Erdiko denda barik geratu gara

Erdiko dendan ateratako argazkia

Erdiko dendan ateratako argazkia

Akabo fandangoa! Kitto “EkoD”, Erdiko denda. EkoD-tik ez da pasatu Errol Flynn Salvador Allende Pablo Neruda edo Ernest Hemingway Kubako “La Bodeguita del Medio“-tik moduan, baina pasatu izan balira zerbitzuaz eta konpainiaz gozatuko lukete.

Dendatxo honek bazuen herritarrondako xarma berezia. Bezero izan gara hango-hemengo, txiki-handi, gazte eta edadeko…

Zerbitzu atsegina eta gertukoa asteko zazpi egunetan. Ze pena. Asko galtzen dugu herritarrok. Hala ere, eskerrik asko, Dayami, eta zorte on!

Neurriko museo pribatu bat

Asteburuan izan naiz museo txiki batean: Aula Museo Paco Diez. Museo pribatua eta zerbitzu publikoa egiten duena. Lagun biren ekimenez aurrera ateratzen ari direna. Musika instrumentuak dira erakusten direnak eta bada ekintza lekua ere, esaterako, dantza tradizionala dantzatzeko. Baliabide eskasak eta proiektu asko dituen jendea da bertakoa. Oso bisita txukuna egin genuen eta ez berez museo hori ikusi barik ezin delako bizi, baina bai transmititu zigutenagatik. Bizitzaren erritmo zoroa atean lagatzen den espazioa da Aula Museo Paco Diez.

Horrelako ekimenetara ez ote garen bueltatuko… hau da, norbere bizitzako parte egiten ditugun proiektuak ez ote diren izango aurrera egingo dutenak…: doituak eta pasiodunak. Bertan bizi da bikotea, bertan egiten dituzte entseguak, beraiek egiten dute museoaren eta aretoaren garbiketa, apurtzen diren bonbilak aldatu, atezain, telefonista, bisita gidatuetan instrumentuak jo… Pasioa dute lan.

Hilero kontzertu bat izaten da bertan. Berandu heldu ginen gu ostiralean. Musika eta dantza errenazentista zeuden gaugiro ederra egin zuen egunean. Oso ondo joan omen zen. Luxu bat izan zela zioen. 40 lagunek ordaindu zuten 12 euroko sarrera.

Museo barruko areto hau ikusi nuenean ederra eta neurrikoa iruditu zitzaidan:

Nire galdera ia herrikoendako zinea emateko-edo ez ote zuten erabiltzen aretoa, ia ez zuten alokatzen bestelako ekintzetarako… konturatu nintzen konturatu horrelako museo pribatu bat egiten denean ez dela jendea bai edo bai erakartzeko egiten. Ez direla edozer programatzeko sartu abentura honetan. “Gustatzen zaizu? ba etorri eta elkarrekin gozatuko dugu; Zinea nahiago duzu? zinemara” izan zen erantzuna.  Handik pasatzen diren musika taldeek sarreretan ateratzen denaren erdia eramaten dute eta beste erdia asko gustatu zitzaidan museo honi eusteko da. Urte askotarako.

 

 

 

Zero efektua Luistxorengan eta zero efektua Luistxok

Luistxo lagunarengan “zero efektua” lortu ei dugu, ni aipatuta bota duen tuit batean dioenez:

Paperari balioa emateko modua nonbait: Interneten ez eman http://t.co/ESHOgWMvN4 Gero eta erabiliagoa, baina nigan 0 efektua @iarantzabal

Nik, ostera, pentsatzen dut @luistxo -k zero efektua duela gure kazetariek lanean jarraitu dezaten.

Gure bezeroak dira telebistako ikusleak, irratiko entzuleak, papereko irakurleak eta Interneteko erabiltzaileak. Astelehenean ateratzen dugun Goiena paperaren kasuan, urteko harpidetza ordaintzen dute eta eskerrak, bestela notizia kontatzeko lantalderik ez genuke izango asteburuan. Klubeko bazkideak Goienaren oinarri dira eta ahalbidetzen dute Internet asteburuan bizi izatea, telebistarako grabazioak egitea eta asteleheneko Goiena papera egitea, besteak beste.

Bestetik, inon baino lehenago tuiteatu dugu eskoriatzarrak zeudela entzierroko pilaketan. Horregatik egin die elkarrizketa Euskadi Irratian, Goienak publiko egin duelako. (@magirrek horrela ez dela izan diosta eta ezabatzen dut) Notizia osoa ere sarean dago, ohikotasunez egoten da dugun informazio guztia inon baino lehenago. Harpidedun denak badu gakoa eta pdf-a (40 orriko aldizkaria) ikusi lezake goizean goiz tabletan, ordenagailuan, telefonoan… Papera ere jasotzen du etxean klubeko bazkide denak. Nik, esaterako, 06:30ean nuen etxeko buzoian, urtean 50 euro ordaindu eta hainbat abantailen artean etxeraino ekartzen didatelako Goiena papera.

Sarean, pdf-an goizeko lehenengo orduan; arratsaldeko 16:00etan, gainera, irakurri ahal izango duzu goiena.net-eko azalean. Zabalago paperean baino, ze gure telebistako edizioan eskoriatzarrak borobil batean sartzen ari gara ondo identifikatzeko. Bi anaien argazkia, pilaketa aurreko argazkia, beraiek esandakoak, bideoa… Eta horrekin hedabide guztietako zirkulua itxita. Efektua zero? ez nuke esango.

Prentsa oharra irakurtzeko eskuko telefonoa!

Nik neuk ere apuntatu ditut koadrila osoarendako kafeak eskuko telefonoan. Eta entzun ere entzun behar izan dut horregatik…

Lankide batek liburu bat irakurri du asko ez dela eskuko telefonoan. Ni ez naiz animatuko, baina tabletan bai, gustura irakurri ditut Twist, Atzerri eta Mussche. Sinplistak irakurtzen hasi berri. Paperezko liburuaren pare irakurtzen dut tabletan, egia esan. Ohitu naiz.

Baina markak hautsi ditu bideoko lagun honek. Prentsa oharra eskuko telefonoan zuen. Gustatu zait. Hurrengoan eskema bat eskuko telefonoan eta kamerari begira egindako prentsa aurrekoa. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada.

http://vimeo.com/69470356

San Juanak pasatuta… autoantolatuak izan dira? :-(

San Juanak badute xarma berezi bat… gustuko ditut. Sua hain da magikoa… baina niretzat suaren bueltan antolatzea ere bazen erakargarria. Eta orain? autoantolatzen ote dira kuadrillak sua egiteko?

Gure herrian Udalak noiz zer egingo egon direla jakin dut. Eta San Juan egunean bertan ere agintariei galdezka neuk ikusi ditut hainbat guraso. Baina sua ere instituzionalizatu behar dugu, edo?

Zorionez herriko gazteek beraiek eman zioten sua metari. Akaso guraso berriok baino antolatuagoak datoz.

Politikariak kazetarien gainetik tertulietan? :-(

Politikariak agintzera ohituta daudela seguru. Gobernuetan boterean egon direnean, beraien alderdietan pisu bat izango dute eta aginte maila bat… Hiru tertuliano hauen kasua bada bai agintzen jardutearena: Luke Uribe-Etxebarria (EAJ), Joseba Alvarez (Sortu) eta Denis Itxaso (PSE).

Agintzea beraien organoetan bale, baina gaur, harrituta jarraitu dut Faktoriako tertulia. Kazetariak gaiz aldatzea gura eta ezin… gura eta ezin… Eta konturatu dira bai aldatzea gura zutela.

Uribe-Etxebarriak berba egin eta kazetaria saiatu da hitza hartzen; Itxasok hartu du berba eta luze aritu da. Saiatu da berriz kazetaria eta ezin: Uribe-Etxeberria berriz…; eta kazetaria saiatu da… eta berriz denbora motzean…; Eta hirugarrenean aurkeztu du gaia, gai berria azkenean. Gaia aurkeztu eta Alvarezi eman dio hitza eta Alvarezez: Nik ez det gaiez aldatuko zuk aldatu nahi badezu ere. (buruz nabil, baina esango nuke horiek izan direla berba zehatzak, baita gipuzkeraren ukituak ere) moderatzaile-gidariaren hitzei kasurik egin barik (gidaria tematu da gai berria aurkezten, baina agindurik eman barik) jarraitu dute lehengoari tiraka politikariek.

Eztabaidan zegoen gaiak gehiagorako ematen duen edo ez beste kontu bat da, kazetariak neurtzekoa, baina gidariak gidatzen du saioa eta kazetariari kasurik ez eginda saio txar asko egiteko aukera zabaltzen da. Entzuleok ez dugu merezi.

Urteko disko bat?

Asko ez dela Musikatean entzun dut “Enaren geometria“, Rafa Ruedarena (ezin lotura eman, atzokoa dagoelako Nahieran-en: http://www.eitb.tv/eu/irratia/euskadi-irratia/musikatea/951277/ ) Laster jarriko dute, zehaztasunik gura lukeenarendako. Aurkezleak “txistea” eginez esan du: “Ruedari beste itzuli bat eman” eta iradoki du beste disko bat ateratzea “tokatzen” zaiola. Iradoki ez, esan.

Eta ni pentsakor. Badakizue, autoak ematen du pentsatzeko denbora, ia bidea ahazteraino… Rafa Rudak 2011ko azken hilabetetan aurkeztu zuen diskoa… urte eta erdi pasa… eta “tokatzen” ote zaio ba berriz? hori da eskatzen diogun martxa?

Urteko disko bat ateratzen duten gutxi daude Euskal Herrian, eta gutxiago ateratzen dituzten horien pista jarraitzen duten entzuleak. Edo?

Inpartzialtasuna, atribuzioa, zehaztasuna, garrantzia eta berria izatea

Batzuetan ahaztu egiten ote zaigun… Asteburuan irakurri dut “Guía de periodismo en la era digital”. Esaldi bat atera dut hona handik, Laressa Watlingtoni lapurtua:

Inpartzialtasuna, atribuzioa, zehaztasuna, garrantzia eta informazio berria izateak jarraitzen dute izaten kazetaritza gidatzen duten arauak. Hauen jabe izatea derrigorrezkoa da kazetaritza ona egiteko eskura ditugun teknologia eta plataformez gaindi.

Eta ausartzen da kazetari digitalaren definizioa ematera ere:

Kazetaritza tradizionalaren ezagutza erabiltzen duena eta teknologiarekin konbinatuz informazioa eman, analizatu eta elkarbanatzen duena gero eta audientzia mundialagoari begira.

Lehenengo esaldia borobilagoa iruditzen zait eta bigarrenean, kazetari digitalaren definizio osatuago bat gura nuke, kontuan izanik, multimediatasuna eta herritarrekin feedbacka. Lantzen joango gara.