Hau hasi zen Seu d’Urgellen, 2019ko urrian. Congrés Interpirinenc de Mitjans de Proximitat kongresuan. Bertara joan ginen Tokikometik ere. Kongresuaren helburua: Piriniotako gertuko komunikabideen eta bertan lan egiten duten profesionalen elkargunea izatea, esperientziak partekatu eta orainaz zein etorkizunaz hausnartzeko. Eta izan zen giroa hori egiteko. Gu txunditu gintuen aurkezpen batek, tokikoak eta hedabide handia zituena oinarri. Lau aipamen gaur egunera heltzeko:
- Seu d’Urgell
- Tokikom jardunaldiak Garaian
- BBC: Goienan eta EITBn
- “Saretzen”.
BBC-k tokikoekin duen elkalana ezagutzen Seu d’Urgellen
Barraclough-ek burua bor-bor jarri zigun. BBCko kazetaria bera, erresuma batuko tokikoekin ari da lanean 1995etik. Datuetan oinarritutako hitzaldia egin zuen, baina deitu zidan atentzioa istorio kopuruak. Datuak bai, baina istorioak ateratzeko “makina” ikusi genuen Alaitz Artolazabal, Oihane Agirre eta hirurok Seu d’Urgellen. CIMP-ek (Congrés Interpirinenc de Mitjans de Proximitat ) antolatu zuen AMIC-ek, 2019ko urrian
BBCko lagunek, ordurako, 100.000tik gora istorio zituzten aterata datuak elkarrizketatuz. Ordu erdi betea izan zen eta hitzaldiaren ostean elkarrekin izateko aukera izan genuen. Han esango genion sakonago aztertzea nahiko genuela gai hau.
Tokikomeko jardunaldiak 2021 Garaia Parkean
Pandemia betean ekarri genuen Euskal Herrira Matthew Barraclough zuzendaria. BBCko ziberkafe mugikorretako bat ere zuzendu zuen Interneten lehen sasoian (hau beste egun batean kontatzeko:-) Alfabetatze digitala zen ziberkafeen helburua. 2014ko udatik, hala ere, eta han ere jardunaldi batzuk antolatu ostean, sortu zen Local News Partnerships.
Euskal Herrian zukutu genuen Matthew-ren jakintza. Seguruenik kulturala ere bada, eta oso argi dute zerbitzu publikoa dela BBC. Eta dena zuen emateko gizonak, baita BBCren ohiko bezero ez garenoi ere. Ez zuen ezer ezkutatu eta ikusi genuen bazeudela ikastekoetan erremintak, moldeak, loturak, datuak… baina bazegoela bereziki jaso genezakeen kultura bat: zerbitzu publikoa izatearen kultura. “Komunitatea Josten” zuten lelotzat jardunaldiek eta ez, ez zen kasualitatea.
BBC-koak Goienan
Goienan ere izan genuen goiz oso batez eta han elkartu ginen Tokikomeko hainbat enpresa. Ez dut ahaztuko Tokikometik egiten dugun lana azaldu ostean Matthew-k esan zituen lehen hitzak: “Puntako komunikazio talde batzuk egiten dutenaren maila berean zaudete, bat ere ez atzerago”. Umil aurkeztu genien egiten geunden hori, txikiak baikara eta zer esanik ez BBC baten ondoan! Aurkeztu genien inteligentzia artifiziala erabilita egiten genbiltzanak (orduko hartan proiektuak), batera garatzeko nahia, publizitate kanala, erreminta bateratuak… Gomendatu zigun kalitate estandarra zaintzea.
Ikasi genuen balore editorial minimoak onartuta batera lan egiten zutela han: errespetua jendeari, zintzo jokatzea, informazio zehatza ematea, kexei erantzuteko derrigorra eta gardena izatea aipatu zituen gain-gainetik. Gomendatu zizkigun bi kontzeptu zehatz:
- Ulergarria izatea
- Inpartzialtasuna.
Inpartzialak izango direla dioten hedabide kolaboratzaileei sinisten die BBCk hasiera-hasieratik. Eta jarraipena egin ere bai. Inpartziala ez den enpresarekin lankidetza eteten ere badakite. Ez dute zentsore lanik egiten eta baldintzak onartu dituela sinatzen duen horrendako konfiantza adierazten dute.
BBC-koak EITBn
Ateak parez pare zabaldu zizkiguten EITBn eta arratsalde luzean egin genuen lan bertan. BBCkoen hotelak, bidaiak eta abarren kargu egin, itzulpen zerbitzua, gela egokiak… EITBk jarri zituen erraztasunak. Eta arduradun mailako hiruzpalau lagun eta Tokikometik beste horrenbeste BBCko ordezkariak entzuten. Argi geratu zen lehenengo gauza izan zen tokiko kazetaritza ondo dagoenean gizarte-demokraziak igartzen duela, hoberako igarri ere. Ez zen izan hasiera txarra. Ni zoratzen. Erresuma Batuan kazetaritza babesten dutela esan zuten eta horretarako ikastaroak ematen zituztela, edukia sortu, informazioa eman, ebentoak antolatu… Proiektuaren muina Newsmedia Association da eta lankidetza horretan 171 enpresa daude. Gehienak paperean ziren, %5 bakarrik telebistan, %12 irratiak eta %12 online hutsezkoak. BBCk berak ditu 165 kazetari enpresetan barreiatuak edukiak sortzen. Hitz egin zuten New hub BBC-ri buruz, BBC Shared Data Unit-i buruz… lehiatzen dute enpresek Erresuma Batuan, baina kolaboratu ere egiten dute. Lankidetza zertan egin adosten dute eta jarraipena egin. “konkretatuz gero ondo, distrakzioak baztertzen dira” zioen. Editorialaz ere jardun zuten. Bigarren egun bat ere egin genuen EITBn. Datu kazetaritzaz gehiago, Pete Sherlock-ekin. Entzundako ideia bat utziko dut hemen: “Ezkutukoa bistaratzea da egitekoetako bat. Edozein gai izan daiteke. Ulergarri eta inpartzial landuz gero albiste askok dute lekua kazetaritzan. Ez dago konpromisorik datuak eta istorioa partekatzeko, baina, hala ere, egiten da. Zergatik egiten den? Istorio hori askoz eraginkorragoa delako horrela jokatuta. Kazetaritzan garrantzitsuena ez da norbere mantxetaren azpian ateratzea istorioa, garrantzitsuena eraginkorra izatea da”.
Gaur posible da SARETZEN: EITB eta Tokikomen arteko elkarlana
Goizeko 07:00etan entzun dut “Saretzen”-ek emandakoaren lehen berria (2022/11/29). EITBk eta Tokikomek adostutako egunean. Iñaki Guridik aipatu du Tokikom eta EITBren elkarlana. eta aipatu ditu txostena, datuak… goizean goiz.Tertulian ere gaiari buruz berbetan. Eman dituzten datuak: Orain 8,3 gehiago gara Hego Euskal Herrian. Batez ere Nafarroan (%19 gehiago. Sarrigurenen garapen handia:10 pertsonatik 13.000 pertsonara) eta Araban (%16ko gorakada; Dulantzin biderkatu da kopurua). Hiriburuak handitzen… Datuak eta datuak eta datuak. Interesgarriak datuak eta interesgarriago istorioak. Egunetan zehar aterako dituzte EITBk, Tokiko guztiek edo Goienak. Goienaren kasuan, 40 orriko monografiko bat ateratzear du PUNTUA aldizkariak Goienakideendako, magazin oso bat telebistan lau erreportajerekin eta demografo baten laguntzaz osatua, sarean ere grafikoak eta abarrak Excel artxiboak elkarrizketatzeak ematen ditu fruituak. Hortik ateratzen dira istorioak eta ezagutu ditugu: irakurketak EHU-ko Marta Luxan soziologoarekin; umerik ez izatea erabaki duten Maier eta Gaizka; Bego bergararra; Agurnek guraso bakarreko familia osatu duela; Nagore udal teknikariak hezkuntzako datuak eman dizkigu; umeak izatearen kostuak atera ditugu orri betean; Jon Merino elektrizista lanerako behar diren pertsonez; Carlos Pereda enplegu arduraduna; Endika Laboral Kutxatik; Josu kontrapuntua jarri eta Migel Altunan matrikulazioen %30 egin dutela gora esanez; Jon, finantza eta giza baliabide arduraduna TTT enpresan; Oier Ekonomisten Euskal Elkargoko kidea; Olatz eta Rosa edadetuenen datuei tiraka; Leire medikua zaharren egoitzan; Saioa hirugarren adineko jarduera fisikoaz; migrazioaren bilakaeraz Nora; Tangertik etorritako Lubna Elgetan; Burgostik etorritako Hector; Ziahan pakistandarra Antzuolan; Bienve Oñatin; Asier EJ-ko berrikuntza sozialaren zuzendaria… Elkarrizketak, erreportajeak, eta istorioak eta istorioak. Lan handia dago atzetik eta istorio politak gure bezeroek gustuko izango dituzten esperantzan.
Oh.: oinarrian badira beste hainbat lan gaurko honetara heltzeko. Horietako bat da EITB eta Tokikomek dugun hitzarmena aspalditik, tokikook batera Euskararen kale erabileraren datuak landu izana, datuen kultura barneratzeko egindako lanak, ikastaro bateratuak etab. Lau puntu azpimarratu izanak besteei ez die garrantzia amiñik kentzen.