Sarrera ordainduta baino jende gehiagok ikusi du ordaindu barik Gu ta gutarrak

Euskal Herrian Gu ta gutarrak bertso-musika taldea izango da teknologia berrien indarra ondo erabiltzen duen bakarrenetarikoa. Gertutik bizi izan dut Unai eta Igor blogariek lortzen dihardutena: bertsozaletu eta musikazaltzen dute ikuslea.

Ez da zerotik hasten, noski, eta bloga ez da ezerezetik sortutako mirari bat. Talde lan handia dago zuzenekoei zuzendua, ondo egindako lana, eta emanaldi on horretatik abiatzen da dena. Lan artistikoak ez du pegarik.

Blogak ez dio ikuslerik kentzen zuzenekoei, alderantziz:

  • Lehenengo, emanaldi hori publizitatu egiten da. gutagutarrak.eu blogean irakur daiteke zein emanaldi datozen. Post batean ere jartzen dute, normalean. Gonbidatua egongo dela esaten den arren ez da zehazten zein den. Herriko edo ingurukoren batek zeozer egingo duela badakigu denok, hala ere.
  • Emanaldiaren berri jasotzen dute gainontzeko hedabideek (tradizionalak ere begiratzen diote blogari ze informazio iturri ona da eta errotik hartzen dute edukia, sortzaileek beraiek emana).  
  • Emanaldi ostean, bi-hiru egunetara agertzen da beste post txiki bat erretratu batekin. Han esaten da zein izan den gonbidatua, eta laburpen txiki bat (dena loturekin Internetek eskatzen duen letxe).
  • Bi kamerarekin grabatzen dute emanaldia eta Premierrekin editatu gero. Youtubera igo eta voilà!!  Emanaldiaren zati bat edozeinen eskura blogean.

Horrek berorrek sortzen du hurrengo emanaldietarako gosea, zuzenekoetara joateko gogoa eta Internet bidez jarraitzekoa ere bai (bueno, nerekin egindakoak… baina gehienetan bai): Internet erabiltzaileek ikusi eta irakurri egiten dute, gero lagunari gomendatu ikustea, harek lagunei… zurrunbiloa sortuta dago eta haruntz-honuntzean power point pisutsurik bidali barik, gainera! Loturak nahikoa dira, zer da ba Internet loturak ez badira?
Ez dakizkik estatistikak, baina bi datu edozeinek ikusteko moduan daudenak: Jon Sarasuaren martxoaren 4ko partehartzea 1.800 lagunek ikusi dute. Baigorrin otsailaren 10ean (urte bete gutarkerian!) egindako saioa 2.100 lagunek ikusi dute.

Triste honek parte hartutako “hIbanerak” saioa, “Barra ertzeko habanerak” 250  lagunek ikusi dute astebetean. Flipantea! Espaloian ditugun helburuak bikoiztu egin dituzte. Guk kultura programatzen dugu ahalik eta jende gehienak gozatu dezan, besteak beste. Eskerrak helburua ez dela dirua egitea ze saio hau 10 egunean jende gehiagok ikusiko du saretik! Sarrera ordaindu barik sarrera ordainduta baino jende gehiagok! Eta gu, zelan ez, pozik! Biba gutarrak!

Sekretua? lana. Musika talde askotxo dabil managerrak aurrera aterako dituztelakoan…