Joseba Sarrionandia: “Euskaldunok jakin behar dugu komunitate moduan antolatzen.”

Benetan mamitsuak Sarrionandiak esandako hainbat. Argian irakurri ditut hainbat pasarte. Hango esan batzuk:

  • Gutako bakoitza soberanoa bihurtu behar da. Euskaldunek jakin behar dugu komunitate moduan antolatzen.
  • Niri gustatuko litzaidake euskaldunak ideia egokiak defendatzen ikustea,
    modu kreatibo batean soberaniaren eta gizarte igoalitarioago baten
    alde.
  • Ez dut azken urteotako [ezker abertzalearen] eztabaida horretan parte
    hartu, baina aldaketa onuragarria dela uste dut. Hogei urte lehenago
    egin izan balitz hobe.
  • Legalitatea baino askozaz inportanteagoa da legitimitatea.
  • Galtzaileen historia eta askatasun esperantza errekuperatu behar dira.
    Iragana, etorkizunerako nahi denaren arabera konprenitzen da.
  • Euskal Herria Espainia bezain asmatua da, eta ez da faltsuagoa. (…)
    Espainia benetakoa dela adierazteko Euskal Herria asmatua dela esatea,
    hori bai dela argudio aldrebesa. Brujula ere asmatu egin zen, eta zer,
    faltsua da ala?
  • Identitatea berez denek dute, pertsonek oina bezala, baina oin zapalduak nabarmenagoak dira, minagatik.

Nola eskuratu aleak azaltzen da Lapiko kritikoaren webgunean. Badut hAUSnART osoa irakurtzeko gogoa.

Ahotsak.com izan da aurtengo Argia saria

Ahotsak.com Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzeko atariak jaso du Sareko 2011 Argia Saria. Euskal Herriko Ahotsak egitasmoa 2003an lantzen hasi eta 2008an aurkeztu zuten Ahotsak.com webgunea.
Ordutik hona 3.000 hizlari baino gehiagoren ia 25.000 pasarte jaso
dituzte Euskal Herriko 180 herritan eta 5.765 bideo-pasarte ere sareratu
dituzte, libre eta doan, euren webgunean. (Sustatu.com-etik hartua)
10 minutuko bideoa azalpenarekin

Zorionak Badiharduguko langileei, laguntza eman daben Udal guztiei (eta jarraitzen dabenei, zelan ez) Bereziki Gipuzkoako Aldundixari eta KUTXAri. Apustu garbixa egin dabe lan-modu honengatik eta ekipo honengaittik. Eskertzekua, benetan. Eta 3.000 hizlarittik gora… horrek dira benetako artistak! ahotsak.com-eko izarreik eskerrik asko eta ZORIONAK!

Zelako hasierak. Akordau naiz blog honetan idatzi nebala mezutxo bat proiektuana, Koldo Mitxelenan aurkeztu zanekua: kriston proiektua! Eta baitta gure herrixan aurkeztu zanekua be Elgetako ahotsak.

Maite Artola Argian

Ez egunerokoa, baina Mezularia entzulea naiz. Gidaria zorrotza dela uste dut, baina batez ere hain definigaitz den “kazetari sena” duen horietakotzat dut Artola. Gustatzen zait.
 Argiaren 2.193 zenbakia ere eduki ederrez josita dator eta ausartu naiz Sustrai Colinak Maite Artolari egindako elkarrizketa puntuka biltzen blog honetan. Artolaren aipamenak dira komatxo artekoak (bakarrik), kazetaritzan gabiltzan askorendako baliozko iruditu zaizkidanak.

  • “Albistea ematerakoan non ez dugun huts egin behar adosten da lehenengo. Hori interes informatiboaren arabera egiten dugula esatea eta ezer ez esatea berdintsu gerta daiteke. Horregatik, etengabe gabiltza jendearen interesekoa izango denaren atzetik, eta horretaz gain, badira, irrati publiko batek ezinbestean eman beharreko albisteak.
  • Medio guztiok gabiltza iritzi propiorik gabe eta jakin behar dugu gure bezeroendako albiste dena aukeratzen. Gainontzeko medioendako albiste denak ez dauka zertan gurean albiste izan, edo han eta hemen lehen mailako albiste dena akaso gurean aipamen hutsa da.
  • Artolarentzat “kazetaritza beti izan da neuk ikusitako hura kontatzea, baina hori egiteko geroz eta aukera gutxiago daukagu, eta agentzietatik datorrena zurrupatu besterik ez dugu egiten.” Gaur egun, eta Internet dagoenetik gehiago, aukeratzaile ona ere izan behar da kazetaria eta ez albiste-aukeratzaile bakarrik: kazetariak bilatu behar ditu kontrasterako elementuak sinesgarritasunean asmatzeko.
  • Artolarentzat “detaileak bereizten ditu programak, detaileak egiten ditu puntako, multzoko, edo eskas. Magazine informatiboetan gauza bera. Denok gabiltza antzeko eduki, agenda, eta interlokuzioarekin. Zerk bereizten gaituen? Detaileak. Galdera berezi batek… Albistea bere hutsean eman beharrean beti saiatzen naiz albistea egoki janzten”. Esango nuke detaileak direla askotan albiste ze ilargira begiratzeko esaten digute atzaparrarekin seinalatuz, baina atzapar horretan dago albistea sarri. Albiste agentzien gurpiletik ihes egitea ere beharrezkoa dela uste dut, edo betiko alderdien mezu antzerakoetatik, edo sindikatuen aldarrikapen errepikatuetatik, edo futbolarien “irabaztea da garrantzitsuena” erako erantzunetatik, edo prentsaurreko muermo horietatik (galderak egiten ere uzten ez dutenetatik areago).
  • “Horretan datza gure lanaren enkantua, ahal bezain hitz gutxitan albistea ahal bezain zehatz agertzen.”
  • “Kontuak emateko dagoenari kontuak eskatu behar zaizkiola uste dut, bereziki gure dirua kudeatzen dutenei. Antenan egindako promesak, eta ildo nagusitzat saltzen digutena, beti hartu behar da kontuan hurrengo elkarrizketa egiteko.”
  • Artolarendako elkarrizketa on bat da “Elkarrizketatuari protagonismoa ematen diona. Estilo anglosaxoiko elkarrizketak egiten genituen telebista-saio hartan askotan dudatzen nuen ongi ari ote ginen. Galdezka hasten naizenean elkarrizketatuak jendearentzat interesgarria den hori esatea dut helburu. Pertsona batzuk behartzen ez dituzunean ez diezula zukurik atera iruditzen zaizu, eta gehiegi behartuz gero, ez dagokizun protagonismoa hartzen duzu. Neurri kontua da, baina ez da erraza… …buruan duzun eskema goitik behera aldatu edo egokitzeko gai izan behar duzu, bestela…”
  • “Albisteen sailean badaude 24 ordu irauten duten albisteak, baina beste batzuk arnas askoz laburragokoak dira.” Gertatu berri izate hutsa izan daiteke albisteago. Interneteko albistegietan horixe bera pasatzen da askotan. Azkarra izateak garrantzia handia du, baina gero kalitatearekin lotzen joan beharko ginateke albistea edo beste albiste batzuei lekua utzi.
  • “Kazetariak pentsatzen duena etxean uzteko ahalegina egin behar du. Irratira noanean ez zaio inori axola nik zer pentsatzen dudan. Nire lana ahalik eta ondoen egitera noa, eta horretarako, gaiekiko distantzia hartu beharra daukat. Hori kostatzen den? Benetako borondatea dagoenean ez dut uste aparteko zailtasunik dagoenik. Erabateko objektibitaterik ez da existitzen eta ez da sekula existituko, baina gaiekiko distantzia hartzea bakoitzaren esku dago. ” Eskerrak esaten den ez dugula pentsatzen duguna reseteatu behar kazetaritzan jarduteko. Norbere pentsaerak etxean edo erredakzioko atean lagatzea posible da, eta egia esan, eskatu daitekeen minimoa da sinesgarritasuna izateko.
  • Nola piztu euskaldun bati interesa mundu mailako albisteekin? “Gaia pertsonalizatuz. Afganistango gerrari buruz zenbat eraso izan diren, edo zenbat taliban hil diren kontatzea baino askoz eraginkorragoa da istorio pertsonal edo pasadizo familiarrak kontatzea. Ez da hain zaila, baina albiste agentzien gurpiletik ateratzea eskatzen du”.
  • Euskalduna eta euskaltzalea da Artola: “Antenan euskararen inguruko kontuekin ez naiz sekula isiltzen. Euskararen garrantzia aldarrikatu eta prentsaurreko guztia erdaraz ematen dutenekin ezin dut isildu, eta euren kontraesana behin eta berriz salatuko dut.”

¿Configurados en Español?

Gero eta bizkorrago doa Internet eta susmoa daukat denok ez goazela abiada berean. Bizkor, nabigatzaile eta euskal enpresei esker, eta ez webguneen orriak bizkor zabaltzen zaizkigulako (operadoreek engainatzen gaituztela uste duzu zuk ere, ezta?). Euskarazko hainbat erreminta izan dira notizia Argian: VLC Media Player, Euskaltube, Elebila… Pentsa, inbentario bat ere osatu da euskarazko informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriena! Tresnak baditugula zabaldu behar dugu orain, jendeari komunikatzea tokatzen da eta horretan ez gabiltza ondoegi.

Euskarazko tresnak badaude sarean, baina erabiltzen ditugu? Argian irakur zitekeen otsaileko datuek ziotena (Eustat): EAEko Internet erabiltzaileen %99,7k gaztelania erabiltzen dute nabigatzeko. Euskaraz nabigatzen dutenen kopuruak %1,5eko gorakada izan du eta gaztelaniaz egiten dutenen kopurua %2,4 igo da. Zer egin dugu datuak hobetze aldera? Zakurraren putza!
Datu horiekin konparazioan Sustaturen batzuk (lehen sei hilabetekoak): Sustatura sartzen diren lagun gehienen nabigatzailea Explorer da, baina beherantz doa (iaz %65, aurten %55) eta Firefox-Mozilla gorantz (%31 vs. %40). Bestalde, nabigatzailea euskaraz konfiguratuta daukaten erabiltzaileen kopurua asko hazi da (%44), baina oraindik hiru bisitaritik bik erdaraz daukate konfiguratuta nabigatzailea (harrigarria, portadan dagoen oharra kontuan hartuta). Sustatun ez da egin euskara plangintzarik emaitzok lortzeko, baina lortu da datuak hobetzea. Euskara hutsez dihardugunok ez genuke antzerakorik egin behar gure webgune eta gure blogetan? Jarriko dugu Tu navegador está configurado en español mezua?

Erremintak batetik eta bestetik edukia. Jarraitzen dugu edukia sortzen, baina ez gura beste. Wikipedian (badugu erreminta) 25.000 artikulura ez gara heldu. Blogariak (badira erremintak) 6.000 inguru izango gara eta bizirik 3.000. Bi datuok ez dira txarrak, hobetzekoak bai, baina ez txarrak. Kontrara, oraindik euskara apaingarri baino ez duten webguneak daude, URLa gaztelera hutsez dutenak ere makina bat, edo gaztelera hutsez webgunea aurkeztu eta laster euskaraz ere egingo dutela esan bakarrik egiten dutenak. Sociedadesgastronomicas.com modukoak, esaterako.

Iaz kexaz ginen Internet ez delako irratian, paperetan eta telebistan agertzen. Ba aurten gehiago agertzen da. Telebistetako albistegietan ere agertzen da, Euskadi Irratian badira blogariak tarte finkoarekin, paparean ere gero eta tarte handiagoa… Internet bada iaz baino gehiago. Hurrengo urtean beste saltotxo bat.

oh.: Euskal kulturaren urtekarirako Argiako lagunek eskatu zidaten artikulua.