Gertatutakoa berrikusteko eta ezagutzera emateko Intxortako batailaren berregitea

Hainbeste denboran isildua izan den gure memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginean dihardugu Elgetan ere. Horretara bideratua dago Espaloia Kafe Antzokian dagoen interpretazio gunea. Gertatukoak berrikustea eta ezagutzera ematea da helburu nagusia. Horregatik, zerbait bizia egin gura izan da eta berregin genuen orain 76 urte gertatu zena.

Orain 76 urte, 1937ko apirilaren 23an jausi zen Elgeta. Aurten ere gertaera latz haiek gogora ekartzeko elkartu ginen, domekan, apirilak 28, Intxortako Atea monumentuaren aurrean. Baina urteroko ekitaldia egiteaz gain, oraingo honetan orduko gertaerak ere birsortu genituen. Antzezlanean ikusi zena aurretik gogoratu zitzaigun hitzez, eta blog honetara ekartzea pentsatu dut idatziz. Argazkiak Goienarenak dira. Bideoa eta argazki galderiak goiena.net-en.

Esan dezadan, idatzi horren aurretik, espero ez genuen bisita ere izan genuela. Nik telefonoz jaso nuen deia: “Iban, pare bat Guardia Zibil datoz Kanpanzarko bidetik oinez, patrol bat ere ikusten dugu…”. Nire erantzuna adarrik ez jotzeko esatea izan zen, baina ez, ez zegoen adar jotzerik. Alerta! Herriko alkateari komentatu nion zer esanez deitu zidaten eta Ertzaintzaren mando batengana joan eta Guardia Zibilarengana joan ginen bi ertzain eta hirurok. Kasualitatez zeudela han eta ia zer zegoen galdetzen hasi ez ziren ba? En fin, oso gogoan nuen duela urtebete, hain justu, militarren maniobrak izan genituela… Kasualiatez edo ez, ordukoen berregitea ikusten egon ziren berdez jantzitako lau armatu hauek. Ez dezala jendeak egindako lana tapatu, hala ere. Hauxe zen antzeztu zena:

Intxortako frontea euskal defentsarentzat leku oso-oso garrantzitsua izan zen bereziki bi bataila gertatu zirelako bertan. Lehenengoa 1936ko urriaren 4koa. Bertan, Mola jeneralaren erasoaldia gelditzea lortu zuen euskal erresistentziak, eta horri esker izan zen posible Euskal Autonomia aprobatzea eta historiako lehenengo Eusko Jaurlaritza sortzea.

Zazpi hilabetez, urritik apirilera bitartean, intentsitate baxuko gerra izan zen hemen. Eta, Bizkaiko defentsarako erresistentzia gune garrantzitsuenetako izan zen Intxortako frontea. Apirilean, ordea, eguraldi onarekin, frankistek berriz ekin zieten erasoaldiei.

Hiru egunez borrokaldi gogorrak jasan zituzten miliziano eta gudariek eta hori da ehun bat boluntariok Intxortako Ate ondoan antzeztua.

Denok dakigu gerra nola amaitu zen. Tropa frankistek, azkenean, aurrera egin zuten, baina uste baino denbora eta baliabide gehiago behar izan zituzten. Intxorta, gainera, ez zuten mendean hartu. Gudari eta milizianoek utzi egin zuten Elorrio ere jausi zela jakin zutenean.

Frankistek behin eta berriz jo zuten erasoa 37ko apirilaren 20tik 24ra bitartean. Beti erabili zuten formula berdina. Lehenengo hiru orduko artilleria erasoa, eta jarraian bi orduko abiazio erasoa.

Miliziano eta gudariek babestuta, ezkutatuta, jasaten zituzten bonbardaketa horiek, eta infanteria frankistaren erasoa zetorrela konturatu orduko kokatzen ziren lubakietan defentsarako gertu.

  1. Intxortako maldetan miliziano eta gudariak izango dituzue. Martiartu batailoia (EAJ) zegoen lehen lubaki-lerroan. Bizkaitarrak gehienak eta Pablo Beldarrain komandantearen aginduetara.
  2. Apur bat gorago Juventudes Socialistas Unificadas  taldeko Dragones izeneko bi batailoi zeuden, arrasatearrak gehienak.
  3. Eta Gazteluatxen Martiartu batailoiko gudariak eta Saseta batailoi metrailadoreak.
  4. Gazteluatxetik Zabaletamendira Juventudes Socialista Unificadas taldeko UHP batailoiko milizianoak zeuden. Hiru ziren, gehienbat bergararrak eta oñatiarrak. Laugarren konpainia Elgetako hilerritik Karabietarainoko esparruan kokatzen zen.
  5. Euskal erresistentziaren defentsa osatzen zuten bonbak botatzeko Salbadorko ermitan kokatutako lau morterok eta Elgetako bonbardaketaren ostean han eta hemen txikituta aurkitu ziren dozena bat artilleria piezak.

Asentzio aldean, eta aurrez aurre, tropa frankistak zeuden lau zutabetan antolatuta: falangistak (urdinez) eta ejertzitoko soldaduak edo nazionalak. Mairuak edo Erregularrak eta erreketeak edo karlistak. Guztira, 4.600 lagun. Kalkulatzen da gudari eta milizianoak 1.400 inguru zirela.

Oh.: Egongo da berregite hau ikusteko gogoz edo parte hartzeko gogoz geratu denik. Hurrengo urtean berriz egiteko asmoa dago. Informazio gehiago jasotzeko Udaletxearekin edo Intxorta 1937 elkartearekin harremanetan jarri behar, biak izan dira antolatzaileak hainbat laguntzailerekin batera.

Lander Arbelaitzekin

Han eta hemen gauza asko agertu dira, HEKIMENek atera du ohar hau:

Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak elkartasuna agertu nahi dio Lander Arbelaitz Argia aldizkariko kazetariari, AskeGunea hustutzeko operazioaren barruan jasotako tratua dela eta.

Hekimeneko kide sortzaileetako bat da Argia aldizkaria, eta Hekimenen helburuetako bat da euskal hedabideen presentzia eta eragina handitzea gizartean. Horretarako, ezinbestekoa da gero eta informazio kalitatezkoagoa eskaintzea. Hekimenen ustez, Lander Arbelaitz informazio zuzena emateko ahalegin betean ari zen Ertzaintzak, eskuan zeukan akreditazioa kontuan hartu gabe, lurrera bota, astindua eman eta bertatik atera zuenean.

Hekimenek, gainera, guztiz ezegokitzat jotzen du Ertzaintzako buruek hartu zuten erabakia kazetariak gune itxi eta bereizi batean zedarritzeko. Kazetarien oinarrizko eskubideetako bat da informazioa ahal bezain hurbilen eta, batez ere, nahi duten ikuspuntutik eman ahal izatea. Hori da kazetaritza. Hori da gure lana.

——–

Besarkada Landerri nire partetik ere. Aupa @larbelaitz

“Eskualdeko xxxxxxxx” formulak balio du

Hau jakin dut:

“Debagoieneko Surf Elkartea sortu dute eta lehenengo bilera egingo dute Bergarako Laino skate parkean hilaren 20an, zapatuan, 19:00etan.”

Eta gertuen dugun hondartza Gasteizkoa dugun bailara honetan sortu dute Surf Elkarte bat. Ondo. Ondoen irizten diodana da, hala ere, Debagoienekoa izatea elkartea. Uste dut gauza askotan ikusiko ditugula herri erkaketak. Herri bakoitzean elkarte ezberdinak egotea ondo egon daiteke gauza batzuetarako, baina gehienetarako batu eta lanak zentralizatzea aukera on moduan ikusten dut. Beti? ezin esan, baina bai gehienetan. Gaztetxe potente bakar bat Debagoienean? ba seguruenik ez. Baina euskara elkarte potente bakarra (herrietako adarrekin, klaro)? Ba seguruenik bai.

Ikusiko ditugu eskualdeko gero eta produktu gehiago. Bai sortze beretik osatuak zein batuz lortuak.

Balio du “Debagoieneko xxxxx” formulak,  baita “Urola-kostako xxxx” edo “Tolosaldeko xxxxx” edo “Debabarreneko xxxxx” edo “Durangaldeko xxxx”… Debagoieneko Surf Elkartea”-k balio handiagoa du Bergarako Surf Elkarteak baino. Zorte on.

Bagoiak lokomotoretu

Aste honetan bi aldiz entzun dut berba hau metafora letxe. Zuzendaritza bati lotuta erabili dute eta entzuten dudan aldiro gutxiago gustatzen zait. Metaforarekin zuzendaritzak duen bultzatzeko kapazitatea lotzen da eta bagoiak dira haren atzean. Hau da, lokomotorak tira eta bagoiak joan. Lokomotorak egin eta bagoiak itsu-itsuan atzetik segi. Ez dut gustuko eta ez zaio errealitateari lotzen gehienetan, izan ere bagoiak ez dira pisu hil 2013an.

Lokomotora hitzak haize zaharrak ekartzen dizkit burura, horixe komentatu nion azkenengoz lokomotora aipatu zuen lagunari bileran bertan Elephant lokomotora gogoratzen zidala, 1825eraino eramaten zuela lokomotora hitzak nire burua: pisutsua, geldoa, mugitzen zaila… ikatzarekin zebilena, kargak eramateko erabiltzen zena… Triki-traka “erromantiko” horrekin ez ote dugun lotzen gehienok…  Eta kargarekin bai, karga eramatearekin ere bai.

Lokomotora elektrikoekin lotuko nituzke 2013ko zuzendaritzak, izan ere, lokomotorak egiten duena da elektrizitatea mugimenduan eraldatu eta horrela tren osoa mugiarazi bide berean. Buruan dudan zuzendaritza humanoena da eta bagoiak ere halatsu. Pertsonak batera mugiaraztekoak eta ez kargak.

Hori bai bagoiak izan behar dira 2013ra egokituak, erosoagoak, seguruagoak, bizkorragoak, gutxiago kontsumitzen dutenak, ekologikoagoak… Bagoiak ikusten ditut pertsonen, eta beraz, proiektuen batura moduan. Horiek osatzen dute bagoi oso bat, pertsona ezberdinek bere aulki moderno, leiho argitsu eta itxura dotorearekin.

Ez ginateke fin ibiliko lokomotora modernotu eta bagoiak ahaztuta. Egia. Lastertasun handiegirik ez da komeni, baina ez gaude ikatza botatzen ibiltzeko ere. Lokomotora berbari dagokion berezko esanahia bagoiei ere aplikatu beharko genioke, bagoiak lokomotoretu, hainbaten artean bagoia osatu eta latineko lokomotora berbari dagokion esangura gehitu:

  • “loko”: latineko “locus” ablatibotik datorrena eta lekuarekin lotzen dena, nik eskualdearekin.
  • “Motivus”, mugimendua eragitea esan gura duena.

Tokikoagoak beharko dugu izan, sustraituagoak

Alberto Barandiaranek atera du irakurtzekoa gomendagarria den artikulua Argian: “Soziolinguistika, berriro“. Hamaika helduleku interesgarri ditu sarreratik bertatik:

Askorekin nago ados. Artikulua gomendagarria, esan dudan moduan. Ondo ekarriak Joseba Azkarragaren aipuak. Esaterako hau: “Orain arteko handiari txikiak jango dio tokia; azkarrari geldoak; gehiegiari nahikotasunak; zentralizatuari deszentralizatuak; auto indibidualari bizikletak nola garraio kolektiboak; globalari tokikoak; estatuari erregioak; erregioari ehuntze komunitarioak… …Tokikoagoak beharko dugu izan, beraz. Sustraituagoak. Ez hain buruarin, ez hain etorkizunarekiko axolabariko…”

Eta Barandiaranen amaierarekin ere bat: “barrura begiratu beharra dago, nukleo hori zabaltzen jarri behar da indarra. Euskal komunitateak sortuko duenaren araberakoa izango da etorkizuna.”

Baina blog honetara ekar dezadan beste pasarte bat, Barandiaranena. Askorendako txikikeria bat artikuluan dauden pisuzko kontuen ondoan, ardatza ere ez baita hemen nabarmenduko dudana:

…bidea: denontzako moduko janzkera bat izatearen truke, kolore batzuk galdu nahiago. Bitxia izan da garaian garaiko erreakzioa. Aurreneko urteetako oposizio atzerakoia gainditu eta, orain, gazteen artean antzematen da halako arrangura bat, desadostasun moduko bat, batua dela eta. Askok urrunxko ikusten dute oraindik estandarra, gatzipeko, txepel, kolorebariko, eta, okerrena, inposatua. Ibon Sarasolak edo Ramon Saizarbitoriak esaten dutenean nahiago dutela euskalkiak desagertzea, batua galtzea baino, halako asaldura pizten da, minsorra, hainbatek afrenta edo laido sekulakoa bizi balute bezala. Ezinegona ez da ona, eta ez da arrazoizkoa. Beharbada berriro azaldu beharko dira batuaren atzean egon ziren arrazoiak, zertarako egin zen egin zen guztia. Pedagogia egin beharko da, demagogiarik gabe, zorrotz. Euskalkien tokia eta garrantzia zein den berriro garbi utzi beharko da, beharbada.

“Askok urrunxko ikusten dute estandarra”. Nik ez dut joera hori sumatzen nire inguruan.

Saizarbitoria aipatu duenez Barandiaranek, eta esaldi hori esan zuen kontestua gogoan dudanez, jartzen dut hemen (Gutxi gorabehera, irratian esandakoa baita):

“San Mames bArria”:Ba behintzat euskara batuan jarri behar lukete! Ez dira konturatzen zein atzerapauso den. Kirolariak deklarazioak egiterakoan… Eredu formala behar dute. Euskaldun inperfekto sentitzen dira euskaldun berriak horrelako joerekin.  Euskara gehiago zabaltzeagatik euskalkiak desagertzearen alde egingo nuke apustu, euskara salbatzearen alde.

Batak bestea kentzen ote du ba? Euskalkiak indartzearekin euskara batua ere indartzen da, erabilera bultzatzen da. Behar dugu batua, behar dugu indartsu, maite dugu batua eta behar dugu erakargarri. Batua ezin da izan “gatzipeko, txepel, kolorebariko, eta, okerrena, inposatua”. Eta ez dela horrela esatea pellokeria litzateke, baina ez dut sumatzen horrela dela zabaldua dagoenik ere.

Joseba Azkarragak dioenarekin amaitzeko: “Tokikoagoak beharko dugu izan, beraz. Sustraituagoak.” Eta Azkarragak dioenaren kontra, euskara eta euskalkien kasuan: Orain arteko handiari txikiak EZ dio jango tokia.

 

Egungo Testuen Corpusa: 205 milioi berbarekin jolasean

Bizkor dabil euskarak inoiz izan duen corpusik handiena. 2001 eta 2011 bitarteko berbak jasotzen ditu, 7 probintzietakoak. Prosazkoak (liburuak, papereko agerkariak eta Wikipediakoak) eta kalitateagatik aukeratuak. Badira jatorriz euskaraz idatzitako testuak eta testu itzuliak ere. Iturriak eta urteak ere kontuan hartu izan dira, pisu antzekoa izan dezaten.

Corpusari tiraka hamaika lan egingo dira eta ona litzateke corpusak jarraipena izatea, esaterako, 2012ko berbak ere gehituz milioi horiei. Etorriko da. Akaso, bilaketak ematen dituen emaitzen embed kodeak ere ez lirateke txarto etorriko… Baina egindako lana ederra! Zorionak eta eskerrik asko EHU eta Goienarekin harremana izan duzuenoi.

Sartu ditut hainbat berba eta nire asmoa zen zenbat aldiz erabili ditugun hamar urteotan Goienan. eta bueno, kontuan hartzekoak:

– “Ekidin” 245 bider.
– “Igorri”: 590
– “Anitz”: 72 bakarrik.
– “Bermatu”: 802 aldiz.

Nik egin dut jolas 15 minutuan: asteko egunekin.  Egunero darabiltzadan astelehen, martitzen, eguazten, eguen, bariku, zapatu eta domekarekin. Euskara estandarreko parte diren horiekin, hain zuzen. Kuriosoa astelehenak (azkena jarri dut, aparte) dituen sarrera kopurua eta gainontzekoek dutena.

egunak

Oh.: Ordena: martitzenetik hasi eta astelehenarekin amaitu.

 

100 zutoinetik gora kontatu ditut lurrean, apurtuta, 7 kilometroan

Elurretan balio dute errepidea markatzeko. Eta gauean ere ondo etortzen dira poste islatzaileok. Baina azkenengo elurtetik 100 (erraza esaten da 100, baina…) falta dira Elgeta eta Kanpanzar lotzen dituen bidean. Ez, ez da ehunka kilometro dituen errepidea, 6,8km ditu eta 9-10 minutuan egiten da bide hori. Ez da zailegia izango zelan apurtu diren jakitea. Zaila izango dena da konpontzea eta bizi dugun egoeran ordaintzea. Amorratzekoa.


Ver mapa más grande

Jende arrakasta Espaloian

Jendea asko, 3.000 lagunetik gora pasa izana hilabetean notizia egin dute espaloia.com webgunean. Gustatu zait erabili den esaldi bat: ezagunekin jendeari dir-dir eragin begietan eta kalitatedunekin begiok zabaldu. Ondo dago eta aplikatu da monologo mostran esaldi hori. Nik lau emanaldi ezberdinetatik hiru ikusi ditut. Ez naiz monologo zalea eta telebistan ere ez ditut jarraitu. Horregatik ere, seguruen, ez dut aretoan egon diren gehienek bezala gozatu. Dani Mateorekin ondo pasatu dut (ezaguna eta kalitatekoa) eta oso-osoko tipoa iruditu zait. Mingaina trabatu barik ibiltzen da taula gainean, baina baita bertatik bertarakoan ere, afaltzen egon garenean, esaterako. Umila eta langilea. Berak esan zigun esaldi batekin laburbiltzeko: “Nik moduan nire aitak ere egiten zituen dozena bat ordu lanean egunero-egunero. Iturgina zen. Eta hari ez zizkioten elkarrizketak egiten. Ezin gara kexatu”.

Baina burua zalantzatsu daukat ekimen hauekin. Monologoaren parte handi bat, lau kasuetan, telebistako erreferentziaz josita egin dira. Eta erreferentzia horietan guztietan Albako Dukesa, Real Madrileko jokalari bat, Punsetek egiten duen Bimboko anuntzioa, Paquirrin,… eta izenak ere gogoratzen ez ditudan hainbat personaje espainiar. Mateok jakin du Euskal Herrian ziharduela jokatzen eta Euskal Herrirako erreferentziak ere erabili zituen, baina gehienek… Bruce Springsteenek ere berba gehiago egiten ditu euskaraz!

Eta horregatik, uste dut, aipatutako 3.000 lagun horiek gainditzeko programatu den euskarazko Peter Pan musikala dela Espaloia Kafe Antzokiak bultzatu beharreko programazio eredua. Gainontzekoei uko eginda? ez. Hurrengo urtean II. monologo mostra antolatuko da, seguruen. Praktikak erakutsi digu aretoak zerekin betetzen diren, bereziki telebistako famosilloekin. Eta aretoak betetzea ere beharra da, gehiago jendeak minoritarioagoak diren ekintzei (hizkuntzagatik, diziplinegatik…) erantzuten ez dien bitartean.

Euskarazko programazioan ditugun ezagunekin ikusleen begiei dir-dir eragin geniezaieke, baina kalitatedun saioekin begiak zabaltzea urrunago dugu. Ez litzateke txarra ezagunekin aretoak gehitxoago eta gehitxoagotan beteko balira. Lanean jarraitu behar.

`Egunkaria´ barik 10 urte

Gaur 10 urte Sustatuko editore lanetan niharduen. Oso notizia desagradablea izan zen, sinisten zaila eta hasierako minutuetan jabetzen ere nahikoa lan.  Itxieragatik batetik; bestetik, ez nituelako inoiz sinistu atxilotuak eramateko zeuden arrazoiak. Hain zen dena beltza… Ordukoak errekuperatu dituzte gaur Sustatun. Goienan ere ordukoak jarri ditugu `Egunkaria itxi zutela 10 urte´ albistean.

Ez dut inoiz kontatu (publiko ere egin zen, hala ere…) , baina orduan erabaki genuen Egunkariako lankide bati deitu eta gure egoitza eskaintzea hurrengo eguneko papera ateratzeko (Egunkariak eta Goienak leku berean inprimatzen genuen agerkaria). Deitu nuen. Komentatu zuten Egunkariako lankideen artean, eta ez zuten beharrik izan. Elkarrizketa “pribatu” hau zeinek eta “El Mundo”k eman zuen jakitera hurrengo egunean.

Nik hemendik ikasi dudana da kontrolatuegi gaudela eta kanpotik dugula kontrol hori. Horixe irudikatu zuten Guardia Zibilek ere Martin Ugalde parkean. Ez dut batere gustuko. Gaur Martin Ugalde beteko dugu orain dela 10 urte gertatua gaitzezten dugunok.

HEKIMEN: Alberto Barandiaran Goienan

“euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa” osatu eta garatzea nahi duzue…

Esparru komunikatiboaz dihardugunean esan nahi da hedabideek jendarte honetan izan behar duten eragina. Hedabide bakoitzak eman ditu bere urratsak bere esparrua osatzeko. Esaterako, Goienak presentzia baldin badauka Debagoienean da urrats batzuk egin dituelako bailarako hedabideen esparrua garatzeko. Eta, horregatik, gaur egun Goienak badauka bere presentzia, bere garrantzia bailara honetan. Hori guztiek onartzen dute. Goienak bezala beste batzuek ere sortu dute euren esparrua. Orain, gogoeta zabal eta orokorragoa egin behar da zehazteko euskarazko hedabideek ze toki, ze eragin, ze garrantzia izan behar duten Herri honetan. Zer eskatzen digu jendarteak? Zer ematen diogu? Zer eman beharko genioke? Zela egin genezake hori?… Nabarmendu nahi dugu euskarazko hedabideen garrantzia.

Elkarrizketa osoa Goiena paperean eta sarean goiena.net-en.