Igaratik mendizorrotzerako beste bat

profila ikusgarria da

profila ikusgarria da

Igara eta Orio artean aukera asko dago N634 bidea zapaldu gabe joateko. Aurreko batean Mendizorrotzera igo gabe egin daitekeen aukera bat azaldu nuen, beste behin, mendizorrotzera joateko aukera bat ere dokumentatu nuen, eta gaurkoan hirugarren aukera azaldu nahi dut. Hau ere Mendizorrotzetik pastzen da, baina murgil bidetik igotzen da Igeldoko kanpinera.

Ibilbideak murgil bideari jarraitzen dio

Ibilbideak murgil bideari jarraitzen dio

Bidearen hasiera Igaratik usurbilera doan bide politta da, errekaren ondoan, zuhaitzen itzalpean eta aldaparik gabe. Zalditegira iristean eskuineko bidea hartu behar da, eta aldapa gogor baina oso labur baten ondoren, aurrera jarraitu behar da, eskuinean laga behar da gorantz egiten duen beste bidea eta beheranzko joera duen bideari jarraitu behar zaio. Halako batean hiru aukera eskeintzen dituen bidegurutzea ikusiko duzue, ezkerrekoa usurbil aldera doa (kale-zahar auzo aldera), erdikoa tenis gune batera (bideak ez du jarraitzen) eta eskuinekoa murgil bidea da. Lehendabiziko metroak errekatxo baten ondoan egiten ditu, baina laister gora egiten du, %10eko malda duen kilometro erdia (580 m) egin behar baita. Berotze ariketa gisa hartu behar da zati hori, ondoren ikusiko duguna etsigarria izan baitaiteke. Lehenengo malda gogor horren ondoren, murgil baserriraino 300 metro inguruko aldapa erraz bat dago, %4.3ko malda duena. Baserrira iritsi nintzenean bertako gazte bati Oriora joateko zein aukera zeuden galdetu nion, eta aukera bakarra mendizorrotzera igotzea zela esan zidan (buelta eman eta usurbildik ere joan nintekeen…), baina aldapa gogorra zegoela.

Baserriaren atzeko aldera joan bezain pronto egundoko aldapatzarra agertu zen nere aurrean, pinoi haundia eta plato txikia edukitzea zein garrantzitsua den gogorarazten duen horietakoa. Igeldoko kanpinera kilometro bat baino gutxiagoko bidea dago (966 m), baina 115 metrotatik 250 metrotaraino igo behar da zati horretan, hau da, %14ko malda daukan kilometroa! Eta hasiera da gogorrena, lehendabiziko 360 metrotan 63 metro igo behar baitira (%17.5). Kilometro hori pasa ondoren Igeldotik Oriora doan bidera azaldu nintzen, eta bide hori nahiko ezaguna dudanez gustora jarraitu nuen aurrera, hori bai, behean lagatako murgil baserriari azken begirada bota nion, handik igo nintzela sinisteko-edo. Beste kilometro eta erdi falta zitzaidan, %6ko maldarekin (zer da ba hori?) baina itsasoa ikusteko aukera dagoela jakiteak asko laguntzen du…
Mendizorrotzerainoko bidearen nondik norakoak eta profila irudietan ikus daitezke.

Mendi zorrotzetik (polipaso baserritik) Orioko bentaraino gora-behera txikiak egiten dituen bidea dago; bien artean 10 metroko aldea besterik ez dago, polipasso 335 metrotan eta Orioko benta 325 metrotan baitaude, baina hasieran pixkat igo behar da (345 metro ingurura) eta ondoren beheranzko joera du. Orioko bentan hasten da aldapa behera, eta handik Oriora pedalei oso gutxi eragin behar zaie.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude