Alkate izango direnei eskaerak

Alkategai batzuk zeintzuk izango diren entzuten hasi gara-eta… alkategai horiek buruan, zer eskatuko niekeen idaztea pentsatu dut. Klaro, zerrenda luzatu daiteke, baina hauexek burura etorri zaizkidanak. Zuek ere gehitzea gura baduzue… erantzunetan:

  • Euskaraz egitea. Ez euskararen gaineko diskurtsoak idaztea, egitea. Ahalik eta gehien. Blindatu euskararen gaia eta atera zuen liskarretatik.
  • Norbere proiektua garbi azaltzea. Indarra norberarenean jarriz gainontzekoen “akatsetan” barik.
  • Erakustea zein herri-programa duten, ez bakarrik zein alderdi-programa. Gutxien dutenenganako lerroak idatzi itzazue programetan.
  • Euskal hedabideok preferentziaz tratatu. Euskaltzaleokin begirunea izateaz gain zuen politiken bidez lagundu.
  • Erantzun galderei. Ez erantzun gura duzuena eta listo, zehatz erantzuten dutenak maite ditugu.
  • Larrosarik ez banatzea merkatuetan.
  • Erabili itzazue sare sozialak eta tuiteatu euskaraz kanpainan bizi duzuenaz. Interesatzen zaigu zuek esateko duzuena lelo politikoez gaindi.
  • Bai, pegatu zuen afixak. Pegatu behar diren lekuetan kartelak eta gero kendu. Kendu zuen propaganda behin botoa eskatzeko denbora pasa denean. Antolatu kuadrila bat zikindutakoa garbitzeko.
  • Eskaerak egitea zail dutenen ahots-mutuak interpreta itzazue. Umeei kasu egin, 80 urtetik gorakoei, herritarrak izan arren herrian ez daudenei, gaiso daudenei…
  • Entzun gainontzeko alderdiek diotena. Eta bereziki entzun herritarrak. Ondo legoke asfaltoa zapaltzea, sarean dabiltzen herritarren jarraitzaile egitea, herriko elkarteekin egotea… Herrian mugitzen denari beherapenik ez.
  • Ez izan gestore huts, ez izan kolega, ez izan… izan politikari. Duindu politika.
  • Alderdiari kasu egin bai, men ez. Alkateek herritarrak dituzte bezero. Denak.
  • Pulpitoko diskurtsoak neurtu. Askotan dira erridikulu samarrak eta norbere elizanteendako bakarrik… inbertitu denbora elizante ez direnekin.
  • Irakurle izan. Irakurri itzazue gure idazleak, irakurri gure hedabideak.
  • Entzule izan. Entzun gure taldeak, entzun gure kantariak.
  • Ikusle izan. Joan antzezlanetara, zinera, kafe antzokietara, kultura elkarlekuetara.
  • Herrian pentsatu, eta begiratu ondoko herrira ere. Bilatu sinergiak, kolaborazio posibleak beste alkate batzuekin alderdikoak izan edo ez. Egitasmo batzuetarako herriak elkartzeko beharrik ez dugu?
  • Amets egin ezazue eta animatu herritarrei amets egiten.

 

3 comments on “Alkate izango direnei eskaerak

  1. […] Iturria: arantzabal.eus […]

  2. Joseba Ibarretxe(e)k dio:

    Aupa Iban, Joseba Ibarretxe naiz, Arrigorriagako alkategaietako bat. Irakurri ditut jarri dizkiguzun etxerako lanak. Aipatzen dituzunen artean baten bat jadanik betetzen dudala uste dut. Erdia beteko banu, gaitzerdi! Zure eskaerak inprimatu, tolestu, eta praketako poltsikoan izango ditut.
    Eskerrik asko.

  3. Ander Elortondo(e)k dio:

    Behin eskatzen hasita garrantzitsuena ahaztu zaizu: KOHERENTZIA.

    Esana eta egina bat etortzea. Eginak, helburuak ez zapaltzea…

    JODER!, eta jada ez naiz koherente izan, gorroto baitut besteek zer egin behar duten jardute hori.

    Guk geuk zer egin behar dugu eta zer egiteko prest gaude?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude