Gaur komunikaldietan izan naiz, erretaula zatar hori dagoen aretoan. Baneukan susmoa ez zitzaizkidala ideiak larregi argituko gaurko hitzaldiekin… Eta lehengo zalantzarekin bueltatu naiz.
Nik gura dut maite dudan idazle eta kantariak idazle eta kantari izaten jarraitzea. Produzitzea herritarrok gozatzeko eta ahalik gehien eta ondoen, gainera. Ez dut gura musikariak okindegian lan egin behar izaten jarraitzea ez bada behintzat erabaki pertsonala. Ezta gustuko ditudan idazleak eskolak ematen pasatzea eguneko ordurik gehienak idazten egon beharrean.
Eta hori zelan egiten da? sortzailea babestuz. Nik uste dut sormena babestu behar dela. Eta zer da sormena babestea? horratx! horixe zalantza!
Bueno, goizak balio izan du aspaldiko lagunak ikusteko, eztabaidatzeko kafean eta baita hitzaldi interesgarriren bat entzuteko ere. Bestelakorik ere egon da, baina interesgarriekin geratzen naiz. Ikasita bueltan, baina zalantzatsu oraindik.
Neuk be berdin pentsatzen dut, Iban. Arratsaldean horretaz aritu gara eta bueltako bidean besterik ez nuen buruan. Egile eskubiden kudeaketa sistema kolokan egon daiteke, baina hori irauli, egokitu edo berrituta ere, beharrezko ditugun sortzaileak sorkuntza lanetara dedikatu ahal izateko zer egin dezakegun pentsatu beharko dugu.
Kotxean nentorrela akordatzen nintzen zenbat lanpostu “ez-produktibo” ditugun onartuta eta barneratuta gure administrazio sisteman, eta okurritu zait sortzaileei ere aukera eman beharko litzaikeela “plantilla” horietan integratzeko kupo bidez. Alegia, 5.000 biztanleko lorezain bat baldin badugu, zergatik ez dugu sortzaile bat ere izango?
Horrelako ideia zoroekin etorri naiz etxera, eta ez dakit zein den soluzioa, baina sortzaileak beharrezko ditugula eta sortzaileei beren denbora egin nahi dutenera bideratzeko aukera eman behar geniekeela argi dut.
Eztabaida hau bertzelakoa litzateke egile eskubideak bertze modu batera kudeatuko eta bilduko balira. Gaia korapilatsua eta adar aunitz dituena dela uste dut. Baina nik ere egile eskubideak zaindu behar direla uste dut. Argi dut egungo ereduak ez duela balio, agortua dagoela. Baina dena ezin da dohainik izan, dena ezin da libre izan.
Berriki arkitektu batek erraten zidan ia bere lanari argazkia ateratzen dionak zergatik dituen eskubide batzuk babestuta eta berak ez duen kobratzen argazki bat jasotzen duen aldioro. Kontua da, berak, legez, minuta ongi ezarrita duela, proiektuko % handi bat eskuratzen duela (proiektua bera gauzatu edo ez!). Baina sortzaileek? Hor dago hutsunea.
Formula zein den ez dakit. Baina gainerako guztiok bezala, sortzaileek euren sormen lanetik bizitzeko baliabideak behar dituzte. Bertzela, akabo sortzaileak!
Kultura delako dago eztabaida hau, seguraski. Arkitektuek, ingenieriek… euren sormen lanagatik kobratzen duten bezala, bilatu behar dugu formula bat kulturaren sortzaileek ere jaso dezaten.