Twitter sorkuntza kapagailu: sakontasuna behera eta zitak gora

Hilabete da. Hilabete osoa baino gehiago blog honek ez duela letrarik jaso. Eta blog hau balitz salbuespena…

Nik ez dut sekula egin collagerik artaziekin papereko argazkiak eta
testua elkartzen, quark-a betetzea tumatxa zen garaian hasi ginen gure
belaunaldikook kazetaritzan. Gero etorri ziren web estatikoak-edo eta
hori berori ere aurreratzea izan zen. Horren ostean blogak, eta hau bai
benetako hedabide baten “jabe” izatea: norberak ahal eta gura duenean
idatzi, idazteaz bat publikatu, banaketa sisteman eurorik gastatzeke,
karaktere zehatz batzuetara makurtu barik, erretratuekin zein bideoekin
lagundutako artikulu multimediak, norbera editore, azalpenik eman
beharrik ez inori bertan idatzitakoaz…

Hala eta guztiz, hilabete idatzi barik blog honetan… Bitartean twitter
izan dut inoiz baino gogokoago, Facebook-en bolada ere atzean
geratzeraino. Horren kulpa dute twitterrek berak, jarraipena egiteko
darabildan tweetdeck irakurgailuak eta zein euskaldunek tuiteatzen duen ikusteko ere balio izan didan umap-ek.
Gustatzen zait 140 karaktereko esaldia pentsatu beharra ere, laburtu
beharra, lastoa kentzeko askok (ez denek) egiten duten ahalegina…
Twitterrek iraultza berria dakar. Oraindik falta da irakurgailuak
gizartean zabaltzea, baina hori pasatutakoan geratu ezineko trena izango
da. Hori badaki iPad batean tuiten eta Facebook-eko mezuen jarraipena egin duen edonork Flipboard edo antzeko tresna batekin.

Baina edukia? Eduki berria ere badakar?

Uste dut twitterrek sorkuntza mugatzen duela. Edo esan beharko nuke 140
karakterera ekarri duela esateko dugun hori guztia. Idazle gehiago
ikusten ditut twitterri lotuagoak blogari baino azkenaldian. Eta zer
gertatzen da hau horrela izanda? ba ez dagoela sakontasun larregirik
esaten direnetan. Artikuluak erlazionatzen ditugu, harek edo bestelakok
idatzitakoa retuiteatu. Besteen pentsakerak gure twitter perfilarekin
errepikatu (askotan gazteleraz edo ingelesez, eta euskal esparrutik
kanpokoak). Mugatu dugu “gure” edukia 140 karakteretako mezu batzuetara
eta esan beharrik ere ez dago blogean aipatuko ez genituzkeen errazkeria
asko ere sartzen ditugula tuit batean.

Tuitek balio dute hainbat ideia jende gehiagorengana zabaltzeko, baina
ez ideiak sortzeko eta garatzeko. Eta hori da twitterretik gogoko ez
dudan elementurik nagusiena. Sorkuntza zikiratzaile ere bada, bai
behintzat, sakontasun handiagoko euskarriak (blogak, papereko
artikuluak…) erabiltzeari lagatzen diogun heinean. Eta jakina,
lagatzen dihardugu.

Blogen eta paperaren defentsa

Die Zeit egunkariko zuzendariari irakurri
diogu erabaki zutela artikulu luzeak egitean jarraitzea, dokumentatuak,
serioak, baita zailak ere. Etorkizuneko paper-prentsan, berak dioenez
etorkizuna egon badagoelako eta “orientazio eta sakontze kazetaritza”
eginez emaitzak onak direlako. Arrakasta kasu bat da Alemaniako egunkari
honena eta argi du kalitateak dakarrela dirua. Harpidedun berri gehienak
20-30 urteko gazteak dira gainera… Sinestezina guk bizi dugunetik
begiratuta.

Baina paperari lotzen badizkiogu sakontasuna, kalitatea, orientazioa…
moduko berbak ez dago zertan hitz horiek ez erabili blogeko artikuluei
gagozkionean. Pentsatzen dut Interneten ere badagoela horrelako
artikuluendako lekua, diferentzia txiki (barkatu, bakar) batekin:
paperak ematen du dirua eta Internetek ez.

Arrakasta: multimedia ondo erabiltzea

Beraz, badirudi, oraingoz, sormen garatua agerikoago dela paperean eta
blogetan, esaterako. Hor lantzen dira gai potolo horiek guztiak eta
gero, zabaldu, tuit bitartez-eta ere egin beharra dago 2010ean.
Arrakasta, tresna guztiak egoki erabiltzetik etorriko dela dirudi.
Inbertitu beharko da digitalean eta asko, baina “ez dago paperagatik
gaizki-berbaka jarduterik” Giovanni di Lorenzok esaten duen moduan. Etorkizuna eta oraina ere multimedia da.

12 comments on “Twitter sorkuntza kapagailu: sakontasuna behera eta zitak gora

  1. leire narbaiza(e)k dio:

    Aipa, Iban!
    Goittik behera bat natok hire artikuluakin. Igarri juat post gitxiago idazten dittugula, jeitsi egin dok, hor ez dagok zalantzarik. Twitter eta facebookengaittik dala esango neuke. era berian, eibartarren zerrendia be bajauta dagok errezoi berangaittik nere ustez.
    Twitter iteresgarrixa izan leikek, baina ziber-paboneotik be bajakak asko. Ze guaixak garan esateko balio dabelako sarrittan. 140 karakterretan ezin leikek post baten esaten dan beste esan, iñundik iñora be.
    Dana dala, gixartia holan jabik: eskaparatismua dok inportantiena, azalkerixia, sakontasunik bakua. hori da arazua, ingurua, modan daguana.
    Asko idatzi geinkek honen gaiñian, baiña dana lotuta daguala uste juat.
    Oso interesantia, Ibantxo. Laztan bat

  2. Luistxo(e)k dio:

    Leire, Twitter izan da bidea gu artikulu honetaz enteratzekoa, ezta?

  3. Joxe Aranzabal Joxe Aranzabal(e)k dio:

    Hau diozu, Iban, zure artikulu interesgarri honetan: “Tuitek balio dute hainbat ideia jende gehiagorengana zabaltzeko, baina ez ideiak sortzeko eta garatzeko. Eta hori da twitterretik gogoko ez dudan elementurik nagusiena”.

    Zer esango zenidake nik beste hau idatziko banu? “Txankletek balio dute hondartzan eroso ibiltzeko, baina ez bertan maratoiak prestatu eta egiteko. Eta hori da txankletetatik gogoko ez dudan elementu nagusiena”.

    Seguruasko esango zenidake nahasten ari naizela gauzak, txankletek funtzio bat dutela, eta horretan oso onak direla, baina maratoiak prestatu eta egiteko, hobe dela arineketan egiteko zapatillak erabiltzea. Nik ere antzeko zerbait esango nizuke: Twitter oso ona da ideiak trukatzeko. Bloga, berriz, aparta da ideiak sortu eta garatzeko. Lehenak ez du zertan garrantzirik galdu behar, ez bada erabiltzen bigarrenerako, besteak beste ez zelako egin horretarako.

  4. ainhoaeus(e)k dio:

    Ba ez ditut kontuak hala ikusten neuk. Beharbada, nire esperientzia twitterren oso bestelakoa delako izango da, baina niri Twitter irudimena izugarri areagotu dit eta pertsona interesgarri asko ezagutu ditut, bai giza-harremanei begira, baita nire lanbideari begira ere.

    Une honetan 1.000 kontu baino gehiago jarraitzen ditut, horrek ematen dit aberastasuna. Horietariko askorekin nire ikuspegiak trukatzen ditut eta hainbatekin proiektuak garatu ditut. Bai, lan-proiektuak, Twitterretik baino ezagutu ez dudan pertsonekin. Ez zait iruditzen hori azalkeria denik.

    Horrez gain, munduan izan diren hainbat gertaera zuzenean ezagutu ditut, bertako txiolariei esker. Adibidez, aurreko astean Kirchnerren ospitaleratzea eta heriotza Argentinako txiolarien bitartez segitu nuen, zer esanik ez Chileko lurrikara eta ondorengo pertsona-bilaketa prozesu osoa.

    Komunikabideak hankamotz geratzen ari dira eta sentsazionalismoari atxikituta bizi dira une honetan. Ez dakit, nahiago ditut bost tuit on eta ez horrenbeste albiste huts eta agentzietatik kopiapega egindakoak.

    Nik aitortu behar dut oso emozionalki erabiltzen dudala Twitter, ez naiz esteka-jaurtikitzaile, eta sakondu nahi dudanean blogera jotzen dut. Egunero? Ez, noski, ez dut horrenbeste hausnarketa egiteko adina ere. Baina blogean idazten dudanerako Twitterreko pertsona askorekin joan naiz gaia pentsatzen eta trukatzen, ez nago blogeatzen ni neure buruarekin eta neure buruarentzat.

    Twitterrek hasieran ematen duena baino askoz gehiago da. Kontua da nola erabiltzen duzun eta norekin gurutzatzen dituzun txioak.

    Portzierto: post hau Twitterren bidez aurkitu dut, bestela ez nuke jakingo existitzen zela 😉

  5. Jozulin(e)k dio:

    Keba, keba, Iban:

    Twitter berria da. Eta sakona, laburra izanagatik.
    Twitter elkarrizketa da, baina hedabide bat.
    Twitterrek ez dit ordezkatu bloga, ordezkatu dit askotan Bloglines (bueno, Google Reader orain).
    Blogean nik ere gero eta gutxiago idazten dut, baina blogari ohi bati esan nionez, uste dut honezkero munduko gai guztiei buruz eman dudala iritzia…
    Twitter etorkizuna da. Blogak ere bai.

    Ondo bizi!

  6. azpi(e)k dio:

    Die Zeit-eko zuzendariak ez dio harpidedun gehienak 20-30 urtekoak direnik; harpidedun berri gehienak tarte hortakoak direla baizik. Harrigarriena kontrakoa litzakeela pentsatu dut irakurtzean.

  7. jolaus(e)k dio:

    Ados, hein handi batean, Ibanen argumentazioarekin baita Leirek egiten duen analisiarekin ere. Twitterrek zenbat jarraitzaile dtuzun agerian uzten du, telebista kateek erabiltzen duten “share de audiencia” baten parekoa izan litekeena; Efe edo Reuters albiste agentzien modura, gure mezuak lau haizetara zabaltzen dira RTen bitartez; irrati formuletan bezala, beti entzuten dituzu kantu eta kontu berdinak, halako Top 40 zerrenda bat sortzen da ezin duzuna burutik kendu egun osoan jarraitzaile kopurua ikaragarri handia egiten denean, batez ere. Twitter ez da ezagutzen ditugun hedabide tradizionalekiko gehiegi desberdintzen, egia esan; ziber-paboneoa, protagonismoa, minutu bateko fama, egoaren asetzea, interes pertsonalak (eta komertzialak)… ezin ukatu badela hortikan asko.

    @ainhoaeus eta @luistxo, Twitter existitzen ez zenean ere heltzen ginen horrelakoetara ere. Eta bide desberdin askoetatik gainera: zuzenean blog honen RSStik baina, baita ere, beste hainbat blogetan artikulu honi egindako zeharkako erreferentzietatik ere. Artikulu bat ona denean, ekarpen interesgarriak egiten dituenean (hizpide dugun artikulu honekin gertatzen den bezala) beti erreferentziatu izan da beste blog batzuetan, beti erabili izan da ekarpen berri baten oinarri bezala, beti erabili izan ohi da norberak sortutako ekarpen berri batean, oinarri, osagarri edo erreferente bezala, norberaren argumentazioaren aberasgarri bezala. Horrela, ohiko kanaleetatik ere ziur nago helduko ginatekeela Ibanen artikulu honetara. Beraz, ez dut uste Twitterrek ezer berririk ekartzen duenik alderdi horretatik. Gehiago esango nuke; RT bat egitea hain sinplea bihurtu den honetan, aipatu ditudan landutako zeharkako erreferentzia horiek, argumentazio osagarri horiek beste blogetan desagertzen ari dira.

    @joxe ados nago esaten duzunarekin. Txankletak hondartzarako eta maratoia korritzeko erabil ditzagun bestelako zapatillak. Baina ez ditzagun gauzak nahastu sarean, ze baliteke egunen batean modan jartzea sarean (badakizu, sare sozialetan inertzietan erortzea oso erraza da) txankletak erabiltzea denerako, hondartzara joateko, maratoiak egiteko, mendira igotzeko eta ezkontzetara joateko. Beti egoten da sarean MacGyver-en bat Twitter sinple batekin marabillak egiten dituena edo egiteko balio duela esaten duena: Twitter elkarrizketarako tresna paregabea da (ez nago batere ados honekin @jozulin), Twitterrek jario agregatzaileak ordezkatzeko balio du (mota bateko edukietarako bai agian; patxadaz irakurri nahi ditudan artikuluentzat ez), Twitterek ohiko hedabideak ordezka ditzake (tira, geroz eta gehiago dira horrelako sareetatik dabiltzan hoax edo batere kontrastaturik gabeko albiste faltsuak)… Eta horrela adibide asko.

    Blogen etorrerarekin erabiltzaile berri askok parte hartu genuen sarean lehenengoz. Modu inkontzientean ziur aski, blogari askok orduko internetek zituen ezaugarrien aldaketaren eragile bihurtu ginen. Pentsatzen dut aurretik sarean zebiltzatenek ez zituztela erraz onartuko inguruan ikusten zituzten gauzetako asko, ez dakit. Kontua da hamar urte baino denbora gutxiagon, sare sozialek publiko berria ekarri dutela internetera eta honek berriro aldatu du internet ulertzeko modua. Eta niri behintzat, asko kostatzen ari zait ezaugarri berri hauetara egokitzen; Ibanen antzera, hainbat arlotan, duela urte batzuetako internet “sakona” eta “interesantea” faltan botatzen dut gaurko internet “arin” eta “funtsik gabekoaren” aurrea.

  8. iturri(e)k dio:

    Interesgarria da Ibanen hausnarketa, bai, baina hemen sartzen gara iPhone vs. Android bezalako komerietan.

    Hau da, hemen twitter-en kontra azaldu diren batzuk, uste dut hasieratik ez dutela oso gustuko izan sare sozial hau. Eta zilegi da hori horrela izatea.

    Ni, berriz, hasieratik ez dut esango, baina tamaina hartu nionetik, oso gustura nabil twitter-en.

    Tamainak axola du edo ez du axola? Segun. Ederrak botatzen ditu Lertxundik egunero Berrian karaktere gutxi batzuetan.

    Eta nago blogosferaren “gainbehera” hori ez ote den ziklo naturala. Zaila baita hasiera bateko puntxa eta freskotasuna mantentzea.

    Twitter taberna bat da eta tabernetan, normalean, garenak baino guapoago, graziosoago eta -ago agertzen gara.

  9. arantzabal Iban Arantzabal(e)k dio:

    Eskerrik asko erantzun duzuenoi, horrelako blog-artikuluak garatzen
    dituzte zuen komentarioek, interesgarriagoak ere badira askotan. Ez izan
    zalantzarik berriz ere 140 karaktere baino gehiago idazteko 😉

    • Leire. Ezer baino lehen patxua bueltan. Eta bigarrenik, nik ez dot uste
      twitter ustekabian pasatuko danik edo moda bat danik. Funtziño bat
      ikusten dotsat eta da zabalpena. Sormena? ejem… Sormen garaturako
      lekurik ez 140 karakteretan.
    • Luistxo ere twitter bidez enteratu da artikuluaz. Hain zuzen ere balio
      horixe du twitterrek, batik bat: norbere audientzia gehi retuitak. Ondo
      da, baina Luistxo modukoak ez dira gehienak oraindik (erantzun duzuenak
      salbuespena zarete). Blogen munduan hanka biak sartuta zituenak badaude
      tuiten jarraipena egiten ere, baina ez dira larregi hala eta guztiz…
      Zabaltzeko balio du, baina neurrian. Ez RSS-ak baino gehiago edo
      goiena.net-eko portadan agertzea baino gehiago (oraindik). Erantzunetan
      parte hartzera animatuko ez diren irakurleak baditu blogak eta ez dira
      bazter lagatzekoak.
    • Joxerekin ados nago: bakoitzak du berean ederra, garrantzitsuak dira Interneten bai txankletak eta bai zapatilak 🙂 Hauxe dio Joxe lagunak: “Twitter oso ona da ideiak trukatzeko. Bloga,
      berriz, aparta da ideiak sortu eta garatzeko. ” Baina nire hausnarketa
      da twitter gora eta gora doala eta blogak behera eta behera. Zitak gora
      eta sormena behera. Gehiago zabaltzen dugu, baina guk sortutakoa gero
      eta gutxiago gutxiago sortzen baita, Twitterren ere bagabiltza eta bi
      ahapaldi egiten ahaztu egin zaigu, euskal esparrua gutxiagotan aipatzen
      da twitterretan blogetan baino…. Dudarik ez, ez da Joxeren kasua ze
      finenetan finena da blogean idazten ere… Baina zenbatek altxatuko
      lukete eskua twitterren parte hartzen dutenetik berdin-berdin blogeatzen
      dutela esanda?  ufff, desertua.
    • Ainhoari twitterrek irudimena areagotu dio. Eta seguru nago horrela izan
      daitekeela, baina kontua ez da irudimena handitzen duen edo ez. Kontua
      da denborarik kentzen duen blogetan jarduteko, hau da, sormen
      sakonagorako. Edo irudimena handitzen dizkizun 140 karaktereok
      retuiteatzen dituzu? Nire artikuluan ez da esaten “blogak bai” “twitter
      ez”. Nik diodana da twitter bai eta blogak ere bai. Kontua da “twitter
      bai” izango dela erraz, zabaltzen dihardu azkar, erabiltzaileak
      gehiagotzen geratu barik, aplikazio berri interesgarriak datoz… Eta
      “blogak bai”? Blogak bai, baina gutxiago ze jendea retuiteatzen dago
      gehiago artikuluak sortzen baino. Nik balio handia ematen diot sormenari
      eta, Ainhoa, sortzeko lagungarri bazaizkizu milaka tuitak fenomeno. Niri zuk sortutakoa zait interesgarri.   Ainhoa, zuk ere twitter bidez jakin ei duzu artikuluaren berri. Klaro,
      2010ean erabili beharreko “arma” da twitter. Horretan ados gaude.
    • Jozulinek: “Blogean nik ere gero eta gutxiago idazten dut, baina blogari
      ohi bati
      esan nionez, uste dut honezkero munduko gai guztiei buruz eman dudala
      iritzia…” Eta orain, gutxiago gaude iritzia ematen (arrazoiak
      hamaika). Pena bat. Nik gurago dut Jozulin sortzailea retuiteatzailea
      baino. Batak bestea kentzen ez badu biak, baina pena da blogean gutxiago
      idazten baduzu ze dudarik ez, azalerago geratuko zara, seguruenik,
      blogeko lanak tuitekin ordezkatuta. Baina azken batean ados gaudela
      diruri, ez? zuk diozu: “Twitter etorkizuna da. Blogak ere bai” eta nik
      ere bai.
    • Josu: Harpidedun berri gehienak 20-30 urte bitartekoak dira. Aldatu dut testuan ere. Eskerrik asko.
    • Jolausek dioen hau beldurgarria da: “RT bat egitea hain sinplea bihurtu
      den honetan, aipatu ditudan landutako
      zeharkako erreferentzia horiek, argumentazio osagarri horiek beste
      blogetan desagertzen ari dira”. Euskararen aldeko aldarriak “gustuko
      dut” klikatzera murriztea moduko arriskutsua… ufff. Behar ditugu
      euskaraz gurera ekarritako azterketak, teoriak… Hemen eta hemendik
      sortutako irakurketek balio handia dute retuiten aldean, nire ustez.
    • Iturrik: “Tamainak axola du edo ez du axola? Segun. Ederrak botatzen
      ditu Lertxundik egunero Berrian karaktere gutxi batzuetan.” Berriako
      irakurleon kalterako, baina utzi dezala txoko hori liburuak
      argitaratzeaz ahaztuko bada. “Hitz beste” bai, baina “Eskarmentuaren
      paperak” era bai, “zoaz infernura, laztana” bai, baita “zorion
      perfektua”, “Ihes betea”… Eta twitterrera pasatzeko uzten badu “hitz beste” atala? ez mesedez ez.      Eta diozu beste esaldi baten “Eta nago blogosferaren “gainbehera” hori
      ez ote den ziklo naturala.
      Zaila baita hasiera bateko puntxa eta freskotasuna mantentzea”. Nire
      ustea da blogak indartu egingo direla eta horren adarkatzeak, horren
      suzko erroberak izango direla twitter, Facebook eta etorriko diren
      gainontzekoak. Norbere oinarria bloga eta hortik aurrerakoetan ere
      jardun, baina oinarria galdu barik.
  10. iturri(e)k dio:

    1.- Blogen gainbehera aipatu nuen atzoko komentarioan: ibilbide gorabeheratsua izan daiteke egokiagoa. Zerra-hortzak egongo dira. Eta horrelako batean gaudela iruditzen zait.

    2.- Facebook-ek eta twitter-ek lehen sarean ez zebilen jendea ekarri dute sarera eta horietako batzuek bloga sortu dute jada.

    3.- Eta ados nago zurekin: blogak dira oinarri (etxe), baina, nire ustez, interesgarriago egiten dituzte orain twitter bezalako sareek.

    Ah! Oso inportantea: bakoitzak egin dezala nahi duena, besteekin sartzen ez den bitartean, noski.

    Jarraituko dugu eztabaida, Iban.

  11. txerra(e)k dio:

    Neuk adibidez ez dut Twitter erabiltzen, ez diot puntua hartu … baina hala ere blogean gero eta gutxiago idazten dut, erritmoa orain dela bi urte hilean 10-12 artikulukoa bazen, oraingo 6-7koa da. Zergatik? Ba ez dakit … baina litekeena da parte hartze eskasa dagoelako eta horrek ez dizulako gogoa ematen jarraitzeko.

    Twitterrekin parte handiagoa lortuko nuke? Ba, ez dakit …. baina egia da denbora dena dela eta ezin dela ugaldu …..

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude