Seigarren ziztadarik ez!

Gaur zen eguna. Momentu honetan hospitalean behar nuke baina ez didate nire dosia eman nahi izan. sniff, sniff Gripearen eraginpean nabil eta eguerdian erreumatologoarekin hitz egin ondoren hartzekotan geratu naiz. Kalentura gutxi neukala esan diot, 37.2 (halaxe zen) eta zalantza askoren ondoren baietz esan dit. Horrerarte ondo. Hospitalera joan eta zaina ziztatu behar zidan erizainak gorputzeko tenperatura neurtu dit: 38.4! Kalentura horrekin ezin duela horrelako drogarik sartu esan dit (nik ere banekien hori, horregatik hitz egin dut erreumatologoarekin) termalgin bat eman eta etxera bidali nau. Bihar gai hau daramanari deitu beharko diot, kriston bronka entzun beharko dut eta ea noiz ematen didaten nire historiaren seigarren ziztadarako zita (historia idazkerarekin hasten da, ez?)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Alkizako igoera

Hasieratik bukaerara antzeko gogortasuna dauka

Hasieratik bukaerara antzeko gogortasuna dauka

Asteasutik Alkizarako aldapa ere hainbat aldiz igo izan dut, bai kuadrilakoekin bai eta lankideekin ere. Aldapa laburra da, ez oso gogorra, baina sakatu egin behar da gora igotzeko. Gainera, bertarainoko bidea mundiala da, lehendabizi Aiara joan behar da, Aiarako ohiko igoera hemen dago komentatuta, Aiatik aurrera gora jarraitu behar da, andazarratera, gora dela esan badaiteke behintzat bide zoragarri hori! Handik asteasurako bidea beheranzkoa da, ederra aldapa! jaisteko hobea igotzeko baino… Hori hurrengo batean komentatu beharko dut. Asteasun Billabona aldera jarraitu behar da; aurreraxeago, lantegi batzuren ondoan, eskuinaldera hartu behar da, eta hiru kilometro eta erdiko igoera dotore hau hasten da.

Ernioren magalean dago Alkiza eta bertaraino oso urrutitik datozen izpiak iristen dira. Ordenadore pantailaren izpiekin ez bezala, begiei lasaitu ederra eman dakieke handik batera eta bestera begiratuz.

Aterpedun frontoi ederra ere badago alkizan, eta nahi izanez gero (edota libre aurkituz gero) pelota saio ederra ere bota daiteke bertan.

Bueltarako aukera asko daude, mapan ikus daitezke hiru adibide:

  • Atzera buelta: Berriz andazarratera igo eta handik zarautzeraino 18 kilometro inguru aldapa behera…
  • Billabona aldera jo, gero Adunara, Lasartera, Usurbilera, Oriora eta azkenean Zarautza.
  • Imamol eta biok egin genuen beste bide alternatibo bat ere egin daiteke. Zizurkildik zuzenean Orioko Santiago auzora joan daiteke, basurde eta azeri bideetan zehar. Bide hori ere komentatu beharko dut noiz edo noiz, merezi du eta!
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Donostiatik Oriora mendi bidetatik

IgaratikOriora ez dago besterik aldapa baino

IgaratikOriora ez dago besterik aldapa baino

Donostiatik Zarautza joateko bide bila ere ibili izan naiz, horietako batean Igeldotik joan gabe, eta n634 bidetik joan gabe Orioraino iristea lortu nuen. Bide hori egiteko hainbat lekutan aurrera eta atzera egin behar izan nuen, bai eta baserritar bati galdetu ere, eta Oriora iritsi nintzenean horrelako bide makurra aspaldian ez nuela egin pentsatu nuen. Autopistaren alde batera eta bestera pasa behar izan nuen behin baino gehiagotan, eta denbora guztian gora eta behera ibili behar izan nuen. Hasiera zoragarria da; Igaratik Usurbilera doan bidea hartu nuen, hasiera erreka baten parean egiten du, eta bide dotorea da, baina halako batean gora egiten du, autopistaraino. Beste aldera pasa eta berriz ere gora egin behar da. Oria ibaiaren ibarra eta bere meandroak ikusten dira bidean zehar. Tontor baten ondotik pasa ondoren igotakoa jeitsi behar da, eta bide gurutze batera iristen da. Han autopistaren beste aldera pasatzeko aukera dago, baina ez da hortik joan behar, bestela mendizorrotzeraino igo behar da Oriora joateko. Ezker aldera hartuz gero N635era jeisten da, beraz aurrera egitea besterik ez da geratzen. Baina bide horretan aldapa beldurgarri bat dago, igo ondoren berriz behera egiten du, eta berriz ere bidegurutze batera heltzen da, bertan autopistaren beste aldera doan bidea hartu behar da, eta handik Oriotik Orioko bentara doan bidera iritsiko gara. Behin bide horretan ez dago galerarik, nahi izan ezkero Orioko hondartzara joan gaitezke, edo bestela, nik egin nuen bezala, N635ra jo dezakegu, Donosti aldetik Oriora sartzeko erabiltzen den bidera hain zuzen ere. Oriotik Zarautza joateko Talai-menditik barrena joan nintzen, Bide guztia ondoko planoan ikus daiteke:

.

Hemen aurkeztu dudan perfilak Igaratik Orio aurreko N635 bidera iritsi bitarteko gora beherak erakusten ditu. Oriotik Zarautzerainoko bidea aurreko batean erakutsi nuen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , , | 3 iruzkin

Zarauztik Aiara zuzenean

nahiko zuzena da bidea

nahiko zuzena da bidea

Aiara joateko beste bide batekin nator oraingoan. Zarauztik egin liteken motzenetakoa izango da, eta baserri arteko bideetatik barrena doa. Zarautzen autopistaren gainetik pasatzen den bidetik hasten da. Frantzeskua baserrira joan behar da, eta hor hasten da aldapa gogorrena, ehuneko 16 inguruko malda dauka hasierak. Hormigoizko bidea da Irustarainokoa, eta irustatik irustagainera doan bideak ehuneko 17ko aldapatxoak ere badauzka. Han goitik Aiara doan Gi-2631 bidera pasatzeko gurdi-bide labur bat dago, beherantz egiten duena, ez dauka inolako zailtasunik baina gurpil finekin agian oinez egitea komeniko litzateke, nik bzikleta gainean igaro izan dut zati hori, baina nirekin zihoan batek oinez egin zuen. Handik aurrera betiko bidea da, pagoetako parkearen aurrean egiten baitu bide horrekin topo. Bertako zati gogorrena Laurgainera bitarteko zatia da, handik aurrera bidea erraztu egiten da. Planoan ikus daiteke nondik nora egiten duen Aiarako aukera honek:

Esan beharra dago bista ederrak daudela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

5. ziztada + 4 = 6. ziztada -4

Orain dela lau aste pasatxo jaso nuen doping dosia, eta hurrengoa hiru aste eta erdi barru emango didate. Propoli dosiak ere hartzen ditut, eta egoera orokorra ez da txarra. Hala ere psoriasiaren “erasopean” nago… Egia da ez dudala jatordu guztietan hartzen propolia, baina gehienetan bai! Behar bada, azal gogortua lima berezi batekin gutxitu izana izan daiteke azala zartatzearen arrazoia. Azal-kostra txikitzean ahuldu egingo zen, eta zeharo lehortuta zegoenez pitzadurak agertu zaizkio, eta pitzadura horiek haragi gorritan uzten didate hanka-azpia… Zauriok nolakoak diren jakin nahi duenak argazkia ikus dezala.

Hemendik atera beharreko ondorioa? Lima puta hori kumuntzulora bota behar dudala! Hain ondo nenbilen eta dena kakaztu dit. Orain berriz ere farmazian egiten didaten ukendua ematen ari naiz, ea lehen bait lehen sendatzen zaizkidan zauriak.

Poliki-poliki, ondorioz-ondorio, bizitza nolakoa egin behar dudan ikasteko balioko ahal dit hankasartze honek!

Beno, hau ere jasota geratuko da blogean, eta horixe da blog honen benetako helburua.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Oriotik Aiara

dena ez da gora...

dena ez da gora…

Aiara joateko bideak asko dira, baina hau ez dut uste jende askok erabiltzen duenik. Hasiera zingira kanping aldera doan bidetik egin behar da, baina kanpingera iritsi baino lehen ezker aldera jo behar da, eta hor hasten da aldapa gogorrena, ehuneko 10 inguruko aldapa. Nik udaberri batean igo nuen eta aldaparen okerrenean gereziondo eder bat zegoela gogoratzen dut, geratzeko esaten zidaten bere gerezi gorriek, baina egun hartan, nonbait, ondo gosaldu nuen eta geratu gabe aurrera egin nuen. Bide hau orain dela lau edo bost urte egin nuen Imamolekin, eta ez zaigu okurritu berriz egitea. Gainera bizikleta zaharrarekin egin nuen, nere peugeot maitearekin, eta bi plato besterik ez dauzka, beraz ederki sufritu behar izan nuen haserako aldapetan. Hala ere bide honek badu beste pega bat: tontor batera iritsitakoan berriz behera egiten du, 75 metro inguru jeisten ditu eta Oriotik Aiara doan bide normalarekin (Santiotik barrena doan bidea da normaltzat hartzen dena…) bat egiten duenean, artean Aiara iristeko bide normaleko aldapa gogorrena igo behar dela konturatu ginen (ehuneko 7 inguruko malda). Ezusteko horrez gain bidea polita eta trafikorik gabea dela esan behar da.

Igoeraren bidea planoan ikus daiteke . Ohiko bidea ekialdean geratzen da, baina mendebaldean ere badago bideren bat, nik oraindik igo ez dudana portzierto.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Iruzkin 1

Elkanora zuzenean

Haseran hartu arnasa, bestela...

Haseran hartu arnasa, bestela…

Aurreko aldapatxoa elkanorako bide erraza zela esan nuen, hau berriz zuzenean doan bidea da. Jakina, aurrekoa baino laburragoa eta gogorragoa da. Orain dela urte asko igo nuen, eta benetan gogorra egin zitzaidala gogoratzen dut. Bide honen hasiera urdanetara doan bide bera da, baina urdanetarako aldapa hasten den tokian eskuinera hartu behar da, eta sekadero aldera jo. Hor erreka dotore baten ondoan egiten du bideak, eskailu eta amuarrainak ere badaude bertan. Halako batean egur fabrika batera iristen da, eta han berriz ere eskuinera hartu behar da, egundoko aldapa dauka hasierak, eta ia goraino irauten du aldapak. tartean-tartean baserri-aurreren batean edo bestean atsedenaldi laburrak aurkituko ditu bide hau egitea erabakitzen duenak, baina ez espero besterik. Ia ehuneko 14ko malda dauka, eta 1700 metro eskasetan elkanoraino igotzen da. Meagatik barrena doan bideak 6 kilometrotan igotzen du altura bera, hortik atera kontuak. Bidea hemen ikus daiteke:

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Iruzkin 1

Elkanorako aldapa erraza

Bi zati bereiz daitezke...

Bi zati bereiz daitezke…

Elkano zarautzen gainean dagoen auzoa da, Inda-mendi eta txatxarroren artean, eta bertara joateko hainbat bide daude. Errazena hemen aurkezten dudan hau da. Bidea luzeagoa den arren askoz errazagoa ere bada, eta bizikleta gainean doanak asko eskertzen du hori. Trafiko aldetik mundiala da, Meagarainoko bidea ez da kotxe gehiegik erabiltzen dutenetakoa, baina hortik elkanorakoa bakardadean egiteko modukoa da, hori bai, aldapa pixkat gogortu egiten da… Hementxe dago bertarainoko bidea adierazita:

Zarauztik meagara 4 kilometro daude, eta 140 metro inguruko altuera igotzen du bideak, handik Elkanora bi kilometro pasatxo daude, baina azken metroek beherantz egiten dute, San Blaseko ermitatxoa pasa eta berehala baitago bideko puntu altuena, 280 metrotan. Beraz, bi kilometrotan beste 140 metro igo behar dira, eta hori aldapa pixkat bada. Hala ere, ez da gogorregia, baserri aurre batean pixkat gogortzen da, baina orokorrean ez daukat oroitzapen txarregirik. Elkanon, gainera, badago taberna eta bertan indar berritzeko aukera ere bai.

Portzierto, txikitan, elkanoko sarrerako putzu-zuloan majina bat zapaburu harrapatu izan ditut, baina orain uste dut aldatuta dagoela han zegoen iturria… Berriz joan beharko dut ea nola dagoen! Eta aprobetxatuz, Zarautzen ikuspegi zoragarrietako batez gozatu ahal izango dut.

Azkenengo aldiz bertan izan ginenean erromatarrena izandako herri baten aztarnen bila jardun genuen, hori ere ba omen dago-eta, baina ez genuen aurkitu, eta bertan ehizean ari zirenek haren berririk ez zeukaten. Gogoratzen dudanaren arabera, jeitsiera bide zuzenetik egin genuen, eta norbaitek zulatu egin zuen gurpila… hori ere gertatzen da bizikletean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Beste aldapatxo bat: Urdaneta Aizarnazabaletik

Inguruko gogorrenetakoa, ez gogorrena ordea.

Inguruko gogorrenetakoa, ez gogorrena ordea.

Ez du jende askok ezagutzen, baina Aizarnazabaletik Urdanetara doan bidea hantxe dago. Nik lehendabiziko aldiz kotxez (nire platanotxoan) jeitsi nuen, eta inpresionatu egin ninduen. Jakina, horren ondoren, bizikletaz igo behar nuela erabaki nuen. Uste dut pare bat aldiz igo izan dudala, eta beste behin jeitsi egin genuen, gainera SuperThonik lurrean bukatu zuen jeitsieraren erdian… A ze aldapa!

Igoeraren hasiera edonor izutzeko modukoa da, Imamoli bizikletaren aurreko gurpila airean altxatzen zitzaion, gorputza aurrerantz bota behar zela konturatu zen arte. Lehenengo kilometro eta erdian 200 metro inguru igo behar dira, behin horraino iritsita aldapa menderatuta dagoela esan liteke. Grafikoan atsedenaldia dagoela ikus daiteke, baina nik ez daukat horren oroitzapenik… zergatik ote?
Gero berriz ere aldapa hasten da, baina onargarriagoa da, kilometroan 100 metro inguru igotzen baititu (ez da gutxi bera ere!)

Portzierto, aldaparen mapa hementxe daukazue, , Aizarnazabalera joateko aukera asko daude, meagatik barrena, Zumaiatik beduara, gero Oikiara eta handik Aizarnazabalera… Bide denak politak dira, eta trafiko gehiegirik ez daukate. Hala ere, behin bide hau egitera joanez gero, Aizarnazabaletik Granada errekaren parean doan bidea ez egitea pekatua litzateke (pekatua zer den ez dakidan arren), hori bai dela bide lasaia… eta ederra!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Inguruetako aldapatxoak: hasteko, Garate gaina getariatik

img_feb_01_2006_09_13

Neguan bizikletaz gutxi ibiltzen garenez, oraintxe da garaia horrelako bildumak egiten hasteko. Hau lehenegoa da, baina Zarautzen inguruan dauden aldapatxoak blogean sartzeko asmoa daukat, ibilbideak eta perfilak jarri nahi ditut. Hori bai, nik igotako aldapak izango dira. Hasteko, Getariatik Meagara doan bidean Garate gaina dago.

img_feb_01_2006_12_04

Garate gaina Meaga baino gorago dago, eta Getariatik joanez gero 2800 metro eskaseko bidea dago, baina 210 metro inguru igo behar dira (ehuneko 7.5eko malda gutxi gora behera). Goian bista zoragarria daukagu: Getariko kaia ederki ikusten da bertatik, bai eta itsasoaren handitasuna ere. Batere trafikorik gabeko bidea da, eta gero, sari gisa, beherantz egiten duen bide luzea aurkituko dugu, Nahi izanez gero Aizarnazabal aldera (4670 m beherantz), edo bestela, Zarautz aldera (5670 m).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | 3 iruzkin