Elkarrizketa Berrian: Euskaldunak onak gara tresnak geurera moldatzen, ez ordea saltzen

Elkarrizketatxo bat egin didate Berrian. Aitzakia ona blog honi jaten emateko ze aspaldian mezu gutxi jasotzen ditu… 🙂 Edu Lartzanguren kazetariak egin zidan elkarrizketa eta argazkia Juanan Ruizek (paperean bakarrik). Hauxe han jasotakoa:

Iban Arantzabal. Kazetaria: Goiena komunikazio taldeak jakin du Internet eta beste hedabideak uztartzen. Ikus-entzunezkoen zuzendariak azaldu du nola.

Titularra: «Euskaldunak onak gara tresnak geurera moldatzen, ez ordea saltzen»

Goiena komunikazio talde euskalduneko ikus-entzunezkoen zuzendaria da Iban Arantzabal (Elgeta, Gipuzkoa, 1975). Debagoienean, Goienkaria
aldizkaria argitaratzen dute, eta GOIENA telebistaren eta Arrasate
Irratiaren edukiak ekoizten dituzte; Interneten hainbat gune kudeatzen
dituzte; besteak beste, Goiena.net.

  • Ohiko hedabideak Internetekin uztartzen dituzue aspaldi Goienan. Nola egiten duzue hedabideen arteko sinergia lortzeko?

Ulertzen dugu zentroan beti dagoela notizia, edukia. Eduki
horrek ditu, gero, hainbat tresna adierazteko. Edukia bat da, eta
hainbat hizkuntzatara moldatzen dugu: irratiaren hizkuntzara,
telebistara, paperera eta Internetera. Internet beste hedabide bat da,
gure ikusle-entzule-irakurleengana heltzeko beste modu bat.

  • Lan egiteko duzuen era hori izango da etorkizunean hedabide guztien eredua?

Ez. Ez da etorkizuneko eredua izango, gaurko eredua delako. Guk ez dugu ezer asmatu, ordea. The Daily Telegraphek eta New York Timesek,
esaterako, eredu hori erabiltzen dute. Guk gurera egokitu dugu
filosofia hori, ez kopiatu. Ez dakigu hori biderik onena izango ote
den, baina ikusten dugu bidea izan izango dela.

  • Prentsa eta beste hedabide handiei hil ala biziko kontua bihurtu zaie ohiko hartzailea Interneten ez galtzea.

Orain arte ikus-entzuleak edo irakurleak bananduta zenbatu izan
dira. Guk, esaterako, 65.000 irakurle ditugu paperean, 8.000 ikusle
egunero gure telebistan, eta egunero 2.000 bisitaritik gora Interneten.
Baina zenbat hartzaile ditugu? Horien batura. Hartzaile bakoitzarengan
heltzen gara modu batera, eta hori da interesgarriena gaur egun.
Hartzaile ezberdin gisa hartu behar da bakoitza, batek Internetik
jarraituko baikaitu, beste batek, Internetik ez eta paperean, eta beste
batek telebista aurreko sofatik ikusiko gaitu. Gainera, bide berriak
ere etorriko dira.

  • Zer bide berrirako prestatzen ari zarete?

Sakelako telefonoa iraultzatxoa izango da oraindik. Ekimen
txiki batzuk egiten ari gara, gure informazioa telefonoaren bidez ere
zabaltzeko. Etorkizuna ere horietatik etorriko da; ez daude alferrik
horrenbeste Iphone edo bestelakoak salduta munduan. Kontuan izan behar
dugu telefonoan dagoeneko bideoak, podcastak eta edozein gauza jaso
dezakegula. Guk zera nahi dugu, aurrean egotea, ez geratzea lo.

  • Horrela ibiliko den kazetari batek irudiak, soinuak
    eta hitzak lantzen aditua izan beharko du. Ez al da hori ezinezko
    superkazetari bihurtzea eskatzea?

Ez. Zer eskatzen zaio bada gaur kazetariari? Ulertzea ekonomiaz, Interneteko azken freak-eriaz,
udaletxetako hainbat batzordeetako gaiez, arteaz… Posible al da hori?
Zer da errazago, horrenbeste gaietan aditua izango den kazetaria
bilatzea edo hainbat tresna menperatuko dituena bilatzea? Nire ustez
askoz errazagoa da bigarrena. Gai batean aditua den kazetariak
erabilita, kalitatea hobetuko dugu, sinesgarritasuna handituko dugu,
eta hartzailea pozez egotea lortuko dugu.

  • Zer egin behar dute euskarazko hedabideek, gaur,
    Euskal Herrian, gaztelaniazkoei aurre egiteko? Aldaketaz baliatuta, ba
    al dago bidezidorrik?

Bizkorrak izan behar dugu. Hor egon, aurrean, eta geure mugak
zabaldu. Ez dugu gertu-gertura begiratu behar. Izan ere, gauzak bizkor
aldatzen ari dira, guk uste baino azkarrago. Jende ona dago hemen azken
tresnak geurera moldatzen, baina ez dugu asmatzen egiten duguna
begibistan uzten. Zer edo zer egiten dugu, baina hori saldu behar dugu,
eta hor dago geure arazotxoa.

  • Interneten kopuruak oso garrantzitsuak dira;
    esaterako, Wikipediak funtzionatzen du, horretan dabiltzanak milioiak
    direlako. Ez al du horrek euskararen kontra jokatzen?

Nanoaudientzietan sinesten dut, eta uste dut gero eta garrantzi
handiagoa izango dutela. Blogena, esaterako. Asmatu behar dugu
nanoaudientzia horiek batzen, eta komunitate sendoagoak eraikitzen.

  • Egin daiteke hori, gaur hemen Interneterako loturarengatik kobratzen dutena ikusita?

Amsterdamen wifia edozein lekutan dago, eta aireportuan ere
doan da. Hemen ez, ordea. Lotsagarria da operadoreek kobratzen dutena.
Hor geure iraultzatxoa egin beharko genuke, inork zer esango itxaron
gabe: wifi komunitarioak sortu, esaterako. Egin egin beharko dugu.
Zergatik ez dugu lotura merkeagoa eta hobea? Ez dago arazo teknikorik,
merkatu legea baino ez da. Administrazioak ere zer edo zer egin beharko
luke, herrialdea atzera gelditzea nahi ez badu.

Munillaren kontra baino gehiago familien alde

Egia esan, ni ez naiz nor Munillak zein postu bete behar duen argitzeko. Kristau ikasbidean hazia eskolan zein etxean, Arrasateko viatoristekin ikasia… baina ez, ez dut nire egiten Eliza. Kanpo ikusten dut nire burua. Hori horrela, badirudi elizanteei dagokiela gotzainaren hautaketaren gaineko erabakia. Horrela litzateke Eliza ez balego militarrak bezainbesteko hierarkizatu; edo gotzaina izendatuko balitz Alemanian, Austrian edo Suitzan moduan. Ez da kasua. Madrilek izendatu du Munilla eta kito. Hain zuzen ere, Nafarroan Fernando Sebastian izendatu zuten letxe: inperatiboz, bertako Elizari kontsulta egin barik.

Izendapenaz iritzirik ez, baina bai Munillek, biek, Debagoienean (ere) izan duten jardun ilunaz. Gogora datozkit familia apurtuak, horiek merezi dute gure begirunea, eta ez  zaie laguntzen Gipuzkoako Elizak “baztertu” zituztenak gotzain izendatzen.
Gure herrietako alabak barrote barrura bultzatuta (beti neskak izatea ere bada ba!): belauniko egiten dituzte ordu pila bat belaunak zisko egin arte, beste neska ezagun batek lurrean egiten du lo, harri gainean. Badaude familia bakarra komentuko harresitik barrura dutela diotenak, amari ere kasu pitorik egin barik. Oso ordu gutxi lo eginda, gosea pasatzen, karitatetik lortzen dutena bakarrik jaten… Gotzainak horrela ereingo du fedea 2010ean?

> Jose Ignacio Munilla famatua zen lehen ere. Informazio bila jo dut  eta enticonfio.com webguneko Munillaren artikuluak irakurtzeak zer pentsatua sorrarazi dit. Gipuzkoa eta gipuzkoarrak hori baino aurreratuago daudelakoan nago, baita Gipuzkoako Eliza ere.

> Euskal Herrian erreportajerik ez dut ikusi… Munillak 30 elkarrizketa eman ditu 6 egunetan, baina bertako Elizakoei Katalunian egin dizkiete galderak: Txema Auzmendi,
Koldo Rodrigez, Iñazio Arregi, Joxe Agirre, Javier Vitoria… Euskal
elizanteak izendapenaz berbetan. Zeresana izan, eta esan egiten dute:
libre, ezkutatu barik.
Catalunyareligio.cat. Hemen hiru bideoak:

Gabonetako e-postalak-edo

Jaso ditut 70 mezutik gora. Badakit oraindik gehiago ere helduko direla eta % 90 izango dira pisutsuak, birusen bat egongo da ehuneko horien arten, asko dira Gabonetako bola diztiratsuekin edo zuhaitz itsusiekin eginak, hizkuntzaren gaineko errespetu gutxi…

Spama diren? Gehientsuenak lagunek bidaliak dira, enpresa harremanetik sortutako ezagunek… asko dira harreman pertsonal ona izatera heldu naizen jendearenak. Nire helbidea nik neuk emandakoa da eta enpresa bateko parte naizen aldetik publiko xamarra ere bada erabiltzen dudan posta helbidea. Ezin esan spama denik, beraz. Asko, eskertu ere egiten ditut eta borondate ona egongo da, baina…

Hainbat eratako mezuak daude. Jaso ditudanetako batzuk:

PDF mezuak: jode, gainera mezua eta pisua bidaltzen dizuela klik egin behar, beste programa bat zabaldu eragin eta han arbola ziztrin bat. Topagunetik horrelako hiru bidali dizkidate.

jpg mezuak: asko dira hauetakoak ere. Benetako pisua dute. Askotan dira ume baten argazkiarekin, edo Olentzero, edo postal erako argazkia eta gainetik “eragiok mutil” moduko mezuak… edo hau “Gabon zoriontsu (sic) eta urte berri on” JoxSystems enpresatik. Edo jpg pisutsu bat Euskal Kantuzaleen Elkartetik. Baita Aldundiko kirol sailetik, alderdi politikoren batetik, betsozale elkartetik gif bat…

pps mezuak. Puffff, okerrenetarikoak. Berez nago nahiko gogaitua hauekin, baina Gabonetan bidaltzeak biderkatu egiten du mezu hauekiko gorrotoa. Euskalteletik jaso dut horrelako bat. Ez da, seguruenik Euskaltelek orokor moduan darabilena, baina zer esango dizuet ba, erdaraz egoteaz gain mezu-kate tipiko horietako bat, hoaxes bat goitik behera komertzialak bidali didana.

Testu hutsezko mezuak: ez, ez dira seguruenok erakargarrienak estetikoki, baina testua baino ez izateak badu niretzat erakarpen bat. Euskararen Aholku Batzordeko teknikariengandik jaso dut horrelako bat. Aspaldi ez nuen hauen berri. Gustatu zait.

Elebitako mezuak. Izan testu hutsekoak, argazkiekin etab. Ez ditut gustuko. Pentsatzen dut bidaltzaileak badakiela nora bidaltzen duen, ba joño, ez legoke gaizki hizkuntza bakarrean bidaltzea. Bidaltzaileak egin ez duena egiteko eskatzen didate niri eta ez dut gustuko.

– Hiru edo lau, edo hamaika eletan daudenak: gggrrrr. Oso desfasatua geratu da estilo hau, ez? urtero egiten du norbaitek: Feliz Navidad, Bon Nadal, Merri christmas… Lenbur fundaziotik jaso dut horrelako bat

Klikagarri direnak. Gipuzkoako Aldunditik jaso dut bat. Gustatu zait. Ideia gustatu zait. Landua da, klik egitera bultzatzen du… Eta pisurik handiena beraien webgunean jarri dute. Hizkuntza bakarrean… Ondo. Elkar liburu dendatik ere jaso dut. Polita, pisurik ez didate bidali, baina oraindik ez dira enteratu euskara hutsean bidalita nahikoa dela. Hori bai, detaile polit bat jarri dute: “elkar liburu dendako promozio mezu gehiago jaso nahi ez badituzu klik egin
hemen.

Ikus-entzunezkoen garaian gaudela gutxik dakite, antza. Polita, goxoa eta musika ia perfektuarekin jaso dut Goierri Telebistako lagunen mezua. Gustura jasotzen den mezu horietako bat, originala, aukeratua, landua… ederra! Zorionak!

Helbide guztiak bistan dituztenak: en fin, hau netiketa kontu bat da, baina egunotan areagotzen den ohitura txar  bat. Denek dakite zenbati, zeini, zeini ez… bidali diren mezuak. GGGGRrrrrrrr. Norbere helbidea gero eta publikoago… en fin, errespeto falta ere bada. Gipuzkoako Aldunditik posta ona jaso dudan moduan hauetakoa ere jaso dut.

Erregearen postala. Klasiko bat dagoeneko. Aurten ikus-entzunezkoa ere ikusi dugu, baina niri jpg erako pare bat lekutatik heldu zait horrelakoa, Bienvenido Gil enpresatik eta herriko alkatetzatik. Sailka nezakeen jpg erakoen tartean, baina honek badu bestelako txispa bat. Postalaz gain mezu pertsonalizatuak izan dira eta horrek libratzen ditu.GabonEPosta2
Seguruenik mila modu daude urte berria modu egokian opatzeko, baina egokiak ez diren batzuen laburpena egin dugu hemen: ez bidali pisurik, kontuz dokumentu atxikiekin, ez bidali arrunkeriarik, ez helbide guztiak bistan, zaindu hizkuntza mesedez, egoki idatzi eta hizkuntza hautatuz, orokorkeriarik ez…

Azoka telebistaren indarra

Esperientzia oso polita bizitzeko aukera izan dut zubi honetan. Azoka bizitzeko hirugarren modu bat. Stand-aren barruan izan naiz urte batzuetan, kanpoan ere bai bisitari, oraingoan komunikazioan lan egitea tokatu da. EITB3k, Hamaikak eta GOITBk elkarlanean jardun dugu Azoka telebista egiten. Ahotsenea, haur literatura txokoa, Elkartegia, aurkezpen aretoa eta azoka bera ekarri ditugu pantailara eta jendeari erakutsi diogu azoka ez dela bakarrik liburuak eta diskoak. Asko ikasi dugu eta konturatu gara balio duela egiten dugunak:

Astelehen arratsaldea zen, guk Esne Beltzaren bideoa sartu genuen Azoka telebistaren pantailan eta jendea pegatuta geratzen zen. Gure bulegotik ikusten genuen jendea geldi zegoela pantailari begira. Tira, hori ere ez da hain nekeza edukia ona denean, baina hara zer gertatu zitzaigun:

Andrazko bat bere alabarekin etorri zen eskaileretan gora. Bideoklip polit bat ikusi zuela pantailan-eta. “Zein stand-etan dago salgai DVD hori? orain bota duzuen hori non dago? nor erosi daiteke?”

Horratx! Googlek aukeratzen du gure nabigatzailean zein publizitate erakutsi eta guk pantailan ematen dugun edukiak eragina du azokako karriketan dauden lagunetan. Zuzen-zuzen, bertatik bertara eta zintzo-zintzo. Horixe da Azoka telebista, Durangoko Azokak behar zuen garapen natural bat.

Oh.:

  • Bai, jakin genuen diskoa erostera joan zela pantailan ikusi zuela esanez. Erosi ere egin zuen.
  • Hurrengo urtean seguru sartzen garela zure nabigatzailean ere, Googleren antzera, zuzen-zuzen 🙂

Espainia Euskal Herrira eta baita aldrebes ere

Uste nuen bestelakoa zela Legebiltzarraren egitekoa. Esaterako: aurrekontuak onartzen zituztela Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak egiteko duena bultzatu eta zelanbait kontrolatu ere egiten zutela,  behar besteko informazio eta datuak eskatzen dituztela jarraipena egiteko… Baina ez dakit ba! Beste hainbat eztabaida antzuren artean zer eta txirrindularitza eta futbola mintzagai politikarekin nahasian; non eta Legebiltzarrean. Akabo!
 
Mintzagai diot, jakitun izan badira-eta Legebiltzarkide jaun-andreak erabakia ez dagokiola Legebiltzarrari: futbolaren kasuan klubek egin behar dutela eskaera; txirrindularitzaren kasuan, aldiz, udalerriek.

Hau da berbagai nagusia Legebiltzarrean? Egia esan, guk geuk ere, hedabideok, badugu horren kulpa. Ez dakit ondo egiten dugun gaia gure hedabideetan  aterata zein honen gainean idatzita zutabe honetan. Izan bedi eskaera bat egiteko: Legebiltzarkideok, egizue dagokizuena, legeak egin, kontrolatu eta utzi eztabaidok. Irudi-gai hauei barik jatekoarekin, osasunarekin, lanarekin, hezkuntzarekin, industriarekin, ingurumenarekin lotutako gaiei ebatzeko. Identitarioak alde batera utzita? bai zera! identitarioei ere eutsiz, baina futbola eta txirrindularitzarekin lotutakoetatik haratago, edo, behintzat, hauei adinako denbora eta bonboa emanez. Zer gutxiago!

>> Espainiako  Liga Profesionalean jokatzea ez dago zalantzan, selekziora doaz bertako futbolariak, Errege kopari zelako jarraipena… Niri ez zait inporta Espainiak hemen jokatzeak beste denak ere ez badu inporta, behinik behin. 

>>> Espainiako Vueltan ere parte hartzen dute hemengo txirrindulariek, Espainiako txapeldun maillota ere urte guztian… Niri ez zait inporta Euskal Herrira Vuelta etortzeak beste denak ere ez badu inporta, behinik behin. Hasi bedi etapa Iruñean (edo Altsasun).

***Goienkariarako idatzitako testua. Gaur idaztekotan Alakrana litzateke gaia… ez dago besterik!

Aktan jasoa atala gustuko dut

Sustatuko atal hau gustuko dut: Aktan jasoa. Bi lagunek dihardute kolaboratzaile lanetan eta biek ala biek egiten dute atal hau interesgarri: Mikel Iturria eta Imanol Murua. Bakoitzak bere bloga ere badu, bizi-bizia Mikelen kasuan eta Etxebarri blogaren martxakoa Imanolenean (astean behingoa-edo, papererakoa kopiatu-eta…).

Oraingoan ere perla hau atera du Imanolek titulu honekin: Konfrontazio desarmatua Tras la última negociación, la izquierda abertzale ha llegado a la
conclusión de que el terreno en el que el Estado español es más débil
es en el de la confrontación política desarmada
. Iñaki Iriondori Garan irakurria.

Nahiago nuke orain 10 urte geratu izan balitz aktan jasota, baina orain jasota ere gustura irakurri dut.

Atala osatzeko posibilitatea du edonork

Notario gisa, bi kolaboratzaile dira atal horretan, baina zeuk
ere parte har dezakezu. Aktan jaso eta gordetzea merezi duen aipu edo
adierazpenen bat topatzen baduzu, idatzi hona: aktanjasoa@sustatu.com.

Telebista interaktiboa Interneten

Gaur Oxel Erostarbe alkatia eta legebiltzarkidia egon da GOITB-ko platuan. Eta ezin izan dozu ikusi? ba ikusteko hainbat modu egon dira, aittatuko dittut hiru:

1) Debagoienian, GOITB ikusten dan etxietan, ba betiko moduan. Hau egitteko anplifikadoretxo bat euki bihar da jarritta, baiña gehixenok ikusten dozue modu analogikuan, betiko moduan.

2) Euskalteleko zuntza daukazuenok eta kuota bariko digitala kontratauta daukazuenok EAE guztittik Euskalteleko 933 kanalian. Debagoienian, kablez, 11. kanalian.

3) Edozein lekutan egonda be Interneteko konexiñua daukazuenok hemendik:

http://www.livestream.com/goienatv/

GOITBlivestream

Hirugarren bidia aztertu biharko giñuke gehixago

Hirugarren aukera hau izan da guretzako barrixa. Eta pentsatzen dot zuetako batzundako be barrixa izango dala. Hauxe da telebista interaktibotik gertuen ikusi doten adibide erreala. GOIENAk lehenengo aldiz egitten dau holako emanaldi bat. Herriko alkatia zuzeneko elkarrizketan ikusi eta galderak egitteko aukeria erreala izan da gaur, eta izan zan Ino Galparsororekin aurreko astian.

Oinguan Elgeta izan da berbarako gaixa, baiña hurrengo eguenian Bergarak hartuko dau protagonismua ze Agurne Barruso etorriko da. Badakizue: http://www.livestream.com/goienatv/  19:45ian.Goiena.net-en be jarri dogu,  facebook.com/goitb helbidian be bai… embed kodigua emoten dau eta edozein blog edo webgunetan be jarri leike, jarri zeinkie.

Hirugarren bide hau gehixago aztertu biharko dogu. Nik gaur gustura ikusiko neuke, esaterako, Anarirekin egin daben elkarrizketa musikatua: kantuaren kantoia. Plateruenan izan da gaur eta leku guztietan ezin egon… Hango girua be ederra izango zan zerbezatxo batekin, baiña horretara ezin helduka, konformauko nintzake irudi eta soiñuakin.