Sarrera ordainduta baino jende gehiagok ikusi du ordaindu barik Gu ta gutarrak

Euskal Herrian Gu ta gutarrak bertso-musika taldea izango da teknologia berrien indarra ondo erabiltzen duen bakarrenetarikoa. Gertutik bizi izan dut Unai eta Igor blogariek lortzen dihardutena: bertsozaletu eta musikazaltzen dute ikuslea.

Ez da zerotik hasten, noski, eta bloga ez da ezerezetik sortutako mirari bat. Talde lan handia dago zuzenekoei zuzendua, ondo egindako lana, eta emanaldi on horretatik abiatzen da dena. Lan artistikoak ez du pegarik.

Blogak ez dio ikuslerik kentzen zuzenekoei, alderantziz:

  • Lehenengo, emanaldi hori publizitatu egiten da. gutagutarrak.eu blogean irakur daiteke zein emanaldi datozen. Post batean ere jartzen dute, normalean. Gonbidatua egongo dela esaten den arren ez da zehazten zein den. Herriko edo ingurukoren batek zeozer egingo duela badakigu denok, hala ere.
  • Emanaldiaren berri jasotzen dute gainontzeko hedabideek (tradizionalak ere begiratzen diote blogari ze informazio iturri ona da eta errotik hartzen dute edukia, sortzaileek beraiek emana).  
  • Emanaldi ostean, bi-hiru egunetara agertzen da beste post txiki bat erretratu batekin. Han esaten da zein izan den gonbidatua, eta laburpen txiki bat (dena loturekin Internetek eskatzen duen letxe).
  • Bi kamerarekin grabatzen dute emanaldia eta Premierrekin editatu gero. Youtubera igo eta voilà!!  Emanaldiaren zati bat edozeinen eskura blogean.

Horrek berorrek sortzen du hurrengo emanaldietarako gosea, zuzenekoetara joateko gogoa eta Internet bidez jarraitzekoa ere bai (bueno, nerekin egindakoak… baina gehienetan bai): Internet erabiltzaileek ikusi eta irakurri egiten dute, gero lagunari gomendatu ikustea, harek lagunei… zurrunbiloa sortuta dago eta haruntz-honuntzean power point pisutsurik bidali barik, gainera! Loturak nahikoa dira, zer da ba Internet loturak ez badira?
Ez dakizkik estatistikak, baina bi datu edozeinek ikusteko moduan daudenak: Jon Sarasuaren martxoaren 4ko partehartzea 1.800 lagunek ikusi dute. Baigorrin otsailaren 10ean (urte bete gutarkerian!) egindako saioa 2.100 lagunek ikusi dute.

Triste honek parte hartutako “hIbanerak” saioa, “Barra ertzeko habanerak” 250  lagunek ikusi dute astebetean. Flipantea! Espaloian ditugun helburuak bikoiztu egin dituzte. Guk kultura programatzen dugu ahalik eta jende gehienak gozatu dezan, besteak beste. Eskerrak helburua ez dela dirua egitea ze saio hau 10 egunean jende gehiagok ikusiko du saretik! Sarrera ordaindu barik sarrera ordainduta baino jende gehiagok! Eta gu, zelan ez, pozik! Biba gutarrak!

Sekretua? lana. Musika talde askotxo dabil managerrak aurrera aterako dituztelakoan…

4 comments on “Sarrera ordainduta baino jende gehiagok ikusi du ordaindu barik Gu ta gutarrak

  1. Imamon(e)k dio:

    Arrazoi osoa duzu!

    Nazkatuta nago musika taldeen webgune estatikoekin eta modan jarri diren taldeen Myspace guneekin.

  2. azpi(e)k dio:

    Arrazoia, Iban. Gogoetarako gai polita duk hau, eta ondo hasi duk bidea. Iturrik ere bota zian Gu ta Gutarrak ondo ari zela aprobetxatzen Internet.

    Atentzioa ematen zidak niri ere, zenbat taldek erabiltzen duen bloga agenda bailitzan, egingo dutena publizitatzeko. Ejem… espaloia.com bera, adibidez. Eta berdin ikusten diat gure herriko beste bi talderen (gaztetxie eta matadeixe) blogetan ere. Egongo dena kontatzen ditek, ez egon dena. Esfortzu pixkat haundiagoarekin, mezua askoz jende gehiagorengana iritsiko litzatekeenean.

    Eta, honen harira, egunotan atentzioa eman didan beste mezua, Andoni Egañak Eskoriatzan esan omen zuena, Berrian irakurria: “Nahiago dut pasatu hurrengoa zertan egin pentsatzen, edo egiten edo ez egiten, baina… egin dudala esaten? Nik entzun nuenean orain dela hamar bat urte euskal musikari ezagun
    baten produkzioa hamar milioi kostatu zela eta promozioa 13… Gu
    txikiak gara, ez dezagun lehiatu hor. Lehiatu dezagun onak egiten,
    baina egin dugula publizitatzen?
    Gutagutarrakekoen blogarekin akordatu nintzen irakurtzean…

  3. arantzabal Iban Arantzabal(e)k dio:

    Txoritxo batek esan dosta Egañak gehitxuago be esan zebala master horretan. Teknologia berriak be aittatu ei zittuan eta hain zuzen be antzerako zeozer esateko: denboria ez galdu, sorkuntzara bideratu… Baiña ni ez nintzan egon, auskalo!

    Espaloiko webgunian agendaz gain informaziñua emoten da. Datozenen gaiñeko informaziñua. Sinistu horixe egitten be nahikua lan izaten dala. Hori ez dabe soldatapekuek egitten… Ondo legoke batenbatek  kronikatxo bat, bideotxo bat, laburpentxo bat… egittia, baiña lehen be esan dot zein dan sekretua eta sekretotik lepo, Azpillaga.

    Eskerrik asko Azpi eta Soriano erantzuna emotiagaittik. Soriano, MySpace ez dozu ikusten egoki?

  4. unai(e)k dio:

    Ez dakit nik Egañak zer esan zuen Eskoriatzan (kontestuan entzun nahiko nuke) eta ez naiz horretan sartuko. Guri dagokigunez (Gu ta gutarrak) bloga ez da ez denbora galtze bat (sorkuntzari dagokionez) ez publizidade tresna bat. Nire ustez, gure proiektuaren barruan tresna bat gehiago da, alegia, saltzeko baino, zabaltzeko dela gehiago.
    Ibanek bere artikuluan aipatu duen legez (eskerrak, bide batez), zuzenean baino jende gehiagok ikusi gaitu blogaren bitartez (bideoak eta bidalketak orohar hartuta). Batzuk emanaldiren batean egondakoak izango dira eta ordukoa ikusi nahiko dute. Bestetzuk zerbait sartzen dugun aldiro bisitatzen gaituzte eta, akaso, norbaitek ez du emanaldietara joaterik (edo ez du nahi) eta blogaren bitartez izaten du gure berri. Gainera, normalean blogean eskegitzen ditugun bideoak Gutar gonbidatuenak izaten dira, hau da, hurrengo emanaldian ikusi edo entzungo ez den zerbait.Guretzako, gonbidatuari bere ekarpena eskertzeko modu bat da eta bisitatzen gaituenari opari bat egitekoa ere bai.
    Beste zerbait ere badu blogak, jendeak bere iritzia eman dezakeela. Sarritan taulak distantzia sortzen du gainean eta aurrean dagoenaren artean eta ez da beti aurrez aurreko komunikaziorik egoten (emanaldi osteez ari naiz). Hori musikariekin ari garenetik frogatu dugun zerbait da: musikariak kamerinoetara erretiratzen dira beti. Bertsolariok herriko tabernara joateko ohitura izan dugu, ostera. Bada, horixe, jendeak blogean emanaldiari buruzko iritzia eman dezakeela.
    Eta azkenik, (hau txapa!) komunikabieekiko harremanetarako ere asko errazten ditu gauzak. Bulegoko kazetaritzaren garaiotan, edozein elkarrizketa edo dena delakoa egin nahi duenak, hor dauka eskuragarri nahi beste informazio prentsa ohar triste batetik tiraka ibili ordez.
    Horrek abantailok eta beste hamaika ditu blogak, gure kasuan behintzat. Hori bai, denbora dexente eskatzen du. Eta lana.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude