Produzitu, produzitu, produzitu.
Ez dakit eskualde honetan jaiotzeagatik bakarrik den edo momentu batean dena atera behar genuela sentituta jokatu genuen horrela. Badaukagu motxila hori oraindik, inertziak ez dira aldatzen errazak. Izan ere, ekitaldi jario handia dago Debagoienan eta denek edo gehien-gehienek egon nahi dute Goinaren euskarrietan.
Mugatua da denbora (“egunak 24 ordu, halaxe ikasi nuen nik”) eta mugatua paper kopurua, eta bideoak editatzekoa, eta… Baina mirestekoa da gure komunitateak duen sortze kopurua. Asko sortzen da, ekitaldi asko: hitzaldi, kontzertu, azoka, kirol, antzerki… Eta denak beharko dira egin egiten direnez. Horri denorri erantzutea ez dago batere erraz.
Elkarteak, taldeak, antolatzaileak… hasi dira “nire sare sozialean gehitu dut” esaka. Eta ez da egia, ez. Sare sozial hori norbaitena da. Instagramek erabili egiten gaitu. Borondate onenarekin “nire sare sozialean” esaten duen pertsona abduzitua du; maltzur jokatzen du Instagramek eta baita Facebookek, Twitterrek… Ulertzekoa da jendearengana heltzeko elkarteek-eta duten beharra, hala ere. Eta deabruari ere datuak eman behar. Konbentzituenek bakarrik egingo diote uko multinazionalen, dirudunen eta eskuin muturreko politikei men egiten dien sare sozialei. Baina horretaz pentsatzeko garaia ere heldu da. Egiten duguna baikara, ez esaten duguna.
Egoera honek, bultzatutako bi aterabide-edo:
- Komunikazioan, dagoeneko, erronka ez da ideia, albiste edo iritzi gehiago banatzea, baizik eta zeintzuk merezi duten jakitea eta banaketan asmatzea.
- Komunitatea: guk gurea. Eta hori horrela izan dadin Goienan bi mugimendu egin ditugu:
- Gure komunitatea: Goiena.eus-eko komunitatean inbertsio handia egin dugu. Asko hobetu dugu gure komunitateko kideendako atala. Eta horren berri Aste Santua baino lehen emango dugu eta bistaratu. Espero dugu inbertsioak bere eragina izatea. Helburu bakarra izan da gure komunitatean idazten dutenei erosoago egitea, erabilgarriago, eta, beraz, eraginkorrago.
- Sare sozialei dagokionez: Mastodon izango da gure sare-sozial lehenetsia. Eta ederra litzateke Debagoieneko entitate, udal, kulturazale, kirolzale eta abarrak hor argitaratzen hastea. Twitter edo X-n ez dugu argitaratzen; FBn bagaude oraindik; Instagramen bagaude oraindik. Baina lehenetsi, lehenesten dugu Mastodon.