Twitter sorkuntza kapagailu: sakontasuna behera eta zitak gora

Hilabete da. Hilabete osoa baino gehiago blog honek ez duela letrarik jaso. Eta blog hau balitz salbuespena…

Nik ez dut sekula egin collagerik artaziekin papereko argazkiak eta
testua elkartzen, quark-a betetzea tumatxa zen garaian hasi ginen gure
belaunaldikook kazetaritzan. Gero etorri ziren web estatikoak-edo eta
hori berori ere aurreratzea izan zen. Horren ostean blogak, eta hau bai
benetako hedabide baten “jabe” izatea: norberak ahal eta gura duenean
idatzi, idazteaz bat publikatu, banaketa sisteman eurorik gastatzeke,
karaktere zehatz batzuetara makurtu barik, erretratuekin zein bideoekin
lagundutako artikulu multimediak, norbera editore, azalpenik eman
beharrik ez inori bertan idatzitakoaz…

Hala eta guztiz, hilabete idatzi barik blog honetan… Bitartean twitter
izan dut inoiz baino gogokoago, Facebook-en bolada ere atzean
geratzeraino. Horren kulpa dute twitterrek berak, jarraipena egiteko
darabildan tweetdeck irakurgailuak eta zein euskaldunek tuiteatzen duen ikusteko ere balio izan didan umap-ek.
Gustatzen zait 140 karaktereko esaldia pentsatu beharra ere, laburtu
beharra, lastoa kentzeko askok (ez denek) egiten duten ahalegina…
Twitterrek iraultza berria dakar. Oraindik falta da irakurgailuak
gizartean zabaltzea, baina hori pasatutakoan geratu ezineko trena izango
da. Hori badaki iPad batean tuiten eta Facebook-eko mezuen jarraipena egin duen edonork Flipboard edo antzeko tresna batekin.

Baina edukia? Eduki berria ere badakar?

Uste dut twitterrek sorkuntza mugatzen duela. Edo esan beharko nuke 140
karakterera ekarri duela esateko dugun hori guztia. Idazle gehiago
ikusten ditut twitterri lotuagoak blogari baino azkenaldian. Eta zer
gertatzen da hau horrela izanda? ba ez dagoela sakontasun larregirik
esaten direnetan. Artikuluak erlazionatzen ditugu, harek edo bestelakok
idatzitakoa retuiteatu. Besteen pentsakerak gure twitter perfilarekin
errepikatu (askotan gazteleraz edo ingelesez, eta euskal esparrutik
kanpokoak). Mugatu dugu “gure” edukia 140 karakteretako mezu batzuetara
eta esan beharrik ere ez dago blogean aipatuko ez genituzkeen errazkeria
asko ere sartzen ditugula tuit batean.

Tuitek balio dute hainbat ideia jende gehiagorengana zabaltzeko, baina
ez ideiak sortzeko eta garatzeko. Eta hori da twitterretik gogoko ez
dudan elementurik nagusiena. Sorkuntza zikiratzaile ere bada, bai
behintzat, sakontasun handiagoko euskarriak (blogak, papereko
artikuluak…) erabiltzeari lagatzen diogun heinean. Eta jakina,
lagatzen dihardugu.

Blogen eta paperaren defentsa

Die Zeit egunkariko zuzendariari irakurri
diogu erabaki zutela artikulu luzeak egitean jarraitzea, dokumentatuak,
serioak, baita zailak ere. Etorkizuneko paper-prentsan, berak dioenez
etorkizuna egon badagoelako eta “orientazio eta sakontze kazetaritza”
eginez emaitzak onak direlako. Arrakasta kasu bat da Alemaniako egunkari
honena eta argi du kalitateak dakarrela dirua. Harpidedun berri gehienak
20-30 urteko gazteak dira gainera… Sinestezina guk bizi dugunetik
begiratuta.

Baina paperari lotzen badizkiogu sakontasuna, kalitatea, orientazioa…
moduko berbak ez dago zertan hitz horiek ez erabili blogeko artikuluei
gagozkionean. Pentsatzen dut Interneten ere badagoela horrelako
artikuluendako lekua, diferentzia txiki (barkatu, bakar) batekin:
paperak ematen du dirua eta Internetek ez.

Arrakasta: multimedia ondo erabiltzea

Beraz, badirudi, oraingoz, sormen garatua agerikoago dela paperean eta
blogetan, esaterako. Hor lantzen dira gai potolo horiek guztiak eta
gero, zabaldu, tuit bitartez-eta ere egin beharra dago 2010ean.
Arrakasta, tresna guztiak egoki erabiltzetik etorriko dela dirudi.
Inbertitu beharko da digitalean eta asko, baina “ez dago paperagatik
gaizki-berbaka jarduterik” Giovanni di Lorenzok esaten duen moduan. Etorkizuna eta oraina ere multimedia da.

Urtzelai: blogosferak sare kulturaletik baino gehiago du Amsterdaneko auzo gorritik

Facebook-en gaineko artikulutxoa idatzi Goienkarian, orria pasa eta Andoni Urtzelai blogak hizpide hartuta. Titularreko esaldia bera edo beste hau: Interneten nabigatzeak gero eta antz gehiago du zakur-kakaz betetako kale batean ibiltzearekin… Gustura geratu da Urtzelai laguna. Paperean ateratzen diren artikuluek paperean ateratze hutsagatik zakur-kaka baino glamurosoagoak direnez… blogera ekarri ekarri dut 🙂

Hauxe artikulua oso osorik. :

Blogak

Ez daukat ezer blogen kontra. Are gehiago, hainbat bloglari lagunak ditut, eta tarteka-marteka hauen txokoetara bistadizoa ematera joaten naizela aitortu beharra daukat. Hala ere, azkenaldi honetan, susmoa daukat blogak ez ote diren zertxobait Belen-estebanizatu. Hara, azalduko dut arestiko boutade hau: Belen-estebanizatu diot orokorrean blogariek norbere bizitzaren pasadizoak kontatzeko baino ez dituztelako blogak erabiltzen. Eta kontu, ez diot nik hori txarra denik edo gaizki dagoenik, alla kuidaus, egin dezala norberak nahi duena norbere buruarekin!  
Gauza da, ez dakit ba, bestelako bilakaera bat espero nuela nik txoko birtual hauengandik. Tira, ez dut esaten entziklopedia zientifikoak izan behar direnik, baina edozerk ere ez duela balio iruditzen zait. Izan ere, blogen baso honek horrela hazten segitzen badu, aurki zaila suertatuko da hontoak? sastraditik bereiztea. Apenas aurkitzen dut ezer interesgarririk blog hauetako askotan, kuxkuxeroak asetzeko lelokeriak baino ez kasu gehientsuenetan: bidaia argazkiak, edozeren inguruko gogoeta hutsalak… En fin.
Ozeano digitalean atentzio eske ari diren Robinson Crusoeak bezala ikusten ditut blogeroak, eta blogosferak, ostera, sare kulturaletik baino gehiago du Amsterdameko auzo gorritik: hortxe daude blogeroak, hango eskaparateetan emakumeak bezela, bezeroaren arreta nola edo hala piztu guran.
Eta iruditzen zait hau ez dela soilik blogen kasura mugatzen. Twitter, Facebook eta antzerako sare sozial-birtualek ere ez dute deus interesgarririk eskaintzen, hutsaren hurrengoa dira.  
Finean, zera da kontua: Interneten nabigatzeak gero eta antz gehiago duela zakur-kakaz betetako kale batean ibiltzearekin…

Zer egin anonimoekin?

Akaso galderak behar luke: “zer egin gura ez ditugun anonimoekin?” zehatzagoa litzateke, seguruenik.

Lagun batek bidali dit hauxe (kasua erreala da):

Iban, ez dakigu zer egin. Pertsona bakarrak lagun askoren artean jasotako proiektua kakaztu (nahi) digu. Primeran hasi ginen; proiektuak hasieratik izan zuen estimazioa jendearen artean. Bisita mordoa izaten genuen eta parte hartzea ere oso handia zen. Herritarron arteko komunikazioa aberasteko eta indartzeko tresnarekin asmatu genuela sinistuta geunden.
Baina, bat batean, anonimo bat hasi zitzaigun batere logikarik ez zuten komentarioak egiten. Hasieratik ikusi genuen honen asmoa ez zela iritzia ematea edo parte hartzea. Proiektua izorratzeko komentarioak ziren; jendea nazkatzeko komentarioak. Eta hala gertatu da: jendea nazkatu egin da. Hala esan digute ingurukoek eta lagunek. Jendea gero eta gutxiago sartzen da gure webgunean, eta komentarioak izugarri jaitsi dira.
Hau omen da Internet. Hala entzun nizun proiektua martxan jarri aurretik izandako batzar batean. Baina, Internet hau bada ere, guk arazo honi irtenbideren bat eman behar diogu. Eta ahal den azkarren, gainera. Zuk zer egingo zenuke, Iban?

Nik egingo nukeena, laburtuta (e-posta jakinez gero):

  1. Zuen webgunean albiste bat egin joko-arauak zein diren azalduz. Guk goiena.net-en arau hauek ditugu. Erakutsi zuen webgunean ezin dela edozer egin, serioa dela gunea.
  2. Karta atsegin-atsegin bat idatzi eta ezizendun horri zuzendua. Berari bidali. Zuek arazotzat daukazuena komentatu e-posta batean.
  3. Esan Internet askatasuna dela, baina erabiltzen jakin behar dugula askatasun hori. Askatasuna ezin da edozelan jokatzearekin parekatu, eta bera editorea ez den webgune batean gutxiago.
  4. Zuen webgunean erantzunak ematea libre dela, baina horrekin espero duzuena albistea garatzea, osatzea, hobetzea dela. Baita iritzi ezberdinei lekua egitea ere, baina beti, errespetutik.
  5. Ez zaudetela anonimoei plaza eskaintzearen kontra, baina aipatu zuen webgunea egokiago ikusten duzuela izen-abizendun jendeak hornitua ahal bada, edota gutxinez anonimotasunaren izaera aprobetxatzen ez dutenekin.
  6. Badaukala gura duen moduan idazten jarraitzeko aukera. Zabaldu dezala blog bat. Blogak.com, blogari.net… badaudela modu erraz eta doakoak. Han bai, han esan eta idatzi ahal izango duela gura duena, bideoak jarri ahal izango dituela, podcastak egin… bera izango dela bere buruaren editore eta “zentsore”. Askatasun guztia izango duela.

Eta ez badu kasurik egiten?

  1. Jarri webgunean posta helbidea derrigorrezko, iritzia eman ahal izateko. Helbide hori konfirmatzekoa izan behar da. Horrela beste gutunen bat ere bidali ahal izango da.
  2. Umorea izanez gero saiatu berriz beste gutun batekin. Ia bigarrenean kasu egiten duen…
  3. Lehenengo gutun horren sinatzailea izan daiteke hedabidearen zuzendaria. Bigarren gutunean gunean bertan parte hartzen duten batzuk, edo zuzendaritzakideak, edo zuen elkarteko kide ezagunak, edo… dozena erdi izatea ondo. Izen-abizendunak izateaz gain ahal den jende pisutsuena.
  4. Oraindik ere kasurik ez? ba e-posta horri oztopoa jarri. Blokeatu partehartzea.
  5. Beste e-posta batzuk ere sortu ditzakeela? ba bai, baina beti egongo da berriz ere sarbidea moztea. Sortu blokeatuen zerrenda.
  6. Jarraitzen duela? izan zuek hobeak teknikoki bera baino. Antzeman, aurreratu.
  7. Jende horren zein beste edozeinen mezuak ere tentuz jarraitu eta tonoz kanporako guztiak ezabatu. Ez joan itsu-itsuan ezizen baten kontra. Egin jarrera baten kontra, berdin da izena.

Eta oraindik ere ez?

  1. Ba erregistroa gogortzea da posibilitate bat, baina ez nuke erabiliko azken-azken puntura heldu arte. Eta orduan ere… Nik zalantza dut. Sinisten dut jendea ez dela berez oker-okerra.
  2. Puntu honetara helduta beste zerbait pentsatu behar, baina izan daiteke berari blog bat egitea eta txukun-txukuna egitea eta blog komunitate berri bat zabaltzea zuenean eta bera horko parte bat izatea. Izango luke anonimo jaunak edo andreak bere lekua eta finito! Blog horren irakurleak? bere jarreraren arabera, zelan ez. Normalean gutxi. Baina zuen webgunean bake piska bat eta berriz ere informazio serioa emateko aukera.

Eta hau guztia planteatzen egote hutsak esan gura du webgunea irakurri egiten dela, komentatua dela, kalean ere badagoela jarraipena, sarean baduela eragina… Zorionak! gauzak ondo egiten zabiltzate!