Gazteleraz atera dugu euskararen egunean

Gaur, eta gaur bakarrik, gazteleraz atera dugu Goiena papera. Hau horrela egin eta zorionak baino ez ditugu jaso goiz osoan. Egia esan, oso pozik gaude hamar bat aldizkarik egin dugun hautuaz. Hain zuzen ere, gure hautua euskaraz egitea dela esan dugu eta 365 egunetan horrelaxe egingo dugula azaltzeko erabili dugu zenbaki hau.

Ez bakarrik esateko zer egin dugun, baita gure egitekoetatik gertu egon daitekeen jende hori animatu dadin euskarara, animatu dadin gurekin konpartitzera. Aberastu baino ez gaitu egingo gerturatzen den horrek eta zintzo esan diegu oso gogoan ditugula 365 egunetan.

2014an AIARALDEA aldizkariak izandako ideiari jarraiki, Beterri-Buruntzaldeko AIURRI, Araban  banatzen den ARABAKO ALEA, Elgoibarko BARREN, Debagoienako GOIENA, Uribe- Kostako HIRUKA, Urumeako KRONIKA eta Lasarte-Oriako TXINTXARRI aldizkariek salbuespena egin dute gaur, eta erdarazko zenbaki berezia argitaratu dugu, euskara ulertzen ez dutenei euskal komunitatearen berri emateko.

Pentsatzen dut gehien-gehienak ulertu dutela zergatik egin dugun eta babes handia jaso dugunez, horrekin geratzen gara. Merezi izan du. Ezin ukatu baja bat ere izan dugula eta sentitzen dugu bazkide horri ez badiogu ondo helarazi gure intentzioa.

Ekintza hau Goienak egin du errektore kontseilu guztia ados egonik, bai bertan dauden alkateak, bai gure enpresaren gehiengoa duten euskara elkarteak eta baita Goienako lan bazkideak ere.

Hainbat arrazoi izan ditugu gogoan. Hemen ez ditut denak jarriko, baina bai erabili ditugun asko:

  • Toki hedabideek euskara hutsez zergatik egiten duten lan beraiei azaltzeko: euskaldunok euskarazko komunikabideen bidez informatuak eta entretenituak izateko ditugun aukera bakarretako bat delako toki hedabideena,  erdal kiosko zabal eta aberatsekin alderatuta, arnasa hartzeko irla txiki bat. Mundutik datozkigun hizkuntza anitzetako telebista kate, Internet bidezko proposamenekin alderatuta, helduleku ezinbesteko bat. Gaztelerak baditu kioskoan ehunka argitalpen, euskarak oso gutxi.

  • Euskara hutsez funtzionatu eta komunikatzen badugu ere, komunikabideok herritar guztientzat direla azaltzeko. Euskaraz ez dakitenen albisteak, kolaborazioa, babesa… behar ditugula esan eta proiektuko partaide izan daitezen gonbidapena luzatzeko.

  • Euskal Herrian tokiko informazioa zabalen eta ondoen lantzen dituen medioak Tokikomen gaudela azaltzeko, alegia, Euskal Herrian tokiko informazioa jasotzeko euskarazko medioak direla erreferentzia.

  • Tokiko hedabideen bidez ere euskarara hurbildu daitezkeela azaltzeko, inguruko familiarteko-lagunak tokiko hedabideetara hurbiltzeko zubi izan daitezkeela (inkesta batzuetan argi agertzen dela euskara ondo ulertzen ez duten askorentzat ere erreferentzia direla tokiko hedabideak). Euskara ikasteko ere tresna onak dira tokikoak, gertukoak, motibagarriak.

  • Tokiko hedabideak beraien (euskaraz ulertzen ez duten lagunen edo euskaraz funtzionatzen ez duten entitate/elkarteen) kezkak, eskariak eta lanaren berri zabaltzeko leku ere badirelako. Informazio iturri izateaz gain, Tokiko hedabideak informazioa zabaltzeko tresna dira eta ateak zabal-zabalik dituzte beraiek ere. (Komunitatea modu zabalean ulertzen dugulako, euskaraz zabaltzea baldintza den arren, erdaldunak ere komunitateko parte sentitzen ditugulako)

  • Herriko enpresa eta komertzioentzako tokiko hedabideek plus bat eskaintzen dutela azaltzeko: zabalkundearena eta gertutasunarena. Multinazionalak baino egokiagoak dira euskal tokikoak inguruko komertzioarendako.

  • Ekimen puntual eta berezi baten bidez gure hedabideon lana ohikoa ez den espazioetan aurkezteko; erdal hedabideetan euskarazko tokiko hedabideen berri zabaltzeko. Ezagutzen ez gaituztenentzat ere erreferentzia bihurtzeko.

  • Erdaraz egingo dugu, eta erdaldunengana heldu. Hala ere, euskaldunengan ere sortu gura dugu inpaktoa. Balorean jartzeko balio lezake gaztelera hutsez egingo bagenu zer galduko genukeen irudikatzeak.

  • Euskaraz jakin ez arren dezente dira begi onez ikusten dituztenak gure hedabideak. Horiei ere gura diegu mezua zabaltzea eta eskertzea hor egon izana. Gainera, gure hautuaren zergatiak transmitituko dizkiegu.

Euskara – komunitatea

  • Euskaraz ez dakitenei euskararen egoerari buruzko informazioa helarazteko (ez baitakite euskararekin zer gertatzen den, askok).

  • Euskararen berreskurapenean gabiltzanok egiten dugun lanaren berri, euskaraz ez dakitenei jakinarazteko. Zer egiten dugun, zergatik eta zertarako.

  • Euskaraz ez dakiten herritar asko eta askoren ahalegina euskara berreskuratzeko oso garrantzitsuak izan direla, direla eta izango direla beraiei aitortzeko.

  • Egunerokoan euskaraz argitaratzen edo ekoizten dugun hori ulertzeko gai ez badira ere, honelako proiektu bati eskaintzen dioten espazio eta baikortasun begirada guztiei eskertzeko.

  • Euskararen berreskurapenaren bueltan beraiek egin dezaketenaz gogoeta eragiteko.

  • Euskaldundu diren herritarren testigantzak beraiei helarazteko. (Zuk ere ahal duzu.)

  • Euskara aurrera ateratzea guztion proiektu komuna dela beraiei helarazteko, beraiekin kontatzen dugula eta elkarrekin aritu behar dugula esateko.

  • Europan hizkuntza gutxitu gehiago badirela eta hauen erabilera eta sustapena bultzatzen dituela Europako Kartak, bizikidetzarako elementu funtsezko gisa aitortuz. ” Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak eta haien berezko kulturak errespetatzeak ez ditu banantzen herrialdeak, batzen baizik, eta hizkuntza- eta kultura-jatorri ezberdina duen jendea bateratzeko modu onena eta, askotan, bakarra da”

  • Euskal Herrian bertan 100 hizkuntzatik gora ditugula jakinarazteko eta gazteleraz haragoko hizkuntza eremu aberats bat bizikidetzan dagoela aitortu eta balioan jartzeko.

  • Euskarak aurrera egin dezan euskaraz ez dakitenek eman beharreko urrats horietan gurekin kontatu ahal dutela jakinarazteko.

  • Euskara ikasten ari direnak oraindik gure komunikabideak ulertzeko gai ez badira ere, laster lortuko dutela baikorki animatzeko.

  • Hizkuntza handien (gazteleraren) inertziak konturatu gabe hizkuntza txikiak jaten dituela eta oraindik lan handia egiteko dugula jakinarazteko. Nork kontatzn dizkizu zure herriko kontuak bertatik bertara?

  • Euskaraz bizitzeko gure nahia eta beharra gure bizitzan oso garrantzitsuak direla transmititzeko eta gaur egun ere auzolanean aritzeko beharra dagoela eta horretarako prest gaudela beraiei helarazteko.

  • Herri honetan euskaraz bizitzea posible izateko, denon ahalegina behar dela azaltzeko

  • “Euskararen gaia” euskaldunon gaia bakarrik ez dela azaltzeko, gizarte guztiaren gaia dela kontatzeko; bakoitzak beretik lagundu dezakeela etorkizunean bizikidetzan urratsak eman eta nahi duenak euskaraz bizitzeko hautua egiten

One comment on “Gazteleraz atera dugu euskararen egunean

  1. Asier Osinaga Asier Osinaga(e)k dio:

    Earra izan dok Iban!!!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude