Argi dago: dispertsioak ez du laguntzen.
Irailaren azken igandean Uberara joan ginen, egundoko plana geneukan:
Uberan bazkaria antolatuko zuenik bazegoen, arratsaldean bueltatzeko
kotxerik ere ez zen faltako eta sei ginen bizikletaz Zarauztik Uberara
joatekoak. Bidea erabakitzeko garaian aukera asko eduki genituen
kontuan, gogorrena gogorregia zenez baztertu egin genuen (Zarautz –
Meaga – Zestoa – Endoia – Azurki – Azkoitia – Elosua – Bergara – Ubera)
eta, errazena izan ez arren, aldapa bakarreko bideari ekin genion:
Zarautz – Zumaia – Azpeitia – Azkoitia – Elosua – Bergara – Ubera).
Hasieran Thonyk patxangero eta horrelako loreak bota zizkigun motel
ginoazela adierazteko, eta tiraka hasi zen. Pott egingo zuela abisatu
genion, baina burua gogorra edukitzeak zer egiten duen: tira gehiago!
Azpeitiraino bi taldetan joan ginen, atzekoak hurbildu ahala Liando eta
Thony gaiztakeriatan hasten ziren… Azkenean Azpeitia eta Azkoitia
arteko bidea seiko taldean egin genuen, kuadrila bakarra bagina
bezala. Azkoitixen ura hartu eta Elosu aldera doan bideari ekin
genion, aldaparen nondik norakoak irudian ikus daitezke. Hasieratik
Imamolek aurrean iristeko asmoak agerian jarri zituen, eta Liandoren
imintzioei erantzun egin zien. Thonirekin aurreko hirukotea osatu zuen.
Xubik poliki joango zela erabaki zuen, eta bai poliki joan ere! Nik
nire martxari heldu nion, eta atzetik Mikel zetorren antzeko martxan.
Hasierako aldapa gogorrenak igarotakoan aurreko hirukotea apurtuta
zijoala ikusi ahal izan nuen, baina derrepentean ezkerreko bola igotzen
hasi zitzaidan, hori bai dela putada! ezkerreko txorkatila ezin dudanez
mugitu, ezin izan nuen bola igoera geratu, eta gutxienez leporaino igo
zitzaidan. Eskuineko oina lurrean jarri eta, minaren minez,
kalapiesetik ezkerreko oina atera ezinean egon nintzen. Zein luzea egin
zitzaidan une hura! Halako batean bizikletatik jeistea lortu eta hanka
luzatzea lortu nuen, horrela, poliki-poliki bola bere lekura itzuli
zen. Patetikoa! Mikelen zai geratzea erabaki nuen, eta bera iritsi
zenean biok ekin genion aldapari. Berehala iritsi ginen iturrira,
bertako ur freskoa eran eta aurrera egin genuen. Ordurako aldapa
gogorrenak igaro genituen, baina Mikel ezinean hasi zen. Aldapa gutxiko
lekuetan ere ezin omen zuen aurrera egin: plakiak jota zegoen. Pare bat
aldiz bizikletatik jeitsi behar izan zuen, eta oinez pixkat egin
ondoren berriz bizikletaz saiatzen zen. Jateko ezer ez geneukan, beraz
ezer gutxi egin genezakeen pajara gainditzeko… Eskerrak goian taberna
dagoen. Salda eta pintxoa hartzeko aukera izan genuen. Gainera Thonik
ere pott egin zuela jakin genuen eta Xubik Mikel eta biok harrapatu ez
izanak ere zer esana eman zuen. Pentsa, bola igo zitzaidan, horrekin
auskalo zenbat denbora galdu genuen, ura erateko ere geratu ginen, gero
Mikel plakiak jota geratu zen, oinez ere egin zituen hainbat zati,
baina hala ere Xubi beranduago iritsi zen gora.
Ez ziren, ordea, hor bukatu egun horretako komeriak, ez horixe!
Bergararako jeitsiera mundiala iruditu zitzaidan: kotxe nazkante batek
enbarazu egin izan ez balit askoz hobea izango zen, baina hala ere
gustora jeitsi nuen. Behera iritsi eta herriko sarreran denok biltzeko
geratu egin ginen, gehienak berehala iritsi ziren, baina Mikel ez zen
iristen… Hilabete lehenago meaga jeisten ari zela erori egin zen eta
horregatik, hasiera batean, ohikoa baino polikiago jeitsiko zela
pentsatu genuen, baina hainbeste denbora ez zen posible. Mobilera deitu
eta artean goian zegoela esan zigun, bigarren errebueltan gurpila
zulatu omen zuen, eta ordezko kamara ere zulatatuta omen zeukan.
indartsuen zeudenak gora igotzea erabaki zuten, baina nik ere igotzea
erabaki nuen, jeitsiera hori berriz egin nahi nuen. Gorakoan, berriz
ere Liando eta Imamol ni baino azkarrago joan ziren, baina banekien
gurpila aldatu behar zutela, eta beraz, nahikoa denbora neukan.
Bidearen erdi aldera hirukotearekin topo egin nuen, Mikel oinez jeitsi
baitzen gu bizikletaz gindoazen bitartean. Kamara aldatu eta, azkenean,
Uberara joan ginen. Ibilbidearen satelite bidezko irudia ere ikus daiteke beste argazkian… Hango bazkaria beste kontu bat bat da, ez zen
bizikleta bueltan bezalako desastrerik gertatu eta Uberatarrek
prestatutako bakariaz ikaragarri disfrutatu genuen.