Autoa geratu nuen negar egiteko

Josu Muguruza hil zutenean Bergaran bizi nintzen eta Seguran egiten nuen lan. Lanera garaiz iriste aldera ibilbide bihurri samarra egiten nuen, Deskargako txolopotea saihesteko: Oñati-Udana-Telleriarte-Aztiri-Zerain-Segura. Luzea baina librea. Eta Udanan gora nindoala entzun nuen irratian Madrilgo tiroketaren berri.

Hauteskundeak egin berri, ezker abertzaleak emaitza bikainak erdietsi zituen, oraintxe hogeita bost urte. Agerikoa zen ezker abertzalea politika egiteko ziklo batean zegoela eta, hori gertatu den guztietan bezala, hautesle asko bereganatu zituen. Madrila joan zen hautetsi taldean baziren kide oso organikoak –Idigoras edo Aizpurua- eta beste batzuk periferikoagoak: Esnaola, Iruin, Txillardegi, Elkoro…

muguruza

Baita niretzat aski ezezaguna zen Josu Muguruza ere. Hautatu zutenean jarri nion arreta eta hari entzundakoak gustatu zitzaizkidan. Bazerion zerbait berezia, berria, hizkeran eta aldartean.

Eta hori ezin egokiagoa zen Herri Batasunak hedatu nahi zuen mezuarentzat. Aljerko elkarrizketak porrot egin arren, negoziazioaren itxaropenak iraun egiten zuen eta horren aldeko ekimen politiko indartsua antolatu zuen HBk. Testuinguru horretan, bake bila zihoazen bere hautetsiak Madrilera eta ilusioa bizi genuen Euskal Herrian.

Nik ere bai. Beti izan naiz bide soilik politikoak erabiltzearen aldekoa, baita gutxi  ginenean ere. Eta bereziki kaltegarria iruditu zitzaidan demokrazia formalaren aukerak ireki zirenean horiei uko egitea eta estrategia politiko-militarrean tematzea, gehienetan militarren menpe aritzeko. Hain zuzen menpekotasun horretatik irteten ahalegindu den bakoitzean jaso izan du babes handia ezker abertzaleak, baita nirea ere. Eta horrelako ahalegin bat bizi genuen ilusioz 1989ko udazkenean.

Horregatik, Udanan gora entzun nuenean Madrilen gertatutakoa autoa geratu behar izan nuen bide ertzean negar egiteko. Ezin izan nion eutsi albisteak eragindako tristura infinituari, bakea hain modu gardenean eskaini eta bueltan hain erantzun ankerra jaso izanari. Kosta zitzaidan egun horretan Segurara iristea eta lana itxuraz egitea.

Eta Josuri Bilboko Areatzan egin genion azken agurrean Ruper Ordorikarekin batera kantatu nuen amorruz  ‘Ez da posible, ezin liteke’.

 

 

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Erantzun bat Autoa geratu nuen negar egiteko bidalketan

  1. egilea: Iñaki Lazkano

    A ze egun eta urteak!

    Neu ere izan nintzen Bilboko Areatzan, eta tamalez, urte batzuk beranduago, zortzi bat urte aurrerago, 1997ko uztailean, ezker abertzaleko kide askori gogorarazi behar izan nien egun hori: arrazoiz, amorruz eta borroka griñaz Bilboko kale eta itsasadar ertzak bete genitueneko eguna, “huts” geratzen ari zitzaigula, berriro ere errepideetako izkiñak hilotzez betetzen ari zitzaizkigulako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude