainean begiratu dut, baina han ez dago… (portzierto, lan ona).
  • … besterik?