Metotrexatorik ez!

Aurreko astean Belzunegirengana (nire erreumatologoarengana) joan nintzen, eta ziztada berrien inguruan berriketan jardun genuen.
Ziztadek sortzen didaten gorritua eta hazkura hasieran normalak direla esan zidan, eta ez zen batere kezkatu aurreko batean blogean bertan komentatu nuen eraginaz. Gainera erabilerarekin gutxitu egiten omen dira (handituak eta hazkura gutxitzen hasi zirela antzemanda nengoen), beraz, berri pozgarriak izan ziren.

  Horrez gain beste berri on bat ere badaukat: udaraz geroztik metotrexatorik ez nuela hartu esan nion, izan ere, oporretan kanpoan nintzela, bukatu egin zitzaizkidan pastillak eta anbulatorioan ere errezeta automatikoak egiteko epea pasa egin zitzaidan… ondorioz errezetarik gabe nengoen eta medikuarengana joan bitartean ez erostea erabaki nuen. Bronka pittin bat espero nuen, berari esan gabe erabaki horiek hartzea ez baitzaio gustatzen, baina, ez zidan halako errietarik egin. Berak ere inoiz proposatu izan dit metotrexatorik ez hartzea, baina azkenean segurura joan da beti, eta badaezpada hartzeko esan izan dit. Oraingoan ez! Oraingoan hartu gabe jarraitzeko esan dit, udaraz geroztik hartu gabe egon ondoren, gaitzak txarrera egin ez duenez, horrela jarraitzekotan geratu gara. Ea zer gertatzen den…

  Eta hau ez da izan azken berri ona, hirugarren bat ere badago: Embrelek ez omen du Remicaderen moduan gibela jipoitzen, eta ondorioz, berarengana bisitan joaten naizen bakoitzean egiten nuen odol analisia ere ez omen da behar, bitik bat egitearekin nahikoa omen da, alegia urtean behin egin eta kitto. Yupi! zainetan ziztada bat gutxiago.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude