Bonaigua

Inguruko herriak eta bideak

Inguruko herriak eta bideak

Oporretan Lleidako Port de la Bonaigua igo nuen, ez nuen inoiz horrelako portu luzerik igo, baina ez zitzaidan gogorregia iruditu. Esterri d’Aneu-tik (950 m) irten eta 21 kilometro gorantz egin behar dira Port de la Bonaiguara (2072 m) iristeko. Batez besteko malda ez da gogorra, (% 5.3), Bidea luzea izan arren zoragarria da, nik ez nuen argazkirik atera, baina hemen igoeraren 14 argazki ikus ditzakezue.

Atsedenik gabeko ia 21 kilometroko bidea da, baina bidearen erdialdean lasaitu egiten da eta pare bat kilometrotan %2 inguruko malda erraza dago. Hala ere, horren ondoren berritutako zati bat dago, eta ia gehienetan bezala, berritutako zatia zuzena da, eta bertan dago maldarik gogorrena (ia %10). Hortik aurrera suge baten moduan bailaran gora jarraitzen du, malda gogorregirik gabe eta benetan ikuspegi polita eskainiz.

Nik bi saio egin nituen, lehenengoan ez neukan ideiarik zer nolako bidea zegoen, banekien 21 kilometrotara zegoela gaina, baina ez nekien 2000 metrotik gora zegoenik. Ez nuen uste kilometro horiek guztiak gorantz izango zirenik, eta bi orduko bueltaxka emateko asmoekin abiatu nintzen. 17 kilometro egin ondoren Mare de deu de las Ares (Katalanek, nonbait, ez dute sinisten birjina zenik! Ez dira tontoak, ez horixe.) ermitara iritsi nintzen, bost kilometro falta zitzaizkidala banekien, eta ordurako ordu bete eta 40 minutu neramatzan bizikleta gainean, alegia, bi ordutan ezin nuen goraino igo eta Esterri D’Aneura itzuli. Beraz, Han geratu eta bertatik bailarari begira egon nintzen 10 minutuz. Bideak egiten dituen bihurguneak, gora iristeko falta zitzaizkidanak, alboko mendiko ur jauzi dotore eta handia… Eta gero buelta eman nuen. A zer nolako jeitsiera! Berritutako zati zuzenean pedalei eragin gabe 76 kilometro orduko abiadura hartu nuen: zirraragarria!

Bigarren saioan 3 orduko buelta egitera joan nintzen, alegia, nahikoa denbora hartu nuen igoera osoa egiteko, eta gora iritsitakoan bertaraino Baquiera-Bereteko Telesillak igotzen direla ikusi nuen. Por tzierto, hotz egiten zuen egun eguzkitsua izan arren.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

3 erantzun Bonaigua-ri

  1. egilea: Jon

    Eta perfila ez al daukazu?

  2. egilea: iBusG

    Bidea luzea bai, baina agian Escart-eko igoera baino erosogoa. Escart, Esterri d´Aneu-tik Sort-eko bidean, Espot-eko kruzera ailegatu aurretik eskubira dagoen herrixka ttiki bat da, eta badirudi ez “mare de deu”, ez eta amarbijinik ere ez dela bertara iritsi (eskerrak!). Herrixkara iristeko bidea bialdikoa da. Amildegien artean, aldapatsua eta errebueltaz josia. Adituek, benetan gogorra dela diote. Bertan negua pasatzea ez du xamurre izan behar.

  3. egilea: ziztazale

    Ederki dakik, iBusG, escart ere igo nuela… Baina bi datu oker eman dituk:
    Hasteko, Escart-era joateko escaló herrian gorantz (mendebalderantz) jo behar da, baina Escaló ez dago Espot-era doan bidegurutzea baino lehen, ondoren baizik. Mapan ikus daiteke Esterri D’Aneutik Espot-erako bidea, eta hegoalderago Escaló ageri da.
    Jarraitzeko, haraino ere iritsi da Mare de Deu horietako bat… Zuek ez al zenuten oinezkoen bide bat hartu behar? Baina, itxuraz behintzat, ume txikiekin joateko gogorregia ez al zitzaizuen iruditu? Nora ote doa bidexka hura?

    Beno, eta arrazoia ere eman beharko diat: Escarterainoko bidea benetan gogorra da, hiru kilometro besterik ez badauzka ere, 360 metro egiten ditu gora, beraz, bataz beste % 12ko malda daukala esan behar da. Hori bai, horrelako aldapak igotzeko hobeak dira jeisteko baino: aldamenean amildegia, bidea estua… ondorioz galga sakatu behar uneoro. Igotzean, ordea, patxadaz hartu ezkero, amildegiko errekaren edertasunaz gozatu daiteke, bai eta mendiari eragindako ebakiaren sakoneraz ere. Ah! eta tximeletak! bide guztian kolore askotako tximeleta mordoa zegoen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude