Akaso galderak behar luke: “zer egin gura ez ditugun anonimoekin?” zehatzagoa litzateke, seguruenik.
Lagun batek bidali dit hauxe (kasua erreala da):
Iban, ez dakigu zer egin. Pertsona bakarrak lagun askoren artean jasotako proiektua kakaztu (nahi) digu. Primeran hasi ginen; proiektuak hasieratik izan zuen estimazioa jendearen artean. Bisita mordoa izaten genuen eta parte hartzea ere oso handia zen. Herritarron arteko komunikazioa aberasteko eta indartzeko tresnarekin asmatu genuela sinistuta geunden.
Baina, bat batean, anonimo bat hasi zitzaigun batere logikarik ez zuten komentarioak egiten. Hasieratik ikusi genuen honen asmoa ez zela iritzia ematea edo parte hartzea. Proiektua izorratzeko komentarioak ziren; jendea nazkatzeko komentarioak. Eta hala gertatu da: jendea nazkatu egin da. Hala esan digute ingurukoek eta lagunek. Jendea gero eta gutxiago sartzen da gure webgunean, eta komentarioak izugarri jaitsi dira.
Hau omen da Internet. Hala entzun nizun proiektua martxan jarri aurretik izandako batzar batean. Baina, Internet hau bada ere, guk arazo honi irtenbideren bat eman behar diogu. Eta ahal den azkarren, gainera. Zuk zer egingo zenuke, Iban?
Nik egingo nukeena, laburtuta (e-posta jakinez gero):
- Zuen webgunean albiste bat egin joko-arauak zein diren azalduz. Guk goiena.net-en arau hauek ditugu. Erakutsi zuen webgunean ezin dela edozer egin, serioa dela gunea.
- Karta atsegin-atsegin bat idatzi eta ezizendun horri zuzendua. Berari bidali. Zuek arazotzat daukazuena komentatu e-posta batean.
- Esan Internet askatasuna dela, baina erabiltzen jakin behar dugula askatasun hori. Askatasuna ezin da edozelan jokatzearekin parekatu, eta bera editorea ez den webgune batean gutxiago.
- Zuen webgunean erantzunak ematea libre dela, baina horrekin espero duzuena albistea garatzea, osatzea, hobetzea dela. Baita iritzi ezberdinei lekua egitea ere, baina beti, errespetutik.
- Ez zaudetela anonimoei plaza eskaintzearen kontra, baina aipatu zuen webgunea egokiago ikusten duzuela izen-abizendun jendeak hornitua ahal bada, edota gutxinez anonimotasunaren izaera aprobetxatzen ez dutenekin.
- Badaukala gura duen moduan idazten jarraitzeko aukera. Zabaldu dezala blog bat. Blogak.com, blogari.net… badaudela modu erraz eta doakoak. Han bai, han esan eta idatzi ahal izango duela gura duena, bideoak jarri ahal izango dituela, podcastak egin… bera izango dela bere buruaren editore eta “zentsore”. Askatasun guztia izango duela.
Eta ez badu kasurik egiten?
- Jarri webgunean posta helbidea derrigorrezko, iritzia eman ahal izateko. Helbide hori konfirmatzekoa izan behar da. Horrela beste gutunen bat ere bidali ahal izango da.
- Umorea izanez gero saiatu berriz beste gutun batekin. Ia bigarrenean kasu egiten duen…
- Lehenengo gutun horren sinatzailea izan daiteke hedabidearen zuzendaria. Bigarren gutunean gunean bertan parte hartzen duten batzuk, edo zuzendaritzakideak, edo zuen elkarteko kide ezagunak, edo… dozena erdi izatea ondo. Izen-abizendunak izateaz gain ahal den jende pisutsuena.
- Oraindik ere kasurik ez? ba e-posta horri oztopoa jarri. Blokeatu partehartzea.
- Beste e-posta batzuk ere sortu ditzakeela? ba bai, baina beti egongo da berriz ere sarbidea moztea. Sortu blokeatuen zerrenda.
- Jarraitzen duela? izan zuek hobeak teknikoki bera baino. Antzeman, aurreratu.
- Jende horren zein beste edozeinen mezuak ere tentuz jarraitu eta tonoz kanporako guztiak ezabatu. Ez joan itsu-itsuan ezizen baten kontra. Egin jarrera baten kontra, berdin da izena.
Eta oraindik ere ez?
- Ba erregistroa gogortzea da posibilitate bat, baina ez nuke erabiliko azken-azken puntura heldu arte. Eta orduan ere… Nik zalantza dut. Sinisten dut jendea ez dela berez oker-okerra.
- Puntu honetara helduta beste zerbait pentsatu behar, baina izan daiteke berari blog bat egitea eta txukun-txukuna egitea eta blog komunitate berri bat zabaltzea zuenean eta bera horko parte bat izatea. Izango luke anonimo jaunak edo andreak bere lekua eta finito! Blog horren irakurleak? bere jarreraren arabera, zelan ez. Normalean gutxi. Baina zuen webgunean bake piska bat eta berriz ere informazio serioa emateko aukera.
Eta hau guztia planteatzen egote hutsak esan gura du webgunea irakurri egiten dela, komentatua dela, kalean ere badagoela jarraipena, sarean baduela eragina… Zorionak! gauzak ondo egiten zabiltzate!